Ongi etorri balorez jositako blogera! Hemen, eskolan baloreak lantzeko hainbat tresna aurkituko dituzu: bideoak, irudiak, testuak, albisteak, hausnarketarako gaiak...
Zeure gustukoa izatea espero dut. Gozatu eta partekatu!
Izenburua soilik irakurrita, ondo jotzen du belarrira eta zerbait goxoa ekartzen dizudala eman dezake, ezta? Hurrengo bideoak argituko dizu kontu hori, erne!
Argi dago ez dela zerbait atsegina. Zoritxarrez, jende askok pairatzen du gaixotasun hau eta baztertuak izaten dira. Hori da bideoaren kanpaniaren xedea, agerian jartzea gaixotasuna eta ezagutaraztea ez dela kutsatzen.
Gaixotasun hau, Epidermolisis Bullosa, gaixotasun arraroen barruan dago. Gaitz hau dutenek oso azal ahula dute eta horregatik gaixotasun honi Tximeleta Azala ere deitzen diote.
Jarraian, gaixotasunaren ezaugarri batzuk luzatzen dizkizut:
Gorputzeko edozein organori egiten dio eraso, urdailari, esofagoari, hesteei, begieie, ahoari…. Hori dela eta, mota bateko edo besteko ezgaitasunak sortzen dira (fisikoa, psikikoak, sentimenei dagozkienak… ). Gaixotasun kronikoa eta sendaezina da eta dieta espezifiko bat eraman behar izaten dute.
2-4 ordutako sendaketak egin behar izaten dituzte egunero edo bi egunetik behin. Material berezia behar dute, eta batzuetan gorputz guztia estaltzen zaie. Sendaketek beste jarduerak egiteko denbora kentzen die.
Beste arazoetako bat, eskuak erabiltzeko gaitasuna galtzea da.
Gaixotasun honek ez du fisikoari ezta pairatzen dutenei bakarrik eragiten.
Bizitza familiarrean eta laboralean ere badu eragina.
Eskolako eta laneko absentismo-indizea ere igo egiten da, hitzordu desberdinak eta ingresoak direla eta.
Erlazio sozialak ere murriztu egiten dira seme alaben zainketan eta ongizatean ardurapean egoteatik.
Gaixotasun honen prebalentzia baxuarengatik, ezjakintasuna dago. DEBRA-PIEL DE MARIPOSA elkartetik profesional desberdinak hezitzen dira zainketa hobeak eskeintzeko.
Pairatzen duten egoerak, isolamendu soziala pizten du eta askotan beraien artean bakarrik erlazionatzen dira. Hori dela eta ekarri dizut, ahalik eta gehien zabaltzeko eta ezjakintasunetik ateratzeko.
Egun hau aldarrikatuz zabaldua izan zen blog hau duela 3 urte, eta, zoritxarrez, gauzak ez dira apenas aldatu eta ezin izan da egutegitik kendu. Jarraian aurreko bi urteetako sarreretan egindako ekarpenak, materialak eta gogoetak dituzu: 2016 eta 2017
Neskatoen Nazioarteko Egunaren xedea bere eskubideak hautematea da baina, batez ere, mundu osoko neskek pairatzen dituzten arazoei aurre egitea, diskriminazioa eta bortizkeria besteak beste.
Egun hau, generoen arteko eskubideak banantzeko beharretik jaio zen 2011 urtean, bada mutilak eta neskak oso desberdinak dira eta arreta erdiratzen du neskek aurrean dituzten erronkei ekiteko eta bere ahalduntzea eta bere giza eskubideak betetzea bultzatzeko beharra.
Adi egon hurrengo bideoari, UNICEFek egina da Hegoamerika eta Cariberako neskentzat (eskerrik asko, María!). Oso adierazgarria da!
Argi eta garbi uzten digu ikusten dena baino gehiago direla neskatilak, onerako eta txarrerako noski. Beharbada, gure inguruan ez dago desoreka nabarmenik eta hau nahiko urrun gelditzen zaizu, baina neska eta mutilen arteko desoreka existitzen den errealitatea da. Jarraian jarritako bideoan (eskerrik asko, Leire!), krisialdieetan neskek pairatzen duten desoreka salatzen da.
Amaitzeko, Legoren irudi bat luzatzen dizut. Pozgarria da ikustea super heroinak bultzatzen ari direla. Baina, aldi berean, penagarria da paretasuna bultzatu behar izatea umeen jolasen bitartez. Ea egunen batean lortzen den hain beharrezkoa den oreka hori!
Gaurko sarrera balorezale batzen inguruan izango da. Duela gutxi hasi berri den proiektua aurkezten dizut: baloreak giza balioak Euskal Herriko txoko guztietara musikaren bidez helarazteko sortua, eta 8-14 urte bitarteko bost haurrek osaturiko musika talde bat du ardatz.
Netsanet, Kaiet, Luna, Iradi eta Asier kantua biziki gustuko duten bost neska-mutil dira. Baloreak giza balioei balore handiz helduko dien proiektu berritzailea da. Eta blog hau baloreetan oinarritzen denez, proiektua partekatu nahi dizut. Oso modu polita daukate baloreak helarazteko, musika bitartez. Lehenengo abestia elkartasunaren inguruan, hemendik elkarbizitza etiketapean hainbat aldiz landuta dagoena.
Pasa den ekainean, mundu guztiak #Rusia2018 futbol mundialari begira zegoen bitartean, inork ikusten ez zuen beste futbol mota bat bazegoen, askoz garrantzitsuagoa eta bizikidetza sustatzen zuena.
10 urte betetzen dira Israelek lur, itsas eta aireko blokeoa ezarri ziola Gazari, baina kirola askatasunerako, bizitzarako eta balioak sustatzeko eragile bihurtu da. UNRWA Euskadiren laguntzarekin, emakumeen futbol talde batek haien eguneroko bizitzetan mugak haustea lortu du, Israel eta Palestinaren arteko gatazkari gola sartuz.
Bideo hau Euskadiko GGKEen Koordinakundeko #30UrteAztarnaUzten kanpainaren parte da eta erakunde honen eta Euskadiko lankidetza politiken 30. urteurrenaren testuinguruan kokatuta dago.
Txapela kendu baino ezin dugu egin eredu bikain honen aurrean eta beraiengandik ikasi zer lortu daiteken kirolaren bitartez. Aupa zuek, neskak!
Zelan doakizu ikasturtearen hasiera? Apur bat despistaturik? Gogo gutxirekin? Gogorra izan al da itzulia? Beharbada, pittin bat nagiturik zaude oraindik ere. Orokorrean, normaltzat hartzen dira horrelako jarrerak eta gogo gutxirekin hastea eskolan, ez baikara konturatzen zelako aukera aparta daukagun eskolara modu normalizatu batean joan ahal izateagatik.
Hurrengo bideoek lagunduko zaituzte ikusmira aldatzen, erne!:
Konturatzen zara orain zelako zortea daukazun? Hezkuntza, pertsona guztiek daukaten eskubidea da baina, tamalez, munduan hainbat lekutan ez dago bermatuta. Fijatu zara zein pozik dauden umeak? Zelako gogoekin joaten diren eskolara? Nola eskertzen duten motxila eta arropa berria estrenatzea? Bideoak ikusi ondoren, daukazun aukera aparta gehiago baloratzea espero dut.
UNRWA erakundeak bideo hauen bitartez salatu du egoera hori ume palestinarren duintasuna aldarrikatuz.
UNRWA Ekialde Hurbilean dauden Palestinako Errefuxiatuentzako Nazio Batuen Agentzia da. 60 urte luzeren ostean, UNRWAren zeregina da Jordanian, Libanon, Sirian eta Palestinar herrialde okupatuetan dauden 5 milioi palestinar errefuxiatuei arreta, babesa eta defentsa eskaintzea, euren egoerari irtenbide baketsua eta iraunkorra ematen zaion bitartean.
Gaur egunean, UNRWAk Palestinako 5 milioi errefuxiaturi baino gehiagori –horietako 1,8 milioi 58 kanpamenduetako batean bizi da- ematen die laguntza eta babesa. Agentziaren lana, batez ere, arlo hauetan kokatzen da: Garapena, Babesa, Hezkuntza, Osasuna, Gizarte Zerbitzuak, mikro-finantzaketak, Laguntza Humanitarioa eta larrialdietan erantzuna ematea.
Euskadi mailan, 2006an sortu zen bi helburu nagusi hartuta: Euskal gizarteari 5 milioitik gora palestinar errefuxiatuek bizi duten egoeraren berri ematea eta 60 urtean UNRWAk burutzen duen lan humanitarioa eta babesekoa zabalaraztea. UNRWA Euskadik funts publikoak nahiz pribatuak biltzen ditu UNRWAk errefuxiatuekin burutzen dituen lanetan laguntzeko, eta euskal gizartean nazioarteko elkartasuna eta lankidetza sustatzeko.
Erakunde honen langileak bolondresak dira, beraiei esker mundu hobea eraikitzea posiblea izango da. Ziur zuetako norbait, modu apalean bada ere, prest egongo dela besteei laguntzen. Hori da blog honen xedea, pertsona hobeak hezten laguntzea.
Pasa den ostiralean ikasturte honetako lehenengo mezua argitaratu nuen, baina asteburu honetan Ainhoa Fernández Araluce (@araluze19) erabiltzaileak egindako bideoa topatu dut eta merezi du zurekin partekatzea. Oso lan fina egin du mezu motibagarriak luzatuz ikasleak (eta irakasleak!) motibatzeko. Apur alferrontzi bazabiltza ikasturte hasiera honetan, lagunduko zaituelakoan nago:
Fijatu zara argazkietan? Oso esanguratsuak dira. Lehenengo argazkian agertzen den umea izan ezik, beste guztiak zoriontsuak dira, nahiz eta errekurtso gutxi izan. Zorte handikoa zara eskolara joan ahal izateagatik; tamalez, ume guztiek ez daukate aukera paregabe hori.
Bideoan agertzen den azkenengo galderari, baietz erantzun izana espero dut. Bestela, nagiak astintu, izan ausarta eta bilatu gogoa eta ilusioa ikasturte honen erronkei aurre egiteko. Abentura hau aparta izan daiteke eta!
Udako oparraldia amaitu da eta hasiera berriari ongi etorria egiteko unea iritsi da. Gaurtik aurrera, aukera berria daukazu esku artean, iraganeko akatsak ez errepikatzeko eta bide berria eraikitzeko akats horiengandik ikasitako guztiarekin.
Blog honi dagokionez, bizirik iraun dezan espero dut, baina lan handia da eta zure kezkak edo ekarpenak partekatzea eskertzekoa da. Horreterako, baloreak@gmail.com helbidera bidali ahal dituzu proposamenak, bideoak, kantak edo dena delakoa.
Iazko ikasturte hasieran egin nuen bezala, abesti batekin hasiko da ikasturte hau, Go!azenen eskutik berriro ere bai. Bertan mezu potenteak ematen dira, guztiz aplikagarriak hastear dagoen abenturarako. Hona hemen abestiaren zatiak hausnarketa txikiekin:
Dena zure eskuetan dago, has zaitez esku artean daukazun hazia maitatzen, aukera paregabea da eta!
Eguzkia goizean, agertu da mendien artean, baina beti ez da horrela izango eta lainoak topatuko dituzu. Hala ere, jakin behar duzu eusten eta aurrera egiten!
Keinu txiki bat bada ere, mundua alda dezake. Inoiz ez dakizu zelako eragina izan dezakeen keinu txiki batek ondoan daukazun besteengan. Espero dezagun onerako izatea keinu txiki (edo handi) horiek!
Banan banan elkartu gara bidean, milaka ale baso bihurtu zale.
Oso inportantea zara, ikasle! Uste duzun baino askoz ere gehiago, zure argi izpia gure eguzkia da. Indarra ematen diguzu irakasleoi gure onena emateko.
Mugimenduan tinko, helmugaraino brinko iritsiko zara ilusioa mantenduz gero.
Amaitzeko, hona hemen abestia! Entzunda izan arren, ziur orain beste modu batez interpretatuko duzula. Gozatu!
Gutxi gehiago dago esateko: bidaia ona izan dezazun 2018/2019 ikasturte honetan!
Pasa den ikasturtearen amaieran bezala, itxiera eman nahi diogu bukatzear dagoenari. Bizitzaren ziklo eta etapa guztiek merezi dute amaierako puntua fundamentuz idaztea. Gaur ez bada, bihar amaituko dira klaseak; eta merezita edo ez, deskantsatzeko, deskonektatzeko eta atseden hartzeko garaia iritsi da. Izaten dena izaten dela zeure egoera, amaiera iritsi zaizu eta horrekin batera, baloratzeko unea ere bai. Hori da, hain zuzen, sarrera honen xedea, aurten egindako lana "baloratzea".
Lehen aipatu dugun legez, hasiera daukan guztiak, amaiera ere badauka. Irailean arraun egiten itsasoratu zinen eta, gogorra eta luzea izan arren, amaitu egin da estropada. Hurrengo bideo honek oso ondo azaltzen digu arraun egin dugun bitartean, zeintzuk izan diren itsasoan aurkitu ditugun zailtasunak, erronkak eta laguntzak. Zuretzat espresuki eginda dago, gustatzea espero dugu:
Dagoeneko kaian zaude, nekatuta estropadan egindako esfortzuagatik; baina pozik aldi berean, zeure onena eman duzula dakizulako. Bideoan aipatu den bezala, zure lan horretan eragin handia izan dute zeure lagun taldeak, patroiak eta afizioak, hau da, irakasleak, familia eta gainerako lagunak. Inoiz ez zara bakarrik egon eta haiei esker ere bai, helmugara iritsi zara.
ZORIONAK TXAPELDUN!
Bide luze honetan, motxila bete duzula ziur gaude. Gauza berri asko ikasi dituzu ikasturtean zehar; eta, blog honetako argitalpenen bitartez, gutxienez, bestearen zapatetan jartzeko gaitasuna garatu izana espero dugu. Horrek, etorkizuneko elkarbizitzarako lagunduko zaitu, ziur izan. Egindako 67 sarreretan, balore asko landu ditugu eta hainbat gai jorratu ditugu: amodioa, autoestimua, elkarbizitza, aniztasuna, errespetua, kultura, ausardia, giza eskubideak, hezkidetza, berdintasuna... Ez da lan makala izan, oso hitz potoloak haiek guztiak eta gai horien inguruko hausnarketa sakonak egin ditugu elkarrekin. Plazer bat izan da guretzat hau guztia kudeatzea, are gehiago jakinda lerro hauetan idazten dugunari esker mundu hobea eraikitzen laguntzen ari garela, modu xumean izanda ere.
Ez dakigu zein nolako jarraipena izan dugun zugandik, baina gure aldetik ikasturte honetako balorazioa oso ona izan da. 2017ko irailetik hona, guztira, 116.000 bisitaldi inguru jaso ditu gure blogak, itzelezko datua izan da aurtengoa ere bai! Aipamen berezia egin nahi diogu maiatzean egindako LGTBfobiaren kontrako sarrerari, 6000 bisitaldi baino gehiago izan baititu. Hau marka hau!
ESKERRIK ASKO!
Eta gaur, ekainak 21, Europako musika eguna denez, ikasturtea hasi genuen moduan amaitu nahi dugu: musikarekin! Ekarpena, honetan ere bai Mireneren eskutik, kasualitatea ote? Eskerrik asko horrenbeste gauza polit erakusteagatik! Ikusi, abestu, dantzatu eta gozatu!
Atseden eta indarrak hartu hurrengo kapitulua idazteko! Ikusi arte!
Jakin dugu ikasle batzuk ez direla gailuen erabilera ona egiten ari, nahiz eta gai hau berria ez izan eta askotan jorratu izana. Horren ildora, azken egunotan entzun da komunikabideetan Frantzian telefonoak legez debekatuta egongo direla datorren ikasturtean eskola guztietan. Geure uste apalean, ez da neurri egokia, horrela ez baita arazoa akabatuko. Gailuekin sortzen dira arazoak, baina gailua bera ez da arazoa, haren erabilera desegokia baizik. Kontua da gailuek ez daukatela errurik, hau da, erabiltzen dituztenak ez daudela ondo hezituta erabilera egokian. Horretan jarri behar da indarra eta horregatik behin baino gehiagotan jorratu dugu gaia hemendik. Arazo bat konpontzeko, aurre egin behar zaio, eta horretarako arriskuak egon behar; baina laguntzarekin posiblea da berbideratzea.
Materiala ikertzen ibili gara eta zurekin partekatu nahi ditugun bideo batzuk topatu ditugu. Ez zaitugu beldurtu nahi, baina egia da agertzen diren egoerak nahiko errealak izan daitezkeela.
Has gaitezen lehenengoarekin:
Kontuz partekatzen duzun informazioarekin. Sare sozialetan ezer argitaratu baino lehen, pentsa ezazu ondo informazio hori nork ikus dezakeen eta benetan garrantzitsua den partekatzea... Gelditu zara une batez pentsatzen zertarako egiten dituzun publikazioak sare sozialetan? Zein helbururekin egiten duzu? Zerbait gertatuko litzateke ez bazenu egingo? Gure aholkua: argi ez badaukazu, hobe ez egitea...
Pasa gaitezen bigarren bideo honetara. Beharbada ikusita daukazun, Movistar entrepresaren iragarkia izan zelako. Badazpada ez duzun ikusi, ez dugu ezer aurreratuko. Ikus dezagun!
Ziur, gu bezala, zu ere bai zur eta lur gelditu zarela amaieran gertatzen denarekin eta ematen duten mezuarekin... Jakin badakizu ez duzula ezegazunekin hitz egin behar, ea adibide hau presente daukazun horrelako arazorik sahiesteko. Azken adibide hau ildo beretik doa, erne ikusi:
Ikaratuta, ezta? Hasieran aipatu dugun moduan, ez zaitugu izutu nahi baina erne egon behar duzu eta zaindu behar dituzu pantailaren beste aldean dauzkazun harremanak.
@amaiaarroyok Twitterren egindako ekarpena gehitu nahi dugu orain, mezuari puntu optimista emateko: IKTen erabilera positibo konstruktiboak azpimarratu beharko lirateke, hau da, IKTek kolaborazioa eta sormena sustatzeko ematen duten aukera, besteak beste. Ikasleei gauza txarrak soilik erakutsita, eredu onak alboratzen ditugu eta esperientzia positibo asko ere badaude.
Amaitu nahi dugu zuri laguntza eskaintzen. Ziur zeure ondoan nagusi asko dituzula, baina beharbada lotsatzen zara eta ez dakizu zelan edo nori eskatu laguntza. Ez dago txarto norbaitekin partekatzea gertatzen zaizuna edo salatzea ikusi duzun hori, baina hobe nagusi batekin egiten baduzu. Zure lagun batek entzungo dizu baina bere aholkuak, beharbada, ez dira zuzenenak izango; berak, zuk bezalako ikuspuntua izango duelako eta horrelako egoera batean hobe nagusi batengana jotzea, are gehiago profesionala izanik! Hona hemen zeuri zuzendutako doako zerbitzua:
ZeukEsan Euskadiko haurrei eta nerabeei zuzendutako laguntza-gunea da. ZeukEsan-ek laguntza emateko telefonoa eta web-orrialdea dauzka.
Alde batetik, ZeukEsan-en telefonoa, 116111, doakoa da eta guztiz anonimoa.
Bestetik, ZeukEsan web-orrialdea duzu eskura, eta blogak, gizarte-sareak, bideo kanala eta kontsulta-postontzi anonimoa ditu, telefonoz deitu ordez idatzi eta zer gertatzen zaizun kontatu nahi baldin baduzu ere.
Arazorik baduzu eta norbaitekin hitz egin behar baduzu; buruan "bueltaka" dabilzkizun gaiei buruz orientazioa edo aholkua behar baduzu; edo norbait beste norbaitez abusatzen ari dela ikusten baduzu (jazarpena, indarkeria edo bestelako erasoak)... deitu edo idatzi dezakezu.
Honen guztiaren atzean psikologoak eta gizarte-hezitzaileak daude, haurren eta nerabeen esparruan espezializatuak, beraz esku onetan zaude.
Jakin ezazu lasaitasun osoz deitu edo idatzi dezakezula, esku onetan egongo zara-eta. Badakite zein garrantzitsuak diren zure intimitatea, zure ideiak eta zure zalantzak. Arreta osoz hartu eta entzungo zaituzte, eta laguntzen saiatuko dira. Lagundu nahi dizute, besterik gabe!
Horregatik, laguntza behar baduzu: eskatu! Aprobetxatu aukera!
Ekainarekin bat uda eta ikasturtearen amaiera datoz, baina baita oso egun garrantzitsu batzuk ere. Aste honetan, hain zuzen, Ingurumenaren eta Ozeanoen Mundu Egunak ospatzen dira (ekainaren 5ean eta 8an hurrenez hurren). Iaz, bi egun hauen berri emateko "Ingurumena: altxor mugatua" idatzi genuen zurekin partekatu eta eztabaidatu ahal izateko.
Aurten, erakundeek, lotu dituzte egun biak eta "Plastikorik gabeko Planeta" lelopean izendatu dute. Suposatuko duzunez, munduan dagoen plastiko hondakinekin bukatzeko nahiarekin lotuta dago eta gaiari sarrera emateko lehenengo bideoari ekingo diogu:
Ziur gaude zenbait daturekin aho bete hortz geratu zarela. Bazenekien 8,7 milioi espezie mota ezberdinak zeudela? Eta urtero 500 mila milioi plastikozko poltsak erabiltzen zirela? Guri gehiegi iruditu zitzaigunez informazio hori, zurekin partekatu nahi ditugun kalkulu batzuk egin genituen:
Lurra planetak, gaur egun, 7442 milioi biztanle ditu eta, bideoaren arabera, denon artean 500.000 milioi poltsa erabiltzen ditugu, hots, unitatera laburtuz gero, munduko pertsona bakoitzak, urtean zehar eta batez besteko, 67 poltsa gutxi gorabehera erabiltzen dituela esan nahi du. Gure inguruan nola erabiltzen diren ikusita, ez du hainbeste ematen... Agian hobeto erabiltzen ikasi beharko genuke, ez duzu uste? Ideiaren bat duzu? Ozenki partekatu nahi ez baduzu, gogora ezazu behean 👇🏼 iruzkinak uzteko aukera duzula.
Lehenengo bideoan esandakoarekin lotuta doa bigarren hau:
Lehen bezala, harrituta geratu zarelakoan gaude. Bazenekien plastikozko uharte bat zegoela? Eta bere tamaina hain handia izango zenla? Seguru aski, guk lez, plastikozko poltsen historia ez zenuen ezagutzen. Orain dela 50 urte ia ez zegoen plastikozko poltsarik baina gaur egun, urtero bilioi bat poltsa ekoizten dira. Lehen egindako kalkuluak egokitu ondoren, pertsona bakoitzeko 134 poltsa inguru fabrikatzen dira urtero, hau da, hiru egunetik behin poltsa berri bat. Datu kezkagarriak dira benetan...
Bideo bietan oso aholku ona ematen dute, botatzeko plastikoa bada, atzera bota! Eta noski, ahal izatekotan, lagundu behar dugu gure ozeanoak garbitzen. Ildo honetatik, iaz hainbat kanpainatan, 1200 bolondres baino gehiago hartu zuten parte hondartzak garbitzen Penintsula osoan eta Getxoko Ereaga hondartzan, adibidez, hainbat plastiko tonak batu zituzten. Txalo bero bat zuentzat, lagunak, zuek bai zaretela gure heroiak!
Gero eta plastiko gehiago erabiltzen dugu eta, askotan, ez ditugu ezta birziklatzen ere eta, noski, horrek gure ingurumenaren kutsadura eragiten du. Jarraian datu harrigarri batzuk eman nahi dizkizugu:
Harrigarria ezta? Kontuan hartzeko datuak dira gero! Are gehiago hurrengo bideoan ematen den informazioarekin lotuz gero...
Datuek beraiek hitz egiten dute eta, horregatik, azkenengo bideoei ekingo diegu. Lehenengoa gaurko egunaren aldeko kanpaina batena da eta azkenak mezu argi-argia dauka guztiontzako... Ikus ditzagun:
Hauxe bai janari goxo-goxoa, ezta? Nazkagarria benetan... Eskerrak jende gaztea kontzientziatzen hasi den eta proiektu interesgarri aurkezten ari den! Adibidez, Begoñazpi ikastolako ikasle batzuek Dropsea's proiektua planteatu zuten, bertan ontzi biodegradable eta animalientzako jangarri diseinatzen zuten besteak beste ozpina, Maizena eta glizerinaz eginda. DBH4ko Maddi Castaños, Candela García, Nahia Crespo eta Joane Garzón ikasleak dira egileak, zorionak neskak, lan itzela! Espero dugu aurrera ateratzea Dropsea's!
Planetak behar gaitu, ez gaitezen alferrak izan eta jar gaitezen martxan plastikorik gabeko mundu baten alde!