2019/10/24

BIZITZAK MEREZI DU!

Kaixo!

Aspalditik ez nintzen hemendik pasatzen, baina @RaulGomez82-en bideo honek zerbait mugitu du nire barnean (eskerrik asko, Leire!) eta hemen partekatzeko beharra sentitu dut...

Tamalez, oso azkar bizi izaten gara eta ez gara konszienteak izaten daukagunaz. Bideo honek astintzeko eta geure lekuan kokatzeko balio du. Ikusten duzunean, ematen duen mezua entzuteaz gain, munduan zehar agertzen irudietan erreparatzeko gomendatzen dizut. Horrela, zorte onekoak garela ohartuko zara.

Besterik gabe, hona bideoa:



2019/06/18

ZER NAHI DUZU IZAN ZURE BIZITZAN?

Kaixo lagun hori,

Ikasturtearen amaiera iritsi da. Zelan joan zaizu ikasturtea? Arin pasatu da, ezta?

Askotan bizitza arinegi igarotzen da eta ez dugu hartzen behar den denbora hausnartzeko bizi izandako uneez edota hartutako erabakiez. Aipatutako une horiek ez lirateke soilik bereziak izan beharko, egunerokoak ere bai aztertu beharko genituzke. Gauza bera gertatzen da erabakiekin, batzuk potoloagoak izango dira beste batzuk baino. Baina honi guztiari analizatzeko denbora eskaintzea garrantzitsua da geure helburuak markatzeko eta jakiteko zer nahi dugun bizitzan.

Egun gutxi barru gure bizitzako beste atal bat amaituko dugu ikasturtearen amaierarekin batera. Zuek, ikasleok; zein gu, irakasleok. Batzuontzat atal txikia izan daiteke datorren ikasturtean klasekide  eta irakasle berdinekin jarraituz gero. Beste batzuontzat, aldiz, handiagoa izango da eskola aldaketa izaten badute. Izaten dena izaten dela amaierara iritsiko gara guztiok eta hemendik, ikasturtean egindakoaz hausnartzera gonbidatzen zaituztet.

Beharbada, hurrengo bideoa ikusten duzunean hobeto ulertuko duzu nire proposamena:





Argiago ikusten duzu orain? Esperimentu honetan parte hartzen dutenei gertatzen zaiena saihestea nahi dut. Nahiz eta pertsona helduak izan, askotan oso azkar, azkarregi hain zuzen ere, bizi dira eta ez dira konturatu bizitza eskapatu zaiela

Ez utzi eramaten, ez izan beldurrik, zuk nahi duzuna izango zara, eta ez beste batzuek espero dutena zutaz. Irten zaitez konfor eremutik!! Horretarako, hartu hausnartzeko eta pentsatzeko denbora eta ezarri zure lehentasunak. Horien arabera, erabakiak hartu nahiz eta aldaketak gauzatu behar zure bizitzan. Gogorrak izan daitezke, noski, baina merezi izango du, ikusiko duzu!! Inoiz ez da berandu norberak nahi duen bizitza bizitzeko!!

Nor zara zu? Zer nahi duzu izan zure bizitzan?



2019/05/21

ZAINDU MAITE DUZUNA

Kaixo lagun hori:

Duela egun batzuk bideo hau jaso nuen (eskerrik asko Jone!) hemen publikatzeko. Gustatu zitzaidan ideia laster, eguraldi ona hasten denean, guztiok joango garelako hondartzara. Bideoa ikusi ondoren, beharbada beste modu batez jokatuko duzu aurrerantzean.





Ulertzen duzu ume hauen haserrea? 30 urtetan itsasoetan plastiko gehiago egongo da arrainak baino! Ez al da beldurgarria datu hori? Beste datu bat oso penagarria da arrainek guk botatako plastikoa jaten dutenez, arrain horiek guk jaten ditugunean jaten dugula guk botatako plastiko hori... Imaginatu ahal duzu zenbat den 165 milioi tona? Nik ez... Ez naiz gai irudikatzeko, asko da eta... Pertsona batzuek plastikoak biodegradagarriak diren aitzakia erabiltzen dute, baina ume hauek ematen dizkiguten datuak harrigarriak dira. 1000 urte behar dira plastikozko botila bat desagertzeko.

Datu hauekin, hemendik aurrera eta batez ere uda honetan hondartzara zoazenean, beste modu batez jokatzea espero dut. Ba al dakizu zer egiten dudan nik hondartzara joaten naizenean? Harearekin jolasteaz aparte, ertzetik paseatzen noan bitartean, ikusten ditudan sastar guztiak jasotzen ditut eta zakarrontzira botatzen ditut itsasora joaten saihesteko. Beraz, aspertzen bazara badakizu zer egin dezakezun planeta salbatzeko eta 12 urte horiek luzatzeko!

Villabonako udalak pasa den astean argitaratu zuen gai honekin lotutako bideoa "Zaindu maite duzuna", Kattalin Zubizarretaren kantuarekin eta Mr. Euskaldunen marrazketarekin. Ikusi eta entzun!





Abestiak dena dio, gutxi gehitu ahal zaio. Horixe ba, guztion eskuetan dagoela lurraren etorkizuna!

Hurrengora arte!


2019/05/17

ASKE IZAN!

Denbora luze da hemendik pasatu gabe, baina gaurko eguna garrantzitsua da LGTBI FOBIAREN KONTRAKO NAZIOAREKO EGUNA ospatzen baita. Eusko Jaurlaritzatik egun inportantea izendatu dute aniztasun afektibo sexuala gaia eskoletan jorratzeko, gaiari buruzko gogoeta eginez eta prebentzio neurriak hartzeko beharrizana plazaratuz.

Egun honen jatorria gehiagotan plazaratu da blog honetan, baina geure burua kokatzeko laburpentxo bat egitea ez dago soberan:

1990ko maiatzaren 17an Munduko Osasun Erakundeak (MOE) homosexualitatea buruko gaixotasunen zerrendatik kanpo utzi zuen. Beraz, aurten 29 urte pasako dira erakunde honek erabaki hori hartu zuenetik. Azken finean, homosexualak gaixoak zirela esateari utzi zionetik. Izan ere, garai luze batean, gaixoak izateaz gain, gaizkileak ere baziren. Harrezkero, urtero, maiatzaren 17a LGTBIQfobiaren Aurkako Nazioarteko Eguna aldarrikatzen da. Aldarrikatu hitza idatzi dut, eta ez ospatu, aldarrikatzen eta borrokatzen jarraitu beharra dagoelako, nahiz eta dagoeneko 29 urte pasa diren.

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak Bai, baudazkagu erreferenteak materiala sortu du Berritzegune Nagusiarekin batera. Baina ez dira bakarrak honen inguruko informazioa luzatzen dutenak; izan ere, STEILAS sindikatuak ibilbide luzeagoa dauka gai honetan. Hona hemen materiala.

Ondo dago materiala eskura izatea, baina askoz garrantzitsuagoa da guztion inplikazioa. Zentro eta etxe guztietan derrigorrez lan egiteko gaia da. Sexo edo genero identitatea aukeratzeko pertsona guztiok dugun askatasunari eraso egiten dion edozein iritzi, jarrera edo jokabide lesfobiko, homofobiko, transfobiko edo bifobikoren aurka jo behar dugu guztion artean.

Hemendik ere ekarpen txiki bat egin nahi dut bideo honekin. LGTBIfobiaz aparte, gaur ospatzen den beste egun batekin dauka lotura, Nazioareteko Internet egunarekin hain zuzen ere:





Zelako amaiera espero zenuen zuk? Gehiengoa amaiera ona susmatzea espero dut, horrek esan nahiko luke bide onetik goazela.

Ikusi duzunez Interneten erabilera egokia eskaini digu bideoak, sare sozialak modu onuragarrian erabil daitezkeela jakinaraziz. Horretan ere indarra egin behar da zentruetatik ikasle zein irakasleen konpetentzia digitala lantzen. Badira ekimen isolatu batzuk eredugarriak direnak, baina sistematizatzeko gaia da eta bide luzea dugu aurretik. Zerbait gehiago jakin nahi izanez gero honen inguruan (ikasle zein irakasle berdin da), hemen asmoz.org-k egindako materiala luzatzen dizugu. Informazioaz aparte, ariketak egiteko aukera ere badago. Saiatu eta ebaluatu zeure burua!

Asteburu ona izan eta hurrengora arte!


2019/02/11

ZIENTZIAREN ARLOKO EMAKUME ETA NESKATOEN NAZIOARTEKO EGUNA

Kaixo irakurle hori!

Gaur, otsailaren 11 guztietan bezala txoko txiki eta xume honetatik bat egiten dut Zientziaren arloko Emakume eta Neskatoen Nazioarteko Egunarekin. Ez dakit zelako oihartzunik izango duen nire mezuak, zenbat pertsonenganaino iritsiko den eta zenbatengan eragina izango ote duen. Baina gai honetaz hausnartzea komenigarria dela uste dut. Bai eskolan bai etxean erantzukizun itzela daukagu berdintasunaren gaiarekin.

Jarraian "Ez da pertzepzio bat" bideoa luzatzen dizut, ekoizpen honen bidez salaketa egin nahi zuten eta esku hartzeko eta batik bat lan egiteko deia zabaldu. Gizon eta emakumeek eskubide eta aukera berberak izango dituzten gizarte bat lortzeko lanaren aldeko deia da. Iazko bideoa da eta Euskal Herriko Unibertsitatean grabatua izan zen bertako bost zientzialari eta ikertzaileren parte-hartzeari esker: 
  • Itziar Alkorta, biokimikaria.
  • Arantza Aranburu, geologoa.
  • Gotzone Barandika, kimikaria.
  • Txelo Ruiz, informatika-ingeniaria.
  • Ana Zubiaga, genetista.



Hurrengo bideo honetan, "Nire alabak ingeniaria izan nahi du" izenekoa,  ingeniaritzako karreretara jotzeko orduan mutil eta nesken artean dagoen alde handian zentratu nahi izan du EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak, bai eta arrail horretan estereotipoek duten eraginean ere.

Umorea tresna gisa erabiliz, karrera hautatzeko orduan, neskatoei kontzienteki edo inkontzienteki transmititutako estereotipoek izan dezakete eragina agerian utzi nahi izan da.





3. urtea da egun honen berri ematen dudala blog honetan eta posiblea den heinean, jarraituko dut desberdinasunaren alde aldarrikapenak egiten, horrelako egunak ospatzeko beharra desagertzeko nahiarekin. 

Material gehiago nahi izanez gero, hona hemen aurreko urteetako sarrerak. Bota begirada bat, bideo eta datu interesgarriak daude eta!:

2019/02/06

EMAKUMEEN GENITALEN MUTILAZIOAREN AURKAKO EGUNA

Kaixo irakurle hori!

Gaur, otsailaren 6an, Emakumeen Genitalen Mutilazioaren aurkako Zero Tolerantziaren Nazioarteko Eguna ospatzen da. Askotan genero berdintasunaz eta giza eskubideez aritu izan da blog honetan eta ablazioak bi gai hauek biltzen ditu.

Datu harrigarri batzuekin hasiko naiz:
  • Urtean bi milioi neskei egiten diete ablazioa; egunero 6.000 dira sufrimendu hori pairatzen dutenak; minutu batean bost emakume hain zuzen ere. 
  • Guztira, 130 milioi neska eta emakumek jasan dute ablazioa mundu osoan zehar eta jarraitzen dute egunero tradizio honekin herrialde ezberdinetan. 
  • Afrikako 28 herrialdeetan eta munduan beste hainbat herrialdeetan (Arabia Saudi, Yemen, Malaysia, Indonesia eta India adibidez) oraindik ere tradizio honekin jarraitzen dute. Gainera, azken urteotako migrazioaren ondorioz, Australia, Kanada, Zelanda Berria, Europa eta Ameriketako Estatu Batuetako leku askotan ere ablazio kasuak eman dira.
Hotzikara sortzeko moduko datuak, ezta? 

Jarraian txeratutako bideoak ere oilo-ipurdia jarriko dizu, erne egon!:




Ea ez diren urte asko igaro behar egun hau sekula ez berriro ospatzeko...

2019/01/09

EGUNON MUNDO!

Aspaldiko irakurle hori!

Itxaropenaz betetako abesti batekin bueltatzen naiz (eskerrik asko Meritxel!). Kantak dioen bezala, nik ere nire momentuak ditut eta pozik, triste eta indartsua, guzti hori naiz etengabe, etengabe... Ni neu naizena izanik esku betez bihotz biziz #muxotepotolobat eta Gari abeslariaren ekoizpen hau partekatu nahi dizut. Ez inoiz galdu itxaropena, beti dago norbait gure ondoan egongo dena bizitzari zurrut egiteko.

Ez ahaztu, bakarra zara mundu honetan, beraz, zu zeu izan, eta goizero altxatzen zarela, egunon mundo ozen oihukatu, eskertuz aurrera egiteko beste aukera bat oparitzen dizula bizitzak. 





2018/11/22

EUSKARALDIA: BESTE ERRESPETU MOTA BAT

Kaixo irakurle hori!

Blog honetan askotan jorratu da errespetuaren gaia. Gaur, berriro ere ekartzen dizut baina beste ikuspegi batetik. Hain zuzen ere, Euskaraldiaren atean gauden momentu honetan, geure hizkuntzarekiko errespetua adierazten duen istorio bat ekartzen dizut.





Jonek euskara ikasteko ahalegina egin zuen bere semeak berdintasunean, aniztasuna errespetatzen, gauza txikiak maitatzen eta albokoak zaintzen hezi nahi dituelako.

Amaitu nahi dugu egiten duen gogoetarekin:

"Bide errez eta laburrena ez da izaten biderik onena. Gauza politek esfortzua exigitzen dute. Baina gero, datorrena askoz ederragoa da."


Mr Euskaldunen irudi alai honekin agurtzen zaitut, ahobizi edo belarriprest hori!


@mreuskaldun

2018/11/15

MIKROMATXISMOAK

Kaixo balorazale,

Azaroak 25 gertu dago eta laster hasiko gara egun horren inguruko informazioa jasotzen. Iaz gai honi emandako trataera ikusi nahi baduzu, klikatu hemen. Aurten finagoa den indarkeriari erreparatuko diogu, mikromatxismoei hain zuzen ere.

Definizioz, gure egunerokotasunean jasaten eta eragiten ditugun eraso matxista ikusezin eta baliogabetuak dira. Edonon topa ditzakegu: kalean, dendetan, tabernetan, geure etxeetan baita geure artean ere! Kontuz ibili behar dugu, horrek eragina baitauka geure bizitzengan. Batzuetan ikustezinarena egiten dugu edo zama kendu nahi diegu... Kezkagarria benetan oraindik ere horrelakoak gertatzea!

Oraindik ez baduzu irudikatzen zehatz-mehatz zertaz ari garen, hona hemen bideo labur bat oso ondo azaltzen duena zertan dautzan eraso hauek.





Ulertu al dituzu guztiak? Ezagunak egiten zaizkizu? Gehiagorik bururatzen al zaizu?

Hurrengo bideoan, DBHko ikasle batzuk horrelako egoera eta beste batzuk antzezten dituzte mikromatxismoak zer diren azaltzeko. Aupa zuek!





Horrelako egoerak gero eta gutxiago gertatzea espero dut. Bururatzen al zaizu nola saihestu? Zer egin genezake?


2018/11/08

ETA ZUK ZER PRAKTIKATZEN DUZU?

Kaixo!

Askotan helarazi dut blog honetako hainbat argitalpenetatik, hemen egindako gogoetekin mundua hobetzeko itxaropena daukadala. Zuetako gutxi batzuengana iristeko gai banaiz eta nire ekarpenekin pertsona hobeak izaten laguntzen badut, astero ematen dudan denborak merezi du. Inoiz ez dut jakingo hala den, baina ideia horrek laguntzen dit aurrera egiten.

Hezkuntza sistemak askotan alde batera uzten ditu garrantzitsuak diren bizitzako alor eta egoera pertsonaletan, sozialetan, akademikoetan eta lanekoetan, arazoak eraginkortasunez konpontzeko behar diren konpetentziak. Honekin, betiko arloak baztertzen ari naiz eta indarra eman nahi diet elkarbizitzari, ekimena izateari, sentimendu, pentsamendu eta ekintza pertsonalez gogoeta egiteari... Hori da hain zuzen, hemen lantzen den guztia.

Zuk, irakurle hori, etorkizuna eraikiko duzu eta horretarako jarrera oso garrantzitsua da. Bizitzarako jarrera egokia beharrezkoa da edozein egoeratan, eta hiru umek azalduko digute hurrengo bideoan (eskerrik asko, Leire!):





Zein azalpen argia, ezta? Izan presente ume hauek errepikatzen duten ideia:

"Egunero praktikatzen duzun horretan, oso ona bihurtuko zara"


Orain zure esku dago alaitasuna, errespetua edo zoriona praktikatzea horretan aditua bihurtzeko, eta beste alde batera utzi protestatzea, alde txarra topatzea, haserretzea, kezkatzea oraindik gertatu ez den edozein gauzagatik... 

Nola bizi izango duzu lasaiago? Ohartzea lortu baduzu, lehenengo urratsa emanda daukazu!

Orain, praktikatzera!