Ongi etorri balorez jositako blogera! Hemen, eskolan baloreak lantzeko hainbat tresna aurkituko dituzu: bideoak, irudiak, testuak, albisteak, hausnarketarako gaiak...
Zeure gustukoa izatea espero dut. Gozatu eta partekatu!
Ez naiz Halloween egunaren bat ere zale. Izan ere, duela urtebete sarrera egin nuen jakinarazteko euskal kulturan ohitura hau aintzinean ospatzen zela eta gaur egun leku batzuetan berreskuratzeko saiakera egiten ari dela.
Ezjakintasun handia dago egun honen inguruan, gehienek uste dute Estatu Batuetako tradizioa dela baina ez da horrela, jatorria Irlandan omen dago. Duela 1.900 urte inguru hasi zen ospatzen zelta herriaren eskutik...
Gaur egun, gure ingurua guztiz kutsatuta dago, ospatu egiten da baina ez dakigu zer den ere. Kultura apur bat ez datorkigu txarto, baina hobe etxetik hasi, hori dela eta iazko sarrera ez baduzu ikusi, hona hemen Arimen gaua ikusteko aukera.
Aurtengo ekarpena, hurrengo bideoa da, aitzakia da berdintasuna eta askatasuna aldarrikatzeko.
Gaur mozorratzen bazara, libre sentitu jantzia aukeratzeko orduan eta besteenak errespetatu. Eta etxez etxe bazoaz, gutxienez "ziria edo saria" euskal esamoldea erabili!
Egun hau aldarrikatuz zabaldua izan zen blog hau duela 3 urte, eta, zoritxarrez, gauzak ez dira apenas aldatu eta ezin izan da egutegitik kendu. Jarraian aurreko bi urteetako sarreretan egindako ekarpenak, materialak eta gogoetak dituzu: 2016 eta 2017
Neskatoen Nazioarteko Egunaren xedea bere eskubideak hautematea da baina, batez ere, mundu osoko neskek pairatzen dituzten arazoei aurre egitea, diskriminazioa eta bortizkeria besteak beste.
Egun hau, generoen arteko eskubideak banantzeko beharretik jaio zen 2011 urtean, bada mutilak eta neskak oso desberdinak dira eta arreta erdiratzen du neskek aurrean dituzten erronkei ekiteko eta bere ahalduntzea eta bere giza eskubideak betetzea bultzatzeko beharra.
Adi egon hurrengo bideoari, UNICEFek egina da Hegoamerika eta Cariberako neskentzat (eskerrik asko, MarĂa!). Oso adierazgarria da!
Argi eta garbi uzten digu ikusten dena baino gehiago direla neskatilak, onerako eta txarrerako noski. Beharbada, gure inguruan ez dago desoreka nabarmenik eta hau nahiko urrun gelditzen zaizu, baina neska eta mutilen arteko desoreka existitzen den errealitatea da. Jarraian jarritako bideoan (eskerrik asko, Leire!), krisialdieetan neskek pairatzen duten desoreka salatzen da.
Amaitzeko, Legoren irudi bat luzatzen dizut. Pozgarria da ikustea super heroinak bultzatzen ari direla. Baina, aldi berean, penagarria da paretasuna bultzatu behar izatea umeen jolasen bitartez. Ea egunen batean lortzen den hain beharrezkoa den oreka hori!
Pasa den ekainean, mundu guztiak #Rusia2018 futbol mundialari begira zegoen bitartean, inork ikusten ez zuen beste futbol mota bat bazegoen, askoz garrantzitsuagoa eta bizikidetza sustatzen zuena.
10 urte betetzen dira Israelek lur, itsas eta aireko blokeoa ezarri ziola Gazari, baina kirola askatasunerako, bizitzarako eta balioak sustatzeko eragile bihurtu da. UNRWA Euskadiren laguntzarekin, emakumeen futbol talde batek haien eguneroko bizitzetan mugak haustea lortu du, Israel eta Palestinaren arteko gatazkari gola sartuz.
Bideo hau Euskadiko GGKEen Koordinakundeko #30UrteAztarnaUzten kanpainaren parte da eta erakunde honen eta Euskadiko lankidetza politiken 30. urteurrenaren testuinguruan kokatuta dago.
Txapela kendu baino ezin dugu egin eredu bikain honen aurrean eta beraiengandik ikasi zer lortu daiteken kirolaren bitartez. Aupa zuek, neskak!
Aurten, berriro ere, maiatzaren 17ko Homofobia, Transfobia eta Bifobiaren aurkako Nazioarteko Egunaren berri ematera gatoz. Iaz azaldu genuen moduan, 1990eko maiatzaren 17an Munduko Osasun Erakundeak homosexualitatea gaixotasun mentaleen zerrenatik ezabatu zuelako ospatzen da.
Egun honetako helburu nagusia homosexualen, bisexualen eta transexualen kontrako diskriminazioa salatzeko balio duen ekintza mota guztiak koordinatzea da.
LGTBfobia aniztasun sexualarekiko jarrera diskriminatzailea da. Nahiz eta azken hamarkadan aurrerapausoak ematen ari diren bisibilizazioan, onarpen mailan eta lege berdintasunean tamalez, LGTB pertsonen kontrako uko egite, eraso, diskriminazio eta jazarpenak bizirik jarraitzen dira.
Eskoletan ere bai, ikasleen kontrako diskriminazioa ematen da: mehatxuak, orientazioaren inguruan hainbat iraintze, ez ikusiarena egitea… Jakina da bortizkeria psikologikoak autoestimuan duen eragina negatiboa dela, hori dena umilatzea da. Lan handia egiteke dago, baina gizarteko laguntza eta inplikazioa ezinbestekoa da.
Badira beste hainbat portaera bortizkeriatzat jotzen ez direnak, baina ezinegona eta mina sortzen dituztenak. Adibidez, genero estereotipoei ez jarraitzeagatik entzuten diren txisteak edota esamesak. Hauek guztiak ere, bortizkeriatzat jotzen ditugu eta hemendik, ozen baino ozenago salatzen ditugu.
Pertsona guztien orientazio sexuala errespetatua izateko asmoz, gure erronka tolerantzian eta errespetuzko jarreretan oinarritutako harremanak gauzatzean datza; pertsonok aske eta libre eratu eta garatu gaitezen. Hori dela eta, geure mezua ahalik eta gehien zabaltzea eskatzen dizugu.
Jarraian bideo batzuk gai honekiko sentsibilizatzeko luzatu nahi dizugu. LGTB kolektiboaren barruan dauden pertsonen sentimenduak hainbat modutan adierazten dira. Esate baterako, Kantu Kolore taldearen kantu eder honek plazaratzen digun istorioa (Eskerrik asko, Patricia!):
Hurrengo bideo honek oso ondo kokatuko zaitu gaurko gaian eta, beharbada, ulertaraziko dizu LGTB kolektioaren pertsonek, guztiok bezala, sentimenduak dituztela, eta ez lituzkete ezkutatu beharko...
Hitzik gabeko bideo adierazgarri hau serio hartu izana espero dugu, gaurko gaiak eta LGTB kolektiboaren errealitateak behar duten seriotasuna eman behar diogulako. Bideo honen bitartez, errealitate honetarako hurbilketa egiteko balio izana espero dugu.
Jarraian, beste bideo bat luzatzen dizugu. Honetan beste mota bateko sentimenduak plazaratzen dira, homosexualen, transexualen eta bisexualen egoera gordina ikusiko dugu. Haien zapatetan kokatzeko balioko zaizulakoan gaude. Erne!
Amai dezagun abesten eta dantzatzen Gatiburen eskutik "Aske maitte, aske bizi" kantuarekin, amodioa librea delako errespeta dezagun maitatzeko edozein modu. Maitasuna dagoen lekuan ezin da minik egon, maitasunak ez dauka etiketarik!:
Gaurko gaia duela hilabete batzuk iritsi zitzaigun eta gordeta izan dugu. Gaur, hemen plazaratzeko oso egun aproposa dela uste dugu:
Ziurrenik entzun duzu asteburu honetan, Bilbon, errugbi final europearrak jokatuko direla. Ekimen historikoa da eta eragin handia izango du ekonomian zein hiriaren izenaren zabalkuntzan. Ekintzak eta animazioak egongo dira asteburuan zehar Bilbotik eta espero dugu giro sanoa eta aparta sortzea.
Ekimen honek gogora ekarri digu duela 23 urte, 1995. urtean Nelson Mandela presidenteak, berradiskidetze mailan pausoak eman nahian, Hegoafrikan antolatu zuen Munduko Errugbi Txapelketa. Bertan, Mandelak Hegoafrikako beltzak animatu zituen ordura arte gorrotatzen zuten herrialdeko errugbi selekzio nazionala babes zezaten (Springboks izenez ezagutzen da taldea). Kirol honek arrazakeria gainditzen lagundu zuen herrialde hau eta bere historiaren une hau aipagarria eta arrakastatsua bihurtu zen. Gaur gun kiroletan ikusten diren istiluekin, zein polita den hau gogoratzea...
Baina ez dugu ekarri arrakastaz edo arrazakeriaz aritzeko, berdintasuna aldarrikatzeko baizik. Hona hemen 2017ko urtearen amaieran Joma Sportek argitaratutako iragarkia:
Ez, ez da gizonezkoen kirola; izan ere, ez baitago gizonezko edo emakumezkoen kirolik. Kirolak badira eta edozeinek praktikatu ditzake balditzarik gabe. Honen ildora, #GukEreJolastenDugu bideoa jaso dugu eta zurekin partekatu nahi dugu. Aldarrikapen bat da, errugbi neska jokalarien eskutik; erakundeei eskatu nahi diete laguntza gehiago emakumezko taldeentzat. Bide batez salatu nahi dute iragarki ofizialean gizonak baino ez direla agertzen. Hona hemen gure laguntza zeuren bideoa eta aldarrikapena zabaltzeko:
Zorionak Gernika, Getxo, Universitario Bilbao Neskak eta Eibar taldeei, ez duzue inoren baimena beharrik, geldiezinak zarete eta nahi duzuena lortuko duzue!! Aupa zuek!!
Gaurko sarrera asmakizun batekin hasiko dugu, jolas batekin jarraitu eta ipuin "klasiko" batekin amaituko dugu. Dibertigarria dirudien arren, nahiko serioa da gaia. Baina ez gara gehiago luzatuko eta asmakizunari ekingo diogu. Adi egon eta pentsatu, ea erantzun zuzena bururatzen zaizun!:
Nahiz eta asmakizuna asmatu ez, ziur konturatu zarela zertan datzan gaurko gaia. Horixe! Genero eta berdinasunarekin jarraituko dugu, martxoak 8ko sarreran adierazi bezala, kezkatzen gaituen gaia baita eta kontzientziatu behar dugu gizartean dagoen arazoez.
Asmakizunera itzuliko gara. Aldez aurretik ez zekien norbaitek asmatu badu, geure zorionik beroenak eman nahi dizkiogu, oso jende gutxik lortzen baitu. Baina tamalez, normalean, gizarte matxista honetan jendeak ez du erantzuna zuzena aurkitzen zirujauaren figura, gizonarena irudikatzen dugulako. Matxismoaren putzua da eta oso kutsatuta dago gizartea. Espero dugu baten batek asmatu izana, pentsamendua aldetzen doan seinale!
Hasieran adierazi bezala, amakizun ostean, jolasa dator. Hona hemen!
Ziur zuri ere bai bidegabekeria hutsa iruditu zaizula sarien banaketa. Hemen ikustea erreza da, baina bizitza errealean ez da horrela suertatzen eta Norvegiako entrepresa batek (Finans Forbundet) bideo adierazgarri hau sortu zuen martxoaren 8an emakume askoren egoera injustua salatzeko eta berdintasuna aldarrikatzeko. Hemendik txalokatu nahi dugu zein argi adierazi duen, umeek ere ulertzeko moduan! Zergatik agintariek ez daukate hain argi eta onartzen dute gizon eta emakumeen artean existitzen den soldata-urradura? Penagarria... Egin dezakegun gauza bakarra da bidegabekeria presente izatea eta eskubide berdinen alde borrokatzea.
Amaitzeko, esan bezala, ipuin bat ekartzen dizugu. Little Revolutions proiektuaren eskutik datorkigu bideo zoragarri hau. Oinarria Txanogorritxoren ipuina da baina ikus dezagun zelako mezu matxista dituen atzetik...
Inoiz konturatu zara ipuin klasiko "inozo" honek zeukan arriskua? Harrigarria da zelan txiki-txikitatik guztiok entzun ditugun ipuinetan indarkeria dagoen eta normaltzat hartzen dugun. Hausnarketarako uzten dizugu...
Espero dugu gaur partekatutako material guztiarekin ipuina aldatzea joatea...
Gaurko egunean ez dugu ekarpen handirik egingo, iaz egun honen historia luzatu genizun eta ezer gutxi gehitu ahal dugu. Gainera ziur gaude bideo eta material pilo iritsi zaizula azken egunotan emakumearen paperaren inguruan. Pena da erakunde ofizialetatik egun bakar batean laburbiltzea gai potolo hau. Ez gaude ados jarrera horrekin, arazo hau egunerokotasunean daukagu eta EGUNERO borrokatu behar da berdintasunaren alde. Guk, hemendik, egiten dugu, askotan aztertu dugu emakumearen papera eta aldarrikatu dugu berdinatasuna, eta ez bakarrik egun zehatzetan... Aprobetxatu nahi dugu salatzeko hau ez dela konpontzen ekintzez betetako egun batekin, ez!
Jarraian emakume askok pairatzen duten egoera oso ondo isladatzen duen bideoa lutzatzen dizugu:
Gogorra da bideoa, ezta? Tamalez, ez da exagerazioa eta gaur egun oraindik ere horrela izaten da kasu askotan... Desberdintasun hori dela eta, Emakundek berdinatasuna etxean eraiki eta irakatsi egiten dela azaltzen digu hurrengo bideoan:
Horrelako ereduak izanda, erreza da etorkizun hobea eraikitzea. Gaur egungo umeek, heziketa ona jasotzen eta behar bezalako ereduak izaten, etorkizunean berdintasunaren lorpen handiak egingo dituzuelakoan gaude. Zeuen esku dago etorkizuna!
Amaitzeko, oso bideo bitxia luzatzen dizugu, emakumeek asmatutako 33 gauza harrigarriak:
Hausnarketarako galdera batekin agurtzen zaitugu: zergatik honelako ereduak izanda, ez dira ezagutzen? Guztion esku dago berdintasuna.
Gurean hainbat hausnarketa egin dituzu berdintasunaren eta sexualitatearen inguruan. Gurekin LGTB-en eskubideak aldarrikatu dituzu eta hainbat mito apurtu dituzu. Zoritxarrez, gaur berri txar baten inguruan hausnartu nahi dugu zurekin.
Pasa den ostegunean, hilak 15, Ekaik, 16 urteko ondarrutar batek, bere buruaz beste egin zuen. Ekai, mutil transexuala zen eta tratamendu hormonalaren zain zegoen. Hemen luzatzen dizugu albistea.
Guk ez dugu inor epaitu nahi. Bakarrik familiari eta lagunei doluminak eman eta galdera bat lau haizetara bota: Noiz arte?
Azken egun hauetan hainbat dei egon dira Ekairen omenez lotzeko herriko plazetan, gero arte esateko.
Guk ere "Gero arte, lagun, maite zaitugu" esan nahi diogu.
Asteburua da, bai; kanpoan hotz handia da, bai; eta ihauterietan gaude, bai. Aitzakia perfektuak dira deskonektatzeko, baina ezin dugu. Jaia eta atsedena alde batera utziko ditugu une batez, gaurko eguna oso garrantzitsua baita blog honetan hainbat aldiz aldarrikatu dugun hezkidetza gaia jorratzeko. Horregatik eskatzen dizugu geure mezua zabaltzeko ahalik eta jende gehienari egun honetako informazioa helarazteko. Eskerrik asko!
Izan diren, izaten diren eta izango diren emakume
zientzialarien Nazioarteko Eguna da gaur, hain zuzen. Iaz ere bai egun honen berri eman genizun, hemen daukazu informazioa.
Mundu global eta askotarikoan bizi gara, berdintasuna arlo askotan lortu gabe dagoen batean. Arduratu eta kezkatzen gaitu generoaren eta teknologiaren arteko etena. Hori dela eta, neska gazteak zientzian eta teknologian aritzeko garrantzia aldarrikatu nahi dugu zientziako emakume eta nesken nazioarteko egunean.
Lehen aipatu dugun moduan, aitzakiak aurkitu ahal dira gaur etxean gelditzeko; baina gai hau gero eta jende gehiagori kezkatzen zaioela ematen du, Oracle entitateak Bilbon antolatu dituen neskentzako ikastaroak topera daude. Geu han izango gara, nola ez! Hona hemen antolatutako ekintzetan parte hartzeko animatzeko bideoa:
Hemendik, eskerrak eman nahi dizkiogu Oracle 4 Girls delako ekimenari horrelako ekintzak antolatzeagatik eta geure neskei STEM-ei hurbiltzeko aukera emateagatik!
Amaitu baino lehen, albiste bat luzatu nahi dizugu ulertzeko zergatik den hain zaila emakumeon papera zientzia munduan. Erne entzun emandako datuak!
Datu lotsagarri eta kezkagarriak benetan! Ez duzu uste? Zailtasunak zailtasun ere, badira emakume zientzialariak, puntakoak. Horiek hartu beharko genituzke eredutzat etorkizuneko emakumeak motibatzeko.
Hurrengo loturetan informazioa eta eredu apartak aurkituko dituzu emakumearen papera zientzian gaiari buruz gehiago jakin nahi izanez gero:
Normalean, inguru sozialak ez ditu berdin bultzatzen neskatoak eta mutikoak ikasketa zientifiko eta teknikoak aukeratzeko orduan. Erantzukizun eta eragin handia dauka hezkuntzak gai honetan, hezkidetza kontua ezin da bi egunetan bakarrik utzi, azaroak 25 eta martxoak 8 ospatzearekin batera. Eguneroko lana da eta guztioi dagokigu berdintasun hori bultzatzea arlo profesionalean zein pertsonalean. Ahaztu behar ditugu esteriotipoak eta etiketak, PERTSONAK gara eta guztiok aukera berdinak izateko eskubidea daukagu, generoa alde batera utzita behingoz!
Blog honetan idazten has ginenetik hainbat sarrera argitaratu ditugu genero eta berdintasunaren gaien inguruan. Gaur jarraipena eman nahi diegu. Gehiago luzatu gabe, jarraian txertatzen dugun bideoa ikusiko dugu (eskerrik asko Jone eta Sole!), geroago hausnarketa egiteko:
Zu ere aho bete hortz geratu zara? Horrela izan bada, seguruenik da buruan txikitatik sartu dizutelako lanbide batzuk gizonezkoak direla eta beste batzuk, aldiz, emakumezkoak. Horregatik espero zenuen gizonak ikustea eta ez emakumeak.
Azaroan egindako sarrera batean, Goazenen kantuan entzuten genuen izaten garena izaten garela, libreak garela erabakitzeko zer aukeratu gure bizitzaren edozein esparrutan. Hori argi baino argiago izan behar dugu, lehenengo urratsa da berdintasunerantz begira. Horren ostean kontuan izateko beste batzuk ere badaude, ereduak besteak beste.
Funtsezkoak dira emakumeen ereduak, eskola honetako esperientzia bezala. Ziur gaude ume hauen etorkizuna onerako baldintzatuta dagoela. Artikulu honetan azaltzen da esperientzia osoa.
Euskal Herria mailan gauzak badoaz aldatzen, pixkanaka-pixkanaka baina etengabe. Azkenetariko eredua Ertzaintzaren 27. promoziorako iragarkian topatzen dugu. Hemen txertatzen dizkizugu atera dituzten bi "spot-ak". Ikusi ondoren 7 ezberdintasunetan jolastuko gara:
Ikusi duzunez, bietan agertzen dira emakumezkoak, eta hori, horrelako lanbidetan, orain dela gutxi arte, gizonezkoei bereziki bideratuta zegoena da, seinale ona!
Lehenengo bideoan agertzen den emakume bakarrari ematen dioten rola ikerlariarena da, akziotik urrun, garrantzitsua den bigarren planoan. Bigarrenean aldiz, nolakoa da emakumearen presentzia? Horixe! Hasteko, gehiengoa da (2/3) eta hartzen dituen rolak akzioaren barruan daude. Ziur gaude horrela imaginatzen duzula zuk ere, ertzain ona izateko indarra beharrezkoa da baina argia izatea ere bai, oso denbora murriztuan erabaki serio-serioak hartu behar baitira, eta emakumezkoek zein gizonezkoek izan ditzakete bi ezaugarri horiek, ez duzu uste?
Guri oso gustatu zaigu eredu hau topatzea eta espero dugu laster suhiltzailea, ikerlaria, lehendakaria edo astronauta izateko emakumez betetako iragarkiak ikusteaz gain, benetako ereduak izatea.
Baina aldaketa guzti guztiak ez daude erakundeen edo Jaurlaritzaren eskuetan, gure etxeetan ere eredu ona jaso behar dugu, adibidez, lo egitera joan aurretik irakurtzen diren ipuinetan aldaketak egon behar dira. Ea hurrengo bideoa gustoko duzuen...
Hauek dira guk gustuko ditugun ipuinak, gaur egungo printzesekin, estereotipoak apurtzen dituzten horietakoak. Eskerrik asko, Audi, urtero horrelako iragarkiak oparitzeagatik.
Espero dugu zu nagusia zarenean, guztiz arrunta izatea emakumezkoek beraien ametsetako lanpostuetan lan egitea, eta horrela izan dadin, badago manifestu bat hori guztia bultzatzen duena eta sinatu daitekeena:
Guk, dagoeneko, irakurri eta sinatu egin dugu eta zure gurasoekin, aitona-amonekin eta nahi duzun pertsona nagusi guztiekin gauza bera egitera animatzen zaitugu. Beti esaten dugun moduan, zu izan zaitezke aldaketaren lehengo pausua, etorkizuna zurea baita!
Oporretan gauden arren, ezin izan dugu saihestu zuekin bideo hau elkarbanatzea. Gure eskuetara iritsi bezain pronto, hona etorri gara zuri helarazteko.
Amaitzen ari dira oporrak baina oraindik Errege Maguak etortzeke daude. Nahiz eta oso jakintsuak izan, batzuetan erratzen dira eta hanka sartzen dute opariak aukeratzerakoan. Bideo barregarri honek oso ondo azaltzen du. Erne egon!
Errege Maguek zein helduok txipa aldatu behar dugu. Utzi behar ditugu umeak (neskak zein mutilak) haien gustuko gauzak aukeratzen, baldintzatu gabe, askeak izaten eta haien aukerak errespetatzen. Horrela, berdintasunerako bidea pixkanaka-pixkanaka joango gara eraikitzen eta etorkizuneko helduek askatasunez aukeratu ahal izango dute haien bidea.
Hemen gaude berriro ere ospatu nahi ez dugun egun batekin. Iaztik jarraitzen bagaituzu, orain dela 36 urte egun hau aldarrikapen honen egun ofizialtzat ezarri zela jakingo duzu. Bai horixe, 1981. urtean ezarri zuten munduari 1960. urtean Miraval aizpeei gertatutakoa gogorarazteko.
Aurten ez zaitugu gogaitu nahi hainbat datuekin, horregatik, jarraian bideo batzuk aurkeztuko dizkizugu, lehenengoa Suedian grabatutako gizarte esperimentua da, gaurko gaiarekin zerikusi zuzena duena:
Zelan da posible inork ez sartzea egoera hori gelditzeko? Zergatik uste duzu horrela jokatzen duela jendeak? Ziur erantzunen artean “beldurra” hitza ahoskatu dela. Zeren beldur dira? Zelan geldituko ziren pertsona horiek pentsatzean ez dutela ezer egin laguntzeko? Horrelako egoerak salatu eta gelditu behar dira, beldur barik!
Baina, non ote dago arazoaren funtsa? Batzuen ustez emakumeen arazoa baino ez da, ezta inola ere! Hau gizartearen arazoa da eta, hortaz, emakume zein gizon sartuta gaude. Zorionez, gero eta inplikazio gehiago dago gizonengandik, baina gehiago behar da eta, gure ikuspuntutik, funtsezkoa da ere bai txikitatik berdintasunaren bidean heztea. Ikusi hurrengo bideoa eta hobeto ulertuko duzulakoan gaude:
Txiki-txikitatik, berdintasunean hezituak izaten bagara eskoletan zein etxean, arazo asko saihestuko ditugu etorkizunean.
Hurrengo bideoa motz-motza da eta indarkeria jasaten duten biktimei laguntasuna erakutsi nahi die:
Denok zu… Bai horixe!! Hori da Goa!zenen lagunen azken bideoklipa. Pasa den ostiralean making-off-a luzatu ziguten kapituluaren amaieran. Haiek ere aldarrikatu nahi dute: ez beti da ez, indarkeria sexistarik ez! Entzun zelako mezua eman nahi diguten:
Denok zu, mutila ala neska berdin du… Munduan zehar libre izan…
Zelako gogoeta politak kantu honetakoak. Ea itxaropen kantua bihurtzen den eta belaunaldi gazteak hasten diren arazoaz jabetzen eta aurre egiten. Horixe espero dugu! Ea urte batzuk barru ez dagoen egun honetan aldarrikatzerik… Denon esku dago eta ez dago aitzakiarik!
Amaitzeko, Bizkaiko Foru Aldundiaren kanpainia luzatzen dizugu. Emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunetan oinarrituta dagoen gizarte batean bizi gara, eta desberdintasun hori hainbat modutan islatzen da. Hori dela-eta sentsibilizazio kanpaina garatu dute hurrengo ideiekin:
Ez nazazu gehiago maitatu, maitatu nazazu hobeto
Ez naiz zurea, nirea naiz
Emakume baten atzean beti dago emakume handi bat
Mezu hauekin batera hiru emakumek sortutako ilustrazioak daude eta bideotxo honetan bildu dira:
Ikusi duzunez, irudiek laguntza bisual handia eskaini diete mezuei eta indarkeria matxistak sortzen duen Giza Eskubideen urraketaren aurkako borrokan aurrerapauso bat da.
Gaurko gaia oraindik ez dugu zuzenean ikutu ikasturte honetan. Berdintasunaren inguruan arituak izan gara dagoeneko, baina gaur sakonago ikusiko dugu.
Desberdinduko zenuke mutilen eta nesken arteko jokuetan? Esango zenuke ordenagailuak eta bideojokoak mutilen kontua dela?
Hurrengo bideoa ikusi... (Eskerrik asko, Lourdes!)
Zergatik harrigarria da emakumezkoak horrelakoetan aritzea? Ez al gara berdinak izaten? Zergatik gizartea dago hain kutsatuta zentzu honetan?
Gu, honen ildora, pasa den ikasturtean, 3. zikloko ikasleen bi eskolen artean munduko emakume garrantzitsuen mapa hasi ginen osatzen. Ez daude emakume zientifikoak soilik, baita beste arlo batzuetakoak ere. Klikatu ikonoetan eta aztertu ondo!
Baina ez dugu hain urrunera jotzeko beharrik, gure inguruan eredu asko daude eta. Adibidez, hasierako bideoaren ildora, Bizkaian bertan, Bilboko Deustuko Unibertsitatean hain zuzen ere, DDT-k (Deusto Drone Team) Barcelona Drone Challenge irabazi zuen. Deustuko Unibertsitateko Ingeniaritza Fakultateko ikasle talde batek, droiak diseinatzeko eta ekoizteko taldea sortu zuen. Informatikako ingeniaritzako, industria diseinuko eta telekomunikazioko ikasketetako ikasleek osatzen duten talde horrek Barcelona Drone Challenge lehiaketan parte hartu zuen, kostu baxuko droiak garatzeko sormen eta ideiak sustatzen dituen txapelketan, gerora, egoera txarrean bizi diren inguruetako pertsonei laguntza humanitarioa ematen erabiltzeko.
Hona hemen talde mistoaren argazkia:
Zelan ez irabazi horrelako proiektuarekin? ITZELA DA, ZORIONAK DDT!!
Opari originala egin nahi baduzu, jo ezazu Legora, laster NASAren emakumeen kutxa salgai jarriko dutelako. STEM arloetan (zientzia, teknologia, ingenieritza eta matematika) adituak izan ziren kutxaren lau emakume hauek aurkituko dituzu: Nancy Grace Roman astronomo eta hezitzailea; Margaret Hamilton zientifiko informatikaria; Sally Ride astronauta, mediku eta ekintzailea; eta Mae Jemison astronauta, mediku eta ingeniaria. Aukera paregabea da emakumeek zientzian lorpen handiak egin dituztela jakinarazteko. Bazen garaia horrelako entrepresa batek indarra jartzea emakume zientifikoengan! Begiratu bideoa!!
Arrakasta izatea espero dugu. Zorte on LEGO!
Amaitzeko, El PaĂs egunkarian azken hilabeteotan argitaratutako datu aipagarri batzuk helarazi nahi dizkizugu: alde batetik ikerketa batzuek esaten dute IKTen etorkizuna emakumezkoen eskuetan dagoela. Txikitatik nahi gabe baldintzatzen gaituzte, zergatik neskei ez zaie bideokontsolarik oparitzen? Zergatik horrelakoak mutilen kontuan izaten dira gehienetan? Ba etorkizuneko lanpostuen erdia informatika edo elektronikarekin erlazionatuta egongo da eta gaur egungo zenbakiak kontuan izanda, dauden ikasleekin ez dira beteko. Beraz, emakumeak animatu beharko dira eta haien esku egongo da! Beste alde batetik, teknologia informatikoak gizonezkoen kontua dela dio mitoak, baina errealitatean emakumezkoen emaitzak ikasketa hauetan askoz hobeak izaten dira!!
Argi dago txipa aldatu behr dela gizartean berdintasuna lortzeko esparru honetan! Eutsi neskak eta gogoratu: EZINA, EKINEZ, EGINA!!
Gaur homofobia, transfobia eta bifobiaren aurkako nazioarteko eguna da. Maiatzaren 17an ospatzen da 1990. urteko egun horretan Osasunaren Mundu Erakundeak (OMS) gaixotasunen sailkapenen eskuliburutik kendu zuelako homosexualitatea. Bai, ondo ulertu duzu, duela 30 bat urte gaixotasuntzat hartzen zen LGTBa. Harrigarria benetan!
Duela gutxi Gazteen Euskal Behatotiak egindako ikerketa baten arabera, Euskadiko gazteak gero eta toleranteagoak dira. Izan ere, 15 eta 29 urte bitarteko gazteen % 92a ez dago ados “funtsean homosexualitatea gaixotasun bat da eta horrela tratatu behar da” dioen esaldiarekin; soilik % 3a azaldu da ados esaldi horrekin. Adostasuna jaitsi egin da azken bost urteotan, 2012an % 6koa baitzen.
Gure uste apalean, eskolak eragin handia dauka horrelako kontuetan, horregatik gaude hemen, materialak luzatzen eta etorkizunaren begiradak zabalarazi nahian. Txiki txikitatik landu daiteke LGTB gaia, horretarako ipuinak daude eta normaltasuna ematen bazaio kontuari, begirada zabaleko pertsonak heziko ditugu, pertsona toleranteak alegia. Lotura honetan ipuin batzuk luzatzen dizugu, nahiz eta umeentzat izan asko ikas daiteke haiengandik!!
Hasiko gara transexualitatea primeran azaltzen duen 2005eko dokumental finlandiarrarekin. Protagonista, 11 urteko neska transexuala da eta berak oso modu argi eta garbian azaltzen du zer den eta zer sentitzen duen. Luzetxoa da (17 minutu) baina uste dugu merezi duela gauza asko ikas daitekeelako.
Ziur gaude gauza berri asko ikasi dituzula, ezta? Zuk zeuk galdetuko zenizkiokeenak agertu direla eta zalantza asko argitu zaizkizula suposatzen dugu. Ekarpen hau zure begirada zabaltzeko asmoarekin izan da. Lortu izana espero dugu!
Jarraian maiatzak 17rako Bizkaiko Foru Aldundiak egindako iragarkia txertatu dugu, irain homofobo, transfobo eta lesbofoboak salatzen dituena. Horretaz aparte, datu interesgarriak ematen ditu baina pena da euskaraz ez egotea, nahiko lotsagarria gure ustez... Beraz, aprobetxatu nahi dugu salatzeko entidade publiko baten iragarkia euskaraz ez egotea. Gorrotoaren hizkuntza ez erabiltzeko animatzen gaituzte, baina hobe geure hizkuntzan egingo balute.
Aurreko bideoan aipatzen diren datuak harrigarriak dira, baina hurrengoarenak ez dira atzean gelditzen... Ez dago txarto jakitea zer dagoen munduan eta zelako egoerak existitzen diren! Adi egon:
XXI. mendean Giza Eskubideak bermatzen ez dituen herrialdeak egotea lotsagarria da. Espero zenuen horrelakorik existitzea? Zer izan da gehien harritu zaituena? Guk egiten dugun hausnarketa da LGTBak PERTSONAK direla, hori baino ez. Eta pertsonen trataera merezi dutela, hori baino ez...
Datorren astean bi data garrantzitsu izango ditugu: alde batetik maiatzak 15, Familien naziarteko eguna, eta bestetik maiatzak 17, Homofobia eta transfobiaren aurkako nazioarteko eguna. Bi egunak oso gertu daudenez, pitin bat aurreratuko gara eta gaiak lantzen hasiko gara.
Familiaren kontuarekin sartuko gara gaurko sarrera honetan. Oso galdera sinple batekin hasiko gara:
Zer da familia?
Ziurrenik, burura datozkizun erantzun eta ideia guztiak zuzenak dira, baina suposatzen dugu pentsatu duzun lehenengo gauza izan dela zeure familiarengan, ezta? Normala!
Hartu minutu bat jarraian txertatzen dizugun irudia aztertzeko, ondoren galdera bati erantzun beharko diozu:
Familia mota ezberdinak al daude?
Duela ez asko, familia mota bakarra zegoen: ama, aita eta seme-alabak.
Eredu tradizionala deitzen zaio mota horri eta, irudiak alderatuz, konturatuko zinen ereduak aldatu egin direla eta jada familia eredua ez dela beti seme-alabak dituen bikote heterosexualarenarekin lotzen. Askoz ere zabalagoa da kontzeptua. Ea hurrengo bideoak ikuspuntua irekitzera laguntzen gaituen:
Irudikatzen zenuen hainbeste posibilitate ezberdin bideoa ikusi aurretik? Edo familia tradizionalaren irudiarekin geratzen zinen? Zergatik izango ote da hori? Zer uste duzu zuk? Bai horixe, gure gizarteak hainbat aldaketa esperimentatu ditu azken 50-60 urteetan eta gaur egun hainbat familia mota ezberdintzen dira, nahiz eta komunikabideetan gehienetan tradizionala baino ez den aipatzen.
Egon momentu bat. Pentsatu ezagutzen dituzun lagunen familiez. Denak al dira zurea bezalakoak? Goazen aztertzera egoera ezberdin arruntenak:
Tradizionala: lehen aipatu dugu eta aita, ama eta seme alabak osatuta dago.
Gurasobakarrekoa: hainbat arrazoiengatik (heriotza, banaketa...) seme alabak guraso batekin bizi dira. Diborziatuen kasuan, umeak bi familia guraso bakarrekoak ditu.
Berreraikia:Bikotekide batek,
gutxienez, seme-alabaren bat izan zuen aldez aurretiko beste harremanen
batean. Familia-mota honetako partaideak aita, ama,
anaiordeak, arrebaordeak edota anai-arrebak izan daitezke.
Adopzio-familia:Gurasoekiko lotura genetikorik ez dagoen arren, haurrak
ekartzeko nahia handia izaten da.
Adopzio prozesuak oso luzeak izaten dira. Erabakia hartu ondoren, eta
egokitasun egiaztagiria eman baino lehen, aztertu egiten da adoptatzailearen
edo bikotearen egoera. Izapide burokratikoak eta itxaropen garaia pasatu
ondoren, gurasoak umearen bila joaten dira. Orduan hasten da elkar
ezagutu eta onartzeko garaia, familian eta etxean behar diren egokitzapenak
eginez.
Harrera-familia: Guraso biologikoek une konkretu batean ondo zaindu ezin badute, beste familia batek babesten du umea, adopzioa planteatu gabe.
Familia homosexuala: Beste familia mota guztien itxura edo konposizioa izan dezake, baina gurasoak homosexualak izango dira.
Baina, zein da motarik onena? Ba... ez dago! Familiarik onena maitatua sentiarazten zaituena da. Maitatzea eta maitatua sentitzea, hori dugu sentimendurik atseginena eta familian, normalean, hori gertatzen da.
Aurreko guztia kontuan hartuz, ondorioztatu ahal dugu familia guztiak balio handikoak direla. Bideo honek oso ondo azaltzen digu:
Espero dugu familia hitza entzutean ikuspuntu zabalagoa izan dezazun orain. Eta gogoratu, familia hitza aditzean burura datozkizun pertsonek osatzen dutela zurea. Zaindu zure familia, betidanik eta baldintza barik zu laguntzen eta maitatzen egon delako eta zure maitasuna eta babesa beharrezkoak dituelako, ahalik eta indartsuena izateko.
Oporretan joan baino lehen, idatzi genuen azkenengo sarrera kirola eta futbolarekin lotuta zegoen. Egunotan, nahiz eta oporretan egon, trasteatzen ibili gara eta sare sozial batean oso bideo interesgarri bat aurkitu dugu (eskerrik asko Eba!) zurekin partekatzeko.
Aipatutako sarreran, baloreak kirolean lantzen genituen. Honek, baloreekin ez dauka lotura zuzena, baina askotan landu dugun gai batekin bat dator: genero berdintasunarekin. Futbola eta genero berdintasuna normalean ez datoz bat, baina hemendik oso gertu, Eibarren hain zuzen, lortzen ari dira. Klubaren gestioa emakumeek eramaten dute, gaur egun langileen erdia baino gehiago emakumeak dira. Ikus dezagun zelan beste futbol bat posiblea den!
Beste talde batzuek aurrerapenak egin dituzte ere bai genero kontuetan. Horrela, adibidez, Athletic-ek izan zuen Ana Urkijo Elorriaga Klubeko lehendabiziko emakume presidente, bigarrena Espainiako futbol liga txapelketan izanik, Rayo Vallecanoren Teresa Rivero eta gero.
Baina bidea ez da erreza izaten, ez gestio postuetan ezta jokalarientzat ere. Ezin dugu ahaztu iaz zer gertatu zen Athletic-en neskekin liga irabazi zutenean. Ez zuten jaso behar bezalako tratamendua eta La Sexta telebistak hurrengo aldarrikapena egin zuen:
Pena bat da azkenean merezitako errekonozimendua egin ez izana. Hala ere, ez dago zalantzarik, haien lorpena itzela izan zen eta gabarra ateratzea merezi zuten.
Baina Athletic Emakumezkoen taldea ez da lorpen handiak garatzen dituen bakarra. Gugandik oso gertu, San Inazio auzoko talde bat Iberdrola Ligara, hau da Emakumezkoen Lehenengo Mailara, igotzeko play-off jokatzeko sailkatu egin da lehenengo aldiz sortu zenetik. Hemen duzue berri honen informazioa (ikusteko irudian sakatu).
Espero dugu haiek animatzera hurbiltzea eta zelaia betetzea indarra emateko. Aurrera neskak!!! Ingelesez esaten den moduan, zerua da muga bakarra!!!
Amaitzeko El Hormiguero telesaioaren gaurko gaiarekin lotutako esperimentu soziala partekatu nahi dizugu. Besterik gabe, ikus dezagun zer gertatzen den!
Ziur zu ere aho bete hortz utzi zaituela Brendak bere abileziarekin. Baina, zergatik harritzen gara? Zergatik emakumezko bat ezin da futbolean aparta izan? Futbola ez da gizonezkoen kontu bat soilik,. Beste gauza batzuk bezala, gizarte matxista honek gizonezkoei egokitu zaie kirola orokorrean, baina guztion lana da estereotipo horiek baztertzea eta berdintasuna lortzea. Eskoletatik gehiago landu beharko zen kontu hau, eta ez bakarrik azaroak 25ean edota martxoak 8an.
EGUNEROKO LANA DA GENERO BERDINTASUNA ETA GUZTIONA!
Dagoeneko, hainbat sarrera idatzi dugu emakumearen garrantzia (edota neskarena) eta genero berdintasuna salatzeko eta aldarrikatzeko. Hasieratik ez bagaituzu jarraitzen, hona hemen zerrendatxoa:
Gaur, martxoak 8, ezin gara isilik egon eta berriro ere hemen gaude hainbat datu plazaratzeko. Ba al dakigu egun honen jatorria? Zergatik ospatzen da egun honetan? Noiztik dator berdintasunaren aldarrikapena?
Hurrengo bideoan galdera horien erantzunak aurkituko dituzu, hau da, egunaren jatorria azaltzen du:
Ba al zenekizkien datu guzti hauek? Zer deritzezu? Espero zenuen mende bat baino gehiago irautea aldarrikapen honek? Ikusitakoaren arabera, aurten, tamalez, 40. urteurrena ospatuko dugu Euskal Herrian. Azkena behar izatea espero dugu!
Pasa den urtean, oso ezaguna den jostailugile marka batek gizakiaren historiari buruzko bilduma bat atera zuen. Oso diru gutxigatik jostailu bat eta liburu bat eros genezakeen kioskoetan. Oso interesgarria iruditu zitzaigun hasieran, bildumako pertsonaia historiko guztiak gizonezkoak zirela konturatu arte. Hori zela eta, pertsona batek historiako emakume garrantzitsu batzuen jostailuak apaindu zituen eta hemen daukazue emaitza:
Guztira 24 panpin dira, baina zerrenda amaitezina da… Txalorik beroena gure partez artista honentzako.
Emakumeen inguruko materiala bilatzen, jarraian txertatzen dizugunarekin egin genuen topo. Mapa kolaboratiboa da, 6. mailako ikasle batzuek eginda. Munduko mapa batean, markaturik daude hainbat emakumeren jaioterriak baina haien gainean klikatuz gero, emakume horren argazkia zein biografia agertuko zaizkizu. Gehienak ezezagunak dira eta ez dago eskubiderik emakume ospetsuak existitzen direlako!! Historian beti agertu ohi dira gizonezkoak eta buelta eman diogu horri. Horregatik, geure eskoletan martxan jarriko gara horren antzeko bat sortzeko, baina geurea euskaraz. Prest daukagunean, elkarbanatuko dizugu.
Polita eta interesgarria, ezta? Erronka luzatzen dizugu eta animatzen zaitugu zeurea sortzen!!
Amaitzeko, Izar eta Olaiaren itxaropen kantuarekin agurtuko zaitugu gaurkoz. Eskerrik asko neskak!!
Pasa den astean berdintasunaren gaia ekarri genizun, aste honetan martxoak 8 daukagu eta ziur gaude sare sozialetan zein komunikabideetan zarata handia sortuko duela gaiak. Baina, gure ustez, ez da egun (edo aste) bateko kontua soilik izaten. Horregatik, hurrengo egunotan jarraituko dugu genero berdintasuna salatzeko eta aldarrikatzeko materiala zabaltzen.
Sarreraren izenburua, Emakunderen kanpainarena da, gure gizartean berdintasuna sustatzen duten jarrera eta ekintza pertsonalen garrantzia azpimarratzen duena. Inguru hurbilenean jarrera eredugarriak dituzten hainbat pertsonen adibideak aurkezten ditu.
Era honetara, kanpainak bizitzaren hainbat eremurekin zerikusia dituzten adibideak aurkezten ditu, baina azaldu beharrean, ikus dezagun primeran azaltzen duen bideoa!
Ikusten duzunez, guztiok egin dezakegu zerbait berdintasuna lortzeko, oso adibide onak luzatzen dizkigu iragarkiak. Baina, besterik bururatzen al zaizu zuri? Horrela izatekotan, ez izan zalantzarik eta praktikan jarri berehala!
Iazko kanpaina ez zen atzean gelditu, arreta jarri zuen neskek eta mutilek egunero jasotzen dituzten mezu sexistetan, generoen arteko botere-harremanak bere horretan betikotzen dituztelako. Kanpainaren leloa honakoa izan zen: «Berdintasun eza ez da berez sortzen, egin egiten dugu. Aldatu dezagun. Egin dezagun berdintasuna». Ikusten duzunez, berriro ere berdintasunaren alde.
Kanpainaren helburua izan zen egunez egunekoan dauden desberdintasunak hautematea. Aurreko kanpainetan erabilitako aldarrikapenari eutsi zaio, «Berdin gehiago da», berdintasunak gizarte osoari onura ekartzen diolako ideia azpimarratzeko.
Kanpainaren bideoa luzatzen dizugu hemen. Entzun bitartean, pentsa zure inguruan horrelakoak oso ohikoak diren.
Orain hau guztia praktikan jartzea baino ez zaigu gelditzen, ez da lan makala izango, ez!
Duela egun batzuk Emakumea eta Neskatoa Zientzian Nazioarteko Egunaren berri eman genizun. Bertan genero berdintasuna alderrikatzen genuen zientzia arloan eta bideo bat txertatu genuen aurreiritziak eta esteriotipoak alboratu behar ditugula plazaratzeko.
Laster martxoak 8 datorkigu, Emakumeen Nazioarteko Eguna hain zuzen. Nahiago genuke horrelako ospakizunen beharrik ez izatea, baina etorkizun hori heldu arte hemen egongo gara guztion balioa eta berdintasuna aldarrikatzeko prest.
Hurrengo bideoa oso mamitsua da eta aurreko paragrafoan adierazitakoa era esanguratsuan isladatzen du. Ikus dezagun:
Zer iruditu zaizu? Mutilen hasierako jarrera, tamalez, espero genuen, baina neskena? Espero zenuen euren buruaz horrelako irudi txarra izatea? Zergatik izango da horrela? Prest egongo zinateke munduari nesken balioa eta nesken eta mutilen arteko berdintasuna erakusteko? Bururatzen zaizu nola egin?
Hurrengo bideoaren mezua neskeei zuzenduta dago, baina gure ustez ez da neskentzat soilik. Zer mezu izkutu dago mutilentzat? Ea nork asmatzen duen... Adi egon!
Mezu bat baino gehiago agertzen da bideoan, oso potenteak guztiak. Geldiezinak izan behar dira neskak zein mutilak, inor ez da saiatu behar gelditzen. Guztiok batera joan behar dugu bizitzaren lasterketa honetan elkarri laguntzen. Berdin da ondoko pertsonaren generoa. Mezua oso argia da: izaten zarena izaten zarela, ZU ZEU IZAN eta ez besteek zugandik espero dutena. Albora ditzagun behingoz estereotipoak eta froga dezagun emakumeen limitea infinitoa dela!
Amaitu nahi dugu iragarki batekin, modu barregarri eta izkutuan salatzen duena nekek ez dutela zertan jolastu behar nesken gauzekin. Honelako antzekoa Gabonetan argitaratu genuen, Audirena hain zuzen.
Txalo bero bat, neska hauek bezala, menderaezinak direnentzat! Ez inoiz aldatu, nahi duzunagatik borrokatu, baina inor zapaldu gabe!
Gabonak ez dira oraindik bukatu baina guk, nahiz eta oporretan egon, lanean jarraitzen dugu zuri ekartzeko zerbait interesgarria gogoetarako. Gaurko sarrera kontsumoarekin loturik dago, opariak egiteko garaian gaude eta telebista iragarkiz josita dago, batez ere haurren jostailuak iragartzen dituzte etengabe kate guztietan.
Inoiz gelditu zara une batez pentsatzeko zelan dauden eginda eta bideratuta iragarki horiek? Hurrengo bideo honek primeran azaltzen dugu ume baten ahoan.
Zergatik bete behar dugu iragarkiek agintzen dutena? Garrantzitsuena ondo pasatzea da, bakoitzak nahi duen moduan eta nahi duen jostailuarekin. Askea izan eta jolas zaitez nahi duzunarekin!!
Ildo beretik joan da Audi konpainiaren aurtengo Gabonetako iragarkia. Zeharo harrituta utzi gintuen ikusi genuenean genero berdintasuna isladatzeko moduagatik, horregatik partekatu nahi dugu hemen. Besterik gabe, ikus dezazun!
Hemendik gure zorionik beroenak Audirentzat berdintasuna aldarrikatzeagatik horrelako iragarki batean.
Amaitzeko, duela hilabetetik gutxi gorabehera, telebistan ematen ari diren iragarkia luzatzen dizugu. Ziurrenik ikusita daukazu, Euskalten eskutik dator, baina gelditu zara ikertzeko esaten duen guztia? oso mezu potente dauka, nagusi zein gazteontzat... Euskaltelen iritziz, kontua ez da zer adinetan hasten diren erabiltzen gazteak mugikorra, baizik eta zer balioren arabera. Horregatik telefonoaren jabe gazte berriek erabilera egokia ikas dezaten hitzarmena eskaintzen du.
Hiru bideo hauekin ikuspuntu zabalagoa izan dezazun espero dugu.