ohiturak etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
ohiturak etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2018/02/08

KULTURA-ONDAREA

Kaixo jarraitzaile!

Astea bukatzeko, nola ez, ihauteriez arituko gara. Euskal Herriko antzinako tradizioari loturik, herri txikietan nahiz hirietan ihauteriak ospatzen dira. Herri eta egun desberdinetan egiten diren erromatar garaitik datozkigun jaiak dira.

Euskal Herriko hainbat lekutan, nahiz eta ofizialki ez izan, ondarearen partetzat hartzen dira. Hurrengo bideoak azaltzen digu zein garrantzitsua den kultura-ondarea:





Kulturari esker garena gara eta hurrengo egunetan Euskal Herriko hainbat lekutan ospatuko dena jaia izateaz aparte, kultura eta tradizioa da, mendez mende eta belaunaldiz belaunaldi geure egunetara iritsi dena. Zorte handikoak gara jai hauek ospatu ahal izateaz, leku askotan gatazkengatik ezin baita.

Bizirik mantendu behar ditugu geure herriko tradizioak, hori dela eta, Euskal Herriko ihauterien  historian sakonduko dugu:

Inauteriak Euskal Herrian neguko janari erreserbak Aste Santuaren aurreko baraua baino lehen jateko (bereziki haragia eta arrautzak) beharrari lotuta daude. Iñauteri, Inauteri, Aratuzte... izan da deitua Inauteria. Zanpantzar ere esan izan zaio. Inauteri izena "inausi" aditzari loturik bide dago, arbolak inausteko garaiarekin, alegia. Aratuste izenak, berriz, haragia jateari utzi behar zaion garaia du aipagai. Zaratarekin hartza bere kobazulotik aterarazi, udaberriaren seinale moduan, eta zomorroak uxatzearekin lotu izan da, baratze eta soroen emankortasunaren alde. Zein da ona? Guztiak, noski! Tokiaren arabera...

Inauteriek abendutik martxora arte egiten diren festa ugari hartzen dituzte. Hausterre egunean izaten dute amaiera, eta hurrengo egunean hasten da ofizialki baraua. Zubieta eta Iturenen urtarrileko azkeneko igandearen osteko lehen astelehen eta asteartean izaten dira (Astelehenean Zubietatik Iturenera eta asteartean alderantziz).





Jarraian Lantzeko ihauterietako pertsonaiak ikusiko dituzu:





Hurrengo irudian agertzen dira beste leku batzuetako pertsonaiarik ezagunenak:



Gehiago jakin nahi izanez gero, web honetan pertsonai ugariren informazioa daukazu.

Hurrengo egunetan egoten zarena egoten zarela, ondo pasa, baina ez ahaztu jai hauek kulturaren parte garrantzitsua direla.

2018/02/04

AGATE DEUNA

Kaixo balorazale:

Dakizunez, tradizioz beteriko herria gara. Atzo San Blas ospatu genuen; gaur, aldiz, Agate Deuna bezperea da eta iluntzean, kriseuaren argipean, abesbatzak eta kantari-taldeak ibiliko dira kalez kale eta baserriz baserri, herri eta hirietan, "ohitura zaharra berritzeko asmoz".

Iazko sarreran egunaren jatorriaren berri eman genizun, baina ez da bertsio bakarra. Batzuek diote, marinelek ekarri zutela Agate Deuna siziliarra goraipatzeko ohitura Euskal Herrira. Beste batzuek aldiz, jai hau zaharragoa dela diote. Neguko solstizioaren ondorengo jaietako bat izan liteke, lurra iratzartzeko erritmopean. Abere gisa irudikatzen baita euskal usadioan Agate Deuna. 

Jarraian, Santurtziko euskaltegiko web orrialdean topatu dugun egunaren jatorri paganoaren oinarriari buruzko informazioa:

"Emeterio Sorazu Euskal Herriko ohitura zaharrak aztertu dituen aditu ezagunak dioenez, egun horretan egiten diren afariek eta Santa Agedaren inguruko festa osoak zerikusi handia dute inauteriekin.

Inauteriak inausketa-garaian ziren, zuhaitz-adarrak kimatzen ziren garaian. Badirudi, jai horien sustraian gizon-emakumeen arteko harreman amodiozkoak zirela nagusi. Eta hala, mutilak koplak kantatzetik janariz ondo hornituta etortzen ziren bitartean, herriko emakumeek piper-opilak, intxaurrak eta gozokiak eraman eta afaltzeko lekua prestatzen zuten. 

Elkarrekin afaldu ondoren, gaueko hamabietan, urte hartako bikote berriek lagunen aurrean beren amodioaren berri eman ondoren, alde egiten zuten, bikote bakoitzak bere aldetik, amodio berri hori ospatzera. Afaltokian geratzen zirenek, amodiorik ez zutelako, han segitzen zuten iji eta aja gau osoan."

Beti daukagu zerbait berri ikasteko, sare sozialetan aurkitu dugun bertsio bitxi hau bezala:





Besterik gabe... I3UP!

2017/12/21

NEGUKO SOLSTIZIOA

Kaixo irakurle hori!

Oraingo sarrera zientzia, ohitura eta kulturekin lotuta dago. Jakinarazi nahi dizugu gaur, Ipar hemisferioan, abenduaren 21-22an izaten dela neguko solstizioa. Egun honetan, Lurraren errotazio-ardatzaren ipar poloa Eguzkiaren aurkako noranzkoan orientatzen da. Gertaera horrek baditu zenbait ondorio gure planetan:

- Urteko egunik laburrena eta gaurik luzeena dituen eguna da.

- Eguzki-izpiak zerumugarekiko inoiz hartzen duten altuerarik txikienera iristen dira ipar hemisferioan. Horregatik, eguzki-izpiek angelu txikia sortzen dute Lurrarekin eta inoiz baino izpi gutxiago iristen dira azalera-unitate bakoitzeko.

- Ipar poloan, Eguzkia ez da ateratzen egun osoan, 24 orduko gaua izaten da, eta egoera hori zenbait egunez luzatzen da.

Hego hemisferioan, ekainaren 21-22an gertatzen da neguko solstizioa, eta abenduan ipar hemisferioan izandako egoera bera gertatzen da hego hemisferioan.

Data honek, sinbolikoki, garrantzitsua handia dauka eta mundu mailan beti izan da ospatua duela milaka urte hainbat kulturatan. Arketipikoki, iluntasunaren garaia da, zaharra hiltzeko aukera eta berriari lekua uzteko. Gaur agian egun aproposa izan daiteke gogoetarako: pentsa zer nahi duzun utzi atzean eta jarri begirada benetan desiatzen duzun helburuarengan.



2017/10/29

ARIMEN GAUA


Kaixo balorezale!

Gaurko sarrera xume honetan, kulturaz arituko gara. Ziur azken egunotan komunikabideetan eta komertzioetan ezin izan duzula Halloween saihestu. Leku guztietatik dago, baina ba al dakizu jai honen jatorria? Gaur egun Amerikaren kutsu komertziala baino ez dago gure artean, baina antzinean Euskal Herriko tradizioa zen eta leku askotan ospatzen zen. Hurrengo bideoak oso ondo azaltzen du. Erne egon, gauza berri asko ikasiko dituzu eta!



Inoiz entzun dugun moduan, beharbada hemendik joandako euskaldunen eraginez sortuko zen EEBBetan?

Hala bazan edo ez bazan, sar dadila kalabazan eta atara dadila herriko plazan...

2017/04/08

IJITOEN NAZIOARTEKO EGUNA


Kaixo!

Nahiz eta oporretan egon, gaurko eguna aipagarria dela uste dugu. Ijitoen nazioarteko eguna da hain zuzen, eta gure eguneroko  omenaldia eskaini nahi diegu. Gaurko sarreran herri honen inguruko hainbat kontu berri ikastea espero dugu. Adibidez: ba al zenekien 1430 urtearen inguruan ijitoak Euskal Herrira etorri zirela? 




Eta hasieran oso artisau ospetsuak zirela? Gaur egun, gure herrietako hainbat jai herrikoien artean, ijitoekin lotura zuzena duten batzuk ospatzen dira, adibidez, Donostian, kaldereruena.












Urrunetik etorritako artisauen hizkuntza Caló zen, eta gurea Euskara. Talde bien arteko komunikazioari ekiditzeko, erromintxela sortu zen. Hemen uzten dizkizugu adibide batzuk, agian baten bat ezaguna egingo zaizu...

Ama: batia
Aita: batoa
Burua: keroa
Eskua: basta
Hanka: pindrua
Izena: txipa
Etxea: kera
Denda: mertxa
Handia: baroa
Txikia: txinoa
Polita/ederra: pukerra
Ona: latxoa
Ura: pañia
Esnea: xuta
Txakurra/Polizia: txukela
Katua: txitxaia
Lan egin: kurratu
Eskatu: mangatu
Maitatu: piratu
Edan: piautu
Joan: najel egin
Begiratu: dikelatu
Egin: kerau

Etnia guztietan jende ona eta jende txarra dago, pertsonak garelako. Gure artean harreman hobeak izateko bi hitz dira garrantzitsuenak: errespetua eta ezagutza. Ezagutu behar ditugu besteen kultura, egoera, tradizioak... ezberdintasunak errespetatuz. Horrela lortuko dugu bestearen errespetua eta interesa.

Zorionak ijitoei, ijitoekin lan egiten duten pertsonei eta ijitoak ezagutzen ahalegintzen direnei. Aupa zuok!



2017/02/05

IEUP!


Kaixo!

Gaur otsailak 4a, Agate Deunaren bezperan, makilak hartuta, lurra esnatuko dugu Euskal Herriko auzo eta herri askotan. Aintzinako ohitura da. Agate deuna gazteen babeslea dela esaten da, horregatik kaleetatik abesten doazenak, gazteak izaten ohi dira. 

Baina, zein da Agate Deunaren ospakizunaren jatorria?

Agate 251. urteko otsailaren 5ean bularrak moztu zizkioten emakume siziliarra zen, eta haren historia gogoratuko dugu berriro gure herriko kaleetan. Sizilian jaio zen Agate 230ean. Neska ederra omen zen, eta Siziliako Quinciano gobernadoreak berarekin ezkondu nahi zuen. Baina Agedak kristautasunean fede itsua zuen, eta ez zuen onartu gobernadorearen proposamena. Quincianori ez zitzaion gustatu haren erantzuna eta kartzelan sartu zuen, eta bertan torturatu egin zuen; bularrak moztu zizkioten, eta hil egin zen 21 urteko neska gaztea. Agate Deuna mendebaldeko lehengotariko birjina-martiria da. 

Euskal Herrian Santa Ageda ospatzen dugu, Martiri askorekin gertatu izan ohi den bezala, Agate Deuna ere Euskal Herriko zaindari egin baitzuten. Herritarrak eta taldeak santa-eskean kalera ateratzen dira neska gazte siziliarraren ohoretan koplak eta bertsoak kantatzera; kopla edo bertso horien bidez Agateren bizitza kontatzen da, eta kantua abestuko den etxeko senideei zuzendutako bertsoak ere izaten dira.

Gaur egun, jaiak kutsu erlijiosoa eduki arren, bere jatorria guztiz paganoa da eta makilak astintzen ziren ama lurra esnatzeko nahian neguko solstizioaren ondoren, laster udaberria etorriko zelako.




Normalean iluntzean ateratzen da, ikusi ahal izateko faroltxo bat ateratzen da kandel bat piztuta barruan.




Guk, gaur egun, euskaraz abesten ditugu Agate Deunaren koplak, bertsio desberdinak entzun daitezke lekutik lekura. Euskal Herriko hainbat lekutan, aintzinean, gazteleraz ere abesten ziren. Jarraian, hemendik gertuko bertsio bitxia luzatzen dizugu, Sestaokoa hain zuzen ere, 93 urteko emakume batek abestuta.




IEUP!!!

2016/12/21

MARI DOMINGIRI OMENALDIA


Kaixo balorezale hori!

Blog honetako sarrera guztiek baloreren bat lantzen dute. Gaurko honetan gizon eta emakumeen arteko berdintasuna aldarrikatu nahi dugu. Ez da egiten dugun lehenengo sarrera gai honetaz, baina zerbait berezia dakar gaurkoak...

Gizon ospetsu baten atzean beti emakume paregabea dagoela esaten da. Guztiok dakigu Mari Domingi Olentzero ospetsuaren laguntzailea dela, baina emakume askori gertatzen zaion moduan, tamalez, ez zaio eskertzen egindako lan guztia.

Inazio Bereziartua Musika Eskolako ikasleek eta Elgoibarko Izarrako aisialdi taldekoek kantu bat sortu dute bere omenez, eta bideoklipa ere egin dute, Zulueta baserrian Mari Domingirekin berarekin grabatutako irudiekin. Mari Domingiren figura indartu nahi zuten; Mari Domingi Olentzeroren pareko irudi erreferente bihurtu. Izan ere, Olentzero eta Mari Domingiren arteko botere-harremanak azkurea ere eragiten zien sarri, eta harreman hori orekatu premia sentitzen zuten.

Lan bikaina gero!! Entzun arretaz eta gozatu!!




Jarraian, Olentzeroren sexua kolokan uzten duen hainbat datu luzatzen dizkizugu. Antza denez, Euskal Herriko tradizioan ere Olentzeroa emakume edo emakumea Olentzero izan da. Leitzan adibidez, aberastasun handia zegoen irudikapenari dagokionez eta baita suaren erabilerari dagokionez. Gaia sakonki aztertu zuten: JM Barandiaran 1920. urtean Leitzan izan zen eta jaso zuen Leitzan leiho edo balkoian paratzen zela Orantzaroa galtzaz edo gonaz jantzitako panpin baten bidez, hori guzia Orantzaroa irudikatzeko. Horrela jaso zuten eta herrian elkarrizketatutako jende zahar askok eman du horren berri.

Gaur egun Olentzero gizonezko eta ikazkin bezala soilik irudikatzen bada ere, garai bateko Olentzero emakumezko zein gizonezko itxurakoa izan zitekeen eta eginkizun ezberdinetan irudikatzen zuten: txistularia, arrantzalea, artzaina, ehiztaria, jostuna, sorgina edo ezpata-dantzaria. Horixe da adibidez Zumaiako Gomezago-ren kasua. Arrantzale tankeran agertu izan den pertsonaia hori Olentzeroren beste aldaera bat baino ez dela argitu baitzuen Xabier Etxabek.

Izan ere, ez baitago Olentzero irudikatzeko eredu bakarra. Leitzan, Lesakan, Oiartzunen, Donostian edo Zarautzen, izena aldatzen duen bezala (Orantzaro, Olentzero, Orantzago, Gomezago, Onentzaro...) ezaugarri berezi eta berezkoak ere izaten ditu Olentzerok.

Garai bateko argazki eta irudietan ere tankera oso desberdinekin ageri zaigu Olentzero. Adibidez, Donostian 1931an ateratako Olentzeroa ile luze horiarekin ageri zen.

Hona hemen Olentzero "desberdin" horien irudi batzuk:




Ba al dakigu nor den benetan Olentzero?