2016/10/31

PERTSONA BEREZIAK

Kaixo irakurleok!

Gure bizitzan, maiz, guretzako oso garrantzitsuak diren pertsonak topatzen ditugu. Jaio garenean familia berri eta oso bat daukagu gure zain eta denek ezagutu nahi gaituzte: ama, aita, anai-arrebak, izeko-osabak, aitona-amonak... Geroago, parkean edota haurtzaindegian, lagun berriak ezagutzen ditugu, normalean, gu bezalakoak direnak. Eta horrela, txiri-txiri, eskolara heltzen gara, pozaren pozez.

Baina noizean behin, planetak lerrokatzen dira eta gauza paregabea gertatzen zaigu. Pertsona berezi bat ezagutzen dugu eta, orduan, dena aldatzen da eta gure bizitza ez da berriro bera izango. Aldaketa betirako da eta gure esku dago horri aurre egiteko modua. Guk erabaki behar dugu nola hurbildu pertsona berezi horrengana.

Sarreratxo horrekin beharbada ez dago oso argi zer den landu nahi duguna gaurko post-arekin; baina hurrengo bideoa arretaz entzunez, ziur asmatuko duzuela nondik doan kontua eta zein den luzatu nahi dugun mezua.

Ikus dezagun nor den Lorenzo eta zer gertatzen zaion...




Jarraian hausnarketarako galdera batzuk plazaratzen dizkizuegu:

Ume berezia al da Lorenzo, zertan nabaritzen zaio? Edozein izan daiteke Lorenzo? Zergatik? Zer egin genezake geuk laguntzeko Lorenzori? Lorenzori ontzia behar bezala eramaten laguntzen diona, nor izan daiteke? Irakaslea, gurasoa, laguna, edozein pertsona...?

Ez dakigu zuen bizitzan "Lorenzo"rik ezagutzen duzuen, baina ziur gaude noizbait topatuko duzuela. Tokatzen zaizuenean, suertatu diren hausnarketak baliogarri izanak espero dugu egoerari behar bezala aurre egiteko.

Amaitzeko, hitzik gabe utzi gaituen "Oparia" izeneko laburmetraia. Ziurrenik, hasieran ez diozue lotura handirik ikusiko, baina... aurrerago zentzua aurkituko diozue eta ulertuko duzue zergatik ekarri nahi izan dugun. Erne egon!!




Pentsatzen laguntzeko galdera batzuk: zer nolako lotura daukate bi bideoek? Antzekotasunik aurkitzen diezue edukinean? Esan genezake ume horrek ontzia daukala?

Orain, ikasitako guztia hausnartzeko eta praktikan jartzeko garaia da.

Datorren astera arte!

ZOZKETA SOLIDARIOA

Kaixo!

Gaur hemendik gertu, egun berezia ospatzen da. Gernikako Urriko Azken Astelehenaz ari gara. Aspaldiko ohitura ospetsua da, Euskal Herriaren mami eta sustraia ezagutzeko jai egun paregabea. Bertsolariak, idi probak, zesta eta esku pilota partidak eta gastronomia nagusiki aurki daitezke bertan.

Baina aurten ekitaldi berri bat egongo da Gernikan, zozketa bat, zozketa berezi eta solidarioa. Ziur guztiok ezagutzen duzuela Fito abeslari bilbotarra. Berari esker, gaur eguerdian La Cuadri del Hospi elkarteak zozketatuko du Fitok emandako Harley-Davidson V-Road motorra.



Zozketa "ongintzazko proiektu baten parte da, umeen minbiziaren gaineko ikerketa sustatzea helburu duena". Izan ere, haurrek helduek baino gutxiago pairatzen dutenez minbizia, aurrekontu murritzagoa dute ikerketarako, eta jasotzen duten diruarekin ez dute nahikoa.

Honetaz aparte, ekainean bere abesti baten bideoklip solidarioa grabatu zuen minbizia pairatzen duten umeekin. Jarraian luzatzen dizuegu: 





Baina hau ez da Fitoren lehenengo ekintza solidarioa. Duela 3 urte, artista bilbotarrak emanaldi solidarioa eskaini zuen Bilboko Arriaga Antzokian. Kontzerturako txartelen bitartez bildutako dirua Bizkaiko Elikagaien Bankuari eman zioten, 100.000 € inguru.

Eskertzekoa da horrelako artista izatea. Aupa Fito, ikaragarria zara!!

Eta, jakina, aupa minbiziaren aurkako borrokan ari diren neska-mutil guztiak!! AUPA ZUEK!!

2016/10/25

HOBETO ELKARREKIN

Kaixo irakurle hori!

Askotan ikasi dugu izaki bizidunok hiru bizi funtzioak betetzen ditugula: nutrizioa, ugalketa eta harremana. Horregatik, naturan, animalia gehienak taldeetan bizi dira. Gizakiok ere taldean bizi, hazi eta hezten gara. Gizakiaren talde orokorrari gizartea esaten diogu.

Hasteko, galdera bat luzatu nahi dizugu:

Zure ustez, taldean bizitzeak lagundu ala kalte egiten digu? Zergatik?

Ikus dezagun lehenengo bideoa ea galdera honen erantzuna topatzen dugun...



Zer gertatu da hiru egoeretan? Zein zen animaliek zeukaten erronka? Nola lortzen dute erronkari aurre egitea?

Goazen orain beste eredu bat aztertzera. Ikusiko dugun bideoa ikastolako bateko ikasle batzuek egindakoa da. Seguruaski zuetariko baten batek ezagutuko du, ba... askoz hobeto! Gozatu istorioaz!





Kasu honetan, ezberdinak diren animalia talde baten istorioa daukagu. Konturatzen bazara, nahiz eta ezberdinak izan, helburu bakarra dute. Zein da? Eta, posiblea al da? Badakigu ipuina dela, baina azkenean, istorioaren animaliek, beraien erronkari aurre egitea lortzen dute. Nola? Zein da hori lortzeko gakoa?

Baten batek pentsa dezake ume txikientzako ipuina baino ez dela, eta gero egunerokotasunean gauzak beste era batean gertatzen direla. Baina, hausnarketa sakona eginez gero, denok konturatuko gara nola gure lorpen guztietarako norbaiten laguntza izan dugun beti. Bizitzan oso gauza gutxi lortzen da bakarka eta askoz ere gehiago lagunduta. Hori guztia kontuan izanda, ondorioztatu ahal dugu ingurukoen laguntza funtsezkoa dela lorpenak eskuratzeko. Beraz, ekin gogor talde lanari eta elkarri laguntzeari!

Marrazki bizidunetako film bateko adibide zoragarria partekatzen dizuegu hurrengo bideoarekin.



Eta amaitzeko, naturak emandako eredu aparta, hitzik gabe utzi gaituena. Ikusi, hausnartu eta ondorioak atera!!



Hurrengora arte!

2016/10/19

EGUN ARROSA

Kaixo irakurle hori:

Gaur, urriak 19, bularreko minbiziaren kontrako nazioarteko eguna dugu. Emakume askok pairatzen duten gaixotasuna dugu bularreko minbizia; baina gaur egun, zorionez, gehienek borroka hori irabazten dute.

Hona hemen omenaldi xumea pairatzen ari direnentzat zein borrokan ibili direnentzat ere:







Amaitu baino lehen, bitxikeri bat: gaixotasun hau ez da soilik emakumezkoena. Begira albiste hau:


2016/10/17

PIGMALION EFEKTUA

Kaixo lagun hori!

Ba al dakizu zer den Pigmalion efektua? Inoiz entzun duzu zerbait horretaz? Eta Pigmalion nor ote den?

Wikipediara joko dugu ea zer esaten digun Pigmalionez:

Pigmalion Zipreko erregea izan zen. Luzaroan ibili zen emaztegai bila, baldintza bat jarrita: emakume perfektua izan beharko zuen. Bilatzeaz nekatuta, ez ezkontzea erabaki eta galera hura orekatzeko asmoz eskultura ederrak sortzeari ekin zion. Eskultura haietako bat Galatea izan zen; hain ederra zenez, hartaz maitemindu zen Pigmalion.

Afrodita jainkosaren bitartekaritzaz, Pigmalionek Galatea hezurmamitu egin zela amestu zuen. Publio Ovidioren Metamorfosiak idazlanak honela azaltzen du:

«Pigmalionek estatuarengana jo zuen, eta, ukitzean, bero zegoela iruditu zitzaion, bolia bigunduz zihoala, eta, gogortasuna galduta, hatzei amore ematen ziela goxotasunez, Himeto mendiko argizaria eguzki izpienpean biguntzen den eta hatzekin eskuztatzen uzten den bezala, hainbat itxura hartzeko, maneiuarekin otzanago eta bigunago egiten delarik. Hori ikusita, Pigmalion beldurrarekin nahasitako gozamen handi batez bete zen, bere buruari iruzur egiten ari zitzaiolakoan. Berriz ukitu zuen estatua, eta egiaztatu zuen gorputza malgua zela eta hatzekin zainak miatuta haietan bihotz taupadak nabari zituela.»

Esnatzean, Pigmalion erregea Afrodita jainkosa topatu zuen hantxe. Afroditak, erregearen gurariaz hunkiturik, honako hau esan omen zion:

«Zoriontasuna merezi duzu, zerorrek irudikatu duzun zoriontasuna. Hemen duzu bila aritu zaren erregina. Maita ezazu eta babes ezazu zorigaitzetik.»

Eta halaxe Galatea gizaki bilakatu zen. Kondaira hori da Pigmalion efektuaren oinarria. Zergatik ote? Zer ondorio atera dezakegu kondairatik?


Zalantzarik izanez gero oraindik ere, bideo honekin hobeto ulertuko duzulakoan gaude.




Zer iruditu zaizu? Ados al zaude? Zeure ondokoekin horrela egiten duzu?

Eta hemendik aurrera... Zelan jokatuko duzu?

2016/10/11

NAZIOARTEKO NESKATOEN EGUNA


Kaixo lagun!

Sarrera honen izenburua irakurrita, zer datorkizue burura? Zergatik Nazioarteko Nesken Eguna? Justua al da? Eta zergatik ez mutilen eguna?

Jarraian txertatutako bi bideoak ikusiko ditugu eta zalantza horiek argitzea espero dugu.








Baietz orain argiago daukazuen!!

Jarraian datu aipagarri eta penagarri batzuk luzaten dizkizuegu:

  • UNICEF-ek jakinarazten digu neskek denbora gehiago ematen dutela etxeko lanak egiten mutiek baino, %40a hain zuzen.
  • Leku askotan, neskak ezin dira eskolara joan, etxean gelditzen dira lan egiten eta 12 urterekin ezkontzen dira.
  • Hainbat herrialdetan (Asia, Afrika...), haurrak izanik, neska asko haurdun gelditzen dira.


Aurten egun "berezi" hau ospatzen den 5. urtea da. Ea laster geure egutegitik kentzen dugun, seinale ona izango zen, ez duzue uste?

"Por ser niña" izeneko elkarteak eskua altxatzea eskatzen du. Altxa dezagun eskua nesken heziketaren alde!




Hemendik, agintariei eskatzen diegu mundu guztian nesken aurka erabiltzen diren indarkeria mota guztiekin amaitzeko neurriak har ditzaten. Elkarrekin,emakumeekiko eta neskekiko indarkeria inoiz onartuko ez den mundu bat sortu behar dugu, neskek duten ahalmena garatzeko aukera guztiak bermatuko dituena.