2017/06/24

ESKERRIK ASKO BALOREZALE!!


Kaixo!

Gaurko sarrera honetan eskertzeko balorea nabarmendu nahi dugu. Ikasturtea amaitzen ari da eta aurtengo balantzea egiteko ordua iritsi egin da. Hausnar dezazun, hurrengo galdera luzatzen dizugu:

Hasieran espero zenuen horrelakoa izango zela aurtengo ikasturtea? 

Guk argi daukagu erantzuna: EZ; horrela, letra larriz. Ez blog honi dagokionez, ezta aurtengo ikasleei ere. Atzera begiratzen dugu eta espero genuen baino askoz gehiago lortu dugula ikusten dugu. Eta horrek irribarre itzela margotzen digu aurpegian. Eta eskerrak emateko beharra sentitzen dugu:



Mundiala izan da lortutako arrakasta, eta asko zuri esker da: irakasle, ikasle, guraso... 65.000 bisitaldi baino gehiago jaso ditu gure blogak!! Horretaz aparte Azkue Fundazioak antolatu zuen euskal blogarien lehiaketan parte hartu genuen eta finalistak izan ginen. Sari erraldoia guretzat!!

Duela hilabete batzuk Segura irratian adierazi genuen bezala, lan tresna moduan sortu genuen bloga 2016ko urriaren erdialdean, geure eskoletako 3. zikloko balore saioetarako. Lan xumea eta txukuna izan nahi du blog honek baina jende askori laguntzen diola ikusi dugu eta horrek pozten gaitu.

Dekretuak agintzen digu zer irakatsi behar dugun saio hauetan; baina, tamalez, ez dago kalitatezko materialik euskaraz eta erabaki genuen blog batean biltzea astero landu nahi genuena. Idatzi eta elkarbanatu dugun guztia dekretuko edukiekin lotura dauka. Jarraitu nahi dugu bidea eraikitzen eta guztion eskura jartzen, jarraituko dugu sare sozialetan partekatzen geure lana ondo badatorkizu zuk ere erabil dezazun zure balore saioetan.

Eskerrik asko Facebook-etik edo Twitter-etik jarraitzen gaituzuenei eta geure argitalpenak elkarbanatzen dituzuenei. Ziur gaude, egindako gogoeta eta hausnarketen bitartez pertsona hobeak eraikitzen laguntzen dugula eta harro gaude, nola ez!


2017/06/22

HURRENGORA ARTE


Kaixo lagun!

Ikasturtearen azken eguna iritsi da, eta berarekin kapitulu honen amaierako puntua idazteko momentua. Batzuentzat etapa amaitzen da, beste batzuentzat maila soilik... Baina guztiontzat zerbaiten amaiera ailegatu da eta agur (edo gero arte...) esateko unea iritsi zaigu. Beharbada hurrengo irailean hemendik pasatuko zara, edo ez... auskalo!! Gu itzuliko garelakoan gaude, hori da gure asmoa behintzat!

Hurrengo irailean abentura berri batean abiatuko zara (baita gu ere!), zeure bizitzaren kapitulu berria idazten hasiko zara. Orain ixten duzun kapitulu honetan, hemen eta han ikasitako guztia praktikan jar dezazun espero dugu. Hala ere, ez duzu dena ikasi eta zailtasunak aurkituko dituzu, erronka berriak, beldur izango zara, baina aurrera jarraitu behar duzu beti. Ez utzi inoiz idazteari, ez egon geldirik, bizitza aurrera doa eta egoera guzti-guztietatik saiatu behar duzu zerbait ikasten, horrela esaten genuen erresilientziaz aritu ginenean, gogoratzen duzu?

Ikus dezazun zein azkar doan bizitza, hemen duzu oso adibide bikaina. Oso bideo motza da, beraz, zabaldu begiak eta erne egon!!




Aho bete hortz, ezta? Ba... aprobetxa ezazu aukera bakoitza, ez galdu denbora eta BIZI!!

Baina, zer da bizitzea? Nahi duguna egitea al da? Ondo pasatzea al da? Ziur gaude ezetz borobila eman duzula. Ikasturte osoan zehar ikasitakoa burura etorri zaizulakoan gaude. Errespetua, besteen zapatetan jartzea (enpatia), esfortzua, arazoei aurre egiteko estrategia onak erabiltzea (erresilientzia), laguntasuna edukitzea (babesa eman eta jaso), aurreiritziak alde batera uztea (arrazakeria, LGTB-fobia, etab.)... PERTSONAK IZATEA!! Orduak eman ditugu hainbat gairen hausnarketak eta gogoetak egiten, asko ikasi duzu. Gure ustez, bizitzari mamia guztiz ateratzeko, baloredun pertsonak izan behar dugu.

Gogoratzen zara gabonak eta gero, bi bide aurkeztu genizkizula? Bide luzea, zaila baina ona aukeratu zenuen. Orain bidean zaude, bide luzetik jarraitu behar duzu, gauzak primeran egiten oporretan ere bai!

Amaitzeko eta blog honi gero arte esateko, guk, azken atalean lagundu zaitugula, zuri espresuki bihotz-bihotzez eskaini nahi dizugu Mario Benedettiren olerki batekin egindako bideoa. Entzun ondo ematen dituen aholku guztiak, aurten hemendik landutako guztiarekin lotura estua baino estuagoa baitauka. Gustatzea eta gozatzea espero dugu:





Ondo segi balorezale, eta gogoratu: egiten dugunak isladatzen du gu geu garen hori!

Hurrengora arte!

2017/06/20

EKAINAK 20...


Kaixo balorezale!

Ba al dakizu zein egun den gaur? Egun inportantea da, oso gainera!! Ez al duzu ezer entzun komunikabideetan? Futbol partida inportantea ote da? Edo abeslari ospetsuren baten kontzertua?

Ea hurrengo bideoak pistaren bat ematen dizun...





Behar bada bideoaren amaierara arte ez zara konturatu zertaz ari ginen... Ba bai, errefuxiatuei buruz. Gaur, ekainak 20, Errefuxiatuen Nazioarteko Eguna dugu. Gure besoak eta bihotzak zabaldu nahi dizkiegu txoko txiki honetatik gure ulermena eta laguntasuna adierazteko.
Baina, argi al daukazu siriar gatazka zer den? Zertan datzan azaltzeko, arazoa oso argi adierazten duen hitzik gabeko bideo bat duzu hemen:





Beharbada, zuen etxeetan, norbaitek izan du aitona-amonengandik edo birraitona-birramonengandik gerra garaiko istorioak entzuteko aukera aparta. Ahal baduzu, galdetu, baina tentuz, askotan mina egiten baitu horrelako istoriak berriro gogora ekartzea...

Aukerarik ez baduzu, guk ematen dizugu eredu bat: umea izan zenean gerra bizi izan zuen lekuko baten istorioa hain zuzen:





Hitzik gabe eta oilo-ipurdi geratu zarelakoan gaude... Gaiaren ildoa berreskuratuz, oraindik ere zalantzarik balego siriar gatazkari buruz, hurrengo istorioak agerian uzten ditu balizko zalantzak. Adi egon!





Hau bideoa ikusi ostean, saiatu jartzen siriar umeen zapatetan eta pentsa ezazu nola sentitzen den zure adineko ume bat egunak eta gauak ematen dituenean gatazkarik ez dagoen herrialde batera ihes egiten duen bitartean. Horrelako egoera inorentzat ez da bidezkoa, baina are gutxiago umeentzat...

Amaitzeko Sajaren irakaspen ederrarekin itxiko dugu sarrera hau, baina pentsakor gera zaitezen eta daukazuna gehiago balora dezazun espero dugu, batez ere askotan aprobetxatzen ez duzun ikasteko aukera paregabea...




Gai potolo hau landu ondoren, suposatzen dugu ulertuko duzula zergatik hasieran esaten genuen egun inportantea dela gaurkoa... Ez luke existitu beharko baina, tamalez, existitzen da eta guk ezin dugu ezikusiarena egin eta zu jakinaren gainean egotea nahi dugu. Zorte itzela izan dugu jaio garen lekuan jaio izanak, beraz, eskertu eta ematen zaizkizun aukera paregabeak behar bezala aprobetxatu!!


2017/06/16

EMOZIOAK


Kaixo irakurle hori!

Sentimenduak eta emozioak pil-pilean dauden momentu honetan, bizitzarako eta besteekiko harremanetarako baliogarria den beste gai bat ekartzen dizugu.

Ziur ez dela termino berria eta askotan entzun duzula, baita erabili ere... EMOZIOAK! Baina, ausartuko zinateke emozioak zer diren azaltzen? Inside out pelikula ikusi baduzu (ez baduzu egin, gomendagarria da oso), oinarrizko emozioak gogoratuko dituzu: poza, haserrea, beldurra, tristura eta nazka. Guzti-guztiak gurekin bizi dira, eta momentuaren arabera, hauetako baten bat agerian egoten da.




Gorago aipatu dugun moduan, gure bizitzan daude jaiotzen garenetik, eta gure nortasuna eraikitzerakoan eta elkarrekintza sozialean paper garrantzitsua betetzen dute. 

Baina, kasu egiten diegu geure emozioei? Arreta jartzen dugu ulertzeko zer esan nahi diguten? Denbora gehiago eman beharko genioke horri, ez duzu uste? 

Horretarako existitzen da adimen emozionala, pertsona batek era orekatuaz emozioak eta sentimenduak adierazteko eta besteenak ulertzeko trebezien multzoa, hain zuzen. Erreza dela uste al duzu?





Aurreko irudian isladatzen den moduan, Adimen Emozionalaren trebetasunak dira emozioak hautemateko gaitasuna, maneiatzearena, emozioak ulertzeko eta adierazteko trebetasuna. Baina mundu guztiak ez daki emozioak maneiatzen, hori ere ikasi egiten da, eta ez egun batetik bestera. Horretaz aparte, ez uste umeen kontua denik bakarrik, nagusiona ere bai. Ez da lan erreza emozioak behar bezala hautematen, erregulatzen eta ondo adierazten. Denbora dexente eskaini behar zaio horri behar bezala kudeatzeko. Hemendik zer edo zer landu dugu ikasturtean zehar, batez ere berdinen arteko gatazkak bideratzen laguntzeko.

Kontuan izan behar dugu ez garela bakarrik bizitzen eta besteekin elkarbizi behar dugula. Zaila da gero! Batez ere emozioek (interpretagarriak direnak) parte hartzen dutenean. Erresilientzia kontua landu genuenean, azaldu genuen guztiok ez dugula berdin jokatzen egoera berdinaren aurrean. Berdina gertatzen da emozioekin, eta gure ingurukoenak kontuan izan behar ditugu ere bai. Beharbada ez ditugu ulertzen, baina zelan sentitzen diren onartzen ikasi behar dugu. Geure emozioetatik hasi eta besteekin ditugun elkarrekintzetan emozioek nola eragiten diguten aztertu behar da. Hau da, besteen zapatetan jartzen saiatu behar dugu, lan erreza ez dena baina elkarbizitzarako baliabide ona!

Ohartu behar dugu ere bai inportantea dela jakitea zer dagokion geure buruari, zeri eman behar diogun garrantzia eta denbora. Hori argi izango bagenu, hobeto joango zitzaigun guztia. Prestatutako bideoa argiago azaltzea eta horretatik martxan jartzeko ondorioak atera ditzazun espero dugu.





Oso argi isladatzen da azalpen honetan zer dagokion bakoitzari eta zeri eman behar diogun garrantzia. Askotan besteek egiten edota esaten dutena indar eta eragin handiegia dauka guregan eta hori saihestu beharko genuke zoriontsu izateko, gauza bakoitza kokatu beharko genuke bere zirkuluan eta ez lirateke nahastu beharko. Beraz, aurrerantzean, arazo baten aurrean gelditu zaitez eta esan zeure buruari zer den zeure ardura eta zer ez. Besteek egiten dutena ezin dugu kontrolatu baina norberarena bai!

Sarrera amaitzear dago eta, gaiaren seriotasuna galdu gabe, zurekin barre egin nahiko genuke, horregatik, gaurko gaiarekin eta aipatutako filmarekin zerikusia duen laburmetraia partekatu nahi dizugu. Agian ikusita daukazu, baina horrela ez bada, disfrutatzea espero dugu:




Ulertu duzu zelan funtzionatzen diren geure emozioak? Oso bideo adierazgarria da horretarako. Ziur zeuri ere horrelako egoera bat suertatu zaizula eta bideoan aipatzen direnak sentitu dituzula. Inportantea da emozioak onartzea eta kudeatzen jakitea, edozein motatakoa noski! Ez da lan makala, ez!

Aurkeztutako guztia baliogarria izan dadila espero dugu, gutxienez pentsatzeko eta konturatzeko sentitzen dugunaz eta besteak zelan sentitu daitezkeen.


2017/06/07

INGURUMENA: ALTXOR MUGATUA


Kaixo balorezale hori!

Ikasturtearen amaiera hurbiltzen bada ere, ekaina hilabete garrantzitsua da hainbat kontu aldarrikatzeko. Aste honetan, hain zuzen, bi egun berezi izan ditugu, biak Naturarekin lotuta daude eta horrekiko zainketa eta ohitura onak geure baloreen artean daudenez, haien berri eman nahi dizugu.

1973. urtean Nazio Batuetako Batzar Nagusiak ezarri zuen  ekainaren 5a Ingurumenaren Munduko Eguna. Egun honen helburua biztanleak ingurumenarekin lotuta dauden gaiei eta arazoei buruz sentsibilizatzea da, denok izan gaitezen garapen jasangarriko eragile aktiboak eta etorkizuna seguruagoa izan dadin.

Aurtengo leloa "Ni naturarekin bat" izan da. Bota dezagun ideia zaparrada leloaren inguruan. Zuretzako zer esan nahiko du leloak?




Horixe da! Aire zabalera irtetera eta naturaguneetan barneratzera animatzen gaitu leloak, horrela, haren edertasuna eta balioa aintzat har dezagun, bai eta Lurra, guztion etxea, babesteko deia bultzatzera ere.

Gurekin bat etorriko zara ingurumena zaintzea oso garrantzitsua dela eta, izenburuan esan dugun moduan, altxor mugatua dela, hau da, gure eraginagatik hobetu edo okertu daiteke. Goazen bideo bat ikustera gure eragina ingurumenean zein den hausnartzeko. Agian ezaguna egingo zaizu...




Ikusi duzunez, badaukagu erantzukizun handia gure planetaren etorkizunarekin. Teoria badakigu, orain praktikan jartzea baino ez zaigu falta... Ezer gutxi!

Bigarren Nazioarteko Eguna Ozeanoena da eta ekainaren 8an ospatzen da. Jakingo duzuenez, gure planetari, Lurra izenaz gain, Planeta Urdina izendatzen zaio, espaziotik urdin kolorea besteak baino askoz nabarmenagoa delako. Zergatik? Bai horixe! Lurra planetaren azalaren lau bostenak, gutxi gorabehera, urez estalita daude. Baina ez zaitez nahastu, horrek ez du esan nahi planetaren masaren %71a ura denik, %0,002 baizik. Hurrengo irudiarekin hobeto ulertuko duzulakoan gaude:




Ziur gaude aho bete hortz geratu zaretela, guri gauza bera gertatu zitzaigun irudia topatzean. Eta horrela geratuko zara ere hurrengo albistea ikustean. National Geographic-eko argazkiak erabiltzen, bideo bat argitaratu dute. Baina non dago berezitasuna? Dakizunez, gure planetaren kutsadura mailak ez baditugu jaisten, laster tenperatura altuagoa izango da eta egoera solidoan dagoen ura, urtzeko arriskua nabaria izango da. Hori gertatuko balu, itsasoen altuera igoko litzateke, eta horren ondorioz... tira, ikus dezagun bideoa hobeto ulertzeko. Bakarrik pista bat emango dizugu: bideoan agertuko diren hiriak ezin genituzke bisitatuko.




Harrigarria eta kezkagarria benetan... Eskerrak hainbat herrialdetako politikariak arduratuta dauden eta aldaketa klimatikoaren kontra lan egitearen konpromezua hartu nahi duten! Hemendik ildo horretatik jarraitzera animatzen ditugu eta zaitugu, zuk ere zer esanik badaukazulako. Beno, zer esanik baino, zer eginik! Primeran dakizu zer egin behar duzun ingurumena eta itsasoa babesteko eta zaintzeko; beraz, ez izan alferra eta lagundu!

Bukatu baino lehen, ozeanoen inguruko bitxikeria bat partekatu nahi dizugu. Jarraian ikusiko duzun bideoan, gure planetaren beste berezitasun miresgarri bat ikasiko duzu. Ez al du merezi daukagun altxorra zaintzea?





Txunditurik geratu zarela ziur gaude, baina amaitzeko daukagun bideo hau ez da atzean gelditzen,  hunkigarria da eta! Naturaren irudi maitagarriz eginda dago. Horiei ezin aproposagoa den abestiaren letra erantsi zaio eta gaurko sarrera borobiltzeko eso egokia deritzogu. Luzatu barik, bideoarekin uzten zaitugu, gozatu!




2017/06/01

ERRESILIENTZIA


Kaixo irakurle hori!

Aste honetan bizitzarako oso garrantzitsua den tresna aurkeztu nahi dizugu: erresilientzia.

Inoiz entzun al duzu hitz hau? Ba al dakizu zer esan nahi duen edo zertarako balio duen? Beharbada horrela ez duzu inoiz entzun, baina jarraian emango ditugun azalpenekin konturatuko zara eskolan eta familian ildo horretatik goazela askotan arazoei aurre egiteko.

Lehenengo bideoari ekingo diogu zuzen, ikuspuntu desberdinak kutsatu ez daitezen, eta gero komentatuko dugu ea zertxobait ulertu eta ikasi dugun...





Bideoan agertzen den moduan, gizartean, arrisku-egoerak edo esperientzia gogorrak eta traumatikoak jasaten dira. Horien aurrean, pertsona askok, gaixotasunak pairatzen dituzte. Ostera, hainbatek egoera gainditzen dute eta askotan indartuak ateratzen dira esperientzia horietatik. Baina, zorigaitzeko faktore horien aurrean, zergatik ez dira pertsona guztiak gaixotzen haien egoerak parekoak izanik? Erresilientziari esker.

Orain ulertu al duzu zertarako balio duen erresilientziak? Zure iritziz, denok gara edo izan ahal gara erresilienteak? Zer landu beharko genuke gure erresilientzia maila igotzeko?

Bideoak pertsona baten bizitzaren ziklo osoa aurkezten digu, bere momentu onak eta txarrekin. Momentu ezberdin guztietatik ikas daiteke gure erresilientzia hobetzeko. Iraganean, pentsatzen zen erresilientzia genetikoki transmititzen zela. Hori zela eta, ez zen erresilientziaren garapena sustatzen. Gaur egun, ordea, nahiz eta genetikaren garrantzia hor egon, jakin badakigu, erresilientzia landu daitekeela; eta egiten bada, arazoei aurre egiteko trebetasun handiago izango dugula eta hauetatik indarberrituta aterako garela.

Aipatu eta sailkatu ditzakezu bideoan agertzen diren momentu gaitz horiek eta bertan ikasten dena?

Oraindik argi ez badaukagu erresilientzia zer den, hurrengo bideoa lagungarria izan daitekeela uste dugu:





Argiago daukazu orain zertan datzan erresilientzia? Behar baduzu terminoaren definizioa, hona hemen: zorigaitzeko faktoreen aurrean egoera gainditzeko gaitasuna da. Ezinbesteko trebetasuna da.

Irudi batekin bukatu nahi dugu gaurko gaia, interesgarri eta aberasgarria izan delakoan:




Eguneroko esperientzietan ditugun aukera apartengandik indartuak ateratzea espero dugu!