eskubideak etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
eskubideak etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2019/02/06

EMAKUMEEN GENITALEN MUTILAZIOAREN AURKAKO EGUNA

Kaixo irakurle hori!

Gaur, otsailaren 6an, Emakumeen Genitalen Mutilazioaren aurkako Zero Tolerantziaren Nazioarteko Eguna ospatzen da. Askotan genero berdintasunaz eta giza eskubideez aritu izan da blog honetan eta ablazioak bi gai hauek biltzen ditu.

Datu harrigarri batzuekin hasiko naiz:
  • Urtean bi milioi neskei egiten diete ablazioa; egunero 6.000 dira sufrimendu hori pairatzen dutenak; minutu batean bost emakume hain zuzen ere. 
  • Guztira, 130 milioi neska eta emakumek jasan dute ablazioa mundu osoan zehar eta jarraitzen dute egunero tradizio honekin herrialde ezberdinetan. 
  • Afrikako 28 herrialdeetan eta munduan beste hainbat herrialdeetan (Arabia Saudi, Yemen, Malaysia, Indonesia eta India adibidez) oraindik ere tradizio honekin jarraitzen dute. Gainera, azken urteotako migrazioaren ondorioz, Australia, Kanada, Zelanda Berria, Europa eta Ameriketako Estatu Batuetako leku askotan ere ablazio kasuak eman dira.
Hotzikara sortzeko moduko datuak, ezta? 

Jarraian txeratutako bideoak ere oilo-ipurdia jarriko dizu, erne egon!:




Ea ez diren urte asko igaro behar egun hau sekula ez berriro ospatzeko...

2018/09/20

BUELTA ESKOLARA!

Kaixo balorezale:

Zelan doakizu ikasturtearen hasiera? Apur bat despistaturik? Gogo gutxirekin? Gogorra izan al da itzulia? Beharbada, pittin bat nagiturik zaude oraindik ere. Orokorrean, normaltzat hartzen dira horrelako jarrerak eta gogo gutxirekin hastea eskolan, ez baikara konturatzen zelako aukera aparta daukagun eskolara modu normalizatu batean joan ahal izateagatik. 

Hurrengo bideoek lagunduko zaituzte ikusmira aldatzen, erne!:







Konturatzen zara orain zelako zortea daukazun? Hezkuntza, pertsona guztiek daukaten eskubidea da baina, tamalez, munduan hainbat lekutan ez dago bermatuta. Fijatu zara zein pozik dauden umeak? Zelako gogoekin joaten diren eskolara? Nola eskertzen duten motxila eta arropa berria estrenatzea? Bideoak ikusi ondoren, daukazun aukera aparta gehiago baloratzea espero dut.

UNRWA erakundeak bideo hauen bitartez salatu du egoera hori ume palestinarren duintasuna aldarrikatuz.

UNRWA Ekialde Hurbilean dauden Palestinako Errefuxiatuentzako Nazio Batuen Agentzia da. 60 urte luzeren ostean, UNRWAren zeregina da Jordanian, Libanon, Sirian eta Palestinar herrialde okupatuetan dauden 5 milioi palestinar errefuxiatuei arreta, babesa eta defentsa eskaintzea, euren egoerari irtenbide baketsua eta iraunkorra ematen zaion bitartean. 

Gaur egunean, UNRWAk Palestinako 5 milioi errefuxiaturi baino gehiagori –horietako 1,8 milioi 58 kanpamenduetako batean bizi da- ematen die laguntza eta babesa. Agentziaren lana, batez ere, arlo hauetan kokatzen da: Garapena, Babesa, Hezkuntza, Osasuna, Gizarte Zerbitzuak, mikro-finantzaketak, Laguntza Humanitarioa eta larrialdietan erantzuna ematea. 

Euskadi mailan, 2006an sortu zen bi helburu nagusi hartuta: Euskal gizarteari 5 milioitik gora palestinar errefuxiatuek bizi duten egoeraren berri ematea eta 60 urtean UNRWAk burutzen duen lan humanitarioa eta babesekoa zabalaraztea. UNRWA Euskadik funts publikoak nahiz pribatuak biltzen ditu UNRWAk errefuxiatuekin burutzen dituen lanetan laguntzeko, eta euskal gizartean nazioarteko elkartasuna eta lankidetza sustatzeko.

Erakunde honen langileak bolondresak dira, beraiei esker mundu hobea eraikitzea posiblea izango da. Ziur zuetako norbait, modu apalean bada ere, prest egongo dela besteei laguntzen. Hori da blog honen xedea, pertsona hobeak hezten laguntzea.

2018/05/28

JOLASAREN NAZIOARTEKO EGUNA

Kaixo balorazale!

Astea ezin hobeto hasi nahi dugu, horregatik ospatzea gustatzen zaigun eguna ekartzen dizugu: Jolasaren Nazioarteko Eguna. Gaurko sarrera xume honekin, gaurko egunean, maiatzaren 28an, jolasari eman nahi diogu daukan garrantzia. Iaz azaldu genuen egunaren jatorria eta hainbat bideo luzatu genituen, galdu bazenuen, hara jotzeko parada daukazu.

Jolastea ez da soilik umeen kontua, gertatzen dena da gizarte zoro honek, hazten garenean, ez diola jolasteari lekua uzten... Pena bat da, jolasteko ez dagoelako adinik!

Gogora ekarri nahi dugu ume guztien eskubidea dela baina, tamalez, leku guztietan ez da bermatzen. Ostiraleko sarreraren ildora, guztiok ez gara zorte handikoak eta ume batzuk ez daukate jolasteko aukerarik txiki-txikitatik beharrean hasten direlako... Hau tristura!

Jarraian txertatzen dugun bideoan antzikako jolasak agertzen dira. Batzuk ezagunak egingo zaizkizu eta beste batzuk, ordea, guztiz ezezagunak izango dira. Egia esan, ez daukate zerikusirik gaur egingo umeek dituzten jostailuekin... Adi ikusi eta etxean galdetu aiton-amonei ezagutzen ez dituzun jolasez.




Ziur gauza berriak ikusi dituzula! Berdina gertatuko zaie geure nagusiei “Play”-ez aritzen zarenean edo Kahoot-a aipatzen badiezu...

Ez dugu sarrera hau amaitu nahi modan dagoen termino bat aipatu gabe: gamifikazioa. Beharbada ez dues hitz arraro hau entzun baina zer den dakizula ziur gaude! Gamifikazioa ez da kontu berria eta betidanik egin izan da, funtsean jokoak sortzea da normalean jokoetatik kanpo dauden eremuetan, ohiko jardueretan, etxean edo eskoletan ditugun harremanetan. Gamifikazioari esker ohikoak edo aspergarriak diren hainbat eginkizun dibertigarri bihurtzeko aukera dago. Gure eguneroko bizitzan, ikasketetan edo lan munduan aplikatu daiteke. Gamifikazioaren xedea entretenitzea, arreta erakartzea, ikastea eta gehiago saltzea da. Baietz orain identifikatzen duzun zer den? Horixe! Adibidez, lehen aipatutako Kahoot-ak, Classdojo, Plickers, Educaplay, Thatquiz... eta ikasteko erabiltzen dituzun "jolas" horiek guztiak!


Bilatu tarte bat gaurko eguna jolasten ospatzeko!

Inoiz ez utzi jolasteari! Gora jolasa!

2018/04/16

APIRILAK 16: HAUR ESKLABOTZAREN AURKAKO EGUNA

Kaixo balorazale:

Hiruhilabeteari hasiera emateko, Haur Esklabotzaren Aurkako Eguna dugu gaur. Bada, hain zuzen, guri ospatu behar izatea gustatzen ez zaigun horietakoa. Penagarria XXI. mendean egonda horrelako egoerak egotea, salatu eta umeen eskubideak aldarrikatu behar izatea.

Gaiari sarrera emateko hurrengo bideoarekin hasiko gara:





Beharbada oso urrun gelditzen zaigu arazo hau, geure inguruan ez dugulako horrelako kasurik ezagutzen, baina, tamalez horrela da eta gaur egun 150 miloi ume baino gehiago esklaboak dira mundu osoan.

Egun honetan Iqbal Masih haurrari egiten zaio omenaldia, Pakistango tapizen mafiak 1995. urtean 12 urte zituela erail zuen haurrari, hain zuzen ere. Lau urte zituen bere familiak 600 rupiaren truke (10 €) alfonbren lantegi baten jabearen eskuetan utzi zuenean. Umeak 12 ordutik gora egiten zuen lan alfonbrak egiten, baina jabeak maileguarengan jarri zituen interesen ondorioz, Iqbalen aitaren zorra geroz eta handiagoa egin zen. Garai horretan, haurra jipoitu eta basatiki jo zuten, eta ehungailu batera kateaturik ere eduki zuten. 1992an haur esklaboak salbatzen zituen erakunde batek askatu egin zuen. Iqbal eskolara joaten hasi zen, eta aldi berean, haur esklaboak askatzea lortzeko kanpaina jarri zuen abian. Haurra izan arren, jendaurrean hitz egiten zuen bortxazko lan esplotazioari buruzko bere lekukotasuna emanez. 1994an sari bat eman zioten bere lana aitortze aldera, eta horrek ezagun bihurtu zuen. Hurrengo urtean, apirilaren 16an, bizikletan zebilela, tiro batek jo eta erail zuten. Hori dela eta urteko egun honetan "ospakizuna".

Iqbalek hasi zuen lana ez da galdu bere heriotzarekin; izan ere, Craig Kielburgerek, bere anaia Marc Kielburgeren laguntzarekin, bere bizitza lan horri eskaintzea erabaki zuen eta, horrela, 1995ean Free the Children izeneko elkartea sortu zuen. Ordutik, haur esklabotza handituz joan da: bost urtetik gorako ia 400 milioi haurrek egiten dute lan esklabo gisa, eta beraz, baldintza penagarrietan. Haur esklabotza negozioa baita ehungintza, armada edo meatze-korporazio handientzat zein sexu esplotazioaren mafientzat. Euren esplotazioaren emaitza eguneroko kontsumorako gaiak baitira. Isiltasun geruza konplize bat hedatzen da milioika haurren gainean.

Sarrera honi amaiera emateko, jorratu dugun guztia borobiltzeko hurrengo bideoa luzatzen dizugu:


2018/02/23

OSTEGUN BELTZA

Kaixo balorezale,

Askotan idatzi dugu kirolari buruz eta, horren inguruan hausnartuz, hainbat balore plazaratu egin dira (solidaritatea, laguntasuna, umiltasuna, zintzotasuna...). Aste honetan, aldiz, beste ikuspegi batetik begiratu behar dugu kirolarekin lotuta dagoen egoera bat.

Bart, Athletic-ek Moskuko Spartak-en kontra jokatu zuen UEFAko Europa Leaguen. Astean zehar hainbat abisu egon dira zale errusiar extremisteei buruz eta beraien gaiztakeriak nolakoak diren ikusteko aukera anitz izan ditugu komunikabide guztietan, baita sare sozialetan ere. Oso zaila izan da ezer ez ikustea.

Herenegun, Bilboko bi ikastetxek, San Mamesetik gertu daudenez, eskolaz kanpoko ekintzak, eta baita klaseak ere, bertan behera uztea gomendatzen zuten, errusiar zaleekin arazoak egotekotan umeak arriskuan egon ez zitezen.

Hiriburuko kaleetan ehunka polizia ikusi ditugu, ia-ia borrokarako prest, zale euskaldunak zein errusiarrak gaiztoengandik babestu ahal izateko. Bai lagun, errusiarrak ere, astelehenetik gure artean hainbat Spartakzale egon baitira Bilboz gozatzen inori kalterik egin gabe eta, noski, beraien segurtasuna ere jokoan zegoen. Zergatik? Hemengo zalegoaren parte bat ere extremista delako eta borrokatu nahi omen zuen.

Gauzak horrela, partidua hurbildu ahala, iskanbilak sortu egin ziren Gasteizen zein Bilbon. Azkenean, partidua hasi baino lehen, irudi penagarri eta triste baino tristeagoak ikusi ziren. Su artifizialak, kolpeak, irainak... liskar galanta egon da San Mames alboan eta, partiduaren atsedenaldian, berri tristeena jaso genuen, Ertzain baten heriotza, hain zuzen. Antza, ez zen kolpe baten ondorioz izan, baina berdin dio. Zer dela eta pertsona bat hil behar da kirol ikuskizun batengatik?

Irudi hauek, guretzat, iraganeko irudiak ziren, baina ez da horrela. Kirol profesionala eta bertan sortzen den norgehiagoka aitzakia baino ez da liskartientzat eta hauek astero plazaratzen dute beraien krudeltasuna munduko bazter guztietan. Gauza bakarra dago argi: kirol ikuskizunetara borrokatzera doazenek ez dute kirola edo taldea maite, bakarrik indarkeria, eta gure zelaietatik eta kaleetatik at egon beharko ziren. Berdin dio errusiar, ingeles, espainol edo euskalduna izatea. Beraientzako lekurik ez da egon behar.

Pasa den urtean aurkeztu genizun moduan, indarkeriari txartel beltza atera behar zaio:


Resultado de imagen de indarkeria kirola


Orain, alde batera utziko dugu "kirola" eta gure nagusiengana hurbilduko gara.

Atzo goizean, estatuko hiriburu nagusietan, erretiratuak kalera atera ziren pentsio duinak eskatzera. Azken 5 urteotan, guztira, beraien bizizaria %1,25a baino ez da igo, hau da %0,25 urte bakoitzean.  IPCak (gauzen prezioa), aldiz, %2,1a igo da 2013tik hona, hori elektrizitatearen eta gasaren prezioa kontuan hartu gabe.
Zer esan nahi du honek? Demagun 2013an erretiratu batek 600€ko pentsioa zeukala. Bere pentsioa, gaur egun, 607,5€koa izango zen eta, noski, 7,5€k ez du ematen gauza guztien prezioen igoerak ordaintzeko.

Gure nagusiek gero eta pobreagoak direla salatu nahi dute eta bizitzaren prezioaren igoera bera beraien pentsioak izateko eskatzen dute.

Hemendik, gure solidaritatea eskaini nahi diegu nagusi guztiei. Ba al da posible, bizitza osoa lan egin eta gero, zergak ordaindu ondoren, hain pentsio baxuak izatea? Nola bizi daitezke gure aiton-amonak? Nork bermatzen ditu beraien eskubideak? Madrilgo gobernutik, gainera, irain bat jaso egin dute orain dela gutxi. Presidentearen hitzetan, bizitzan zehar aurreztu behar da jubilaziorako. Eta hori dio pentsionisten itsulapikoak, guztion artean bete dugun hori, bankuak eta entrepresa pribatuak salbatzeko husten duen bitartean. Hura bai komiko ona. 

Blog txiki honetatik omenaldia egin nahi diegu nagusiei. Zuek bai izan zaretela eredu aparta giza eta langileen eskubideak lortzeko borrokan. Zuen alde gaude. Gora nagusien borroka!


Imagen relacionada

Resultado de imagen de pensionistas bilbao

2017/11/20

AZAROAK 20: HAUR ETA NERABEEN ESKUBIDEEN NAZIOARTEKO EGUNA

Kaixo jarraitzaile hori:

Egun bat aldarrikatzeko gaurkoa, azaroak 20, Haur eta Nerabeen Nazioarteko eguna hain zuzen. Hemendik, harekin bat egin nahi dugu aurten ere bai sarreratxo xume honekin eta, Nazio Batuek onartutako Haurren eta Nerabeen Eskubideei buruzko Hitzarmenak (HEH) dioen moduan, adierazi eta agerian jarri nahi dugu haurrak eta nerabeak eskubideak dituzten pertsonak direla. Errespeta ditzagun!

Haurren Eskubideen Aldarrikapena 1959ko azaroaren 20an Nazio Batuen Erakundearen Batzar Nagusiak egindako aldarrikapena da, haurren eskubide unibertsalak finkatuz. Haurren eskubideak jaiotzeagatik bakarrik haur eta nerabeek dituzten eskubideak; utziezinak, berezkoak eta nahitaezkoak direnak haurtzaro on bat izateko dira.

Batzar Nagusiak Haurren Eskubideen Aldarrikapen hau adierazten du, haurrek haurtzaro zoriontsu bat izan dezaten, eta Aldarrikapenean aipatzen diren eskubide eta askatasunez goza dezaten, beren eta gizartearen mesedetan, eta gurasoei, gizon-emakumeei nahiz erakunde, tokiko agintaritza eta gobernu nazionalei eskatzen die aipatutako eskubideak aitor ditzaten eta haien alde lan egin dezaten, legegintzako neurriak eta beste neurri batzuk pixkanaka ezarriz, honako printzipio hauen arabera:

1. Berdintasunerako eskubidea, arraza, erlijioa edo nazionalitatea kontuan hartu gabe.
2. Babes berezia jasotzeko eskubidea, fisikoki, mentalki eta sozialki osasuntsu eta libre haz daitezen.
3. Izen bat eta nazionalitate bat izateko eskubidea.
4. Elikadura, etxebizitza eta osasun-arreta egokia izateko eskubidea.
5. Urritu fisiko edo psikikoek hezkuntza eta arreta bereziak jasotzeko eskubidea.
6. Familiak eta gizarteak maitatua eta ulertua izateko eskubidea.
7. Doako hezkuntza baterako eskubidea. Ongi pasatzeko eta jolasteko eskubidea.
8. Arrisku-egoeratan arreta eta laguntza jasotzen lehenak izateko eskubidea.
9. Abandonatua eta lanean esplotatua ez izateko eskubidea.
10. Munduko pertsona guztien arteko elkartasuna, adiskidetasuna eta justizia sustatzen duen hezkuntza jasotzeko eskubidea.

Jarraian oso bideo adierazgarria gaurko egunerako eta aurretik aipatutakoaren ildotik:





Hainbat ekimen antolatu dira gaurko egunerako, besteak beste Bilboko Haur eta Nerabeen Udal Kontseiluaren sorrera, udaletxean ospatu dena. Udalaren konpromisoa haurrei entzutea da, haien iritzia aintzat hartzea hiria eraikitzeko eta gobernatzeko, eta haien begirada txertatzea Udalaren erabakietan. Nahi dute haurren parte-hartzea aktiboa izan dadin politika publikoen diseinuan oro har, ez kudeaketan, hirigintzan... soilik, baita berdintasunean, kulturan eta aisialdian ere. Haiekin lan egin nahi dutela adierazi du Juan Mari Aburtok. Gehiago jakin nahi izanez gero, argazkian klikatu albistea ikusteko:



Kontu inportante bat ez ahaztu, eskubideak dauden bezala, betebeharrak ere badaude...


2017/05/28

JOLASAREN NAZIOARTEKO EGUNA

Gaurko egunak sarrera berezia merezi du, Jolasaren Nazioarteko eguna da eta. Jolasa bizitza da eta bizitza jolasa da.

Ba al dakizu nondik datorren Jolasaren Nazioarteko Egunaren jatorria? 1998an sortu zen, Ludoteken Nazioarteko Elkartearen (ITLA International Toy Library Association) eskutik, eta FridaKim elkartearen lehendakariaren ekimenez. Maiatzaren 28a aukeratu zuten, Elkartea egun horretan eratu baitzen.

Jolasa munduko gizarte eta kultura guztietan agertzen den giza jarduna da. Besteak beste, inteligentziaren, afektibotasunaren, sormenaren eta soziabilitatearen hazkunde orekatua ahalbidetzen eta errazten du, hortaz, pieza giltzarria da norbanakoaren garapen integralerako.

Jolasteko ekintza entrenamendu ona da gaitasun sozialak garatzeko; elementu ludiko bat baino gehiago da. Oinarrizko aspektua da jokabidea osatzeko, jolasean aritzen garenean garen moduan agertzen baikara. Jolasean berez eta espontaneoki azaltzen gara.

Jolasa tresna baliotsua da, gizarte hobe bat sortzeko, norbanakoen artean komunikazioa sustatuz, komunitate bateko norbanakoen harremanetan sakonduz, eta aurkakoak diren jarrerak berradiskidetuz.

Aurreko guztia dela eta, eskaini diogu lekua geure blogean egunari, oso garrantzitsua delako jolastea eta jolasaren bitartez balore asko lantzen direlako. Gure ustez, DERRIGORREZKO ikasgaia izan beharko zuen eskoletan, umeek asko ikasten dutelako jolasaren bitartez.




Ikusten duzunez, onura ugari ditu jolasak, beraz, jolas gaitezen!!!




Jakintsua benetan 5 urteko neskato hau!!


Jarraian bideo bi luzaten dizkizugu, edozein adinetan jolasaren garrantzia azaltzen dutenak:









Abesten amaituko dugu gaurko sarrera, alde batetik Amets Arzallusen jolasteari buruzko bertso batekin Pirritx, Porrotx eta Marimototsen ahotan. Eta bestetik, Alkartu ikastolako iazko LH6ko ikasleen bertsoarekin, Unairi esker osatu zutena!!





Inoiz ez utzi jolasteari.

GORA JOLASA!!

2016/11/20

HAURREN NAZIOARTEKO EGUNA

Kaixo guztioi!

Gaur, azaroak 20, haurren eguna da. Horrela ezarri zuen Nazio Batuen Erakundearen Batzar Nagusiak orain dela 57 urte, hau da, 1959an. Egun hartan, Haurren Eskubideei buruzko Hitzarmena (HEH) sinatu zen eta UNICEF-en web orrialdean ikus daiteke zer suposatzen duen HEHk haurren bizitzan.

Hitzarmenak argi eta garbi onartzen du (18 urtetik beherako) haurrek bizitza maila egokia izateko eskubidea dutela. Eta hitzarmen hau juridikoki loteslea da, edo bestela esanda, nahitaez bete beharrekoa da. Tamalez, mundu guztian ez, Somalian eta EEBBetan izan ezik, haiek ez baitzuten hizarmena sinatu.

Mafaldak, bere ikuspuntu bereziarekin, horrela azaltzen dizkigu haurren eskubideak:



Argi baino argiago daukagu eskubideak ditugula. Izan ere, azken bolada honetan maiz entzuten dugu "Nik hau egiteko eskubidea daukat", baina, benetan ezagutzen al ditugu gure eskubideak? Eta eurekin batera berez datozen betebeharrak? Hau hobeto ulertzeko hurrengo bideoa proposatzen dizugu.




Zer deritzozu bideoari eta bere edukiei? Argiago ikusten duzu orain betebeharren kontua? Bazenekien hauek zure eskubideak zirela? Eta zure  betebeharrak hauek izango zirela espero zenuen? Txanpon batek bi alde ditu eta bat ezin da izan bestea gabe.

Ikusi berri dugu haur guztiak berdinak direla eskubide eta betebeharrei dagozkienez baina, tamalez, bizi diren egoerak ez dira berdinak. Gure kasuan oso zoriontsuak gara, zorte handikoak, ez baitzaigu ezer falta, baina beste leku batzuetako haurren errealitatea ez da gurea bezalakoa. Ikus dezagun hurrengo bideoa ea ezberdintasunik topatzen dugun:




Lortu duzu ezberdintasunik ikustea? Zer iruditu zaizkizu ezkerreko eta eskumako haurren arteko aldeak? Biek dauzkate bermatuta eskubideak? Justua al da eskubideak izatea eta bete behar dituztenek -agintariek- ez egitea?

Zangozako Ikastolan egindako hormairudi baten argazkiarekin agur (eta askoz gauza gehiago) esaten dizugu...




Komentatu, hausnartu eta ikusi dugun guztia zure gogoeta sortaraztea nahiko genuke.Daukazun zorte itzela aztertzeko, baloratzeko eta eskertzeko balio izatea espero dugu.

Zeuen egunaz eta, batez ere, daukazun zorteaz gozatu!

Zorionak eta ondo bukatu asteburua!