2017/11/27

ZORIONAK ETA ESKERRIK ASKO!


Kaixo lagun:

Jai eguna izan behar arren, lanean gaude baina denbora ateratzeak post hau idazteko merezi du. Ez "autozoriontzeko", baizik eta eskerrak emateko geure bizitzan izan ditugun maisu eta andereƱo berezi horiei, lagundu, animatu, maite... gaituztenak, ikasi dugunengandik, miresten ditugunak, geure bihotzean leku berezia dutenak. Aintzinakoak zein gaurkoak, guk geuk ere geure lankideengandik  asko ikasten dugulako...

Ziur gaude askotan pentsatuko duzula zu izorratzeko gaudela hemen. Edo bakarrik matematika, hizkuntza, gizarte, natura... irakasteko. Ba... oker baino okerrago zaude!! Beste gauza garrantzitsu asko ere egiten ditugu egunero zurekin. Ea bideo hauek laguntzen zaituzten asmatzen zer...









Argiago ikusten duzu orain? Ziur baietz...

Zorionak eta eskerrik asko maisu-maistra guztiei!!

KANTU LIBREAK

Kaixo balorazale:

Pasa den astearen amaieran, emakumeen aurkako indarkeria desagerrarazteko nazioarteko eguna lantzeko sarrera ekarri genizun. Bertan Goazenen indarkeri sexista salatzeko abestiaren making-off-a aurkeztu genizun. Ostiralean bertan bideoklipa argitaratu zuen Gipuzkoako Foru Aldundiak. Karaoke moduan dago letra ulertu eta aztertu ahal izateko modu errezean. Erne enztun!!




Zelako mezuak ematen dizkigutenak, ezta? Ados zaude esandakoarekin? Zerbaitek deitu dizu arreta? Zerbait ez duzu ulertu?

Jarraian beste kantu bat, "Nire gorputza da" Kantu koloreren eskutik Galdakaoko Gandasegi eskolako ikasleekin grabaturik. Honek, aldarrikatzen du gorputza norberarena dela, norberak kudeatu behar duela eta nork bere burua maitatu behar duela baldintza barik. Entzun ondo eta gozatu!



Doinu politarekin batera, mezu ederrak helarazten dizkigu. Azter ditzagun:

Berritsu-isilak, polit-itsusiak, 
argal-lodi, ilun-argi, altu-baxuak, 
elbarri eta itsu, gor edo mutuak. 
Denak ezberdinak, eskubide berberak.

Gorputz eta izaera bakarrekoak gu, 
nork bere burua maitatu,
 nik badakit zer nahi dudan, zer egingo dudan, 
aukera neurea izango da! 

Nire gorputza da 
aske eta librea, 
nahi dudan moduan, 
maite dudan munduan. 

Elkartu, sentitu, nahi duzunarekin. 
Zer lagunekin batu, aukera zeuk egin. 
Zure desio eta zaletasunekin
 aurrera egin maitatzen zaituztenekin. 

Gorputz eta izaera bakarrekoak gu, 
nork bere burua maitatu, 
nik badakit zer nahi dudan, zer egingo dudan, 
bidea nirea izango da! 

Nire gorputza da 
aske eta librea, 
nahi dudan moduan, 
maite dudan munduan.


Fijatuko zinenez, bizpahiru mutil kenduta, emakumezkoak baino ez dira agertzen. Gure ustez, mezu hauek guztiontzat dira, guztiok libreak garelako eta errespetua guztion kontua delako.

2017/11/23

AZAROAK 25: EMAKUMEEN AURKAKO INDARKERIA DESAGERRARAZTEKO NAZIOARTEKO EGUNA

Kaixo balorezale,

Hemen gaude berriro ere ospatu nahi ez dugun egun batekin. Iaztik jarraitzen bagaituzu, orain dela 36 urte egun hau aldarrikapen honen egun ofizialtzat ezarri zela jakingo duzu. Bai horixe, 1981. urtean ezarri zuten munduari 1960. urtean Miraval aizpeei gertatutakoa gogorarazteko. 

Aurten ez zaitugu gogaitu nahi hainbat datuekin, horregatik, jarraian bideo batzuk aurkeztuko dizkizugu, lehenengoa Suedian grabatutako gizarte esperimentua da, gaurko gaiarekin zerikusi zuzena duena:




Zelan da posible inork ez sartzea egoera hori gelditzeko? Zergatik uste duzu horrela jokatzen duela jendeak? Ziur erantzunen artean “beldurra” hitza ahoskatu dela. Zeren beldur dira? Zelan geldituko ziren pertsona horiek pentsatzean ez dutela ezer egin laguntzeko? Horrelako egoerak salatu eta gelditu behar dira, beldur barik!

Baina, non ote dago arazoaren funtsa? Batzuen ustez emakumeen arazoa baino ez da, ezta inola ere! Hau gizartearen arazoa da eta, hortaz, emakume zein gizon sartuta gaude. Zorionez, gero eta inplikazio gehiago dago gizonengandik, baina gehiago behar da eta, gure ikuspuntutik, funtsezkoa da ere bai txikitatik berdintasunaren bidean heztea. Ikusi hurrengo bideoa eta hobeto ulertuko duzulakoan gaude:





Txiki-txikitatik, berdintasunean hezituak izaten bagara eskoletan zein etxean, arazo asko saihestuko ditugu etorkizunean.

Hurrengo bideoa motz-motza da eta indarkeria jasaten duten biktimei laguntasuna erakutsi nahi die:





Denok zu… Bai horixe!! Hori da Goa!zenen lagunen azken bideoklipa. Pasa den ostiralean making-off-a luzatu ziguten kapituluaren amaieran. Haiek ere aldarrikatu nahi dute: ez beti da ez, indarkeria sexistarik ez! Entzun zelako mezua eman nahi diguten:




Denok zu, mutila ala neska berdin du… Munduan zehar libre izan… 

Zelako gogoeta politak kantu honetakoak. Ea itxaropen kantua bihurtzen den eta belaunaldi gazteak hasten diren arazoaz jabetzen eta aurre egiten. Horixe espero dugu! Ea urte batzuk barru ez dagoen egun honetan aldarrikatzerik… Denon esku dago eta ez dago aitzakiarik!

Amaitzeko, Bizkaiko Foru Aldundiaren kanpainia luzatzen dizugu. Emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunetan oinarrituta dagoen gizarte batean bizi gara, eta desberdintasun hori hainbat modutan islatzen da. Hori dela-eta sentsibilizazio kanpaina garatu dute hurrengo ideiekin:
  • Ez nazazu gehiago maitatu, maitatu nazazu hobeto
  • Ez naiz zurea, nirea naiz
  • Emakume baten atzean beti dago emakume handi bat

Mezu hauekin batera hiru emakumek sortutako ilustrazioak daude eta bideotxo honetan bildu dira:





Ikusi duzunez, irudiek laguntza bisual handia eskaini diete mezuei eta indarkeria matxistak sortzen duen Giza Eskubideen urraketaren aurkako borrokan aurrerapauso bat da.

2017/11/22

SANTA ZEZILI, MUSIKARIEN EGUNA


Kaixo balorezale!

Gaur musikarien eguna dugu. Badakigu eguna ospatzeko eskola eta herri askotan ekimen bereziak antolatuta daudela. Geuk, txokotxo xume honetatik, geure ekarpen txikia egin nahi dugu bideo honekin:





Musikaria izanda ere, ziur datu harrigarriak asmatu dituzula. Eta ez bazara, izateko gogoa sartu zaizula suposatzen dugu.

Zorionak musikari guztiei!

Egun ona izan!

2017/11/20

AZAROAK 20: HAUR ETA NERABEEN ESKUBIDEEN NAZIOARTEKO EGUNA

Kaixo jarraitzaile hori:

Egun bat aldarrikatzeko gaurkoa, azaroak 20, Haur eta Nerabeen Nazioarteko eguna hain zuzen. Hemendik, harekin bat egin nahi dugu aurten ere bai sarreratxo xume honekin eta, Nazio Batuek onartutako Haurren eta Nerabeen Eskubideei buruzko Hitzarmenak (HEH) dioen moduan, adierazi eta agerian jarri nahi dugu haurrak eta nerabeak eskubideak dituzten pertsonak direla. Errespeta ditzagun!

Haurren Eskubideen Aldarrikapena 1959ko azaroaren 20an Nazio Batuen Erakundearen Batzar Nagusiak egindako aldarrikapena da, haurren eskubide unibertsalak finkatuz. Haurren eskubideak jaiotzeagatik bakarrik haur eta nerabeek dituzten eskubideak; utziezinak, berezkoak eta nahitaezkoak direnak haurtzaro on bat izateko dira.

Batzar Nagusiak Haurren Eskubideen Aldarrikapen hau adierazten du, haurrek haurtzaro zoriontsu bat izan dezaten, eta Aldarrikapenean aipatzen diren eskubide eta askatasunez goza dezaten, beren eta gizartearen mesedetan, eta gurasoei, gizon-emakumeei nahiz erakunde, tokiko agintaritza eta gobernu nazionalei eskatzen die aipatutako eskubideak aitor ditzaten eta haien alde lan egin dezaten, legegintzako neurriak eta beste neurri batzuk pixkanaka ezarriz, honako printzipio hauen arabera:

1. Berdintasunerako eskubidea, arraza, erlijioa edo nazionalitatea kontuan hartu gabe.
2. Babes berezia jasotzeko eskubidea, fisikoki, mentalki eta sozialki osasuntsu eta libre haz daitezen.
3. Izen bat eta nazionalitate bat izateko eskubidea.
4. Elikadura, etxebizitza eta osasun-arreta egokia izateko eskubidea.
5. Urritu fisiko edo psikikoek hezkuntza eta arreta bereziak jasotzeko eskubidea.
6. Familiak eta gizarteak maitatua eta ulertua izateko eskubidea.
7. Doako hezkuntza baterako eskubidea. Ongi pasatzeko eta jolasteko eskubidea.
8. Arrisku-egoeratan arreta eta laguntza jasotzen lehenak izateko eskubidea.
9. Abandonatua eta lanean esplotatua ez izateko eskubidea.
10. Munduko pertsona guztien arteko elkartasuna, adiskidetasuna eta justizia sustatzen duen hezkuntza jasotzeko eskubidea.

Jarraian oso bideo adierazgarria gaurko egunerako eta aurretik aipatutakoaren ildotik:





Hainbat ekimen antolatu dira gaurko egunerako, besteak beste Bilboko Haur eta Nerabeen Udal Kontseiluaren sorrera, udaletxean ospatu dena. Udalaren konpromisoa haurrei entzutea da, haien iritzia aintzat hartzea hiria eraikitzeko eta gobernatzeko, eta haien begirada txertatzea Udalaren erabakietan. Nahi dute haurren parte-hartzea aktiboa izan dadin politika publikoen diseinuan oro har, ez kudeaketan, hirigintzan... soilik, baita berdintasunean, kulturan eta aisialdian ere. Haiekin lan egin nahi dutela adierazi du Juan Mari Aburtok. Gehiago jakin nahi izanez gero, argazkian klikatu albistea ikusteko:



Kontu inportante bat ez ahaztu, eskubideak dauden bezala, betebeharrak ere badaude...


2017/11/16

DNA

Kaixo balorezale!

Aurreko sarreran zientziaren astea ospatu genuenez, eta gure hiriburuetan hainbat ekintza zientifiko antolatu egin direnez, zientzilarien amantala jarri dugu eta hona gatoz Azido Desoxirribonukleikoari buruz (DNA euskaraz) hitz egitera.

Friedrich Miescher mediku suitzarra DNAri buruz lehenengo aurrerapen nabarmenak egin zituen zientzilaria daukagu. 1869ko neguan DNA isolatzea lortu zuen Tubingako Unibertsitatean lan egiten zuenean, hau da, orain dela 148 urte.

Friedrich-en atzetik milaka zientzilarik ikertu dute DNA, baina hurrengo pausu erraldoia 2000. urtean eman zen. 131 urte pasa ondoren, giza genomaren sekuentziaren deskodifikazioan aurrerapen itzela egin zen. Aurkikuntza honi esker, gizakiaren "mapa" egiten hasi ziren zientifikoak, hainbat gaixotasun genetikoren zergatiak eta sendabideak topatzeko tresna baliogarri baino baliogarriagoa izanik.

Filmetan eta telebistako hainbat telesaiotan gaiztoa harrapatzeko oso pista garrantzitsua izaten da DNA. Antza, bere barruan, norberaren "matrikula" dago, hots, bere kode genetikoa. Bai lagun, bakoitzak bere DNA kodea dauka eta ezin da kopiatu. Bikiek ere ez daukate kode bera. Eta ez bakarrik gizakiok, bizirik dauden beste izaki guztiek ere beraien kodea daukate eta, kode horrek, lagun bakoitza bakarra izatea bermatzen du.

Aurreko guztia kontuan hartuta, denok ezberdinak garela argi geratuko zaizulakoan gaude, baina, dakizunez, nahiz eta bakoitzak bere kodea izan, zati bat partekatzen dugu. Horri esker, espezie bateko animalia edo landare guztiak antzekoak dira eta, gizakien kasuan, gauza bera gertatzen zaigu. 

Baina, zer ikusirik dauka gai hau baloreekin? Momentuz zientziaz aritu izan gara baina laster ulertuko duzu zergatik egiten ari garen azalpen hau eta nora iritsi nahi dugun. Hurrengo bideoak aho bete hortz utziko zaituelakoan gaudenez ez dizugu ezer aurreratuko. Goza ezazu!





Eskerrik asko Momondo entrepresari hau bezalako kanpainia egiteagatik. 

Ikaragarria benetan! Hainbat gauza agertzen dira bideo honetan bere protagonistek espero ez zutenak. Zein da gehien harritu zaituena? Joan gaitezen aztertzera:

Hasiera batean guztiek uste zuten nahasgabekoak zirela, %100 islandiarra, ingelesa, frantzesa, bangladeshdarra... Batzuek euren argazki albumak eramaten zituzten frogatzeko haien familien jatorria purua zela. Zure ustez, beraien aurpegiak ikusita, jasotako emaitzak espero zituzten? Nor da ezuste handiagoa jaso duena? Frantziakoa? Kubakoa? Islandiakoa? 

Batzuen ustez, beraien herrialdea onena da, besteena baino inportanteagoa eta besteek baino gehiago merezi duena. Zure iritziz, hau horrela izan beharko zen? Lehenengo eta bigarren mailako jendea egon beharko zen? Gaur egun, tamalez, horrela dela ematen du... Afrikako eta Asiako hainbat herrialderi buruz eta beraien jendeaz inor ez da arduratzen...   

Ingalaterrako gizonak, Jay-k alegia, alemaniarren zalea ez dela aitortzen du, zer nolako aurpegia geratzen zaion bere DNAren %5 alemaniarra dela jakin duenean! Ingeles peto-petoa zen gizon horrek zer dio bideoaren amaieran? Bai horixe! "Leku guztietako Jay nauzue!"; beste batek dio "Munduko gizona naiz". Hori gogoeta polita, ez duzu uste?

Bukatzeko, bi pertsonak, kulturalki etsaiak izan behar omen zirenak, lehengusu-lehengusinak ziren berria jaso zuten. Imagina ezazu zenbat aukera dauden edonon familia izateko! Frantziarrak zioen moduan, DNA froga hau egitea nahitaezkoa izan beharko zen. Horrela, extremismoak eta arraza puruen aldeko pentsamenduak desagertuko ziren, jendearen ikuspuntu zabalagoa eraikitzeko aukera emanez...

Pertsona hauei gertatu zaien moduan, zure DNAn hainbat lekuetako informazioa daramazu. Inoiz gelditu zara nongoa zaren pentsatzeko? Zure arbasoak nongoak ziren jakitea nahiko zenuke? Guk ez dakigu nongoak diren gureak, baina gauza batez ziur gaude: Mundua oso polita da eta berdin zaigu nongoak garen gu edo nongoa zaren zu, ongi etorria izango zarelako beti gure bizitzetara. 

Asteburu ona izan!

2017/11/09

ZIENTZIA ETA BAKEAREN NAZIOARTEKO ASTEA


Kaixo balorezale!

Berriro gatoz egun berezi baten berri ematera, beno, kasu honetan aste oso bat daukagu ikertzeko, bai horixe!

Izenburuak dioen moduan, Zientzia eta Bakearen nazioarteko astea ospatzen da. Aurten 31 urte betetzen dituen ekintza da eta horrelako izenarekin gure blogean agertu behar zen, nola ez! Baina ez gara azalean geratuko, aztertuko dugu zergatik eduki behar duen tokia bertan.

1986an, Nazioarteko Bakearen Urtea zelarik, jardueraz eta ospakizunez beteriko aste berezi bat antolatu zen Gobernuz Kanpoko ekintza moduan. Hain arrakastatsua izan zenez ONUk 1988aren abenduan horrela izendatu zuen, eta urtero azaroaren 11ren astean ospatu beharko zela ezarri zuen ere bai.

Aste honen helburua bikoitza da. Alde batetik garapen zientifiko eta teknologikoaren eta bakea eta segurtasunaren mantenuaren harremana estutzea da; eta bestetik, mundu osoko zientifikoen arteko elkarlanari bultzakada ematea.

Eta zergatik aste honetan? Azaroak 10ean Bakerako eta Garapenerako Zientziaren Nazioarteko Eguna delako.

Gizakiak, ingurumena ulertzeko eta hortik ateratako ezagutzak bere onerako erabiltzeko asmatu zen tresna zientzia da. Aurrerapen, erronka ekonomiko, sozial eta medioanbientalei erantzuna ematen laguntzen gaituzte, etorkizunera begira sostengu iraunkorra lor dezagun eta, horren ondorioz, Bakearen garapena.

Zientzia ezagutzaren giltza izanda, gizakiak beraien aukera profesionalak, pertsonalak eta politikoak hartzen laguntzen ditu, eta baita herritarrak ikerketaren mundura erakartzen ere. Horregatik, urtero, egun berezi honetan, helburu nagusitzat biztanleria aurrerapen zientifikoen jakinaren gainean egotea hartzen da. Horrela gizarte sostenugarriagoak sortu egiten dira eta, horrek, gure planetaren hauskortasunaren kontzientzia hartzen laguntzen digu. UNESCO da zientzia gizartearengana hurbiltzeko sortutako agentzia.

Aurtengo leloa "Munduko elkar ulertzerako zientzia" da eta bere helburua bakea eta sostengu jasangarria mantentzea da, denon arteko komunikazio eta ezagutzaren partekatzea hobetuz.

Mundua hobeto ulertzeko, EHUk aste honetan Zientzia Astea ospatzen du, Zientziaren, Teknologiaren eta Berrikuntzaren XVII. edizioarekin. Bai Bilbon, bai Donostian, baita Gasteizen ere, hainbat ekintza daude antolatuta igandera arte. Begiratu hurrengo bideoa eta, zeure eskolarekin ez bazara joan, animatu hurbiltzen esperientzia izugarriak ikustera! Merezi du eta! Hurrengo bideoak esperientzia zientifiko batzuk biltzen ditu:





Askotan, blog honetan, berdintasuna aldirrakatu dugu eta gaur berriro egingo dugu. Alor askotan desberdintasunak egoten dira emakume eta gizonekoen artean, baita zientzian ere. Hurrengo bideoaren protagonistek oso ondo azaltzen dute. Erne egon!





Eredu apartak zientzialari hauenak!

Jarraian, beste bat. Iaz, Zientziaren eta Bakearen nazioarteko astea zela aitzakia hartuta, Onetsine Arrizabalaga elkarrizketatu zuten Karkara orainkarirako. Alemanian bizi den zientzialari oriotarra da eta garunaren garapen goiztiarrean dabil lanean. Bideoan aipatu den moduan, Onetsine laborategian aritzen diren horietakoa da. Hona hemen elkarrizketa.

Ziur gaude horrelako ereduekin zientzia arloan errezagoa izango dela bakea lortzea! Espero dugu zuetakoren bat, neska zein mutila, mundua hobetzeko zientzialari bihur zaitezten etorkizunean!


2017/11/06

XALBADOR GOGOAN...


Blog honetan lantzen ditugun baloreen artean, kultura ere badago, batez ere geurea txikia dena eta babesa behar duena... Gaur geure kulturaren bertsolari bat ekartzen dugu gogora, gaur 41 urte zendu zelako Fernando Aire Etxart Xalbador bere jaioterrian, Urepelen (Nafarroa Beherea), 56 urte zituelarik eta omenaldia jaso ondoren. Hemendik omenaldi txikia egin nahi diogu gaur.

Euskaltzale amorratua, bertsolaria eta artzaina zen, kontalari ona ere bai: hamaika pasadizo, ipuin eta txiste kontatu ohi zuen lagunartean. Urrutira ematen zuen baino hiztunagoa eta alaiagoa zen Xalbador. Hala ere, bertsoengatik gogoratuko eta miretsiko da Xalbador mendez mende. Izan ere, "Odolaren mintzoa" liburuan bilduma paregabea utzi zigun. Baina idatzizkoetan bakarrik ez zen maisua izan, baita bapatekoetan ere.

Euskal Herri osoan ezaguna, miretsia eta maitatua, lehen ere behin baino gehiagotan omendua, 1969an Donostian, 1976ko uztailean Donibane Lohizunen...

Hil ondoren ere bai omenaldi asko jaso izan ditu, hona hemen ezagunenetarikoa, Xabier Letek egindako kantua:




Gehiago jakin nahi baduzu pertsonaia honen inguruan, hurrengo loturan EITBk eskainitako dokumentala luzatzen dizugu, Eneko Dorronsororen "Xalbador izana eta izena". Geure ondarearen partea da, merezi du ikusteak!

Pasa den urriaren 22an, omenaldi bat egin zioten bere jaioterrian. Hil zenetik, urtero-urtero gorde zaio egun bat, Xalbador Eguna ospatuz. Euskaltzaleen bilgunea izaten da, baina, Lapurdi, Zuberoa eta Nafarroa Beherekoak gutxiengoa dira tamalez. Nahiz eta jarraitzaile gutxi eta publizidade txikia izan, espero dugu ohitura polit hau inoiz ez galtzea eta Xalbadorren arima bizirik irauntea.



2017/11/03

LOVE STORY


Kaixo balorazale hori:

Gaurko sarrerari Haizeak bidalitako bideo batekin hasiera emango diogu. Ez zaitugunez baldintzatu nahi, zuzenean bideoa ikusiko duzu:





Harrituta, ezta? Hain polita zirudien guztia hasiera batean, ezen inork ezin zuen imajinatu horrelako amaiera garratza! Espero dugu inori gertatu ez izana horrelakorik eta, hau eredua ikusita, aurrerantzean inori antzekorik ez gertatzea.

Nahiko esanguratsua da bideoa bera baina sakon aztertuko dugu oso gai kezkagarria bata eta jakinaren gainean jarri nahi zaitugu. Bideoaren amaieran ematen da datu sinestezina, zelan da posible fidatzea eta inoiz ikusi ez duzun ezezagun batekin gelditzea? Ziur gaude ume horiek, interneten ezagututako pertsona aurrez aurre ikusteko pausa eman dutenak, jakinaren gainean egongo zirela.  Saiatuko gara protagonisten zapatetan hartzen eta hurrengo galdoerak erantzuten: zerk bultzatu ahal izan ditu horrelako erabakia hartzera? Zer onura ekarriko die? Arriskurik ikusten ahal duzu hartutako erabakiez? Zer egin dute txarto?

Kontrolaezinak dira umeen papera modu desegokian jokatzen duten heldu horiek, horregatik jakinaren gainean jarri nahi zaitugu eta alarma piztuta izan dezazun nahi dugu horrelako egoerarik gerta ez dakizun.

Amaitzeko identifika ditzagun zein pausu ez diren egokiak: bideoaren hasieran laguntasun eskaera jasi¡otzen du mutikoak. Onartuko zenuke ezezagun baten eskaera bat? Baietz erantzunez gero, inporta zaizu kontatzea zertarako? Aurrerago argazkia ekatzen dio mutikoak neskatxari, honek tontoarena egiten du hasiera batean baina azkenean elkarri bidaltzen diote, egokia al da ekintza hori? Hemen, orain arte egindako gogoetekin, ezetz borobila erantzun izana espero dugu. Amaieran  elkar ezagutzeko gelditzeko pausua ematen dute biek... Inoiz onartuko zenuke horrelako proposamenik?

Beharbada bideoa ikusi aurretik ez zitzaizun hain larria iruditzen horrelakorik egitea. Horrela bazen,  bideoa aztertu ondoren eta egindako hausnerketen ostean, orain iritziz aldatu izana espero dugu eta kontuan izango duzula etorkizunean horrelako eskaerarik edo proposamenik jasoz gero.