laguntasuna etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
laguntasuna etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2018/06/20

BESTE AMAIERA BAT

Kaixo lagun hori:

Pasa den ikasturtearen amaieran bezala, itxiera eman nahi diogu bukatzear dagoenari. Bizitzaren ziklo eta etapa guztiek merezi dute amaierako puntua fundamentuz idaztea. Gaur ez bada, bihar amaituko dira klaseak; eta merezita edo ez, deskantsatzeko, deskonektatzeko eta atseden hartzeko garaia iritsi da. Izaten dena izaten dela zeure egoera, amaiera iritsi zaizu eta horrekin batera, baloratzeko unea ere bai. Hori da, hain zuzen, sarrera honen xedea, aurten egindako lana "baloratzea".

Lehen aipatu dugun legez, hasiera daukan guztiak, amaiera ere badauka. Irailean arraun egiten itsasoratu zinen eta, gogorra eta luzea izan arren, amaitu egin da estropada. Hurrengo bideo honek oso ondo azaltzen digu arraun egin dugun bitartean, zeintzuk izan diren itsasoan aurkitu ditugun zailtasunak, erronkak eta laguntzak. Zuretzat espresuki eginda dago, gustatzea espero dugu:




Dagoeneko kaian zaude, nekatuta estropadan egindako esfortzuagatik; baina pozik aldi berean, zeure onena eman duzula dakizulako. Bideoan aipatu den bezala, zure lan horretan eragin handia izan dute zeure lagun taldeak, patroiak eta afizioak, hau da, irakasleak, familia eta gainerako lagunak. Inoiz ez zara bakarrik egon eta haiei esker ere bai, helmugara iritsi zara.

ZORIONAK TXAPELDUN!


Bide luze honetan, motxila bete duzula ziur gaude. Gauza berri asko ikasi dituzu ikasturtean zehar; eta, blog honetako argitalpenen bitartez, gutxienez, bestearen zapatetan jartzeko gaitasuna garatu izana espero dugu. Horrek, etorkizuneko elkarbizitzarako lagunduko zaitu, ziur izan. Egindako 67 sarreretan, balore asko landu ditugu eta hainbat gai jorratu ditugu: amodioa, autoestimua, elkarbizitza, aniztasuna, errespetua, kultura, ausardia, giza eskubideak, hezkidetza, berdintasuna... Ez da lan makala izan, oso hitz potoloak haiek guztiak eta gai horien inguruko hausnarketa sakonak egin ditugu elkarrekin. Plazer bat izan da guretzat hau guztia kudeatzea, are gehiago jakinda lerro hauetan idazten dugunari esker mundu hobea eraikitzen laguntzen ari garela, modu xumean izanda ere.

Ez dakigu zein nolako jarraipena izan dugun zugandik, baina gure aldetik ikasturte honetako balorazioa oso ona izan da. 2017ko irailetik hona, guztira, 116.000 bisitaldi inguru jaso ditu gure blogak, itzelezko datua izan da aurtengoa ere bai! Aipamen berezia egin nahi diogu maiatzean egindako LGTBfobiaren kontrako sarrerari, 6000 bisitaldi baino gehiago izan baititu. Hau marka hau!

ESKERRIK ASKO!


Eta gaur, ekainak 21, Europako musika eguna denez, ikasturtea hasi genuen moduan amaitu nahi dugu: musikarekin! Ekarpena, honetan ere bai Mireneren eskutik, kasualitatea ote? Eskerrik asko horrenbeste gauza polit erakusteagatik! Ikusi, abestu, dantzatu eta gozatu!





Atseden eta indarrak hartu hurrengo kapitulua idazteko! Ikusi arte!


2017/10/20

LAU IZKIN ZIZTRINENGATIK


Kaixo balorezale hori!

Iaztik jarraitzen bagaituzu, aniztasunaren aberastasunari buruz behin baino gehiagotan hausnartu dugula jakingo duzu. Maiz saiatu gara zure ikaskideekiko harremanak sendotzen eta ezberdintasunaren aberastasunez ohartarazten.

Badakigu munduan ez zaudela bakarrik primeran dakizula, eta, seguruaski, momenturik onenetan beti partekatuko duzu zure poza lagunekin baina, gauzak txarto doazenean, ixten zara edo beraiek kontuanizaten dituzu? 

ELKARREKIN EGOERA TXARREI AURRE EGITEN sarreran ikusi genuen zein inportantea den besteen laguntza arazoei aurre egin ahal izateko. Hona hemen beste eredu bat ipuin baten bidez.





Zein pozik zegoen Laukitxoa ipuinaren hasieran, besteekin jolasten... zein ondo pasatzen zuen... mundu guztia bere laguna zen eta. Baina txirrina jotzean arazoa topatzen dute. Zertan datza problema hori? Patioa guztiontzako prestatuta zegoen baina, Etxe Handia guztientzako zen? Zer eskatzen zuen Etxeak bere barnera pasatu ahal izateko? 

Gure laguna ezin zenez pasatu, berak bakarrik hasi behar zuen konponbidea topatzen. Ahalegin ezberdinak egiten ditu baina ezin... Horrezkero borobiltxoak ere buru belarri jartzen dira konponbidea lortzeko eta hainbat aukera ematen diote Laukitxoari, baina ezin... Zure ustez, zein da Laukitxoren ideiek eta borobiltxoen ideiek amankomunean duten faktorea? Nork aldatu behar du beraien ustez? Bidezkoa da ezberdina denari ardura eta erantzukizun osoa bere gainean jartzea? Bidezkoa da "saia zaitez gehiago, esfortzatu gehiago" eskatzea bere partez ahal duen guztia jartzen duenari? Eskatzen diotena, posiblea al da? Laukitxoak alda dezake borobila izateko?

Azkenean borobiltxoak benetako arazoaz ohartzen dira... Zein da? Nola konpondu daiteke? Horixe! Atea aldatu behar da.

Egin dezagun orain esfortzua eta pentsa dezagun ea gure gizartean horrelako kasuak isladatzen diren. Bururatzen zaizu baten bat? Non gerta daiteke? Ikastolan? Kalean? Kirol taldean? ...

Askotan ezberdina denari aldatzea eskatzen diogu baina aldatu behar dena ez da bera, gizarteak, hau da, besteok egin behar dugu zer edo zer bera gure Etxe Handian sartu ahal izateko. Askotan arauak zorrotzegiak izaten dira eta oztopatzen dute besteen sarbidea.

Gogoratzen zara Lorenzoz eta bere lapikoaz? Norbait epaitu baino lehen gogoratu denok daramagula gure motxila, gure lapikoa alegia, eta inork ez duela motxila hori erabakitzen. Mendira goazenean, bidea oso luzea izan daiteke baina, lagunek, motxila eramaten laguntzen dute, helburua denok batera tontorrera heltzea eta han otarteko goxoa jatea baita. Eta ez lagun bat atzetik uztea.

2017/10/05

EZ FIDATU IKUSTEN DUZUNAZ...


Kaixo irakurle hori:

Iaz jarraitzen bazenuen blog hau, gaurko gaia ez zaizu ezezaguna egingo. Pasa den ikasturtean behin baino gehiagotan landu genuen aurreiritzien kontua. Zergatik etiketatu jendea ezagutu baino lehen? Edo zergatik aurrepaitu norbait informazio guztia ez badaukagu?





Pausuz pausu joango gara aztertzen bideoa. Ziur gaude hasiera batean barrea eragin dizula, atsoa kolpeka hasten denean paketetxoa eskuratu ahal izateko. Baina, jokabide zuzena izan al da hori? Uste duzu hori dela eta ekarri dugula hona bideo hau? Zelan jokatu horrelako egoera batean garrantzitsua den arren, hori ez da arrazoi nagusia. Kanpoko itxurarekin lotuta dago. Istorioaren amaiera ikusita, horrela izango zela uste zenuen istoria aurrera zihoan ahala? Nor uste zenuen izango zela erruduna, atso koitadua edo mutil "makarra"? Zergatik erabili ditugu kakotxak makarra hitzarekin? Suposatzen dugu zu ere mutilaren kanpoko itxura horrek engainatu zaituela eta bera zango zela erruduna pentsatu duzula. Zergatik? Zerk bultzatzen gaitu horrela pentsatzen? Aurreiritziak! Hor dago koxka! Ez gara ikusten dugunaz fidatu behar, ikasi behar dugu beste modu batean begiratzen, bakoitzak bere betaurrekoak ditu baina, askotan, oso zikin daude eta komeni da garbitzea. Ez duzu uste?

Jarraian, beste bideo bat. Ea zer nolako lotura aurkitu ahal diozun aurrekoarekin! Erne egon!





Guri gertatu zaigun moduan, beharbada ez zenion zentzua aurkitzen baina amaieran ondorioren bat atera duzula badakigu! Gauza asko lantzen dira eta! Hasieran ahalegina adierazten da, behin eta berriro harra saiatzen denean potetik ateratzen. Ez du amore ematen, nahiz eta porrotak eta kolpe handiak jaso; berak jarraitzen du ahalegintzen.

Mantis agertu denean, zelan interpretatu dituzu harraren aurpegiak? Ulertu al duzu eman nahi zion mezua? Eta zer deritzozu Mantisen jokaerari? Zuzena izan al da? Guri ezaguna egin zaigu egoera hau, zuen artean askotan gertatzen den arazoa da, bata besteaz trufatzea eta horrek arazoak ekartzea. Ez al digute irakatsi txiki-txikitatik besteak tratatu behar ditugula gu tratatuak izatea gustatzen zaigun moduan? Eta berdin dela zelan jokatu duten gurekin? Hori da, azken finean, harrak, tximeleta bihurturik, egiten duena. Ondo baino hobeto tratatzen du Mantis, nahiz eta berak berdin ez duen jokatu.

Amaitzeko gogotea txiki bat luzatu nahi dizugu: denok daukagu besteen erruak ikusteko itzelezko gaitasuna, baita besteen zorigaitzez barre egiteko ere, tamalez. Gogoratu hatzamar batez norbait seinalatzen duzunean, beste hirurek zu seinalatzen zaituztela. Beraz, ezer edo inor epaitu baino lehen, zeure buruaz kezkatu!


Ondo izan!