natura etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
natura etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2019/05/21

ZAINDU MAITE DUZUNA

Kaixo lagun hori:

Duela egun batzuk bideo hau jaso nuen (eskerrik asko Jone!) hemen publikatzeko. Gustatu zitzaidan ideia laster, eguraldi ona hasten denean, guztiok joango garelako hondartzara. Bideoa ikusi ondoren, beharbada beste modu batez jokatuko duzu aurrerantzean.





Ulertzen duzu ume hauen haserrea? 30 urtetan itsasoetan plastiko gehiago egongo da arrainak baino! Ez al da beldurgarria datu hori? Beste datu bat oso penagarria da arrainek guk botatako plastikoa jaten dutenez, arrain horiek guk jaten ditugunean jaten dugula guk botatako plastiko hori... Imaginatu ahal duzu zenbat den 165 milioi tona? Nik ez... Ez naiz gai irudikatzeko, asko da eta... Pertsona batzuek plastikoak biodegradagarriak diren aitzakia erabiltzen dute, baina ume hauek ematen dizkiguten datuak harrigarriak dira. 1000 urte behar dira plastikozko botila bat desagertzeko.

Datu hauekin, hemendik aurrera eta batez ere uda honetan hondartzara zoazenean, beste modu batez jokatzea espero dut. Ba al dakizu zer egiten dudan nik hondartzara joaten naizenean? Harearekin jolasteaz aparte, ertzetik paseatzen noan bitartean, ikusten ditudan sastar guztiak jasotzen ditut eta zakarrontzira botatzen ditut itsasora joaten saihesteko. Beraz, aspertzen bazara badakizu zer egin dezakezun planeta salbatzeko eta 12 urte horiek luzatzeko!

Villabonako udalak pasa den astean argitaratu zuen gai honekin lotutako bideoa "Zaindu maite duzuna", Kattalin Zubizarretaren kantuarekin eta Mr. Euskaldunen marrazketarekin. Ikusi eta entzun!





Abestiak dena dio, gutxi gehitu ahal zaio. Horixe ba, guztion eskuetan dagoela lurraren etorkizuna!

Hurrengora arte!


2018/06/08

INGURUMENAREKIKO ERANTZUKIZUNA 2018

Kaixo balorezale,

Ekainarekin bat uda eta ikasturtearen amaiera datoz, baina baita oso egun garrantzitsu batzuk ere. Aste honetan, hain zuzen, Ingurumenaren eta Ozeanoen Mundu Egunak ospatzen dira (ekainaren 5ean eta 8an hurrenez hurren). Iaz, bi egun hauen berri emateko "Ingurumena: altxor mugatua" idatzi genuen zurekin partekatu eta eztabaidatu ahal izateko.

Aurten, erakundeek, lotu dituzte egun biak eta "Plastikorik gabeko Planeta" lelopean izendatu dute. Suposatuko duzunez, munduan dagoen plastiko hondakinekin bukatzeko nahiarekin lotuta dago eta gaiari sarrera emateko lehenengo bideoari ekingo diogu:




Ziur gaude zenbait daturekin aho bete hortz geratu zarela. Bazenekien 8,7 milioi espezie mota ezberdinak zeudela? Eta urtero 500 mila milioi plastikozko poltsak erabiltzen zirela? Guri gehiegi iruditu zitzaigunez informazio hori, zurekin partekatu nahi ditugun kalkulu batzuk egin genituen:

Lurra planetak, gaur egun, 7442 milioi biztanle ditu eta, bideoaren arabera, denon artean 500.000 milioi poltsa erabiltzen ditugu, hots, unitatera laburtuz gero, munduko pertsona bakoitzak, urtean zehar eta batez besteko, 67 poltsa gutxi gorabehera erabiltzen dituela esan nahi du. Gure inguruan nola erabiltzen diren ikusita, ez du hainbeste ematen... Agian hobeto erabiltzen ikasi beharko genuke, ez duzu uste? Ideiaren bat duzu? Ozenki partekatu nahi ez baduzu, gogora ezazu behean 👇🏼 iruzkinak uzteko aukera duzula.

Lehenengo bideoan esandakoarekin lotuta doa bigarren hau:




Lehen bezala, harrituta geratu zarelakoan gaude. Bazenekien plastikozko uharte bat zegoela? Eta bere tamaina hain handia izango zenla? Seguru aski, guk lez, plastikozko poltsen historia ez zenuen ezagutzen. Orain dela 50 urte ia ez zegoen plastikozko poltsarik baina gaur egun, urtero bilioi bat poltsa ekoizten dira. Lehen egindako kalkuluak egokitu ondoren, pertsona bakoitzeko 134 poltsa inguru fabrikatzen dira urtero, hau da, hiru egunetik behin poltsa berri bat. Datu kezkagarriak dira benetan...

Bideo bietan oso aholku ona ematen dute, botatzeko plastikoa bada, atzera bota! Eta noski, ahal izatekotan, lagundu behar dugu gure ozeanoak garbitzen. Ildo honetatik, iaz hainbat kanpainatan, 1200 bolondres baino gehiago hartu zuten parte hondartzak garbitzen Penintsula osoan eta Getxoko Ereaga hondartzan, adibidez, hainbat plastiko tonak batu zituzten. Txalo bero bat zuentzat, lagunak, zuek bai zaretela gure heroiak!

Gero eta plastiko gehiago erabiltzen dugu eta, askotan, ez ditugu ezta birziklatzen ere eta, noski, horrek gure ingurumenaren kutsadura eragiten du. Jarraian datu harrigarri batzuk eman nahi dizkizugu:




Harrigarria ezta? Kontuan hartzeko datuak dira gero! Are gehiago hurrengo bideoan ematen den informazioarekin lotuz gero...




Datuek beraiek hitz egiten dute eta, horregatik, azkenengo bideoei ekingo diegu. Lehenengoa gaurko egunaren aldeko kanpaina batena da eta azkenak mezu argi-argia dauka guztiontzako... Ikus ditzagun:




Hauxe bai janari goxo-goxoa, ezta? Nazkagarria benetan... Eskerrak jende gaztea kontzientziatzen hasi den eta proiektu interesgarri aurkezten ari den! Adibidez, Begoñazpi ikastolako ikasle batzuek Dropsea's proiektua planteatu zuten, bertan ontzi biodegradable eta animalientzako jangarri diseinatzen zuten besteak beste ozpina, Maizena eta glizerinaz eginda. DBH4ko Maddi Castaños, Candela García, Nahia Crespo eta Joane Garzón ikasleak dira egileak, zorionak neskak, lan itzela! Espero dugu aurrera ateratzea Dropsea's!




Planetak behar gaitu, ez gaitezen alferrak izan eta jar gaitezen martxan plastikorik gabeko mundu baten alde!

Asteburu ona izan!

2017/06/07

INGURUMENA: ALTXOR MUGATUA


Kaixo balorezale hori!

Ikasturtearen amaiera hurbiltzen bada ere, ekaina hilabete garrantzitsua da hainbat kontu aldarrikatzeko. Aste honetan, hain zuzen, bi egun berezi izan ditugu, biak Naturarekin lotuta daude eta horrekiko zainketa eta ohitura onak geure baloreen artean daudenez, haien berri eman nahi dizugu.

1973. urtean Nazio Batuetako Batzar Nagusiak ezarri zuen  ekainaren 5a Ingurumenaren Munduko Eguna. Egun honen helburua biztanleak ingurumenarekin lotuta dauden gaiei eta arazoei buruz sentsibilizatzea da, denok izan gaitezen garapen jasangarriko eragile aktiboak eta etorkizuna seguruagoa izan dadin.

Aurtengo leloa "Ni naturarekin bat" izan da. Bota dezagun ideia zaparrada leloaren inguruan. Zuretzako zer esan nahiko du leloak?




Horixe da! Aire zabalera irtetera eta naturaguneetan barneratzera animatzen gaitu leloak, horrela, haren edertasuna eta balioa aintzat har dezagun, bai eta Lurra, guztion etxea, babesteko deia bultzatzera ere.

Gurekin bat etorriko zara ingurumena zaintzea oso garrantzitsua dela eta, izenburuan esan dugun moduan, altxor mugatua dela, hau da, gure eraginagatik hobetu edo okertu daiteke. Goazen bideo bat ikustera gure eragina ingurumenean zein den hausnartzeko. Agian ezaguna egingo zaizu...




Ikusi duzunez, badaukagu erantzukizun handia gure planetaren etorkizunarekin. Teoria badakigu, orain praktikan jartzea baino ez zaigu falta... Ezer gutxi!

Bigarren Nazioarteko Eguna Ozeanoena da eta ekainaren 8an ospatzen da. Jakingo duzuenez, gure planetari, Lurra izenaz gain, Planeta Urdina izendatzen zaio, espaziotik urdin kolorea besteak baino askoz nabarmenagoa delako. Zergatik? Bai horixe! Lurra planetaren azalaren lau bostenak, gutxi gorabehera, urez estalita daude. Baina ez zaitez nahastu, horrek ez du esan nahi planetaren masaren %71a ura denik, %0,002 baizik. Hurrengo irudiarekin hobeto ulertuko duzulakoan gaude:




Ziur gaude aho bete hortz geratu zaretela, guri gauza bera gertatu zitzaigun irudia topatzean. Eta horrela geratuko zara ere hurrengo albistea ikustean. National Geographic-eko argazkiak erabiltzen, bideo bat argitaratu dute. Baina non dago berezitasuna? Dakizunez, gure planetaren kutsadura mailak ez baditugu jaisten, laster tenperatura altuagoa izango da eta egoera solidoan dagoen ura, urtzeko arriskua nabaria izango da. Hori gertatuko balu, itsasoen altuera igoko litzateke, eta horren ondorioz... tira, ikus dezagun bideoa hobeto ulertzeko. Bakarrik pista bat emango dizugu: bideoan agertuko diren hiriak ezin genituzke bisitatuko.




Harrigarria eta kezkagarria benetan... Eskerrak hainbat herrialdetako politikariak arduratuta dauden eta aldaketa klimatikoaren kontra lan egitearen konpromezua hartu nahi duten! Hemendik ildo horretatik jarraitzera animatzen ditugu eta zaitugu, zuk ere zer esanik badaukazulako. Beno, zer esanik baino, zer eginik! Primeran dakizu zer egin behar duzun ingurumena eta itsasoa babesteko eta zaintzeko; beraz, ez izan alferra eta lagundu!

Bukatu baino lehen, ozeanoen inguruko bitxikeria bat partekatu nahi dizugu. Jarraian ikusiko duzun bideoan, gure planetaren beste berezitasun miresgarri bat ikasiko duzu. Ez al du merezi daukagun altxorra zaintzea?





Txunditurik geratu zarela ziur gaude, baina amaitzeko daukagun bideo hau ez da atzean gelditzen,  hunkigarria da eta! Naturaren irudi maitagarriz eginda dago. Horiei ezin aproposagoa den abestiaren letra erantsi zaio eta gaurko sarrera borobiltzeko eso egokia deritzogu. Luzatu barik, bideoarekin uzten zaitugu, gozatu!