indarkeria etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
indarkeria etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2018/05/03

EZ BETI DA EZ


Kaixo balorezale!

Pasa den asteari amaiera eman genion albistea berreskuratu nahi dugu, gaurko sarrera honetan sakontzeko asmoz. Pil-pilean egon da azken egunotan kontu hori eta oraindik horren oihartzuna nonahi entzuten da. Oro har, gizartea sutan dago epaileek ezarritako sententziarekin. Ziur albistegietan eta sare sozialetan honen kontrako mezuak ikusi edota entzun dituzula. Anitzak izan dira guk geuk jaso ditugunak ere bai.

Herenegun ere honekin funtsean lotuta dagoen gaia jorratu genuen, eskola jazarpena. Biak jazarpen mota desberdinak dira, baina jazarpenak azken finean eta indarkeri edo bortizkeriaren barruan sar genitzake, ez duzu uste?

Hurrengo bideo hau onespenetan datza. Te kikara batekin primeran azaltzen du, eta bideoaren hasieran zein amaieran sexu-harremanekin konparatzen du. Guk ekarri dizugu uste dugulako edozein harreman motatan aplikagarria delako. Ikusi eta entzun arretaz:





Aparta azalpena, ezta? Ziur gaude tearen adibidea arazo barik ulertu duzula eta momenturen baten barre egin diozula ere bai. Normala da, egoera batzuk nahiko komikoak eta erridikuluak baitira. Baina, eguneroko harremanetan horrelako egoerak ikusten ditugu, tamalez. Adibidez, haserretzea norbaitek momentu batean ezetza ematen digulakonahiz eta beste momentu batean kasu egin digun; edo pertsona batek aurretik esandakoaz iritziz aldatzen duelako... 

Eremu guztietan, egoera guztietan, adin guztietan, ez beti da ez eta errespetatu behar da baldintzarik gabe. Ezetza jasotzeak dakartzan frustrazioa eta amorrua gestionatzen eta onartzen ikasi behar dugu. Eta bakarrik ez bagara gai, laguntza eskatu beharko dugu.

Asteburu ona izan!


2018/02/23

OSTEGUN BELTZA

Kaixo balorezale,

Askotan idatzi dugu kirolari buruz eta, horren inguruan hausnartuz, hainbat balore plazaratu egin dira (solidaritatea, laguntasuna, umiltasuna, zintzotasuna...). Aste honetan, aldiz, beste ikuspegi batetik begiratu behar dugu kirolarekin lotuta dagoen egoera bat.

Bart, Athletic-ek Moskuko Spartak-en kontra jokatu zuen UEFAko Europa Leaguen. Astean zehar hainbat abisu egon dira zale errusiar extremisteei buruz eta beraien gaiztakeriak nolakoak diren ikusteko aukera anitz izan ditugu komunikabide guztietan, baita sare sozialetan ere. Oso zaila izan da ezer ez ikustea.

Herenegun, Bilboko bi ikastetxek, San Mamesetik gertu daudenez, eskolaz kanpoko ekintzak, eta baita klaseak ere, bertan behera uztea gomendatzen zuten, errusiar zaleekin arazoak egotekotan umeak arriskuan egon ez zitezen.

Hiriburuko kaleetan ehunka polizia ikusi ditugu, ia-ia borrokarako prest, zale euskaldunak zein errusiarrak gaiztoengandik babestu ahal izateko. Bai lagun, errusiarrak ere, astelehenetik gure artean hainbat Spartakzale egon baitira Bilboz gozatzen inori kalterik egin gabe eta, noski, beraien segurtasuna ere jokoan zegoen. Zergatik? Hemengo zalegoaren parte bat ere extremista delako eta borrokatu nahi omen zuen.

Gauzak horrela, partidua hurbildu ahala, iskanbilak sortu egin ziren Gasteizen zein Bilbon. Azkenean, partidua hasi baino lehen, irudi penagarri eta triste baino tristeagoak ikusi ziren. Su artifizialak, kolpeak, irainak... liskar galanta egon da San Mames alboan eta, partiduaren atsedenaldian, berri tristeena jaso genuen, Ertzain baten heriotza, hain zuzen. Antza, ez zen kolpe baten ondorioz izan, baina berdin dio. Zer dela eta pertsona bat hil behar da kirol ikuskizun batengatik?

Irudi hauek, guretzat, iraganeko irudiak ziren, baina ez da horrela. Kirol profesionala eta bertan sortzen den norgehiagoka aitzakia baino ez da liskartientzat eta hauek astero plazaratzen dute beraien krudeltasuna munduko bazter guztietan. Gauza bakarra dago argi: kirol ikuskizunetara borrokatzera doazenek ez dute kirola edo taldea maite, bakarrik indarkeria, eta gure zelaietatik eta kaleetatik at egon beharko ziren. Berdin dio errusiar, ingeles, espainol edo euskalduna izatea. Beraientzako lekurik ez da egon behar.

Pasa den urtean aurkeztu genizun moduan, indarkeriari txartel beltza atera behar zaio:


Resultado de imagen de indarkeria kirola


Orain, alde batera utziko dugu "kirola" eta gure nagusiengana hurbilduko gara.

Atzo goizean, estatuko hiriburu nagusietan, erretiratuak kalera atera ziren pentsio duinak eskatzera. Azken 5 urteotan, guztira, beraien bizizaria %1,25a baino ez da igo, hau da %0,25 urte bakoitzean.  IPCak (gauzen prezioa), aldiz, %2,1a igo da 2013tik hona, hori elektrizitatearen eta gasaren prezioa kontuan hartu gabe.
Zer esan nahi du honek? Demagun 2013an erretiratu batek 600€ko pentsioa zeukala. Bere pentsioa, gaur egun, 607,5€koa izango zen eta, noski, 7,5€k ez du ematen gauza guztien prezioen igoerak ordaintzeko.

Gure nagusiek gero eta pobreagoak direla salatu nahi dute eta bizitzaren prezioaren igoera bera beraien pentsioak izateko eskatzen dute.

Hemendik, gure solidaritatea eskaini nahi diegu nagusi guztiei. Ba al da posible, bizitza osoa lan egin eta gero, zergak ordaindu ondoren, hain pentsio baxuak izatea? Nola bizi daitezke gure aiton-amonak? Nork bermatzen ditu beraien eskubideak? Madrilgo gobernutik, gainera, irain bat jaso egin dute orain dela gutxi. Presidentearen hitzetan, bizitzan zehar aurreztu behar da jubilaziorako. Eta hori dio pentsionisten itsulapikoak, guztion artean bete dugun hori, bankuak eta entrepresa pribatuak salbatzeko husten duen bitartean. Hura bai komiko ona. 

Blog txiki honetatik omenaldia egin nahi diegu nagusiei. Zuek bai izan zaretela eredu aparta giza eta langileen eskubideak lortzeko borrokan. Zuen alde gaude. Gora nagusien borroka!


Imagen relacionada

Resultado de imagen de pensionistas bilbao

2018/01/29

URTARRILAK 30: INDARKERIAREN KONTRAKO ETA BAKEAREN ALDEKO ESKOLA-EGUNA

Kaixo irakurle hori!

Berriro urtarrilak 30 eta Mahatma Gandhiren heriotzaren urteurrenarekin batera, Indarkeriaren kontrako eta bakearen aldeko eskola-eguna ospatzen da. 

Iazko sarreran, besteak beste, egunaren jatorria azaldu genizun. Gaurkoa, oso xumea izango da baina ezin dugu pasatzen utzi egun hau.  Egia esan, gaurko eguna ospatzeko, eskola askotan arraza, kultura eta erlijio desberdinetako pertsonentzako, bakea eta ulermenaren aldeko ekimenak egingo dira. Ez dago gaizki, ez. Baina gure ustez, haratago doa kontua. Hori dela eta, baloreak lantzeko blog honetatik, jakinarazi nahi dugu bizi garen mundua aldatzeko gai izango den hezkuntza eraldatzaile baten alde lan egiten dugula astero hemen argitaratzen dugun sarrera bakoitzarekin. 

Bide batez, aprobetxatu nahi dugu geure argitalpenekin lanean diharduten hezitzaile guztiak zoriontzeko eta jarraitzen animatzeko.

Oso irudi esanguratsu batekin amaitu nahi dugu sarrera hau. Bansky artistarena da eta gatazkaz beteriko mundu batean zoriontsu eta baketsu bizitzea posiblea dela adierazten du. Bakea norberaren esku dago.


2017/11/23

AZAROAK 25: EMAKUMEEN AURKAKO INDARKERIA DESAGERRARAZTEKO NAZIOARTEKO EGUNA

Kaixo balorezale,

Hemen gaude berriro ere ospatu nahi ez dugun egun batekin. Iaztik jarraitzen bagaituzu, orain dela 36 urte egun hau aldarrikapen honen egun ofizialtzat ezarri zela jakingo duzu. Bai horixe, 1981. urtean ezarri zuten munduari 1960. urtean Miraval aizpeei gertatutakoa gogorarazteko. 

Aurten ez zaitugu gogaitu nahi hainbat datuekin, horregatik, jarraian bideo batzuk aurkeztuko dizkizugu, lehenengoa Suedian grabatutako gizarte esperimentua da, gaurko gaiarekin zerikusi zuzena duena:




Zelan da posible inork ez sartzea egoera hori gelditzeko? Zergatik uste duzu horrela jokatzen duela jendeak? Ziur erantzunen artean “beldurra” hitza ahoskatu dela. Zeren beldur dira? Zelan geldituko ziren pertsona horiek pentsatzean ez dutela ezer egin laguntzeko? Horrelako egoerak salatu eta gelditu behar dira, beldur barik!

Baina, non ote dago arazoaren funtsa? Batzuen ustez emakumeen arazoa baino ez da, ezta inola ere! Hau gizartearen arazoa da eta, hortaz, emakume zein gizon sartuta gaude. Zorionez, gero eta inplikazio gehiago dago gizonengandik, baina gehiago behar da eta, gure ikuspuntutik, funtsezkoa da ere bai txikitatik berdintasunaren bidean heztea. Ikusi hurrengo bideoa eta hobeto ulertuko duzulakoan gaude:





Txiki-txikitatik, berdintasunean hezituak izaten bagara eskoletan zein etxean, arazo asko saihestuko ditugu etorkizunean.

Hurrengo bideoa motz-motza da eta indarkeria jasaten duten biktimei laguntasuna erakutsi nahi die:





Denok zu… Bai horixe!! Hori da Goa!zenen lagunen azken bideoklipa. Pasa den ostiralean making-off-a luzatu ziguten kapituluaren amaieran. Haiek ere aldarrikatu nahi dute: ez beti da ez, indarkeria sexistarik ez! Entzun zelako mezua eman nahi diguten:




Denok zu, mutila ala neska berdin du… Munduan zehar libre izan… 

Zelako gogoeta politak kantu honetakoak. Ea itxaropen kantua bihurtzen den eta belaunaldi gazteak hasten diren arazoaz jabetzen eta aurre egiten. Horixe espero dugu! Ea urte batzuk barru ez dagoen egun honetan aldarrikatzerik… Denon esku dago eta ez dago aitzakiarik!

Amaitzeko, Bizkaiko Foru Aldundiaren kanpainia luzatzen dizugu. Emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunetan oinarrituta dagoen gizarte batean bizi gara, eta desberdintasun hori hainbat modutan islatzen da. Hori dela-eta sentsibilizazio kanpaina garatu dute hurrengo ideiekin:
  • Ez nazazu gehiago maitatu, maitatu nazazu hobeto
  • Ez naiz zurea, nirea naiz
  • Emakume baten atzean beti dago emakume handi bat

Mezu hauekin batera hiru emakumek sortutako ilustrazioak daude eta bideotxo honetan bildu dira:





Ikusi duzunez, irudiek laguntza bisual handia eskaini diete mezuei eta indarkeria matxistak sortzen duen Giza Eskubideen urraketaren aurkako borrokan aurrerapauso bat da.

2017/03/11

M-11


Kaixo irakurle hori!

Edozein indarkeria motaren kontra gaudenez blog hau kudeatzen dugunok, gogora ekarri nahi dugu gaur duela 13 urte Madrilen gertatutakoa. Oso sarrera xumea izango da baina ezin dugu horrelako basakeria aintzakotzat hartu.

18 urte baino gutxiago baduzu, agian ez dakizu zertaz ari garen. Hitz gutxitan azalduko dizugu: Madrilgo aldirikoen tren sareko 4 trenetan egindako eraso terroristak izan ziren egun horretan. Espainina eta Europan egindako atentaturik handiena, goizeko zortzietan ia-ia aldi bereko 10 lehergailuk eztanda egin zuten lau trenetan. 191 lagun hil eta 1.700 baino gehiago zauriturik suertatu ziren. Datu gutxi hauekin irudikatu ahal duzu zelako drama izan zen hura... 

Elena Bugedo abeslariak "De Madrid al cielo..." abestian azaltzen du oso ondo gertatutakoa modu goxo-goxoan. (Eskerrik asko Leirebh!) Entzun dezagun!  





Hauxe izan da geure omenalditxoa eraso hau, modu batean edo bestean, jasan zutenei.


2017/01/30

URTARRILAK 30: INDARKERIAREN KONTRAKO ETA BAKEAREN ALDEKO ESKOLA-EGUNA


Kaixo!

Gaurko eguna ezin zaigu oharkabean joan, egun berezia da eta gaurko sarrera aprobetxatu nahi dugu hausnartzeko eta zerbait ikasteko ere bai, zergatik ez!!

Izenburuan isladatu dugun bezala, gaur, hilak 30, indarkeriaren kontrako eta bakearen aldeko eskola-eguna da. Urtarrilak 30ean, hezkuntzan azpimarratu behar diren baloreen artean tolerantzia, elkartasuna, konkordia, Giza Eskubideen errespetua, indarkeria eza eta bakea daude. Ez da ahuntzaren gauerdiko eztula, ez! Egun honetan eskolak, arraza, kultura eta erlijio desberdinetako pertsonentzako, bakea eta ulermenaren aldeko baliabideak izango dira. Baina, bakarrik egun bateko ospakizuna izan behar da? Penagarria da horrelako egun bat leku berezia behar izatea. Zure ustez, zer esan nahi du horrek?

Zer dela eta data honetan? Egun horretan Indiako lider nazionala eta espirituala izan zen Mahatma Gandhiren heriotzaren urteurrena ospatzen da, Indiar integrista batek 1948 urtean tiroz erail zuen. Baina... Nor izan zen gizon hori? Mohandas Karamchand Gandhi Indian 1869 urtean jaio zen eta munduko bakezaletasunaren ordezkari nagusiena da.

Hurrengo bideoak oso ondo azaltzen du bere bizitza:




Egunaren historia, jatorria eta Gandhiren bizitza aparte utzita, elkarbanatu nahi dugu zurekin bideo bat, irakaspen handikoa hain zuzen ere. Gerra batean izandakoa da protagonista eta "Imagine", bakea sinbolizatzen duen John Lennon-en kanta, abestuko du. Horrela azalduta, ez dirudi oso erakargarria izango denik, baina bere hitzak entzuterakoan, ziur gaude zentzua ulertuko duzula. Ikus dezagun!




Beharbada urrun samar gelditzen zaigu adibide hau... Horregatik hurrengo bideoa ekartzen diguzu, geure eguneroko bizitzan hurbilago dagoena.




Haur txikien kontua dirudien arren, hau adibide oso hurbila dugu, zoritxarrez horrelakoak ikasleen artean maiz gertatzen baitira, eta hortik abiatu beharko zinateke indarkeriaren kontra borrokatzeko eta bakearen aldean jokatzeko.

Bukatu baino lehen Eduardo Galeano idazlearen oso esaldi adierazgarria partekatu nahi dizugu:




Bururatzen zaizu zer egin dezakezun zuk mundua aldatzeko?

Emakume talde hau hasi da zerbait egiten, milaka emakume judutar, musulman eta kristau 200 km-ko martxa egin zuten pasa den urrian munduko bakea aldarrikatzeko nahian. Hona hemen bideo eta kantu hunkigarri hau:




Itxaropen kantu hau egia bihurtu dadila!!

2016/11/23

AZAROAK 25: EMAKUMEEN AURKAKO INDARKERIA DESAGERRARAZTEKO NAZIOARTEKO EGUNA

Kaixo!

Gaur, azaroak 25, emakumeen aurkako indarkeria desagerrarazteko nazioarteko eguna ospatzen da. Telebistako eta egunkarietako albisteetan oilo-ipurdia jartzen diguten datu ikaragarriak entzungo ditugu indarkeria mota honi buruz. Baina ez dugu horrekin bakarrik gelditu behar. Batzuk pentsatuko dute helduen kontua soilik dela, baina ez da horrela, heziketa txiki-txikitatik izan behar baita. Gaia sakonki landu nahi dugu, horregatik egun honetaz apur bat gehiago jakiteko eta horri buruz pentsarazteko prestatu dugu gaurko sarrera hau.

Egunaren historiarekin has gaitezen: 

Zergatik egun hau? Dominikar Errepublikan 1960ko azaroaren 25ean, Trujillo diktadoreak, Mirabal ahizpak (Minerva, Patria eta MarĂ­a Teresa) hiltzeko agindua eman zuen bere erregimenaren kontra borrakatzeagatik. Horrela, egun honetan, Mirabal ahizpei omenaldia egiten zaie.

1981ean, Bogotan (Kolonbia) Hego Ameriketako eta Karibeko Feministen Topaketan, onartu zen Dominikar Errepublikako batzordeak egindako proposamena emakumeen kontrako indarkeriaren eguna ofiziala azaroak 25a izatea. Ikusten duzunez, arazo hau ez da gaur egungoa bakarrik, aspalditik dator. Duela 35 urte sortu zen emakumeenganako indarkeriaren aurkako mugimendua, baina arazoa beti egon da nahiz eta ezkutuan izan eta inork salatu ez.

Tristea benetan horrelako egun bat leku berezia izatea geure egutegian. Ez zen existitu beharko gaur egiten den aldarrikapena. EZ! Lotsagarria eta penagarria edozein bortizkeria desagerrarazteko eskatu behar izatea... 

Jarraian, gaurko gaiarekin albiste erreal pare bat luzatzen dizugu:

  • Lehenik, indarkeria mota honen hasieraren berri ematen diguna.




  • Eta hau, tratu txarrak jaso zituen emakume baten adierazmena, aholkuak eta itxaropen mezua:





Konturatu zara hemen beste indarkeria mota bat aipatzen dela? Indarkeria hitza erabiltzen dugunean, ez da fisikoa soilik adierazteko, indarkeria psikologikoa ere existitzen da, eta askotan fisikoa baina gaitzagoa gainditzeko. Zorionez, azken albistearen kasuan bezala, aurre egin ahal zaio eta gaindi daiteke.

Gai honetan pittin bat gehiago sakontzeko eta hausnartzeko, zugandik hurbilago egon daitekeen egoera baten bideoa proposatzen dizugu jarraian. Ikusi bitartean, pentsa zelako erantzuna izango zenukeen zuk, berdin da neska zein mutila zaren. Erne egon!!





Lehen adierazi dugun moduan, berdin da neska zein mutila zaren, zer erantzungo zenuke zuk zure lagun bat jipoitzeko agintzen badizute? Berdin jokatuko zenuke jipoitu behar duzuna neska zein mutila izanda ere? Gustatu zaizkizu haur hauen erantzunak? Bat aukeratu behar izatekotan, zein izango zen?

Jarraituko dugu irudi batekin. Ziur zure zentroko pasabideetatik ikusi duzula. Baina... gelditu zara une batez pentsatzeko zer esan nahi duen esaldi horrek? Zergatik neska horiek ez dute ausartak izan nahi? Inportanteagoa al da askatasuna ausardia baino? Noski! Askatasuna badugu, ausardia ez dugu beldurraren kontra erabili behar izango!




Beldur barik programak hainbat ekintza antolatzen ditu emakumeek izan dezaketen beldur hori kentzeko. Besteak beste, bideoklipen lehiaketa genero indarkeria salatzeko. Hainbat ekimen eta topaketa bultzatzen ditu ere bai.

Puntu morea ezarri nahi dugu hemen. Puntu moreak adierazten du edozein indarkeria motaren aurka egotea. Eta gu, horren kontra gaude, argi eta garbi utzi nahi dugu geure desadostasuna.




Athletic-ek bere aldarrikapena egiten du ere bai, neskek zein mutilek modu adierazgarri batean azaltzen digute ez dela ezetz. Erne, ikusi!





Musikarekin amaitu nahi dugu gaurko aldarrikapena, beste ezetz batekin, Esne Beltza taldearena. Oso adierazgaria abestia zein bideoklipa. Irudikatzen duena inoiz ez suerta dakizun espero dugu.





EZ DA EZETZ, ETA KITTO!