internet etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
internet etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2019/05/17

ASKE IZAN!

Denbora luze da hemendik pasatu gabe, baina gaurko eguna garrantzitsua da LGTBI FOBIAREN KONTRAKO NAZIOAREKO EGUNA ospatzen baita. Eusko Jaurlaritzatik egun inportantea izendatu dute aniztasun afektibo sexuala gaia eskoletan jorratzeko, gaiari buruzko gogoeta eginez eta prebentzio neurriak hartzeko beharrizana plazaratuz.

Egun honen jatorria gehiagotan plazaratu da blog honetan, baina geure burua kokatzeko laburpentxo bat egitea ez dago soberan:

1990ko maiatzaren 17an Munduko Osasun Erakundeak (MOE) homosexualitatea buruko gaixotasunen zerrendatik kanpo utzi zuen. Beraz, aurten 29 urte pasako dira erakunde honek erabaki hori hartu zuenetik. Azken finean, homosexualak gaixoak zirela esateari utzi zionetik. Izan ere, garai luze batean, gaixoak izateaz gain, gaizkileak ere baziren. Harrezkero, urtero, maiatzaren 17a LGTBIQfobiaren Aurkako Nazioarteko Eguna aldarrikatzen da. Aldarrikatu hitza idatzi dut, eta ez ospatu, aldarrikatzen eta borrokatzen jarraitu beharra dagoelako, nahiz eta dagoeneko 29 urte pasa diren.

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak Bai, baudazkagu erreferenteak materiala sortu du Berritzegune Nagusiarekin batera. Baina ez dira bakarrak honen inguruko informazioa luzatzen dutenak; izan ere, STEILAS sindikatuak ibilbide luzeagoa dauka gai honetan. Hona hemen materiala.

Ondo dago materiala eskura izatea, baina askoz garrantzitsuagoa da guztion inplikazioa. Zentro eta etxe guztietan derrigorrez lan egiteko gaia da. Sexo edo genero identitatea aukeratzeko pertsona guztiok dugun askatasunari eraso egiten dion edozein iritzi, jarrera edo jokabide lesfobiko, homofobiko, transfobiko edo bifobikoren aurka jo behar dugu guztion artean.

Hemendik ere ekarpen txiki bat egin nahi dut bideo honekin. LGTBIfobiaz aparte, gaur ospatzen den beste egun batekin dauka lotura, Nazioareteko Internet egunarekin hain zuzen ere:





Zelako amaiera espero zenuen zuk? Gehiengoa amaiera ona susmatzea espero dut, horrek esan nahiko luke bide onetik goazela.

Ikusi duzunez Interneten erabilera egokia eskaini digu bideoak, sare sozialak modu onuragarrian erabil daitezkeela jakinaraziz. Horretan ere indarra egin behar da zentruetatik ikasle zein irakasleen konpetentzia digitala lantzen. Badira ekimen isolatu batzuk eredugarriak direnak, baina sistematizatzeko gaia da eta bide luzea dugu aurretik. Zerbait gehiago jakin nahi izanez gero honen inguruan (ikasle zein irakasle berdin da), hemen asmoz.org-k egindako materiala luzatzen dizugu. Informazioaz aparte, ariketak egiteko aukera ere badago. Saiatu eta ebaluatu zeure burua!

Asteburu ona izan eta hurrengora arte!


2018/05/17

NAZIOARTEKO INTERNET EGUNA

Kaixo irakurle internauta!

Gaur ere Internet nazioarteko eguna da. Internet Eguna 2005eko urriaren 25ean ospatu zen aurrenekoz, Internet Erabiltzaileen Elkarteak bultzaturik. Urte hartako azaroan, Informazio Gizartearen Gailurreko parte hartzaileek, maiatzaren 17a Informazio Gizartearen Nazioarteko Eguna izendatzeko eskatu zioten Nazio Batuen Erakundeari (NBE). Ondorioz, 2006az geroztik Internet Eguna (Espainiakoa) data horretan ospatzen da.

Internet Eguna hainbat lekutan ospatuko da. Benetan al da "Nazioarteko"? Internet Eguna Espainiako Estatuan ospatzen da. Baita Amerikako herrialde batzuetan ere, Kolonbian eta Mexikon, esaterako. Gaztelaniaz bizi dira herrialde horiek guztiak. Eta gainerakoetan zer? Frantzian bai, han ospatuko dute FĂȘte De L'Internet edo Internet Eguna, maiatzaren 13tik 18ra bitartean. Baita Belgikan ere, hilaren 17tik 21era bitartean. Ekimen zabalagoen artean Safer Internet Day azpimarra daiteke, Europako Batasunak ezarri zuena 2004an eta hemen horren berri eman dizuguna azken bi urteotan. Otsailaren 12an ospatzen da, eta Internetek dituen arriskuen aurrean zein neurri har daitezkeen erakustea du helburu, gazteei zuzendurik bereziki.

Ez dirudi Internet Egunak herrialde guztietan arrakasta duenik baina, tira, Internetek eskaintzen dituen abantailez eta planteatzen dituen erronkez hausnartzeko balio du... Gure ustez, ospatzekoa da, tresna potente, lagungarri eta baliogarria baita. Berari esker sarrera hau ikus dezakegu, adibidez. Baina kontuz ikasi behar dugu erabiltzen, emandako aholkuak kontuan izanik.
Hona hemen denbora-lerro batean Internetek izan duen eboluzioaren bideoa:





Ikusten duzunez, Historian bezala, urratsak gero eta handiagoak dira eta gero eta azkarragoak!

Jarraian, Interneten aritzeko netiketa aurkeztu nahi dizugu. Zer esan nahi du hitz horrek? San Inazioko Intxixu ikastolako LH5eko ikasleek primeran azalduko dizute Stop Motion teknikaz egindako bideoan!





Ezagutzen zenituen arau hauek guztiak? Errespetatzen dituzu? Hemendik aurrera Internet munduan zelan ibili badakizu, ez daukazu aitzakiarik behar bezala jokatzeko!

Sarrera hau tresna potente honen inguruan zerbait ikasteko balio izana espero dugu!

2018/02/06

OTSAILAK 6, INTERNET SEGURUAREN NAZIOARTEKO EGUNA


Kaixo jarraitzaile zibernetiko hori!

Internet seguruaren eguna dugu gaur eta, iaz bezala, geure ekarpena plazaratu nahi dizugu.

Internetera konektatzen diren gailuak eta gailuon erabilera izugarri ugaldu da azken urteotan. Gauzak horrela, gazteek sare sozialak eta Internet erabiltzeko moduak sortzen duen kezka ere asko hazten ari da. Erabilera egokia egiten jakin behar da eta konpetentzia digitalaren atal hori ez da beti behar bezala lantzen. Uste dugu eskolak erantzukizun handia daukala gai honekiko, horregatik geure eskoletan saio espezifikoak antolatzen ditugu hau lantzeko geure ikasleekin. Eta zeu (ikasle zein irakasle), jantzita ahal zaude interneteko segurtasunaren kontuetan? Horrela ez bada, gaur aitzakia perfektua daukazu hasteko!! 

Safer Internet Day (SID) INSAFE/INHOPE sareak bultzatzen du Europako Batzordeak lagunduta. Aurtengo leloa hauxe da: "Sortu, konektatu eta partekatu errespetua: Internet hobea izateko, izan zu abiapuntu!" Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak bat egin du eta Safer Internet Day Lehiaketaren III. edizioa deitu du, Europar Batasunaren Safer Internet Programaren esparruan. Xedea gazteen artean Interneten erabilera segurua eta arduratsua sustatzea da eta, horretarako, ikus-entzunezkoak sortzea modu seguruan. Jardunaldia Europako Batzordeak sustatzen du eta, jardunaldi horren bidez, adingabeen babesa sustatu nahi da, sareko mehatxuen aurrean. 

Jarraian lehiaketaren kartela luzatzen dizugu zehaztasun guztiekin:




Animatuko zara? Ziur asko dakizula Konpetentzia Digilaren segurtasunaren eremuari buruz eta lehiaketan plazaratzeko modu orijinala otuko zaizula. Bestela, ikerketa bat egin dezakezu gai honetaz gehiago jakiteko eta ganorazko lan bat jorratzeko! Baten bat animatzen bada, bidali zeuen bideoak beste post batean parteka ditzagun, mesedez: baloreak@gmail.com

Jarraian, INCIBE-k egun eta ekintza honetan parte hartzen animatzen duen bideoa txertatzen dizugu: 




Eta amaitzeko, bitxikeria moduan, hacker bat aritzen ikusiko dugu:





Harrigarria, e? Ziur aurrerantzean e-posta susmagarriak detektatuko dituzula, estekarik ez duzula klikatuko eta pasahitzik ez duzula emango, ezta?

2017/11/03

LOVE STORY


Kaixo balorazale hori:

Gaurko sarrerari Haizeak bidalitako bideo batekin hasiera emango diogu. Ez zaitugunez baldintzatu nahi, zuzenean bideoa ikusiko duzu:





Harrituta, ezta? Hain polita zirudien guztia hasiera batean, ezen inork ezin zuen imajinatu horrelako amaiera garratza! Espero dugu inori gertatu ez izana horrelakorik eta, hau eredua ikusita, aurrerantzean inori antzekorik ez gertatzea.

Nahiko esanguratsua da bideoa bera baina sakon aztertuko dugu oso gai kezkagarria bata eta jakinaren gainean jarri nahi zaitugu. Bideoaren amaieran ematen da datu sinestezina, zelan da posible fidatzea eta inoiz ikusi ez duzun ezezagun batekin gelditzea? Ziur gaude ume horiek, interneten ezagututako pertsona aurrez aurre ikusteko pausa eman dutenak, jakinaren gainean egongo zirela.  Saiatuko gara protagonisten zapatetan hartzen eta hurrengo galdoerak erantzuten: zerk bultzatu ahal izan ditu horrelako erabakia hartzera? Zer onura ekarriko die? Arriskurik ikusten ahal duzu hartutako erabakiez? Zer egin dute txarto?

Kontrolaezinak dira umeen papera modu desegokian jokatzen duten heldu horiek, horregatik jakinaren gainean jarri nahi zaitugu eta alarma piztuta izan dezazun nahi dugu horrelako egoerarik gerta ez dakizun.

Amaitzeko identifika ditzagun zein pausu ez diren egokiak: bideoaren hasieran laguntasun eskaera jasi¡otzen du mutikoak. Onartuko zenuke ezezagun baten eskaera bat? Baietz erantzunez gero, inporta zaizu kontatzea zertarako? Aurrerago argazkia ekatzen dio mutikoak neskatxari, honek tontoarena egiten du hasiera batean baina azkenean elkarri bidaltzen diote, egokia al da ekintza hori? Hemen, orain arte egindako gogoetekin, ezetz borobila erantzun izana espero dugu. Amaieran  elkar ezagutzeko gelditzeko pausua ematen dute biek... Inoiz onartuko zenuke horrelako proposamenik?

Beharbada bideoa ikusi aurretik ez zitzaizun hain larria iruditzen horrelakorik egitea. Horrela bazen,  bideoa aztertu ondoren eta egindako hausnerketen ostean, orain iritziz aldatu izana espero dugu eta kontuan izango duzula etorkizunean horrelako eskaerarik edo proposamenik jasoz gero.

2017/02/08

SID: SAFER INTERNET DAY


Kaixo jarraitzaile hori!

Internet seguruaren eguna dugu gaur, otsailak 7. Aurtengo kanpainak eskatzen du guztion kolaborazioa internet seguruagoa izan dadin guztiontzat, baina batez ere ume eta gazteentzat. Ekintza asko burutuko dira mundu mailan egun honetan segurtasuna bultzatzeko.

Baina, egun bateko kontua al da soilik? Gure ustez, ez; horregatik sakonago landu nahi dugu gaia.

Duela gutxi, Gabonetan, Euskaltelek hitzarmen bat eskaini zigun iragarki batean. Bertan, 12 betebehar biltzen dira mugikorrari erabilera egokia emanez. Azter dezagun iragarkian azaltzen digutena!





Erabilera egokia izateko aholku jakintsuak entzun ditugunak! Ados al zaude guztiekin? Baten bat baztertuko zenuke? Besterik bururazen al zaizu? Erabiltzaile berriek soilik hartu behar dituzte kontuan? Telefono mugikorra izanez gero, hausnartu zeuk egindako erabileraz iragarkian ikusitako aholkuak kontuan izanik, zelakoa da? Ohituraren bat aldatu beharko zenuke?

Telefono mugikorraren erabileraren eredu bat ikusiko dugu hurrengo bideoan. Informazio-trukea garatuko da. Arreta jarri hori modu eraikitzaile batean egiten duten edota arduragabekeriaz ere erabiltzen dituzten:





Bideoko protagonistek beren egunerokoan teknologia berriak erabiltzen dituzte, sare sozialez egiten duten erabilerarekin bat egiten duzu? Ekintza arriskutsurik hauteman duzu? Sare sozialak modu desegokian erabiliz gero arazorik izan dezakegu? Sare sozialen erabilera desegokiaren ondorioz sortu den arazo bat larria izan daiteke, zure ustez?

Esukaltelek emandako aholkuak jarraitzen dituzte? Argazkiak bidaltzea oso ondo dago, edota egiteko dituzten zereginei buruzko informazioa bildu lankidetzan jarduteko. Baina, arduragabekeriaz ere jokatzen dute: egokiak ez diren argazkiak bidali dituzte, hirugarrenei buruzko informazioa bidali dute haien baimenik gabe, iraindu, mehatxu egin edo hirugarrenei jazarri...

Teknologia berriak eta sare sozialak arduragabekeriaz erabiltzeak askotariko arazoak sor ditzake. Dakizunez, mundu birtualean, izugarri azkar zabaltzen dira gure ekintzak; ekintza horiek jende askorekin partekatzen dira, eta, horrez gain, sarean garatzen den ekintza bakoitzak ezabatu ezin den aztarna bat uzten duela kontuan izan behar duzu.

Orain telefono mobilaren erabileratik, interneteko erabilerara emango dugu pausoa. Ziur gaude irakurleetariko gehiengo batek smartphone-a izango duela. Ba al dakizu orokorrean oso etekina txikia ateratzen zaiola patrikan gordetzen dugun ordenagailu txiki horri? Askok sare sozialak baino ez dituzte erabiltzen. Pena handia da, asko eta asko ikas daitekelako gailu txiki horiekin. Ordenagailu bat antzera dabil eta ez dakigu behar bezala daukan zuku guztia ateratzen. Baina hori norbere eskuetan dago, jakinminak bultzatu behar zaitu ezagutzen esku artean daukazuna.

Jarraian txertatutako bideoa Zumaiako Maria eta Jose ikastetxeko 5. mailako ikasleek egina da, "Klik" izenburua dauka. Aholku batzuk ematen dituzte oso era originalean, erne egon ea zerbait berri ikasten duzun!





Ziuraski aipatutako erabilera asko ezagutzen zenituela eta ordenagailu edo tabletarekin egiten duzun moduan, berdin egin dezakezu telefono mugikorrarekin. Argi izan behar duzu bata zein bestea erabiltzean, beti ager daitezkela saihestu behar dituzun arriskuak eta zalantzarik baduzu, jo ezazu nagusi batengana laguntza bila.

Orain apur bat urrunago joko dugu galdera batez: inoiz publikatu duzu zeure argazkiren bat interneten? Ikus dezagun hurrengo bideoa, Azkorri ikastetxeko DBHko 3. mailako ikasleek egina da. Amaitu ondoren, azalpen handirik eman gabe, ulertuko duzu zergatik galdetu dizugun hori:





Ulertzen duzu zergatik egin dizugun galdera hori lehen? interneten argitaratzen den informazioa zeure onerako edo txarrerako jokatu ahal du.

Zuk zeuk soilik jakin dezakezu zelako erabilera egiten duzun telefono mugikorrarekin, ordenagailuarekin edota tabletarekin. Sarrera honen asmoa zure ikuspuntua zabaltzea da zure segurtasuna bermatzeko. Ez izan inozo eta, Interneten ere, zaindu zure burua!