elkarlana etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
elkarlana etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2018/06/20

BESTE AMAIERA BAT

Kaixo lagun hori:

Pasa den ikasturtearen amaieran bezala, itxiera eman nahi diogu bukatzear dagoenari. Bizitzaren ziklo eta etapa guztiek merezi dute amaierako puntua fundamentuz idaztea. Gaur ez bada, bihar amaituko dira klaseak; eta merezita edo ez, deskantsatzeko, deskonektatzeko eta atseden hartzeko garaia iritsi da. Izaten dena izaten dela zeure egoera, amaiera iritsi zaizu eta horrekin batera, baloratzeko unea ere bai. Hori da, hain zuzen, sarrera honen xedea, aurten egindako lana "baloratzea".

Lehen aipatu dugun legez, hasiera daukan guztiak, amaiera ere badauka. Irailean arraun egiten itsasoratu zinen eta, gogorra eta luzea izan arren, amaitu egin da estropada. Hurrengo bideo honek oso ondo azaltzen digu arraun egin dugun bitartean, zeintzuk izan diren itsasoan aurkitu ditugun zailtasunak, erronkak eta laguntzak. Zuretzat espresuki eginda dago, gustatzea espero dugu:




Dagoeneko kaian zaude, nekatuta estropadan egindako esfortzuagatik; baina pozik aldi berean, zeure onena eman duzula dakizulako. Bideoan aipatu den bezala, zure lan horretan eragin handia izan dute zeure lagun taldeak, patroiak eta afizioak, hau da, irakasleak, familia eta gainerako lagunak. Inoiz ez zara bakarrik egon eta haiei esker ere bai, helmugara iritsi zara.

ZORIONAK TXAPELDUN!


Bide luze honetan, motxila bete duzula ziur gaude. Gauza berri asko ikasi dituzu ikasturtean zehar; eta, blog honetako argitalpenen bitartez, gutxienez, bestearen zapatetan jartzeko gaitasuna garatu izana espero dugu. Horrek, etorkizuneko elkarbizitzarako lagunduko zaitu, ziur izan. Egindako 67 sarreretan, balore asko landu ditugu eta hainbat gai jorratu ditugu: amodioa, autoestimua, elkarbizitza, aniztasuna, errespetua, kultura, ausardia, giza eskubideak, hezkidetza, berdintasuna... Ez da lan makala izan, oso hitz potoloak haiek guztiak eta gai horien inguruko hausnarketa sakonak egin ditugu elkarrekin. Plazer bat izan da guretzat hau guztia kudeatzea, are gehiago jakinda lerro hauetan idazten dugunari esker mundu hobea eraikitzen laguntzen ari garela, modu xumean izanda ere.

Ez dakigu zein nolako jarraipena izan dugun zugandik, baina gure aldetik ikasturte honetako balorazioa oso ona izan da. 2017ko irailetik hona, guztira, 116.000 bisitaldi inguru jaso ditu gure blogak, itzelezko datua izan da aurtengoa ere bai! Aipamen berezia egin nahi diogu maiatzean egindako LGTBfobiaren kontrako sarrerari, 6000 bisitaldi baino gehiago izan baititu. Hau marka hau!

ESKERRIK ASKO!


Eta gaur, ekainak 21, Europako musika eguna denez, ikasturtea hasi genuen moduan amaitu nahi dugu: musikarekin! Ekarpena, honetan ere bai Mireneren eskutik, kasualitatea ote? Eskerrik asko horrenbeste gauza polit erakusteagatik! Ikusi, abestu, dantzatu eta gozatu!





Atseden eta indarrak hartu hurrengo kapitulua idazteko! Ikusi arte!


2017/09/29

LANBIDEEN ARTEKO ZAILENETARIKO BAT


Kaixo lagun!

Berriro ere hemen gaude hausnarketa egiteko prest. Aste honetako gaia eta egoera, tamalez, modan dago aspalditik, gaur egun dirau, eta familia askok jasan behar du. Robertok, Sergioren aitak, ez du bakarrik langabeziari buruz berba egiten, esaten dituen hitzak oso baliotsuak dira, azaltzen baitigu zelan egin behar diegun aurre arazoei, zelako jarrera baikorra izan behar dugun bizitzan eta zein inportantea den... Arretaz ikusi bideoa, ez zaitu hotz utziko, ez... 





Aurretik esandako moduan, jarreraz mintzatzen da Roberto. Baina, jartzen duen adibidea lana bilatzeko soilik balio al du? Uste duzu zure egunerokotasunean aplikatu ahal duzula? Zein egoeratan? Apur bat aurrerago, aipatzen du berak babestuta sentitzen duela bere burua daukan taldeagatik, bere familia hain zuzen. Beste talde bat izatea posiblea dela uste duzu? Baietz uste baduzu, zein da?

Arreta ipini diozu Sergioren jarrerari? Ikusi duzu zelan bideoaren hasieran, bere aita sartu denean gelan, nola lotsatu den? Zergatik ote? Horrelako egoeran egonda eta antzeko ekintza bat zeure gelan antolatuz gero, berdin jokatuko zenuke? Baina, aitaren hitzaldia aurrera joan ahala, hasierako lotsa hori badoa desagertzen eta bere ezkutalekutik ateratzen da harro amaitzeko. Zergatik hasieran zegoen  hain lotsatuta? Uste duzu zerikusia izan dezakeela klasekideek pentsatuko zutenarekin? Baina, ez al da primerakoa izan haien jarrera?

Bukatzeko gaurko sarrera, aurreko galderekin egindako hausnarketa guztiak kontuan izanda, ideia esanguratsu batzuk bilduko ditugu:

  • Esfortzua ezinbestekoa da edozein arazori aurre egin ahal izateko.
  • Egoera zailetan, taldeka errezagoa eta eramangarriagoa da guztia.
  • Familia euskarririk handiena dugu.
  • Ez diogu horrenbeste garrantzia eman behar besteek pentsatzen dutenari. Harro sentitu behar badugu zeozergatik, ez dugu atzera begiratu behar, berdin da besteek zer pentsatzen duten.
Lanbide oso zaila du Robertok, zalantzarik gabe. Baina aurrera egiten du familiagatik, babestuta, maitatua eta lagunduta sentitzen duelako bere burua beraiekin. Ez ahaztu zu ere laguntza izan zaitezkeela senideentzat egoera zailetan.