Kaixo balorezale,
Ekainarekin bat uda eta ikasturtearen amaiera datoz, baina baita oso egun garrantzitsu batzuk ere. Aste honetan, hain zuzen, Ingurumenaren eta Ozeanoen Mundu Egunak ospatzen dira (ekainaren 5ean eta 8an hurrenez hurren). Iaz, bi egun hauen berri emateko "Ingurumena: altxor mugatua" idatzi genuen zurekin partekatu eta eztabaidatu ahal izateko.
Aurten, erakundeek, lotu dituzte egun biak eta "Plastikorik gabeko Planeta" lelopean izendatu dute. Suposatuko duzunez, munduan dagoen plastiko hondakinekin bukatzeko nahiarekin lotuta dago eta gaiari sarrera emateko lehenengo bideoari ekingo diogu:
Ziur gaude zenbait daturekin aho bete hortz geratu zarela. Bazenekien 8,7 milioi espezie mota ezberdinak zeudela? Eta urtero 500 mila milioi plastikozko poltsak erabiltzen zirela? Guri gehiegi iruditu zitzaigunez informazio hori, zurekin partekatu nahi ditugun kalkulu batzuk egin genituen:
Lurra planetak, gaur egun, 7442 milioi biztanle ditu eta, bideoaren arabera, denon artean 500.000 milioi poltsa erabiltzen ditugu, hots, unitatera laburtuz gero, munduko pertsona bakoitzak, urtean zehar eta batez besteko, 67 poltsa gutxi gorabehera erabiltzen dituela esan nahi du. Gure inguruan nola erabiltzen diren ikusita, ez du hainbeste ematen... Agian hobeto erabiltzen ikasi beharko genuke, ez duzu uste? Ideiaren bat duzu? Ozenki partekatu nahi ez baduzu, gogora ezazu behean 👇🏼 iruzkinak uzteko aukera duzula.
Lehenengo bideoan esandakoarekin lotuta doa bigarren hau:
Lehen bezala, harrituta geratu zarelakoan gaude. Bazenekien plastikozko uharte bat zegoela? Eta bere tamaina hain handia izango zenla? Seguru aski, guk lez, plastikozko poltsen historia ez zenuen ezagutzen. Orain dela 50 urte ia ez zegoen plastikozko poltsarik baina gaur egun, urtero bilioi bat poltsa ekoizten dira. Lehen egindako kalkuluak egokitu ondoren, pertsona bakoitzeko 134 poltsa inguru fabrikatzen dira urtero, hau da, hiru egunetik behin poltsa berri bat. Datu kezkagarriak dira benetan...
Bideo bietan oso aholku ona ematen dute, botatzeko plastikoa bada, atzera bota! Eta noski, ahal izatekotan, lagundu behar dugu gure ozeanoak garbitzen. Ildo honetatik, iaz hainbat kanpainatan, 1200 bolondres baino gehiago hartu zuten parte hondartzak garbitzen Penintsula osoan eta Getxoko Ereaga hondartzan, adibidez, hainbat plastiko tonak batu zituzten. Txalo bero bat zuentzat, lagunak, zuek bai zaretela gure heroiak!
Gero eta plastiko gehiago erabiltzen dugu eta, askotan, ez ditugu ezta birziklatzen ere eta, noski, horrek gure ingurumenaren kutsadura eragiten du. Jarraian datu harrigarri batzuk eman nahi dizkizugu:
Harrigarria ezta? Kontuan hartzeko datuak dira gero! Are gehiago hurrengo bideoan ematen den informazioarekin lotuz gero...
Datuek beraiek hitz egiten dute eta, horregatik, azkenengo bideoei ekingo diegu. Lehenengoa gaurko egunaren aldeko kanpaina batena da eta azkenak mezu argi-argia dauka guztiontzako... Ikus ditzagun:
Hauxe bai janari goxo-goxoa, ezta? Nazkagarria benetan... Eskerrak jende gaztea kontzientziatzen hasi den eta proiektu interesgarri aurkezten ari den! Adibidez, Begoñazpi ikastolako ikasle batzuek Dropsea's proiektua planteatu zuten, bertan ontzi biodegradable eta animalientzako jangarri diseinatzen zuten besteak beste ozpina, Maizena eta glizerinaz eginda. DBH4ko Maddi Castaños, Candela García, Nahia Crespo eta Joane Garzón ikasleak dira egileak, zorionak neskak, lan itzela! Espero dugu aurrera ateratzea Dropsea's!
Planetak behar gaitu, ez gaitezen alferrak izan eta jar gaitezen martxan plastikorik gabeko mundu baten alde!
Asteburu ona izan!
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina