2017/03/30

ESKERRIK ASKO!


Txiki-txikitatik eskerrak ematen irakatsiak izan gara hemen idazten dugunok. Hori dela eta, eskerrak eman nahi dizkizugu gure lana jarraitu, erabili eta partekatzeagatik, baliabideak bidaltzeagatik, sare sozialetan jarraitzeagatik... Hau da, BALORATZEAGATIK!

Gaur ospatu da Euskal blogarien 2. topaketa jardunaldia, eta Blogetan! euskal blogariak lehian 2. edizioaren sari banaketa egin da. Hiru finalisten artean, geure bloga ez da izarrik disdiratsuena izan, baina pozik eta harro gaude, geure saria da oso denbora gutxian 40.000 bisita baino gehiago izatea, eta esparru desberdinetatik jasotzen ditugun balorazio positiboak.

Berdin-berdin jarraituko dugu lanean eta blogean ekarpen baliogarriak egiten ikasle kritikoak hezteko eta horrela, apurka-apurka, mundua aldatzen. 

Amaitu baino lehen, eskerrik asko ere Azkue Fundazioari horrelako ekintzak antolatzeagatik.

Besterik gabe,


TIPI TAPA... KORRIKA!!

Kaixo!

Prest al duzu petoa dagoeneko? Hastear dago 20. Korrika! Bi urtean behin burutzen den euskararen aldeko ekimenik handiena. 11 egunez gaur, martxoak 30, arratsaldean Otxandiotik abiatuko den martxa herriz herri pasatuko da Euskal Herri osoa zeharkatzen.

Oraindik ez bazara konturatu, balorezaleak izateaz aparte, euskalzaleak ere bagara, besteak beste euskara gure ondarea delako eta harro sentitzen garelako euskaldunak izateaz.

Jarraian aurtengo mezua itsasten dizugu hemen irakur dezazun:

HIZKUNTZA, KULTURA, MUNDU BAT

Euskara hizkuntza, kultura eta mundu bat da: bertoko hizkuntza, gure kultur izaera eta munduan nor izateko modua.

Euskal Herria euskaraz ulertzen dugun euskaldun eta euskaltzaleok aspaldi ekin genion geure hizkuntza sendotzeari, etorkizun hobea nahi dugulako.

HIZKUNTZA, KULTURA, MUNDU BAT, ZUK

20. Korrikak zurekin hitz egin nahi du. Euskara ezagut eta gurekin erabil dezazun.

Zeuk ere, zeuretik, zeure hizkuntza-aberastasuna eta kultur aniztasun unibertsala bizi ditzazun: ikasiz, erabiliz, ahalbidetuz...

HIZKUNTZA, KULTURA, MUNDU BATZUK
AEK-k Euskal Herri euskalduna du helburu, askotariko mundua duelako amets. Hizkuntza eta hiztun guztiak berdintasunean biziko diren Euskal Herria eta mundua nahi ditu. Justizia-kontua da: hizkuntza gutxitu baten biziraupenerako babesa eta hiztunen eskubideen defentsa.

Beharrezkoa da euskara arretaz zaintzea. Gure nahia eta denon egitekoa da euskara aukera-berdintasunean bizitzea egunero eta eremu guztietan. Herritar guztiok bizi behar dugulako aukera-berdintasunean egunero eta plaza guztietan.

EGIN BAT, EGIN BATZUK


Nik, hik, hark. Guk, zuk, zuek, haiek. Bat eta batzuk: nire hizkuntza, zure hizkuntza; gure kultura, gure kulturak; mundu hau, mundu hauek.

Hizkuntza baten alde egitea, finean, guztien alde egitea da. Baten eta batzuen munduaren alde. Kultura unibertsalaren alde.


Hizkuntza-berdintasunaren aldeko jaira gonbidatzen zaitugu. Mundu unibertsalagoa sortzera. Bat egitera. Zuk egitera.
Euskaraz.

Bat egitera. Zuk egitera.

Euskaraz.


Hona hemen egingo den ibilbidea orduekin:




Gehiago jakin nahi baduzu Korrikaren inguruan, lotura batzuk luzatzen dizkizugu:
Karreratik bertatik zuzeneko konexioak hainbat eta hainbat hedabidetan eta Korrikaren eguneroko jarraipen berezia Hamaika Telebista (karrera zuzenean -eguneroko konexioak telebistarako nahiz Interneterako, gaueko 21etan GUREAN GAUR saio berezia, herriz herriko bideoak...) Kanalduden ('KORRIKA non, Kanaldude han' eguneroko saioa) BERRIAn, NAIZen, EITBn, Euskal Irratietan, INFO7n, Arrosa Sarean, ARGIAn, NOTICIAS taldea...

Olerki txiki batekin agurtzen zaitugu, Lekeitiko AEK-k grabatutako lip dub-aren hasieran botatzen dutena eta izugarri gustatzen zaiguna:

Euskeria.
Nor izateko modu bat,
Bizi dodana, bizi nabena.
Euskeria,
Nor izateko modu bat,
Bizi dodana, bizi nabena.
bat izanda, batzuk dana.
Euskeria.
Nor izateko modu bat.
Bizi dodana, bizi nabena.
Bat izanda, batzuk dana.
Bat nahikoa ez dabena,
Batzuk behar dabezana
Bat eitxeko.
Ein bat!
Ein bat zuk!
Ein batzuk!




2017/03/29

ETIKETAK

Kaixo balorezale hori!

Sarreraren izenburua irakurrita eta ondorengo bideoan ikusiko duzuna kontuan izanik, gaurko sarrera honek zertan datzan hipotesiak bota. Ziur barregura eragingo dizula baina ez ahaztu lotura bilatu behar duzula!





Ziur bonbila piztu zaizula eta asmatu egin duzula aurreiritzien inguruan dela gaurko sarrera. Pasa den asteko arrazakeria eta xenofobiaren kontrako nazioareteko egunarekin ere lotura handia dauka. 

Zergatik jarri etiketa bat geure azalaren kolore berdina ez dutenei? Azken finean, ez al dira gizakiak, guztiok bezala? Zerbait irabazten da? Gure ustez, hori egitean mundu guztiak galdu egiten du. Hala eta guztiz, tamalez, gaur egun oraindik ere, aurreiritziz beterik gaude eta etiketa gehiegi jartzen ditugu. 

Baina itxaropena ez dugu galduko eta iritsiko da momentua etiketak desagertzen direnean... Hori da gure helburua hemen argitaratzen dugun guztiarekin: arazo sozialez kontzientzia hartzea txikitatik ahal den neurrian adinaren arabera.

Aurreko guztia lortzeko, beti gabiltza bide batetik edo bestetik gure eskuetara iristen diren bideoak aztertzen. Beharbada hurrengoa sare sozialetan ikusi duzu jada, baina guk euskaratu egin dugu. Etiketen kontuaren inguruaz da. Izatez, Danimarkako telebista baten iragarkia da, adierazi nahi duena etiketak alde batera utzi beharko genituzkeela, guztiok pertsonak garelako. 





Ziur gaude aurpegiren bat agertu dela espero ez zenuen lekuan, baina... zergatik espero dugu? Zergatik epaitu informaziorik izan baino lehen? Horietatik, pentsa ezazu zein izan den gehien harritu zaituena. Zergatik ote? Ez al dugu esan guztiok pertsonak garela? Ikusmira zabaldu eta epaitu gabe begiratu beharko genuke mundu hobea izateko.

Amaitzeko Gatibu taldearen azken diskaren lehenengo abestia luzatzen dizugu. Oso aproposa da eta guztiz bat dator gaurko sarrera honetan landu dugunarekin. Entzun arretaz letra eta gozatu!




Ba hori, ez naizu epaitu nire itxuragaitik...


2017/03/21

ARRAZAKERIAREN ETA XENOFOBIAREN KONTRAKO NAZIOARTEKO EGUNA


Kaixo:

Arrazakeriaren eta xenofobiaren kontrako nazioarteko eguna dugu gaur. Tamalgarria da gaur egun, XXI. mendean, oraindik ere arazo hau existitzea. Hemendik, eskua altxatzen diogu arazo larri honi eta STOP esaten diogu edozein modutako arrazakeria eta xenofobiari.




Antzineko arazoa da, hala ere gaur egun pilpilean dagoen gaia da. Esan genezake gure gizartea nahiko xenofoboa dela, eta oraindik ere bereizketak egiten direla kanpoko itxuraren arabera.

Egia da urteak igaro ahala, gero eta gehiago kontzientziatzen garela azaleko koloreak ez duela pertsona determinatzen. Beharbada gure artean daudelako, kaletik goazela gero eta pertsona gehiago ikus ditzakegu azaleko kolore desberdinarekin. Gu ez gara inor euren bizitza epaitzeko; azken finean denok berdinak baikara, ezta?

Haiek kultura ezberdina izango dute, eta ohitura ezberdinak. Hori oso aberasgarria izan daiteke ohitura berriak ezagutzeko, bidaiatzeko, jende berriarekin harremanetan jartzeko... Beste kulturek gauza asko dauzkate guri irakasteko.

Ez al litzateke hobea izango kultura aniztasuna nagusi den mundu bat sortzea? Diskriminaziorik gabe, denok aukera eta eskubide berdinekin? Ez da lan makala izango, ez! Baina irakasleok giltza magiko bat daukagu eta hurrengo belaunaldiei erakutsi ahal diegu denok mundua osatzen dugula eta gizakiak garela, denok dugula guztion beharra aurrera jarraitzeko. Horrela, guztiok bat eginez, lortuko dugu mundu honetatik arrazakeria eta xenofobia ezabatzea.





Ezaguna egiten zaizu hurrengo argazkia?




Duela egun batzuk bi ume hauek buelta eman dute mundutik sare sozialen bitartez. Zergatik? Demostratu dutelako gorago aipatu dugun aldaketa hori posiblea dela. Jax-ek (ezk.) eskatu zion bere amari Reddy (esk.) bezala nahi zuela ilea moztu, horrela andereñok ez zuen jakingo nor zen nor!! Ikusten zuen desberdintasun bakarra ilearen luzera zen. Zoragarria!!


2017/03/20

DOWN SINDROMEAREN NAZIOARTEKO EGUNA


Kaixo balorezale hori!

Sarreraren izenak dioen moduan, gaur Down sindromearen nazioarteko eguna dugu. Kontuan izan nahi dugu egun hau, sindrome hau daukaten pertsonak oso bereziak direlako. Baina ez fisikoki desberdinak izateagatik, edota astiroago erantzuten dutelako... Hurrengo bideoak azaltzen digu zergatik diren bereziak, irakurri arretaz!






Azken finean, gu bezalako pertsonak izaten dira eta ez daude askok uste duten bezain mugaturik. Eredu aparta ikusiko dugu jarraian:





Ziur gaude zu ere harrituko zinatekela horrelako lan-elkarrizketa batean. Baina mezu bat argi baino argiago izan behar dugu: pertsonak baino ez dira. Down sindromea daukatenek, besteok baino aberatsagoak dira, kromosoma bat gehiago daukatelako.

Beste eredu batekin amaitu nahi dugu omenalditxo xume hau, Frantzian gertatutako duela gutxiko gertaera. Erne!





Ikusten duzunez, gainditze eredu aparta dugu Mélanie. Zorionak neska, lortu duzu eta!

Ez dugu sarrera hau bukatu nahi pertsona hauekin lan egiten duten erakundeen eta pertsonen lana eskertu gabe. Zuek ere bitxiak zarete.

Eta zu, balorezale hori, prest zaude Down sindromedun pertsonei beste modu batean begiratzeko? Noski! Gogoratu Antoine de St.-Exupériren Printze Txikiak zioena: "Garrantzitsuena ikustezina da, bakarrik ikus daiteke bihotzaren begiekin". Ikus dezagun guztiok bihotzarekin!


2017/03/16

BULLYING-AREN GURPILA GELDITU NAHIAN


Kaixo irakurle hori!

Ez da lehenengo aldia arazo honetaz mintzatzen garela, baina azkena izatea nahiko genuke, betirako konpondu delako. Egun hori heltzen den bitartean, ez dugu amore emango, hemen egongo gara erasoak jasotzen dituztenen alde eta baita, zergatik ez, erasotzaileen alboan ere, gauzak beste modu batean izan behar direla ulertarazteko.

Pilpilean dagoen gai batez ari gara: berdinen arteko tratu txarrez, bullying-ez alegia. Gezurra dirudien arren, batzuk jolas moduan hartzen dute, baina oso gai serioa da. Irakasle asko eta ikasle baliente asko horren kontrako borrokan daude, baina ez dago modurik. Behin eta berriro, etengabe, entzuten dira bullying kasuak. Txiki txikitatik ikasi beharko genuke besteak errespetatzen, izaten dena izaten dela haien egoera. Errespetuz jokatu behar dugu eta ez ditugu besteen ahuleziak erabili behar gu inoren gainean jartzeko. Inor ez da inor baino gehiago, guztiok trapu zaharrak ditugu eta haiekin bizitzen ikasi behar dugu. 

Gaurko sarrera honetan hiru ekarpen luzatu nahi dizkizugu. Lehenengoa, 12 urteko Erfusen rapa da, Ixoneren eskutik jaso genuen. Eskerrik asko bidaltzeagatik! Entzun dezagun abestia adi baino adiago, egia hutsez beterik baitago. Ea gustukoa duzun!





Zer deritzezu hitzei? Espero zenuen horrelako amaiera? Bullying-a zelan garatzen den ondo azaldu duela uste duzu, edo zure ustez ez da horrela gertatzen? Ba al daki Erfusek zergatik egin dioten bere lagunak zirenek horrelako mespretzuak? Lagunak izan ohi dira inoiz hori egin diotenak? Eta zuk, inoiz egin diozu horrelako eraso bat zure kide bati? Ez erantzun ozenki, hausnarketa egin  eta neurriak hartzearekin nahikoa da...

Zorionez, iluntasunik ilunena, argiarekin desegiten da. Honekin adierazi nahi dugu inguruko kideen laguntzak oso bultzada potentea eman diezaioke bullying-a pairatzen duen ume bati. Horrela pentsatzen omen dute Carmen Sallés Ikastetxeko DBHko 1. mailako ikasleek eta Ainhoak luzatutako bideoan, primeran irudikatzen dituzte erasoetan guk jokatutako rol desberdinak manequin challenge baten bidez. Lan bikaina, zorionak balienteak! Ikus dezagun bideoa:




Oso lan ona, zenbat informazio minutu bakar batean!! Azaltzen diren egoeretatik, ezaguna egiten zaizu baten bat? Inoiz ikusi al duzu? Fijatu zara detaile bitxiren batean? Ume batzuek begiak estalita daramatzate, zer irudikatu nahi dute horrekin? Baina hori ez da bitxikeria bakarra, mannequin challenge izanda ere, konturatu zara ikasle batzuk mugitzen direla? Zer irudikatu nahi izango dute horrekin?

Argi dago denok daukagula zer esan edo egiterik erasoen kontran. Ez zaitez geldirik gelditu eta egin zer edo zer. Gelditzen ez baduzu gurpil hori, konplizea izango zara eta!


Seguru aski, Got Talent programa ezaguna egingo zaizu. Hurrengo bideoa Britaina Handiko saioan agertu zen. Bertan, bullying-a jaso zuen beste ume batek rap bat abesten zuen. Entzun eta irakurri dezagun arretaz, honek ere egoera larri bat salatzen baitu.







Leondreren kasuan, eskolaz aldatzearekin batera, berriro hasteko aukera izan zuen. Ziur hasieran ez zela erreza izan. Zorionez, ausarta izan da eta bere abestiarekin mundu osoari zabaldu nahi izan dio mezu garrantzitsu bat: Bullying-a ezin da onartu eta, erasoen aurrean, itxaropenean eta besteengandik aurrera jarraitzeko indarra lortu behar da.

Amaitzeko, gaurko gaiaren inguruan ondorio argi eta zehatz batzuk plazaratu nahi dizkizugu:
  • Besteen ahuleziak ez dira min egiteko erabili behar.
  • Edonorengan tratu txarrak somatzen badituzu, baliente izan eta mugi zaitez!!
  • Egoera larriak salatu behar dituzu!!
  • Momenturo berriro hasteko aukera daukagu, sinetsi behar dugu gure esku dagoela! Posiblea da eta!



2017/03/11

M-11


Kaixo irakurle hori!

Edozein indarkeria motaren kontra gaudenez blog hau kudeatzen dugunok, gogora ekarri nahi dugu gaur duela 13 urte Madrilen gertatutakoa. Oso sarrera xumea izango da baina ezin dugu horrelako basakeria aintzakotzat hartu.

18 urte baino gutxiago baduzu, agian ez dakizu zertaz ari garen. Hitz gutxitan azalduko dizugu: Madrilgo aldirikoen tren sareko 4 trenetan egindako eraso terroristak izan ziren egun horretan. Espainina eta Europan egindako atentaturik handiena, goizeko zortzietan ia-ia aldi bereko 10 lehergailuk eztanda egin zuten lau trenetan. 191 lagun hil eta 1.700 baino gehiago zauriturik suertatu ziren. Datu gutxi hauekin irudikatu ahal duzu zelako drama izan zen hura... 

Elena Bugedo abeslariak "De Madrid al cielo..." abestian azaltzen du oso ondo gertatutakoa modu goxo-goxoan. (Eskerrik asko Leirebh!) Entzun dezagun!  





Hauxe izan da geure omenalditxoa eraso hau, modu batean edo bestean, jasan zutenei.


2017/03/08

MARTXOAK 8: EMAKUMEEN NAZIOARTEKO EGUNA


Kaixo irakurle hori:

Dagoeneko, hainbat sarrera idatzi dugu emakumearen garrantzia (edota neskarena) eta genero berdintasuna salatzeko eta aldarrikatzeko. Hasieratik ez bagaituzu jarraitzen, hona hemen zerrendatxoa:


Gaur, martxoak 8, ezin gara isilik egon eta berriro ere hemen gaude hainbat datu plazaratzeko. Ba al dakigu egun honen jatorria? Zergatik ospatzen da egun honetan? Noiztik dator berdintasunaren aldarrikapena?

Hurrengo bideoan galdera horien erantzunak aurkituko dituzu, hau da, egunaren jatorria azaltzen du:





Ba al zenekizkien datu guzti hauek? Zer deritzezu? Espero zenuen mende bat baino gehiago irautea aldarrikapen honek? Ikusitakoaren arabera, aurten, tamalez, 40. urteurrena ospatuko dugu Euskal Herrian. Azkena behar izatea espero dugu!

Pasa den urtean, oso ezaguna den jostailugile marka batek gizakiaren historiari buruzko bilduma bat atera zuen. Oso diru gutxigatik jostailu bat eta liburu bat eros genezakeen kioskoetan. Oso interesgarria iruditu zitzaigun hasieran, bildumako pertsonaia historiko guztiak gizonezkoak zirela konturatu arte. Hori zela eta, pertsona batek historiako emakume garrantzitsu batzuen jostailuak apaindu zituen eta hemen daukazue emaitza:




Guztira 24 panpin dira, baina zerrenda amaitezina da… Txalorik beroena gure partez artista honentzako.

Emakumeen inguruko materiala bilatzen, jarraian txertatzen dizugunarekin egin genuen topo. Mapa kolaboratiboa da, 6. mailako ikasle batzuek eginda. Munduko mapa batean, markaturik daude hainbat emakumeren jaioterriak baina haien gainean klikatuz gero, emakume horren argazkia zein biografia agertuko zaizkizu. Gehienak ezezagunak dira eta ez dago eskubiderik emakume ospetsuak existitzen direlako!! Historian beti agertu ohi dira gizonezkoak eta buelta eman diogu horri. Horregatik, geure eskoletan martxan jarriko gara horren antzeko bat sortzeko, baina geurea euskaraz. Prest daukagunean, elkarbanatuko dizugu. 





Polita eta interesgarria, ezta? Erronka luzatzen dizugu eta animatzen zaitugu zeurea sortzen!!

Amaitzeko, Izar eta Olaiaren itxaropen kantuarekin agurtuko zaitugu gaurkoz. Eskerrik asko neskak!!





2017/03/05

BERDINTASUNA NIRE BAITAN ERE HASTEN DA


Kaixo lagun hori!

Pasa den astean berdintasunaren gaia ekarri genizun, aste honetan martxoak 8 daukagu eta ziur gaude sare sozialetan zein komunikabideetan zarata handia sortuko duela gaiak. Baina, gure ustez, ez da egun (edo aste) bateko kontua soilik izaten. Horregatik, hurrengo egunotan jarraituko dugu genero berdintasuna salatzeko eta aldarrikatzeko materiala zabaltzen.

Sarreraren izenburua, Emakunderen kanpainarena da, gure gizartean berdintasuna sustatzen duten jarrera eta ekintza pertsonalen garrantzia azpimarratzen duena. Inguru hurbilenean jarrera eredugarriak dituzten hainbat pertsonen adibideak aurkezten ditu.

Era honetara, kanpainak bizitzaren hainbat eremurekin zerikusia dituzten adibideak aurkezten ditu, baina azaldu beharrean, ikus dezagun primeran azaltzen duen bideoa!





Ikusten duzunez, guztiok egin dezakegu zerbait berdintasuna lortzeko, oso adibide onak luzatzen dizkigu iragarkiak. Baina, besterik bururatzen al zaizu zuri? Horrela izatekotan, ez izan zalantzarik eta praktikan jarri berehala!

Iazko kanpaina ez zen atzean gelditu, arreta jarri zuen neskek eta mutilek egunero jasotzen dituzten mezu sexistetan, generoen arteko botere-harremanak bere horretan betikotzen dituztelako. Kanpainaren leloa honakoa izan zen: «Berdintasun eza ez da berez sortzen, egin egiten dugu. Aldatu dezagun. Egin dezagun berdintasuna». Ikusten duzunez, berriro ere berdintasunaren alde.

Kanpainaren helburua izan zen egunez egunekoan dauden desberdintasunak hautematea. Aurreko kanpainetan erabilitako aldarrikapenari eutsi zaio, «Berdin gehiago da», berdintasunak gizarte osoari onura ekartzen diolako ideia azpimarratzeko.

Kanpainaren bideoa luzatzen dizugu hemen. Entzun bitartean, pentsa zure inguruan horrelakoak oso ohikoak diren.




Orain hau guztia praktikan jartzea baino ez zaigu gelditzen, ez da lan makala izango, ez!


2017/03/04

BERDINTASUNERAKO BIDEAN


Kaixo irakurle hori!

Duela egun batzuk Emakumea eta Neskatoa Zientzian Nazioarteko Egunaren berri eman genizun. Bertan genero berdintasuna alderrikatzen genuen zientzia arloan eta bideo bat txertatu genuen aurreiritziak eta esteriotipoak alboratu behar ditugula plazaratzeko. 

Laster martxoak 8 datorkigu, Emakumeen Nazioarteko Eguna hain zuzen. Nahiago genuke horrelako ospakizunen beharrik ez izatea, baina etorkizun hori heldu arte hemen egongo gara guztion balioa eta berdintasuna aldarrikatzeko prest.

Hurrengo bideoa oso mamitsua da eta aurreko paragrafoan adierazitakoa era esanguratsuan isladatzen du. Ikus dezagun:





Zer iruditu zaizu? Mutilen hasierako jarrera, tamalez, espero genuen, baina neskena? Espero zenuen euren buruaz horrelako irudi txarra izatea? Zergatik izango da horrela? Prest egongo zinateke munduari nesken balioa eta nesken eta mutilen arteko berdintasuna erakusteko? Bururatzen zaizu nola egin?

Hurrengo bideoaren mezua neskeei zuzenduta dago, baina gure ustez ez da neskentzat soilik. Zer mezu izkutu dago mutilentzat? Ea nork asmatzen duen... Adi egon!





Mezu bat baino gehiago agertzen da bideoan, oso potenteak guztiak. Geldiezinak izan behar dira neskak zein mutilak, inor ez da saiatu behar gelditzen. Guztiok batera joan behar dugu bizitzaren lasterketa honetan elkarri laguntzen. Berdin da ondoko pertsonaren generoa. Mezua oso argia da: izaten zarena izaten zarela, ZU ZEU IZAN eta ez besteek zugandik espero dutena. Albora ditzagun behingoz estereotipoak eta froga dezagun emakumeen limitea infinitoa dela!

Amaitu nahi dugu iragarki batekin, modu barregarri eta izkutuan salatzen duena nekek ez dutela zertan jolastu behar nesken gauzekin. Honelako antzekoa Gabonetan argitaratu genuen, Audirena hain zuzen.





Txalo bero bat, neska hauek bezala, menderaezinak direnentzat! Ez inoiz aldatu, nahi duzunagatik borrokatu, baina inor zapaldu gabe!