Ongi etorri balorez jositako blogera! Hemen, eskolan baloreak lantzeko hainbat tresna aurkituko dituzu: bideoak, irudiak, testuak, albisteak, hausnarketarako gaiak...
Zeure gustukoa izatea espero dut. Gozatu eta partekatu!
Iaz egin genuen bezala, gaur beste sarrera bat eskaini nahi dugu. Alde batetik egunaren berri emateko eta, bestetik, omenaldia egiteko ezintasuna daukaten pertsonei, gaur Ezinduen Nazioarteko Eguna baita.
Batzuek ospakizun moduan hartzen dute egun hau, beste batzuek, aldiz, aldarrikatzeko erabiltzen dute. Eta guk ildo horretatik joko dugu gaur.
Hurrengo bideoaren protagonistak, Constanza Orbaizek, oso ondo azaltzen digu zer den ezintasuna edo, berak dioen moduan "ahal desberdina" (eskerrik asko Jose Luis bideoagatik!!). Ez zaitu hotz utziko, ziur gaude. Entzun arretaz!
Hau laburpena da, nahiago baduzu hitzaldi osoa ikusi hemen daukazu, egia esan, merezi du ikusteak!
Constanza psikopedagogoa da eta eskoletan lan egiteaz aparte, Desde adentro proiektuaren burua da. Gizarte eremuan, terapeutikoan eta eskolarrean ezintasuna daukatenekiko begirada integrala lortzea da bere helburu nagusia. Daukan pentsatzeko eta helarazteko moduarekin lortuko du. Guk zabaltzat jotzen genuen geure ikusmira baina hau ikusi ondoren, are zabalagoak! Eskerrik asko Constanza emandako lezioagatik!
Eta zuk? Zerbait ikasi duzu entzundakoarekin? Gutxienez sentsibilizatuago egotea espero dugu, konturatzea guztiok daukagula ezintasunen bat eta gixajoak edo bereziak ez direla, P E R T S O N A K baizik.
Ezintasunaren "ezin" hori ahal bihur dezakegu guztion begirada aldatzen bada.
Aurreko sarreran zientziaren astea ospatu genuenez, eta gure hiriburuetan hainbat ekintza zientifiko antolatu egin direnez, zientzilarien amantala jarri dugu eta hona gatoz Azido Desoxirribonukleikoari buruz (DNA euskaraz) hitz egitera.
Friedrich Miescher mediku suitzarra DNAri buruz lehenengo aurrerapen nabarmenak egin zituen zientzilaria daukagu. 1869ko neguan DNA isolatzea lortu zuen Tubingako Unibertsitatean lan egiten zuenean, hau da, orain dela 148 urte.
Friedrich-en atzetik milaka zientzilarik ikertu dute DNA, baina hurrengo pausu erraldoia 2000. urtean eman zen. 131 urte pasa ondoren, giza genomaren sekuentziaren deskodifikazioan aurrerapen itzela egin zen. Aurkikuntza honi esker, gizakiaren "mapa" egiten hasi ziren zientifikoak, hainbat gaixotasun genetikoren zergatiak eta sendabideak topatzeko tresna baliogarri baino baliogarriagoa izanik.
Filmetan eta telebistako hainbat telesaiotan gaiztoa harrapatzeko oso pista garrantzitsua izaten da DNA. Antza, bere barruan, norberaren "matrikula" dago, hots, bere kode genetikoa. Bai lagun, bakoitzak bere DNA kodea dauka eta ezin da kopiatu. Bikiek ere ez daukate kode bera. Eta ez bakarrik gizakiok, bizirik dauden beste izaki guztiek ere beraien kodea daukate eta, kode horrek, lagun bakoitza bakarra izatea bermatzen du.
Aurreko guztia kontuan hartuta, denok ezberdinak garela argi geratuko zaizulakoan gaude, baina, dakizunez, nahiz eta bakoitzak bere kodea izan, zati bat partekatzen dugu. Horri esker, espezie bateko animalia edo landare guztiak antzekoak dira eta, gizakien kasuan, gauza bera gertatzen zaigu.
Baina, zer ikusirik dauka gai hau baloreekin? Momentuz zientziaz aritu izan gara baina laster ulertuko duzu zergatik egiten ari garen azalpen hau eta nora iritsi nahi dugun. Hurrengo bideoak aho bete hortz utziko zaituelakoan gaudenez ez dizugu ezer aurreratuko. Goza ezazu!
Eskerrik asko Momondo entrepresari hau bezalako kanpainia egiteagatik.
Ikaragarria benetan! Hainbat gauza agertzen dira bideo honetan bere protagonistek espero ez zutenak. Zein da gehien harritu zaituena? Joan gaitezen aztertzera:
Hasiera batean guztiek uste zuten nahasgabekoak zirela, %100 islandiarra, ingelesa, frantzesa, bangladeshdarra... Batzuek euren argazki albumak eramaten zituzten frogatzeko haien familien jatorria purua zela. Zure ustez, beraien aurpegiak ikusita, jasotako emaitzak espero zituzten? Nor da ezuste handiagoa jaso duena? Frantziakoa? Kubakoa? Islandiakoa?
Batzuen ustez, beraien herrialdea onena da, besteena baino inportanteagoa eta besteek baino gehiago merezi duena. Zure iritziz, hau horrela izan beharko zen? Lehenengo eta bigarren mailako jendea egon beharko zen? Gaur egun, tamalez, horrela dela ematen du... Afrikako eta Asiako hainbat herrialderi buruz eta beraien jendeaz inor ez da arduratzen...
Ingalaterrako gizonak, Jay-k alegia, alemaniarren zalea ez dela aitortzen du, zer nolako aurpegia geratzen zaion bere DNAren %5 alemaniarra dela jakin duenean! Ingeles peto-petoa zen gizon horrek zer dio bideoaren amaieran? Bai horixe! "Leku guztietako Jay nauzue!"; beste batek dio "Munduko gizona naiz". Hori gogoeta polita, ez duzu uste?
Bukatzeko, bi pertsonak, kulturalki etsaiak izan behar omen zirenak, lehengusu-lehengusinak ziren berria jaso zuten. Imagina ezazu zenbat aukera dauden edonon familia izateko! Frantziarrak zioen moduan, DNA froga hau egitea nahitaezkoa izan beharko zen. Horrela, extremismoak eta arraza puruen aldeko pentsamenduak desagertuko ziren, jendearen ikuspuntu zabalagoa eraikitzeko aukera emanez...
Pertsona hauei gertatu zaien moduan, zure DNAn hainbat lekuetako informazioa daramazu. Inoiz gelditu zara nongoa zaren pentsatzeko? Zure arbasoak nongoak ziren jakitea nahiko zenuke? Guk ez dakigu nongoak diren gureak, baina gauza batez ziur gaude: Mundua oso polita da eta berdin zaigu nongoak garen gu edo nongoa zaren zu, ongi etorria izango zarelako beti gure bizitzetara.
Iaztik jarraitzen bagaituzu, aniztasunaren aberastasunari buruz behin baino gehiagotan hausnartu dugula jakingo duzu. Maiz saiatu gara zure ikaskideekiko harremanak sendotzen eta ezberdintasunaren aberastasunez ohartarazten.
Badakigu munduan ez zaudela bakarrik primeran dakizula, eta, seguruaski, momenturik onenetan beti partekatuko duzu zure poza lagunekin baina, gauzak txarto doazenean, ixten zara edo beraiek kontuanizaten dituzu?
ELKARREKIN EGOERA TXARREI AURRE EGITEN sarreran ikusi genuen zein inportantea den besteen laguntza arazoei aurre egin ahal izateko. Hona hemen beste eredu bat ipuin baten bidez.
Zein pozik zegoen Laukitxoa ipuinaren hasieran, besteekin jolasten... zein ondo pasatzen zuen... mundu guztia bere laguna zen eta. Baina txirrina jotzean arazoa topatzen dute. Zertan datza problema hori? Patioa guztiontzako prestatuta zegoen baina, Etxe Handia guztientzako zen? Zer eskatzen zuen Etxeak bere barnera pasatu ahal izateko?
Gure laguna ezin zenez pasatu, berak bakarrik hasi behar zuen konponbidea topatzen. Ahalegin ezberdinak egiten ditu baina ezin... Horrezkero borobiltxoak ere buru belarri jartzen dira konponbidea lortzeko eta hainbat aukera ematen diote Laukitxoari, baina ezin... Zure ustez, zein da Laukitxoren ideiek eta borobiltxoen ideiek amankomunean duten faktorea? Nork aldatu behar du beraien ustez? Bidezkoa da ezberdina denari ardura eta erantzukizun osoa bere gainean jartzea? Bidezkoa da "saia zaitez gehiago, esfortzatu gehiago" eskatzea bere partez ahal duen guztia jartzen duenari? Eskatzen diotena, posiblea al da? Laukitxoak alda dezake borobila izateko?
Azkenean borobiltxoak benetako arazoaz ohartzen dira... Zein da? Nola konpondu daiteke? Horixe! Atea aldatu behar da.
Egin dezagun orain esfortzua eta pentsa dezagun ea gure gizartean horrelako kasuak isladatzen diren. Bururatzen zaizu baten bat? Non gerta daiteke? Ikastolan? Kalean? Kirol taldean? ...
Askotan ezberdina denari aldatzea eskatzen diogu baina aldatu behar dena ez da bera, gizarteak, hau da, besteok egin behar dugu zer edo zer bera gure Etxe Handian sartu ahal izateko. Askotan arauak zorrotzegiak izaten dira eta oztopatzen dute besteen sarbidea.
Gogoratzen zara Lorenzoz eta bere lapikoaz? Norbait epaitu baino lehen gogoratu denok daramagula gure motxila, gure lapikoa alegia, eta inork ez duela motxila hori erabakitzen. Mendira goazenean, bidea oso luzea izan daiteke baina, lagunek, motxila eramaten laguntzen dute, helburua denok batera tontorrera heltzea eta han otarteko goxoa jatea baita. Eta ez lagun bat atzetik uztea.
Gaur, irailak 26, Hizkuntzen Europako Eguna dugu, Estrasburgoko Europako Kontseiluaren ekimenez, 2001etik aurrera urtero ospatzen dena. Sarrera xumea egingo dugu egunaren berri emateko. Egun honetako bideo batekin hasiko gara:
Kaixo! Hitz egidazu! Suposatzen dugu zuk ere euskara faltan bota duzula bideotxo honetan... Baina zaila da 60 hizkuntza gutxituak bideo batean txertatzea, ez duzu uste? Une egokia da Umberto Ecoren esaldi ezaguna gogora ekartzeko: “Europako hizkuntza itzulpena da”. Esaldi honen bidez Ecok gogorarazten digu, beste ezer baino lehen Europa aniztasuna dela. Nortasun aniztasuna. Hizkuntza eta kultura aniztasuna eta, nola ez, aberastasuna. Norbanakoarentzat nahiz gizartearentzat aberastasuna, herriaren ondarea...
Euskara ez entzuteaz aparte, zein izan da gehien harritu zaituena? Guri, zeinuen hizkuntza, zalantzarik gabe! Beste hizkuntza bat delako eta askotan ahazten zaigulako. Europar kontseiluak, bere web orrialdean, horren inguruko bitxikeriak eskaintzen ditu. Ziur gauza berri asko ikasten duzula!!
Amaitu baino lehen, gorago aipatutako Europar kontseiluaren web orrialdea luzatzen dizugu, bertan egunaren inguruko hainbat material eta informazio eskaintzen ditu. Besteak beste, hizkuntza gaitasuna neurtzeko autoebaluazioa proposatzen du: Programak lagunduko dizu ebaluatzen dakizkizun hizkuntzetan nolako gaitasuna duzun, Hizkuntzen Europako Erreferentzia Esparru Bateratuan zehazten den eskalako sei mailak oinarri hartuta. Ausartuko zinateke zeureak neurtzen? Nahi baduzu, egin dezakezu autoebaluazioa zeure kabuz hurrengo loturan sakatuz. Lasai egin dezakezu, ez da notarako izango eta! Ez izan beldurrik eta anima zaitez!
Pasa den astean tolerantzia eta aniztasunaren aldeko egunaren berri eman genizun. Aste honetan nahiz eta nazioarteko egunik ez ospatu, ildo horretatik jarraitu nahi dugu.
LGTB kolektiboaz aritu ginen eta Bizkaiko Foru Aldundiak argitaratutako kanpainaren leloari eutsi genion: gorrotoaren hizkuntza ez erabiltzearena. Zergatik ote proposamen hori? Argi dago askotan modu desegokian etiketatzen zaiela kolektibo horren pertsonei eta irainak erabiltzen direla haien kontra. Sentimenduak, berez sortzen dira eta oso zaila da kontrolatzea, guztien artean zailenetik zailena amodioa da, zalantza barik... Zergatik etiketatu pertsona bat sentitzen duenagatik? Hurrengo bideo honek harritzeaz aparte hunkitzea ere espero dugu. Ikusi eta gozatu!!
Bideo honetatik ateratzen dugun gogoeta zera da: toleranteak izan behar dugula, askatasunez begiratu, ez epaitu azalaren koloreagatik, ideiengatik edo maitasun harremanengatik. Ekintzak epaitu behar dira, hau da, pertsona ona izateagatik, fidagarria, besteak laguntzeagatik, maltxurra izateagatik ala ez... Justuak izan gaitezen eta pertsonen ekintzak epai ditzagun!
Aurreko bideoak ez du soilik genero arazoa aipatzen, baita erlijioa, arraza, ezintasuna ere. Tolerantea izatea oso garrantzitsua dela oso ondo dakizu dagoeneko, baina, Munduak asko eta asko landu behar duen gaia da. Ziur gaude bideoan agertzen diren maitasunezko loturak sakonago landuz gero elkarbizitza global baten helburuarekin, Manchesterren, Parisen, Dortmunen, Londresen, Madrilen, Iraken, Sirian, Turkian eta beste hainbat lekutan gertatutakoak ez zirela pasatuko.
Dakizunez, elkarbizitza, errespetua, tolerantzia... lantzeko leku aproposa baino aproposagoa eskola da. Tamalez, irakasleok ere, askotan, hain tolerantea ez den hizkuntza erabiltzen dugu. Hurrengo bideoak primeran azalduko digu. Adi!
Zer espero zenuen bideoaren hasieran? Bullying-ari buruz izatea? Hau, gure ustez, hainbat arazoren atzetik dagoen kutsadura da. Beti saiatzen gara besteak gu bezalakoak izaten, "normalak" izaten. Baina normaltasuna ez da existitzen, eskerrak! Inoiz entzun duzu "Zenbat buru, hainbat aburu" atsotitza? Ba primeran datorkigu hau azaltzeko: bakoitzak, normaltasuna bere errealitatetik eta bere ikuspuntutik ulertzen du. Horrela, ezer ez daukanarentzat, denetik edukitzea, gure moduan, ez da batere normala.
Bideo honek aniztasunaz ohartarazteko laguntzen digu, azken finean, zenbat azal kolore daude zure gelan? Ez dugu aurrera egin nahi beraien ideiaren bat aipatu gabe. Bai horixe! Gure geletan dauden azaleko kolore guztiak margotu ahal izateko, margo bereziak atera dituzte eta salgai dituzte! Hemen uzten dizugu linka, agian datorren ikasturterako lekutxo bat gorde diezaiokezu zure klaseko zorroan...
Gaurko sarrerarekin bukatzeko, Paul-en bidaia aurkeztu nahi dizugu. Paul suediarra da eta egun batean, trenez zihoala hau gertatu zitzaion...
Zer deritzozu Paulek egindakoari? Ausartuko zinen zu barrutik daramazun hori plazaratzen hain era nabarmenean? Eta trenean dauden pertsonen jarreraz zer uste duzu? Nola erantzungo zenuke zuk zure alboan jesarrita dagoen gizona komunera badoa eta bueltan emakume bat dela ikustean? Gure ustez, ondo baino hobeto erantzuten dute bidaiariek, Paul bera eta bere erabakia errespetuz hartu eta onartu dute.
Espero dugu hau guztiarekin zure ikuspuntua gero eta zabalagoa izatea, gero eta toleranteagoa... Gogoratu guztiok PERTSONAK garela, kanpotik izaten garena izaten garela edo sentitzen duguna sentitzen dugula ;)
Datorren astean bi data garrantzitsu izango ditugu: alde batetik maiatzak 15, Familien naziarteko eguna, eta bestetik maiatzak 17, Homofobia eta transfobiaren aurkako nazioarteko eguna. Bi egunak oso gertu daudenez, pitin bat aurreratuko gara eta gaiak lantzen hasiko gara.
Familiaren kontuarekin sartuko gara gaurko sarrera honetan. Oso galdera sinple batekin hasiko gara:
Zer da familia?
Ziurrenik, burura datozkizun erantzun eta ideia guztiak zuzenak dira, baina suposatzen dugu pentsatu duzun lehenengo gauza izan dela zeure familiarengan, ezta? Normala!
Hartu minutu bat jarraian txertatzen dizugun irudia aztertzeko, ondoren galdera bati erantzun beharko diozu:
Familia mota ezberdinak al daude?
Duela ez asko, familia mota bakarra zegoen: ama, aita eta seme-alabak.
Eredu tradizionala deitzen zaio mota horri eta, irudiak alderatuz, konturatuko zinen ereduak aldatu egin direla eta jada familia eredua ez dela beti seme-alabak dituen bikote heterosexualarenarekin lotzen. Askoz ere zabalagoa da kontzeptua. Ea hurrengo bideoak ikuspuntua irekitzera laguntzen gaituen:
Irudikatzen zenuen hainbeste posibilitate ezberdin bideoa ikusi aurretik? Edo familia tradizionalaren irudiarekin geratzen zinen? Zergatik izango ote da hori? Zer uste duzu zuk? Bai horixe, gure gizarteak hainbat aldaketa esperimentatu ditu azken 50-60 urteetan eta gaur egun hainbat familia mota ezberdintzen dira, nahiz eta komunikabideetan gehienetan tradizionala baino ez den aipatzen.
Egon momentu bat. Pentsatu ezagutzen dituzun lagunen familiez. Denak al dira zurea bezalakoak? Goazen aztertzera egoera ezberdin arruntenak:
Tradizionala: lehen aipatu dugu eta aita, ama eta seme alabak osatuta dago.
Gurasobakarrekoa: hainbat arrazoiengatik (heriotza, banaketa...) seme alabak guraso batekin bizi dira. Diborziatuen kasuan, umeak bi familia guraso bakarrekoak ditu.
Berreraikia:Bikotekide batek,
gutxienez, seme-alabaren bat izan zuen aldez aurretiko beste harremanen
batean. Familia-mota honetako partaideak aita, ama,
anaiordeak, arrebaordeak edota anai-arrebak izan daitezke.
Adopzio-familia:Gurasoekiko lotura genetikorik ez dagoen arren, haurrak
ekartzeko nahia handia izaten da.
Adopzio prozesuak oso luzeak izaten dira. Erabakia hartu ondoren, eta
egokitasun egiaztagiria eman baino lehen, aztertu egiten da adoptatzailearen
edo bikotearen egoera. Izapide burokratikoak eta itxaropen garaia pasatu
ondoren, gurasoak umearen bila joaten dira. Orduan hasten da elkar
ezagutu eta onartzeko garaia, familian eta etxean behar diren egokitzapenak
eginez.
Harrera-familia: Guraso biologikoek une konkretu batean ondo zaindu ezin badute, beste familia batek babesten du umea, adopzioa planteatu gabe.
Familia homosexuala: Beste familia mota guztien itxura edo konposizioa izan dezake, baina gurasoak homosexualak izango dira.
Baina, zein da motarik onena? Ba... ez dago! Familiarik onena maitatua sentiarazten zaituena da. Maitatzea eta maitatua sentitzea, hori dugu sentimendurik atseginena eta familian, normalean, hori gertatzen da.
Aurreko guztia kontuan hartuz, ondorioztatu ahal dugu familia guztiak balio handikoak direla. Bideo honek oso ondo azaltzen digu:
Espero dugu familia hitza entzutean ikuspuntu zabalagoa izan dezazun orain. Eta gogoratu, familia hitza aditzean burura datozkizun pertsonek osatzen dutela zurea. Zaindu zure familia, betidanik eta baldintza barik zu laguntzen eta maitatzen egon delako eta zure maitasuna eta babesa beharrezkoak dituelako, ahalik eta indartsuena izateko.
Sarreraren izenburua irakurrita eta ondorengo bideoan ikusiko duzuna kontuan izanik, gaurko sarrera hau zertan datzan hipotesiak bota. Ziur barregura eragingo dizula baina ez ahaztu lotura bilatu behar duzula!
Ziur bonbila piztu zaizula eta asmatu egin duzula aurreiritzien inguruan dela gaurko sarrera. Pasa den asteko arrazakeria eta xenofobiaren kontrako nazioareteko egunarekin ere lotura handia dauka. Zergatik jarri etiketa bat geure azalaren kolore berdina ez dutenei? Azken finean, ez al dira gizakiak, guztiok bezala? Zerbait irabazten da? Gure ustez, hori egitean mundu guztiak galdu egiten du. Hala eta guztiz, tamalez, gaur egun oraindik ere, aurreiritziz beterik gaude eta etiketa gehiegi jartzen ditugu.
Baina itxaropena ez dugu galduko eta iritsiko da momentua etiketak desagertzen direnean... Hori da gure helburua hemen argitaratzen dugun guztiarekin: arazo sozialez kontzientzia hartzea txikitatik ahal den neurrian adinaren arabera.
Aurreko guztia lortzeko, beti gabiltza bide batetik edo bestetik gure eskuetara iristen diren bideoak aztertzen. Beharbada hurrengoa sare sozialetan ikusi duzu jada, baina guk euskaratu egin dugu. Etiketen kontuaren inguruaz da. Izatez, Danimarkako telebista baten iragarkia da, adierazi nahi duena etiketak alde batera utzi beharko genituzkeela, guztiok pertsonak garelako.
Ziur gaude aurpegiren bat agertu dela espero ez zenuen lekuan, baina... zergatik espero dugu? Zergatik epaitu informaziorik izan baino lehen? Horietatik, pentsa ezazu zein izan den gehien harritu zaituena. Zergatik ote? Ez al dugu esan guztiok pertsonak garela? Ikusmira zabaldu eta epaitu gabe begiratu beharko genuke mundu hobea izateko.
Amaitzeko Gatibu taldearen azken diskaren lehenengo abestia luzatzen dizugu. Oso aproposa da eta guztiz bat dator gaurko sarrera honetan landu dugunarekin. Entzun arretaz letra eta gozatu!
Gaur, otsailaren azken eguna, gaixotasun arraroak dituzten pertsonen eguna denez, pertsona horiei eta bere ondoan daudenei omenaldi txikitxo bat egin nahi diegu, gure enpatia haiei helarazteko.
Jarraian emango dizkizugun datuak Ararteko, FEDER, Gure Señeak eta Gure Nahia erakundeen webgunetik ateratakoak dira, eta hasi baino lehen eskertu nahi dugu egiten duten lan ikaragarria. Dena den, hauek ez dira bakarrak eta Euskal Herrian beste hainbat daudenen lana ere txalokatu nahi dugu.
Hasi aurretik, irakurri dezagun Giza Eskubideen Aldirraken Unibertsalaren 25. artikuluak diona:
"Pertsona orok du bizimodu egokia izateko eskubidea, bai berari eta bai bere familiari osasuna eta ongizatea bermatuko diena, eta batez ere janaria, jantziak, bizitokia, medikusorospena eta gizarte-zerbitzuak; eta baita lanik eza, gaixotasuna, elbarritasuna, alarguntasuna, zahartzaroa edo bizibidea nahi gabe galtzeko beste kasuren bat gertatzen denerako asegurua izateko eskubidea ere."
Zer da, berez, gaixotasun arraro bat? Europar Batasuenan 10.000 pertsonatik 5 pertsona baino gehiagori eragiten ez diona da. Dirudienez, 5000-8000 arteko gaixotasun arraro daude eta EBko biztanleen %6 eta %8k pairatzen du.
Gaixotasun arraroak, orokorrean, larriak eta kronikoak dira, eta ezgaitasunak dakartzatenez, pairatzen dituzten pertsonek arreta edo zaintza bereziak behar dituzte.
Hauek dira bidean aukitzen dituzten zenbait arazo:
- Prozedura terapeutikorik ez egotea edo horiek eskuratzeko zailtasunak.
- Botika eraginkorrak edukitzeko arazoak.
- Gizarte, osasun eta hezkuntza arloko baliabideak pertsona horiek dituzten premia espezifikoetara egokituta ez egotea.
- Laguntza ekonomikoak eta sozialak ez egotea.
- Gizarteratzerik eza eta balizko bereizkeria.
Euskal Herriaren ezaugarrietako bat herritarren solidaritatea da, gaixotasun arraroei buruzko informazioa bilatzen, hainbat egitasmo topatu dugu. Adibidez Dima herrian aurrera eaman zutena duela urte bat bainio gehiago. Hurrengo bideoek oso ondo azaltzen dute haien aldarrikapena eta deialdi solidarioa:
Hunkigarria benetan, eredu aparta Dima herriarena! Pena da horrelako ekintzak arrakasta handia ez lortzea eta "kasualitatez" aurkitzea...
Hasieran aipatu dugun "Gure señeak" Derioko elkarteak gaixotasun arraroak dituzten umeen bizitzaren kalitatea bermatzea bilatzen du nagusiki. BIZIPOZAren lagunak, BBKren eskutik, honako bideoa oparitu digu Irrien Lagunak aldizkarian ateratako Gure Señeak elkarteari buruzko ipunarekin:
Gorago esan dugunez, oso herri inplikatua gara. Geure pailazorik ospetsuenak beti daude horrelako saltsetan sartuta eta duela urte batzuk haien ikuskizun batean adierazi zuten elkartasuna isladatzen da hurrengo bideoan:
Baina hemen ez dira amaitzen gaixotasun arraroak dituzten pertsonen alde lan egiten duten euskal elkarte edo erakundeak. Adibidez, "Korrontearen Alde" daukagu erronka itzela daukana eskuartean: "Bizkaiko kostaldea zeharkatuz-Gaixotasun arraroak bultzatzen" izenekoa. Helburu bikoitza dauka erronka honek: alde batetik, Bizkaiko populazioa afektatzen duten gaixotasun arraroak (GA) ezagutaraztea, berauek pairatzen dituztenen beharretaz informatuz; eta bestaldetik, hauen inbestigazio medikoarekin laguntzeko funtsak eskuratzea, funtsak zeinak bere onuradun bakarrari dohaintzan emango zaizkion, FEDER Euskadi (Federación Española de Enfermedades Raras delegación Euskadi). Horrerarako, kirol erronka EZ leihakorra definitu dute, zeina Bizkaiko kostaldean zehar igeri egiten, erreleboz eta bikoteka, garatuko den, Kobaronetik (Kantabriako muga) Ondarroara arte.
Beraz, konprobatu ahal duzunez, aukera anitz dauzkagu oso gertu parte hartu ahal izateko modu batean edo bestean.
Solidarioak izan gaitezen eta laguntzen lagundu dezagun!!
Baloreak lantzen dugun blog honetan, gaurko eguna ezin zitzaigun eskapatu, Martin Luther King eguna hain zuzen. Balorezale amorratua izan zen eta horregatik omenalditxoa egin nahi diogu hemendik gaur, nor zen gizon ospetsu hau ezagutarazi nahi dugu.
Martin Luther King ekintzaile afroamerikarrak boto-eskubidearen alde, diskriminazioaren kontra eta beste hainbat oinarrizko eskubideren alde martxak antolatu zituen. Baina batez ere bere "I Have a Dream" (Amets bat dut) diskurtsoagatik da famatua.
Afroamerikarrek AEBetan jasaten zuten diskriminazioa salatu zuen Luther Kingek, eta afroamerikarren eskubide zibilen alde lan handia egin zuen bizi osoan zehar. Hala ere, batez ere Washingtongo martxan egin zuen hitzaldiagatik da ezaguna. Izan ere, hitzaldi horrek bultzada handia eman zion afroamerikarren eskubide zibilen aldeko iraultzari.
‘I have a dream’ esaldia ez esateko aholkatu zioten Luther Kingi, aurretik askotan errepikatu zuelakoan. Aste horretan bertan, Chicagon, amets bat zuela azpimarratu zuen Luther Kingek milaka jarraitzaileren aurrean.Hitzaldia Washingtoneko hotel batean prestatu zuen.
Hurrengo egunari begira dokumentu bat idatzi zuen, eta bertan ez zen bere esaldi famatuena agertzen. Hala ere, inprobisazioaren alde egin eta diskurtsoa goitik behera aldatzea erabaki zuen.
Egun horretan ere entzuleen txaloak jaso zituen, ez bakarrik esaldi ospetsu horrengatik, baita 16 minutuko hitzaldian zehar erabilitako beste hainbat esaldirengatik ere.
FBI Luther Kingen atzetik ibili zen urte horietan: “komunistekin” ustez izan zituen harremanak aztertu zituzten, eta Luther King “AEBetako ekintzaile beltz arriskutsuena eta eraginkorrena” zela esan zuten.
1964. urtean, Bakearen Nobel Saria eman zioten Luther Kingi.
1968. urtean hil zuten, Memphisen, tiroz, martxa batean parte hartu aurretik.
Esaldi ederrak utzi zituen Martinek, hona hemen lagin txikia:
Duela gutxi enteratu gara gaur ere Ezinduen Nazioarteko Eguna dela. Esfortzu handia egiten dute egunero pertsona hauek, hori dela eta sarrera berezia dedikatzea erabaki dugu.
Egun honetan ezagutzera eman nahi dira ezinduek besteak bezalaxe bizitzeko dituzten eragozpenak, baita ezinduak gizartean, politikan, ekonomian eta kulturan txertatzeko burutzen diren ekintzak ere.
Jarraian duzun bideoak Gipuzkoako Gureak egina da, merkatu lehiakorretan zerbitzu integrala eskaintzen duen enpresa taldea. Oso ondo azaltzen du ezinduak besteok bezalakoak direla. Erne!!
Hurrengo bideoak berez hitz egiten du, horregatik ez diogu sarrerarik egingo. Zabaldu begiak, ziur gaude ez zaituela hotz eta motz utziko, eta bihotza ikutuko dizula:
Hitz gutxirekin, nahiko adierazgarria da bideoa. Gauza handirik ez dago komentatzeko baina bai gogoeta pertsonalerako...
Ikus dezagun desberdintasuna haur txikien begiekin!!
Bideo biak ikusi ostean hurrengo gogoetak datozkigu burura; horrelakoak ikusi arte ez gara ohartzen zelako zortea gurea, eskertzekoa benetan... Zenbat daukagun ikasteko eta baloratzeko!
Gaurko sarreran ez dugu aurkezpenik egingo. Bideo batekin hasiko gara zuzenean. Oso motza da eta ikusten duzun bitartean, pentsa ezazu zerekin egon daitekeen lotuta, kontuan izanik blog honetan argitaratzen ditugun sarrerak giza-baloreekin zerikusia dutela...
Erne egon!!
Bideoa ikusita, Eroskiri publizitatea egiteko ekarri dugula uste al duzu? Ba ez! Orduan, zer nahi dugu lortu bideo honekin?
Azter dezagun bideoa: "Eroskiren helburua: zero hondakin" oso ondo dago, horrekin guztiz bat gatoz. Baina besteak bezalakoak badira barazki eta fruta horiek, zergatik jaitsi behar zaie prezioa? Zergatik jendeak ez ditu erosten? Erantzuna tristea da, jendeak kanpoko itxurari garrantzi handia ematen diolako.
Baina hau ez da bakarrik gertatzen jakiekin. Gure gizartean, tamalez, kanpotik nolakoa zaren askoz garrantzitsuagoa da nor zaren baino. Aspalditik ikusi dugu nola emakumezkoak argalak izan behar diren edo gizonezkoak gihartsuak, nola emakumezkoek depilazioa jasan behar duten, ilea tintatu edo makillatu behar diren eder egoteko... Zorionez mundu guztiak ez du amore ematen eta kanpotik nolakoa den onartzen eta defendatzen du.
AEBetako Idaho estatuko Boise hirian bizi da Amy, hurrengo bideoaren protagonista. Bere gorputza nolakoa zen onartzeko arazoak izan zituen Amyk. Oso ibilbide luzea egin du eta azken geltokia hiri horretako merkatu batean gertatzen da. Ikus dezagun zer egiten duen eta nolako erantzuna jasotzen duen jendearengandik...
Zer deritzozu Amyren ekintzari? Zer nolako erantzuna izango zenuke zuk horrelako pertsona bat kalean topatuz gero? Bihotza marrazteaz aparte, besterik idatziko zenioke zuk? Zer?
Hemendik zorionik beroenak eta eskerrik asko handia luzatu nahi dizkiogu Amyri horren ausarta izateagatik eta jende askori lezioa emateagatik, han ikusteko aukera izan zutenei eta bideoaren bitartez iritsi zaigunoi ere bai.
Bideoak eta egoerak aztertu ondoren, zure ustez kanpoko itxura garrantzitsua da? Noraino? Espero dugu ikuspuntu desberdin batetik ikustea orain. Eta horrela ez bada, gutxienez gaiaz hausnar dezazun.
Gure bizitzan, maiz, guretzako oso garrantzitsuak diren pertsonak topatzen ditugu. Jaio garenean familia berri eta oso bat daukagu gure zain eta denek ezagutu nahi gaituzte: ama, aita, anai-arrebak, izeko-osabak, aitona-amonak... Geroago, parkean edota haurtzaindegian, lagun berriak ezagutzen ditugu, normalean, gu bezalakoak direnak. Eta horrela, txiri-txiri, eskolara heltzen gara, pozaren pozez.
Baina noizean behin, planetak lerrokatzen dira eta gauza paregabea gertatzen zaigu. Pertsona berezi bat ezagutzen dugu eta, orduan, dena aldatzen da eta gure bizitza ez da berriro bera izango. Aldaketa betirako da eta gure esku dago horri aurre egiteko modua. Guk erabaki behar dugu nola hurbildu pertsona berezi horrengana.
Sarreratxo horrekin beharbada ez dago oso argi zer den landu nahi duguna gaurko post-arekin; baina hurrengo bideoa arretaz entzunez, ziur asmatuko duzuela nondik doan kontua eta zein den luzatu nahi dugun mezua.
Ikus dezagun nor den Lorenzo eta zer gertatzen zaion...
Jarraian hausnarketarako galdera batzuk plazaratzen dizkizuegu:
Ume berezia al da Lorenzo, zertan nabaritzen zaio? Edozein izan daiteke Lorenzo? Zergatik? Zer egin genezake geuk laguntzeko Lorenzori? Lorenzori ontzia behar bezala eramaten laguntzen diona, nor izan daiteke? Irakaslea, gurasoa, laguna, edozein pertsona...?
Ez dakigu zuen bizitzan "Lorenzo"rik ezagutzen duzuen, baina ziur gaude noizbait topatuko duzuela. Tokatzen zaizuenean, suertatu diren hausnarketak baliogarri izanak espero dugu egoerari behar bezala aurre egiteko.
Amaitzeko, hitzik gabe utzi gaituen "Oparia" izeneko laburmetraia. Ziurrenik, hasieran ez diozue lotura handirik ikusiko, baina... aurrerago zentzua aurkituko diozue eta ulertuko duzue zergatik ekarri nahi izan dugun. Erne egon!!
Pentsatzen laguntzeko galdera batzuk: zer nolako lotura daukate bi bideoek? Antzekotasunik aurkitzen diezue edukinean? Esan genezake ume horrek ontzia daukala?
Orain, ikasitako guztia hausnartzeko eta praktikan jartzeko garaia da.