emozioak etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
emozioak etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2017/06/16

EMOZIOAK


Kaixo irakurle hori!

Sentimenduak eta emozioak pil-pilean dauden momentu honetan, bizitzarako eta besteekiko harremanetarako baliogarria den beste gai bat ekartzen dizugu.

Ziur ez dela termino berria eta askotan entzun duzula, baita erabili ere... EMOZIOAK! Baina, ausartuko zinateke emozioak zer diren azaltzen? Inside out pelikula ikusi baduzu (ez baduzu egin, gomendagarria da oso), oinarrizko emozioak gogoratuko dituzu: poza, haserrea, beldurra, tristura eta nazka. Guzti-guztiak gurekin bizi dira, eta momentuaren arabera, hauetako baten bat agerian egoten da.




Gorago aipatu dugun moduan, gure bizitzan daude jaiotzen garenetik, eta gure nortasuna eraikitzerakoan eta elkarrekintza sozialean paper garrantzitsua betetzen dute. 

Baina, kasu egiten diegu geure emozioei? Arreta jartzen dugu ulertzeko zer esan nahi diguten? Denbora gehiago eman beharko genioke horri, ez duzu uste? 

Horretarako existitzen da adimen emozionala, pertsona batek era orekatuaz emozioak eta sentimenduak adierazteko eta besteenak ulertzeko trebezien multzoa, hain zuzen. Erreza dela uste al duzu?





Aurreko irudian isladatzen den moduan, Adimen Emozionalaren trebetasunak dira emozioak hautemateko gaitasuna, maneiatzearena, emozioak ulertzeko eta adierazteko trebetasuna. Baina mundu guztiak ez daki emozioak maneiatzen, hori ere ikasi egiten da, eta ez egun batetik bestera. Horretaz aparte, ez uste umeen kontua denik bakarrik, nagusiona ere bai. Ez da lan erreza emozioak behar bezala hautematen, erregulatzen eta ondo adierazten. Denbora dexente eskaini behar zaio horri behar bezala kudeatzeko. Hemendik zer edo zer landu dugu ikasturtean zehar, batez ere berdinen arteko gatazkak bideratzen laguntzeko.

Kontuan izan behar dugu ez garela bakarrik bizitzen eta besteekin elkarbizi behar dugula. Zaila da gero! Batez ere emozioek (interpretagarriak direnak) parte hartzen dutenean. Erresilientzia kontua landu genuenean, azaldu genuen guztiok ez dugula berdin jokatzen egoera berdinaren aurrean. Berdina gertatzen da emozioekin, eta gure ingurukoenak kontuan izan behar ditugu ere bai. Beharbada ez ditugu ulertzen, baina zelan sentitzen diren onartzen ikasi behar dugu. Geure emozioetatik hasi eta besteekin ditugun elkarrekintzetan emozioek nola eragiten diguten aztertu behar da. Hau da, besteen zapatetan jartzen saiatu behar dugu, lan erreza ez dena baina elkarbizitzarako baliabide ona!

Ohartu behar dugu ere bai inportantea dela jakitea zer dagokion geure buruari, zeri eman behar diogun garrantzia eta denbora. Hori argi izango bagenu, hobeto joango zitzaigun guztia. Prestatutako bideoa argiago azaltzea eta horretatik martxan jartzeko ondorioak atera ditzazun espero dugu.





Oso argi isladatzen da azalpen honetan zer dagokion bakoitzari eta zeri eman behar diogun garrantzia. Askotan besteek egiten edota esaten dutena indar eta eragin handiegia dauka guregan eta hori saihestu beharko genuke zoriontsu izateko, gauza bakoitza kokatu beharko genuke bere zirkuluan eta ez lirateke nahastu beharko. Beraz, aurrerantzean, arazo baten aurrean gelditu zaitez eta esan zeure buruari zer den zeure ardura eta zer ez. Besteek egiten dutena ezin dugu kontrolatu baina norberarena bai!

Sarrera amaitzear dago eta, gaiaren seriotasuna galdu gabe, zurekin barre egin nahiko genuke, horregatik, gaurko gaiarekin eta aipatutako filmarekin zerikusia duen laburmetraia partekatu nahi dizugu. Agian ikusita daukazu, baina horrela ez bada, disfrutatzea espero dugu:




Ulertu duzu zelan funtzionatzen diren geure emozioak? Oso bideo adierazgarria da horretarako. Ziur zeuri ere horrelako egoera bat suertatu zaizula eta bideoan aipatzen direnak sentitu dituzula. Inportantea da emozioak onartzea eta kudeatzen jakitea, edozein motatakoa noski! Ez da lan makala, ez!

Aurkeztutako guztia baliogarria izan dadila espero dugu, gutxienez pentsatzeko eta konturatzeko sentitzen dugunaz eta besteak zelan sentitu daitezkeen.


2017/05/04

BESTEAREN ZAPATETAN JARTZEA ETA GEHIAGO

Kaixo balorezale:

Gaurko sarrera honek jarraitzaile baten eskaerari erantzuna ematen dio. Jarraitzaile hau irakaslea da eta oso kezkatuta dago bere ikasle batzuk ez direlako gai besteen zapatetan jartzen, ez dakite zer den enpatia ezta umiltasuna ere. Termino horien esanahi etimologikoa ez jakiteak ez dauka garrantzi handirik baldin eta besteen zapatetan jartzen badakizun eta daukazuna baloratzen baldin baduzun...

Enpatiarekin has gaitezen: ba al dakizu zer den bestearen zapatetan jartzea? Baina beste galdera bat daukagu zuretzat, aurrekoa baino zailagoa: ba al dakizu bestearen zapatetan jartzen? Kontuan izan guztiz desberdina dela zer den jakitea (teoria) eta egiten jakitea (praktika), ez duzu uste? Guztiok dakigu teoria oso ondo, baina praktikan jartzeko orduan, kostata egiten dugu... Hartu minutu pare bat pentsatzeko zer egin dezakezun hori aldatzeko...

Ziur asmatu duzula lehenik eta behin jakin behar duguna dela zelan sentitzen den bestea, hau da, bestearen emozioaren kontzientzia hartzea da funtsezkoa. Jabetzen zarenean zer den sentitzen duena besteak, bere egoeran jar zaitezke, bere zapatetan, eta zure jokaera aldatu egingo da. Hor dago koxka!! Baina... ez da batere erreza. Saiatuko zara hurrengo egunotan praktikan jartzen? Horrela hasiz gero, ohitura bihur daiteke eta zure jokabidea alda daiteke. Pausu txikia da aldaketa erraldoia hasteko, egiten animatzea espero dugu. Baina, noski, zure esku baino ez dago...

Bestearen zapatetan jartzea zer den azaltzen duen bideoa luzatzen dizugu:





Bideo honek laguntzen digu sarreraren hasieran aipatu dugun beste puntua sartzen: umiltasuna. Neurri batean, enpatiarekin lotuta dago, geroago ikusiko duzu argiago. Suposatzen dugu termino honek ez duela azalpen beharrik. Horregatik galdera batekin jarraituko dugu: inoiz gertatu al zaizu besteek daukatena desiatzea?

Bideo motz hau oso adierazgarria eta esanguratsua da, pentsaraztea espero dugu:





Bakoitzari berea kezkatzen zaio, eta normala da horrela jokatzea, are gehiago, komenigarria izan daitekela esan dezakegu bizitzan hobetu ahal izateko, bai, baina ezin gara hor izkutatu. Norberak zailtasunak izan arren, zorte handikoak garela pentsatu behar dugu beste egoera larri batzuekin konparatzen badugu geure egoera. Beti dago gu baino gaizkiago dabilenik eta horrek izan beharko zuen geure erreferentzia, ez guk baino gehiago daukanak... Horretaz hausnartzea espero dugu.

Amaitzeko, gaur jorratutako bi gaiekin lotutako bideoa luzatzen dizugu, oso ondo uztartzen ditu enpatia eta umiltasuna, hitz barik asko adierazten du. Begiak eta ikusmira zabaldu eta pentsatu!!





Eskerrak zapata galtzen duenak bestearen zapatetan jartzen den!! Horrela jokatuko bagenu guztiok, askoz hobeto joango litzateke mundua, ez duzu uste?


2016/11/13

ARNASA HARTU...

Kaixo lagun!

Dakizunez, arnasa hartzea funtzezkoa da bizi izateko, izaki bizidun guztiok egiten dugu inkonszienteki etengabe. Natura edo biologiaren gaia da, baina ez gara ildo horretatik joango, ez dugu bizi-funtziotzat hartuko oraingoan, ez. 

Arnasketa mota desberdinak daude. Ezagutzen al duzu arnasketa motarik? Ba al dakizu zertarako erabil dezakegun arnasketa arnasa hartzeaz aparte? Hurrengo bideoan ikusiko duguna funtzezkoa dela uste dugu, ikus dezagun ea galdera hauen erantzunak aurkitzen dituzun...





Argi dago orain, bideoa ikusi ostean, erlaxatzeko funtzezko baliabidea dela. Nahiz eta argiago izan lehen planteaturiko galderak, beste batzuk datozkigu burura:

  • Inoiz sentitu zara ume horiek deskribatzen duten moduan?
  • Umeen arazoa al da edo uste duzu nagusioi ere gertatzen zaigula berdina?
  • Bakarrik balio dute aholku hauek haserre gaudenerako? 
  • Bururatzen al zaizu noiz gehiago hartu behar dugun arnasa lasaitzeko?

Eta zuk, zer egiten duzu? Arnasa hartzen duzu zeure emozioak kontrolatzeko? Elkarbanatu nahi duzu gurekin zure trikimailua? 

Aurreko guztia hausnartu ondoren, ondorioztatu ahal dugu egoera batetiko daukagun pentsamendu edo iritzia aldatzen badugu, gure emozioak ere aldatuko direla eta beraz, martxan jartzen ditugun ekintzak eta emaitzak ere bai. Edota egoera batean gure emozioak aldatzea lortzen badugu, gure pentsamenduengan eragingo dugu baita egoera horretan, gure ekintzak ere aldatuko dira eta emaitzak ere bai. 

Beraz, merezi du denbora hartzea, sakon hartzea arnasa egoera latzetan emozioak kontrolatzeko... Horretarako teknika erreza plazaratzen dizugu: 4-7-8. Hiru urrats ditu teknika honek:
  1. Ahoa itxi eta hartu arnasa sudurretik lau segundotan.
  2. Mantendu airea zazpi segundo barruan.
  3. Bota aire guztia pixkanaka zortzi segundotan.
Ziur besteren bat jakingo duzula, baina orain praktikatzeko aitzakiarik ez duzu izango!!

Bilatu leku lasaia, eroso jarri, itxi begiak, arnasa hartu eta hasi zenbatzen:

Bat, bi, hiru, lau....
Bat, bi, hiru, lau, bost, sei, zazpi...
Bat, bi, hiru, lau, bost, sei, zazpi, zortzi...

Laster arte!!