duintasuna etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
duintasuna etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2018/09/20

BUELTA ESKOLARA!

Kaixo balorezale:

Zelan doakizu ikasturtearen hasiera? Apur bat despistaturik? Gogo gutxirekin? Gogorra izan al da itzulia? Beharbada, pittin bat nagiturik zaude oraindik ere. Orokorrean, normaltzat hartzen dira horrelako jarrerak eta gogo gutxirekin hastea eskolan, ez baikara konturatzen zelako aukera aparta daukagun eskolara modu normalizatu batean joan ahal izateagatik. 

Hurrengo bideoek lagunduko zaituzte ikusmira aldatzen, erne!:







Konturatzen zara orain zelako zortea daukazun? Hezkuntza, pertsona guztiek daukaten eskubidea da baina, tamalez, munduan hainbat lekutan ez dago bermatuta. Fijatu zara zein pozik dauden umeak? Zelako gogoekin joaten diren eskolara? Nola eskertzen duten motxila eta arropa berria estrenatzea? Bideoak ikusi ondoren, daukazun aukera aparta gehiago baloratzea espero dut.

UNRWA erakundeak bideo hauen bitartez salatu du egoera hori ume palestinarren duintasuna aldarrikatuz.

UNRWA Ekialde Hurbilean dauden Palestinako Errefuxiatuentzako Nazio Batuen Agentzia da. 60 urte luzeren ostean, UNRWAren zeregina da Jordanian, Libanon, Sirian eta Palestinar herrialde okupatuetan dauden 5 milioi palestinar errefuxiatuei arreta, babesa eta defentsa eskaintzea, euren egoerari irtenbide baketsua eta iraunkorra ematen zaion bitartean. 

Gaur egunean, UNRWAk Palestinako 5 milioi errefuxiaturi baino gehiagori –horietako 1,8 milioi 58 kanpamenduetako batean bizi da- ematen die laguntza eta babesa. Agentziaren lana, batez ere, arlo hauetan kokatzen da: Garapena, Babesa, Hezkuntza, Osasuna, Gizarte Zerbitzuak, mikro-finantzaketak, Laguntza Humanitarioa eta larrialdietan erantzuna ematea. 

Euskadi mailan, 2006an sortu zen bi helburu nagusi hartuta: Euskal gizarteari 5 milioitik gora palestinar errefuxiatuek bizi duten egoeraren berri ematea eta 60 urtean UNRWAk burutzen duen lan humanitarioa eta babesekoa zabalaraztea. UNRWA Euskadik funts publikoak nahiz pribatuak biltzen ditu UNRWAk errefuxiatuekin burutzen dituen lanetan laguntzeko, eta euskal gizartean nazioarteko elkartasuna eta lankidetza sustatzeko.

Erakunde honen langileak bolondresak dira, beraiei esker mundu hobea eraikitzea posiblea izango da. Ziur zuetako norbait, modu apalean bada ere, prest egongo dela besteei laguntzen. Hori da blog honen xedea, pertsona hobeak hezten laguntzea.

2018/04/16

APIRILAK 16: HAUR ESKLABOTZAREN AURKAKO EGUNA

Kaixo balorazale:

Hiruhilabeteari hasiera emateko, Haur Esklabotzaren Aurkako Eguna dugu gaur. Bada, hain zuzen, guri ospatu behar izatea gustatzen ez zaigun horietakoa. Penagarria XXI. mendean egonda horrelako egoerak egotea, salatu eta umeen eskubideak aldarrikatu behar izatea.

Gaiari sarrera emateko hurrengo bideoarekin hasiko gara:





Beharbada oso urrun gelditzen zaigu arazo hau, geure inguruan ez dugulako horrelako kasurik ezagutzen, baina, tamalez horrela da eta gaur egun 150 miloi ume baino gehiago esklaboak dira mundu osoan.

Egun honetan Iqbal Masih haurrari egiten zaio omenaldia, Pakistango tapizen mafiak 1995. urtean 12 urte zituela erail zuen haurrari, hain zuzen ere. Lau urte zituen bere familiak 600 rupiaren truke (10 €) alfonbren lantegi baten jabearen eskuetan utzi zuenean. Umeak 12 ordutik gora egiten zuen lan alfonbrak egiten, baina jabeak maileguarengan jarri zituen interesen ondorioz, Iqbalen aitaren zorra geroz eta handiagoa egin zen. Garai horretan, haurra jipoitu eta basatiki jo zuten, eta ehungailu batera kateaturik ere eduki zuten. 1992an haur esklaboak salbatzen zituen erakunde batek askatu egin zuen. Iqbal eskolara joaten hasi zen, eta aldi berean, haur esklaboak askatzea lortzeko kanpaina jarri zuen abian. Haurra izan arren, jendaurrean hitz egiten zuen bortxazko lan esplotazioari buruzko bere lekukotasuna emanez. 1994an sari bat eman zioten bere lana aitortze aldera, eta horrek ezagun bihurtu zuen. Hurrengo urtean, apirilaren 16an, bizikletan zebilela, tiro batek jo eta erail zuten. Hori dela eta urteko egun honetan "ospakizuna".

Iqbalek hasi zuen lana ez da galdu bere heriotzarekin; izan ere, Craig Kielburgerek, bere anaia Marc Kielburgeren laguntzarekin, bere bizitza lan horri eskaintzea erabaki zuen eta, horrela, 1995ean Free the Children izeneko elkartea sortu zuen. Ordutik, haur esklabotza handituz joan da: bost urtetik gorako ia 400 milioi haurrek egiten dute lan esklabo gisa, eta beraz, baldintza penagarrietan. Haur esklabotza negozioa baita ehungintza, armada edo meatze-korporazio handientzat zein sexu esplotazioaren mafientzat. Euren esplotazioaren emaitza eguneroko kontsumorako gaiak baitira. Isiltasun geruza konplize bat hedatzen da milioika haurren gainean.

Sarrera honi amaiera emateko, jorratu dugun guztia borobiltzeko hurrengo bideoa luzatzen dizugu: