bizikidetza etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
bizikidetza etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2018/09/23

FUTBOLA, BIZIKIDETZA SUSTATZAILEA

Kaixo balorezale hori:

Pasa den ekainean, mundu guztiak #Rusia2018 futbol mundialari begira zegoen bitartean, inork ikusten ez zuen beste futbol mota bat bazegoen, askoz garrantzitsuagoa eta bizikidetza sustatzen zuena.

10 urte betetzen dira Israelek lur, itsas eta aireko blokeoa ezarri ziola Gazari, baina kirola askatasunerako, bizitzarako eta balioak sustatzeko eragile bihurtu da. UNRWA Euskadiren laguntzarekin, emakumeen futbol talde batek haien eguneroko bizitzetan mugak haustea lortu du, Israel eta Palestinaren arteko gatazkari gola sartuz.

Bideo hau Euskadiko GGKEen Koordinakundeko #30UrteAztarnaUzten kanpainaren parte da eta erakunde honen eta Euskadiko lankidetza politiken 30. urteurrenaren testuinguruan kokatuta dago.




Txapela kendu baino ezin dugu egin eredu bikain honen aurrean eta beraiengandik ikasi zer lortu daiteken kirolaren bitartez. Aupa zuek, neskak!


2018/05/16

MAIATZAK 17: LGTBFOBIAREN KONTRAKO NAZIOARTEKO EGUNA

Kaixo balorezale:

Aurten, berriro ere, maiatzaren 17ko Homofobia, Transfobia eta Bifobiaren aurkako Nazioarteko Egunaren berri ematera gatoz. Iaz azaldu genuen moduan, 1990eko maiatzaren 17an Munduko Osasun Erakundeak homosexualitatea gaixotasun mentaleen zerrenatik ezabatu zuelako ospatzen da.

Egun honetako helburu nagusia homosexualen, bisexualen eta transexualen kontrako diskriminazioa salatzeko balio duen ekintza mota guztiak koordinatzea da.

LGTBfobia aniztasun sexualarekiko jarrera diskriminatzailea da. Nahiz eta azken hamarkadan aurrerapausoak ematen ari diren bisibilizazioan, onarpen mailan eta lege berdintasunean tamalez, LGTB pertsonen kontrako uko egite, eraso, diskriminazio eta jazarpenak bizirik jarraitzen dira.

Eskoletan ere bai, ikasleen kontrako diskriminazioa ematen da: mehatxuak, orientazioaren inguruan hainbat iraintze, ez ikusiarena egitea… Jakina da bortizkeria psikologikoak autoestimuan duen eragina negatiboa dela, hori dena umilatzea da. Lan handia egiteke dago, baina gizarteko laguntza  eta inplikazioa ezinbestekoa da.

Badira beste hainbat portaera bortizkeriatzat jotzen ez direnak, baina ezinegona eta mina sortzen dituztenak. Adibidez, genero estereotipoei ez jarraitzeagatik entzuten diren txisteak edota esamesak. Hauek guztiak ere, bortizkeriatzat jotzen ditugu eta hemendik, ozen baino ozenago salatzen ditugu.

Pertsona guztien orientazio sexuala errespetatua izateko asmoz, gure erronka tolerantzian eta errespetuzko jarreretan oinarritutako harremanak gauzatzean datza; pertsonok aske eta libre eratu eta garatu gaitezen. Hori dela eta, geure mezua ahalik eta gehien zabaltzea eskatzen dizugu.

Jarraian bideo batzuk gai honekiko sentsibilizatzeko luzatu nahi dizugu. LGTB kolektiboaren barruan dauden pertsonen sentimenduak hainbat modutan adierazten dira. Esate baterako, Kantu Kolore taldearen kantu eder honek plazaratzen digun istorioa (Eskerrik asko, Patricia!):





Hurrengo bideo honek oso ondo kokatuko zaitu gaurko gaian eta, beharbada, ulertaraziko dizu LGTB kolektioaren pertsonek, guztiok bezala, sentimenduak dituztela, eta ez lituzkete ezkutatu beharko...





Hitzik gabeko bideo adierazgarri hau serio hartu izana espero dugu, gaurko gaiak eta LGTB kolektiboaren errealitateak behar duten seriotasuna eman behar diogulako. Bideo honen bitartez, errealitate honetarako hurbilketa egiteko balio izana espero dugu.

Jarraian, beste bideo bat luzatzen dizugu. Honetan beste mota bateko sentimenduak plazaratzen dira, homosexualen, transexualen eta bisexualen egoera gordina ikusiko dugu. Haien zapatetan kokatzeko balioko zaizulakoan gaude. Erne!





Amai dezagun abesten eta dantzatzen Gatiburen eskutik "Aske maitte, aske bizi" kantuarekin, amodioa librea delako errespeta dezagun maitatzeko edozein modu. Maitasuna dagoen lekuan ezin da minik egon, maitasunak ez dauka etiketarik!:





2018/05/02

ESKOLA JAZARPENAREN AURKAKO NAZIOARTEKO EGUNA

Egun on irakurle hori:

Hona hemen ospatzea gustatzen ez zaigun horietako egun bat. Gaur, maiatzak 2an, mundu mailan "Eskola Jazarpenaren aurkako eguna" daukagu.

Askotan landu dugu gai hau baina behin eta berriro honen inguruko jarrera desegokiak entzuten dira, beraz uste dugu sarrera hau ez dela soberan egongo. Hezkuntza Saletik indarra egiten ari da azken bolada honetan gai korapilatsu honen inguruan irakaslegoa formatzeko, baina oraindik ere lan handia daukagu geure aurrean.

Hau ez da irakasleon arazoa soilik. Familiek paper garrantzitsua daukate, baina batez ere zeuek protagonistak izan behar duzue eta erantzukizun handia daukazue ere bai. Argi dago geuk, nagusiok, bideratu behar dugula baina zeuen kolaborazioa ezinbestekoa da. Eskola jazarpena eragiten duen pertsona agerian jarri behar da, bestela bere papera erreforzatzen da eta gero eta indartsuago sentitzen da. Hori sahiesteko, ikasleon laguntza behar dugu eta ematen duzuen informazioa premiazkoa da arazoan dauden guztiei lantzuntza eman ahal izateko. 

Argi utzi nahi dugu horrelako arazo batean sartuta dauden guztiak lagundu nahi ditugula eta emango duzuen informazio hori haien onerako izango dela. Hau da, bai erasotzaiarekin baita jazarpena jasotzen duenarekin ere lan egin behar da arazoa bideratzeko. Zeuek laguntzaileak izango zarete, inoiz ez salatariak!!

Aprobetxatu nahi dugu sarrera txiki hau aldarrikatzeko egun hau ofiziala ezartzea eta indar gehiago ematea gai honi instituzioetatik. Egia da BAT (Bullyingaren Aurkako Taldea) programa sortu dela, baina oraindik zentru askotara ez da heldu... Gure ustez, funtzezkoa da Hezkuntza komunitateak jazarpen egoerak ezagutzea, gaiaren inguan hausnartea bullyingaren aurkako jarrera aktiboa sustatzeko. 

Amaitzeko, gogoetarako bideoa luzatzen dizugu. Agertzen diren gauza asko ezagunak egingo zaizkizuen baina ez dago soberan berriro gogora ekartzea:





Jorratu dugun honekin guztiarekin, espero dugu zuetariko norbait jazarpenaren biktima izanez gero, ausartzea arazoa azalarazten lagundu ahal izateko; lekukoak izanez gero, erasotzailea ageri jartzea arazoan dauden guztiei lagundu ahal izateko eta erasotzailea izanez gero, birplanteatzea egiten ari zaren min handi hori...

Egun polita izan!

2018/04/19

HARREMANAK II

Kaixo balorazale:

Oporrak baino lehen, pertsonen arteko harremanak eta haiengandik suertatzen diren gatazkei buruzko sarrera eskaino genizun. Sakondu nahi dugu gaian, gure ustez oso garrantzitsua baita besteekin ondo harremanatzea eta gure irakaslearen paperaren barruan, pertsonak izaten irakastea da.

Lehen aipatu dugun sarreran ikutzen genuen puntu bat zen guztiok ezberdinak garela eta "egia" geure ikuspuntutik baino ez dugula ikusten. Esfortzua egin behar dugu beste ikuspuntu batetik ikusi ahal izateko... Gogoratzen zara ez bagara mugitzen inoiz ez garela gai izango 9 bat 6 moduan ikusteko? Argi dago geure bizipenek baldintzatzen gaituztela baina elkarbizitza bermatzeko saiatu behar dugu bizitza besteen zapatetatik ikusten.

Hurrengo bideoan ikusiko dugu zelan konpontzen diren Gaua eta Eguna, oso desberdinak izan arren...:





Ikasi behar dugu besteekin (elkar)bizitzen, besteak errespetatzen, haien aurpegi guztiak onartzen eta  gauza onak goraipatzen. Bideoan ikusi dugun moduan, ez da batere erreza; bizitza errealean ere bai berdina gertatzen da. Horretarako norbere berezitasunak, indarguneak eta gabeziak ezagutu eta onartu behar izatea lehenengo urratsa izaten da. Besteengandik asko daukagu ikasteko; beharbada, egunen batean, kritikatu izan duguna gugan ere badago eta...

Aurrera joko dugu beste bideo batekin. Hau egoera erreala da, nerabeekin egindako esperimentu soziala hain zuzen ere. Ikusiko dugu zelako garrantzia duten ahozkatzen ditugun hitzek...





Ziur gaude gogoeta handia ez dugula bideratu behar, ondorioak zuk zeuk atera dituzula eta hemendik aurrera gehiago zainduko duzula zelan komunikatzen zaren eta nolako berbak eta mezuak luzatzen dizkiezun zeure ingurugoei. Edo horrela izatea espero dugu behintzat!

Asteburu ona izan!


2018/02/23

OSTEGUN BELTZA

Kaixo balorezale,

Askotan idatzi dugu kirolari buruz eta, horren inguruan hausnartuz, hainbat balore plazaratu egin dira (solidaritatea, laguntasuna, umiltasuna, zintzotasuna...). Aste honetan, aldiz, beste ikuspegi batetik begiratu behar dugu kirolarekin lotuta dagoen egoera bat.

Bart, Athletic-ek Moskuko Spartak-en kontra jokatu zuen UEFAko Europa Leaguen. Astean zehar hainbat abisu egon dira zale errusiar extremisteei buruz eta beraien gaiztakeriak nolakoak diren ikusteko aukera anitz izan ditugu komunikabide guztietan, baita sare sozialetan ere. Oso zaila izan da ezer ez ikustea.

Herenegun, Bilboko bi ikastetxek, San Mamesetik gertu daudenez, eskolaz kanpoko ekintzak, eta baita klaseak ere, bertan behera uztea gomendatzen zuten, errusiar zaleekin arazoak egotekotan umeak arriskuan egon ez zitezen.

Hiriburuko kaleetan ehunka polizia ikusi ditugu, ia-ia borrokarako prest, zale euskaldunak zein errusiarrak gaiztoengandik babestu ahal izateko. Bai lagun, errusiarrak ere, astelehenetik gure artean hainbat Spartakzale egon baitira Bilboz gozatzen inori kalterik egin gabe eta, noski, beraien segurtasuna ere jokoan zegoen. Zergatik? Hemengo zalegoaren parte bat ere extremista delako eta borrokatu nahi omen zuen.

Gauzak horrela, partidua hurbildu ahala, iskanbilak sortu egin ziren Gasteizen zein Bilbon. Azkenean, partidua hasi baino lehen, irudi penagarri eta triste baino tristeagoak ikusi ziren. Su artifizialak, kolpeak, irainak... liskar galanta egon da San Mames alboan eta, partiduaren atsedenaldian, berri tristeena jaso genuen, Ertzain baten heriotza, hain zuzen. Antza, ez zen kolpe baten ondorioz izan, baina berdin dio. Zer dela eta pertsona bat hil behar da kirol ikuskizun batengatik?

Irudi hauek, guretzat, iraganeko irudiak ziren, baina ez da horrela. Kirol profesionala eta bertan sortzen den norgehiagoka aitzakia baino ez da liskartientzat eta hauek astero plazaratzen dute beraien krudeltasuna munduko bazter guztietan. Gauza bakarra dago argi: kirol ikuskizunetara borrokatzera doazenek ez dute kirola edo taldea maite, bakarrik indarkeria, eta gure zelaietatik eta kaleetatik at egon beharko ziren. Berdin dio errusiar, ingeles, espainol edo euskalduna izatea. Beraientzako lekurik ez da egon behar.

Pasa den urtean aurkeztu genizun moduan, indarkeriari txartel beltza atera behar zaio:


Resultado de imagen de indarkeria kirola


Orain, alde batera utziko dugu "kirola" eta gure nagusiengana hurbilduko gara.

Atzo goizean, estatuko hiriburu nagusietan, erretiratuak kalera atera ziren pentsio duinak eskatzera. Azken 5 urteotan, guztira, beraien bizizaria %1,25a baino ez da igo, hau da %0,25 urte bakoitzean.  IPCak (gauzen prezioa), aldiz, %2,1a igo da 2013tik hona, hori elektrizitatearen eta gasaren prezioa kontuan hartu gabe.
Zer esan nahi du honek? Demagun 2013an erretiratu batek 600€ko pentsioa zeukala. Bere pentsioa, gaur egun, 607,5€koa izango zen eta, noski, 7,5€k ez du ematen gauza guztien prezioen igoerak ordaintzeko.

Gure nagusiek gero eta pobreagoak direla salatu nahi dute eta bizitzaren prezioaren igoera bera beraien pentsioak izateko eskatzen dute.

Hemendik, gure solidaritatea eskaini nahi diegu nagusi guztiei. Ba al da posible, bizitza osoa lan egin eta gero, zergak ordaindu ondoren, hain pentsio baxuak izatea? Nola bizi daitezke gure aiton-amonak? Nork bermatzen ditu beraien eskubideak? Madrilgo gobernutik, gainera, irain bat jaso egin dute orain dela gutxi. Presidentearen hitzetan, bizitzan zehar aurreztu behar da jubilaziorako. Eta hori dio pentsionisten itsulapikoak, guztion artean bete dugun hori, bankuak eta entrepresa pribatuak salbatzeko husten duen bitartean. Hura bai komiko ona. 

Blog txiki honetatik omenaldia egin nahi diegu nagusiei. Zuek bai izan zaretela eredu aparta giza eta langileen eskubideak lortzeko borrokan. Zuen alde gaude. Gora nagusien borroka!


Imagen relacionada

Resultado de imagen de pensionistas bilbao

2017/12/15

BIZITZAREN PRIBILEGIOA

Kaixo Balorezale!

Inoiz gelditu zara une batez pentsatzeko mundan dagoen desoreka itzelari buruz? Planeta berean bizi gara gizaki guztiok eta, aurreko sarreran plazaratu genuen bezala, Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalak dio guztiok berdinak garela baina, tamalez, azkar ohar gaitezke gauzak ez direla horrela funtzionatzen.

Inoiz gelditu zara une batter pentsatzeko gure gizartean dauden pribilegiatuei buruz? Nortzuk dira zure ustez? Seguruaski hainbat kirolari sartuko zenituzke multzo honetan: Messi, CR7, Fernando Alonso, Marc Márquez... Musikari askok ere beraien lekua izango lukete: Shakira, Bisbal, Bob Dylan, Justin Bieber... Hainbat eta hainbat pertsona ospetsu ere ez zen kanpoan geratuko... Arrazoia duzu, horiek guztiak badira pribilegiatuak baina, aurrera jarraitu baino lehen, bideo bat luzatu nahi dizugu, ea iritziz aldatzen duzun:





Azter dezagun bideoa! Animatzaileak gazte guztiak marra batean jarri ditu, irteeran alegia. Baina ez ditu gazte guztiak elkarrekin uzten, ez, hainbat adierazpen egiten ditu eta, horien arabera, batzuk aurrerago kokatzen dira. Aipatutako esaldiak pribilegioak baino ez dira, ez duzu uste? Horien artean familiaren egoera ona izatea, etxean diru sarrerak egonkorrak edukitzea, goi mailako ikasketak izatea, bizitzan aukera gehiago eta egoera onak izatea... 

Nola erantzungo zenion orain lehenengo galderari? Nor gehiago dago orain lehen aipatutako pribilegiatuen multzoan? Bai horixe... gu geu! Guri (eta zuri seguruaski) oilo ipurdia jarri zitzaigun bideo hau ikustean, aipatutako pribilegio guztiak edo ia guztiak betetzen baititugu. Agian zure gurasoak bananduta daude edo, zoritxarrez, ezin dira zurekin egon, baina zure familiak ahal duen guztia ematen du zu zoriontsua izan zaitezen eta etorkizun ona izan dezazun. Ez al da hori pribilegiatua izatea? Azken finean bizitza duina daukagu eta geure eskubideak ez daude urratuta... Kasuak kasu, oro har, zorte handikoak gara eta eskertuta bizi beharko ginateke!

Bideoan, animatzaileak erabiltzen dituen esaldi gogor eta sakonen artean guk bat azpimarratu nahi dugu: 

"Bizitzaren lasterketan, atzeko aldean daudenei eman behar zaie parte hartzeko aukera eta, seguruaski, marra berean egongo bagina guztiok, gainetik pasatuko gintuzten. Dauzkagun abantailak ez baditugu onartzen, tentel hutsak izango gara..."

Zer deritzozu horri? Bat zatoz animatzailearekin? Zertan ikusten duzu besteekiko abantaila daukazula? Ez bazara ohartzen, zabaldu begirada eta konparatu zeure burua ondoan bizi diren pertsonekin. Orain hobeto ikusten duzu pribilegiatua zarela? Argi dago beti aurkituko dituzula zuk baino gehiago daukatenak eta zuk baino gutxiago daukatenak... Gure uste apalean, esker onekoa izateko, hobe duzu arreta jartzea zuk baino gutxiago daukatenengan.

Honek guztiak enpatiarekin lotura estua dauka. Saiatu behar dugu besteen zapatetan jartzen ohartzeko zenbat aukera daukagun. Gabonak datozela garai honetan, pentsa ezazu nola igaroko dituzun zuk. Mundu guztiak ez du aukera hori izango, beraz, ikusmira aldatzea eta daukazuna eskertzea lor dezazun espero dugu. Ziur horrela zoriontsuago sentituko zarela...

Amaitzeko, bideora itzuliko gara eta airean geratzen den galdera luzatzen dizugu: ba al gaude prest lasterketa orekatzeko, guztiok marra beretik ateratzeko eta ez hainbat pausu aurrerago? Orain arte gizakiak adierazi duena ezetza izan arren, etorkizuneko belaunaldiak hori aldatzeko aukera dauka. Ausartuko gara?

Gogoeta hauekin ikusmira zabalagoa izan dezazun eta pribilegiatuen zakuan zaudela ohar zaitezen espero dugu.

Asteburu ona izan!