Ongi etorri balorez jositako blogera! Hemen, eskolan baloreak lantzeko hainbat tresna aurkituko dituzu: bideoak, irudiak, testuak, albisteak, hausnarketarako gaiak...
Zeure gustukoa izatea espero dut. Gozatu eta partekatu!
Blog honetan askotan jorratu da errespetuaren gaia. Gaur, berriro ere ekartzen dizut baina beste ikuspegi batetik. Hain zuzen ere, Euskaraldiaren atean gauden momentu honetan, geure hizkuntzarekiko errespetua adierazten duen istorio bat ekartzen dizut.
Jonek euskara ikasteko ahalegina egin zuen bere semeak berdintasunean, aniztasuna errespetatzen, gauza txikiak maitatzen eta albokoak zaintzen hezi nahi dituelako.
Amaitu nahi dugu egiten duen gogoetarekin:
"Bide errez eta laburrena ez da izaten biderik onena. Gauza politek esfortzua exigitzen dute. Baina gero, datorrena askoz ederragoa da."
Mr Euskaldunen irudi alai honekin agurtzen zaitut, ahobizi edo belarriprest hori!
Askotan helarazi dut blog honetako hainbat argitalpenetatik, hemen egindako gogoetekin mundua hobetzeko itxaropena daukadala. Zuetako gutxi batzuengana iristeko gai banaiz eta nire ekarpenekin pertsona hobeak izaten laguntzen badut, astero ematen dudan denborak merezi du. Inoiz ez dut jakingo hala den, baina ideia horrek laguntzen dit aurrera egiten.
Hezkuntza sistemak askotan alde batera uzten ditu garrantzitsuak diren bizitzako alor eta egoera pertsonaletan, sozialetan, akademikoetan eta lanekoetan, arazoak eraginkortasunez konpontzeko behar diren konpetentziak. Honekin, betiko arloak baztertzen ari naiz eta indarra eman nahi diet elkarbizitzari, ekimena izateari, sentimendu, pentsamendu eta ekintza pertsonalez gogoeta egiteari... Hori da hain zuzen, hemen lantzen den guztia.
Zuk, irakurle hori, etorkizuna eraikiko duzu eta horretarako jarrera oso garrantzitsua da. Bizitzarako jarrera egokia beharrezkoa da edozein egoeratan, eta hiru umek azalduko digute hurrengo bideoan (eskerrik asko, Leire!):
Zein azalpen argia, ezta? Izan presente ume hauek errepikatzen duten ideia:
"Egunero praktikatzen duzun horretan, oso ona bihurtuko zara".
Orain zure esku dago alaitasuna, errespetua edo zoriona praktikatzea horretan aditua bihurtzeko, eta beste alde batera utzi protestatzea, alde txarra topatzea, haserretzea, kezkatzea oraindik gertatu ez den edozein gauzagatik...
Nola bizi izango duzu lasaiago? Ohartzea lortu baduzu, lehenengo urratsa emanda daukazu!
Aurten, berriro ere, maiatzaren 17ko Homofobia, Transfobia eta Bifobiaren aurkako Nazioarteko Egunaren berri ematera gatoz. Iaz azaldu genuen moduan, 1990eko maiatzaren 17an Munduko Osasun Erakundeak homosexualitatea gaixotasun mentaleen zerrenatik ezabatu zuelako ospatzen da.
Egun honetako helburu nagusia homosexualen, bisexualen eta transexualen kontrako diskriminazioa salatzeko balio duen ekintza mota guztiak koordinatzea da.
LGTBfobia aniztasun sexualarekiko jarrera diskriminatzailea da. Nahiz eta azken hamarkadan aurrerapausoak ematen ari diren bisibilizazioan, onarpen mailan eta lege berdintasunean tamalez, LGTB pertsonen kontrako uko egite, eraso, diskriminazio eta jazarpenak bizirik jarraitzen dira.
Eskoletan ere bai, ikasleen kontrako diskriminazioa ematen da: mehatxuak, orientazioaren inguruan hainbat iraintze, ez ikusiarena egitea… Jakina da bortizkeria psikologikoak autoestimuan duen eragina negatiboa dela, hori dena umilatzea da. Lan handia egiteke dago, baina gizarteko laguntza eta inplikazioa ezinbestekoa da.
Badira beste hainbat portaera bortizkeriatzat jotzen ez direnak, baina ezinegona eta mina sortzen dituztenak. Adibidez, genero estereotipoei ez jarraitzeagatik entzuten diren txisteak edota esamesak. Hauek guztiak ere, bortizkeriatzat jotzen ditugu eta hemendik, ozen baino ozenago salatzen ditugu.
Pertsona guztien orientazio sexuala errespetatua izateko asmoz, gure erronka tolerantzian eta errespetuzko jarreretan oinarritutako harremanak gauzatzean datza; pertsonok aske eta libre eratu eta garatu gaitezen. Hori dela eta, geure mezua ahalik eta gehien zabaltzea eskatzen dizugu.
Jarraian bideo batzuk gai honekiko sentsibilizatzeko luzatu nahi dizugu. LGTB kolektiboaren barruan dauden pertsonen sentimenduak hainbat modutan adierazten dira. Esate baterako, Kantu Kolore taldearen kantu eder honek plazaratzen digun istorioa (Eskerrik asko, Patricia!):
Hurrengo bideo honek oso ondo kokatuko zaitu gaurko gaian eta, beharbada, ulertaraziko dizu LGTB kolektioaren pertsonek, guztiok bezala, sentimenduak dituztela, eta ez lituzkete ezkutatu beharko...
Hitzik gabeko bideo adierazgarri hau serio hartu izana espero dugu, gaurko gaiak eta LGTB kolektiboaren errealitateak behar duten seriotasuna eman behar diogulako. Bideo honen bitartez, errealitate honetarako hurbilketa egiteko balio izana espero dugu.
Jarraian, beste bideo bat luzatzen dizugu. Honetan beste mota bateko sentimenduak plazaratzen dira, homosexualen, transexualen eta bisexualen egoera gordina ikusiko dugu. Haien zapatetan kokatzeko balioko zaizulakoan gaude. Erne!
Amai dezagun abesten eta dantzatzen Gatiburen eskutik "Aske maitte, aske bizi" kantuarekin, amodioa librea delako errespeta dezagun maitatzeko edozein modu. Maitasuna dagoen lekuan ezin da minik egon, maitasunak ez dauka etiketarik!:
Pasa den asteari amaiera eman genion albistea berreskuratu nahi dugu, gaurko sarrera honetan sakontzeko asmoz. Pil-pilean egon da azken egunotan kontu hori eta oraindik horren oihartzuna nonahi entzuten da. Oro har, gizartea sutan dago epaileek ezarritako sententziarekin. Ziur albistegietan eta sare sozialetan honen kontrako mezuak ikusi edota entzun dituzula. Anitzak izan dira guk geuk jaso ditugunak ere bai.
Herenegun ere honekin funtsean lotuta dagoen gaia jorratu genuen, eskola jazarpena. Biak jazarpen mota desberdinak dira, baina jazarpenak azken finean eta indarkeri edo bortizkeriaren barruan sar genitzake, ez duzu uste?
Hurrengo bideo hau onespenetan datza. Te kikara batekin primeran azaltzen du, eta bideoaren hasieran zein amaieran sexu-harremanekin konparatzen du. Guk ekarri dizugu uste dugulako edozein harreman motatan aplikagarria delako. Ikusi eta entzun arretaz:
Aparta azalpena, ezta? Ziur gaude tearen adibidea arazo barik ulertu duzula eta momenturen baten barre egin diozula ere bai. Normala da, egoera batzuk nahiko komikoak eta erridikuluak baitira. Baina, eguneroko harremanetan horrelako egoerak ikusten ditugu, tamalez. Adibidez, haserretzea norbaitek momentu batean ezetza ematen digulakonahiz eta beste momentu batean kasu egin digun; edo pertsona batek aurretik esandakoaz iritziz aldatzen duelako...
Eremu guztietan, egoera guztietan, adin guztietan, ez beti da ez eta errespetatu behar da baldintzarik gabe. Ezetza jasotzeak dakartzan frustrazioa eta amorrua gestionatzen eta onartzen ikasi behar dugu. Eta bakarrik ez bagara gai, laguntza eskatu beharko dugu.
Gurean hainbat hausnarketa egin dituzu berdintasunaren eta sexualitatearen inguruan. Gurekin LGTB-en eskubideak aldarrikatu dituzu eta hainbat mito apurtu dituzu. Zoritxarrez, gaur berri txar baten inguruan hausnartu nahi dugu zurekin.
Pasa den ostegunean, hilak 15, Ekaik, 16 urteko ondarrutar batek, bere buruaz beste egin zuen. Ekai, mutil transexuala zen eta tratamendu hormonalaren zain zegoen. Hemen luzatzen dizugu albistea.
Guk ez dugu inor epaitu nahi. Bakarrik familiari eta lagunei doluminak eman eta galdera bat lau haizetara bota: Noiz arte?
Azken egun hauetan hainbat dei egon dira Ekairen omenez lotzeko herriko plazetan, gero arte esateko.
Guk ere "Gero arte, lagun, maite zaitugu" esan nahi diogu.
Iaz egin genuen bezala, gaur beste sarrera bat eskaini nahi dugu. Alde batetik egunaren berri emateko eta, bestetik, omenaldia egiteko ezintasuna daukaten pertsonei, gaur Ezinduen Nazioarteko Eguna baita.
Batzuek ospakizun moduan hartzen dute egun hau, beste batzuek, aldiz, aldarrikatzeko erabiltzen dute. Eta guk ildo horretatik joko dugu gaur.
Hurrengo bideoaren protagonistak, Constanza Orbaizek, oso ondo azaltzen digu zer den ezintasuna edo, berak dioen moduan "ahal desberdina" (eskerrik asko Jose Luis bideoagatik!!). Ez zaitu hotz utziko, ziur gaude. Entzun arretaz!
Hau laburpena da, nahiago baduzu hitzaldi osoa ikusi hemen daukazu, egia esan, merezi du ikusteak!
Constanza psikopedagogoa da eta eskoletan lan egiteaz aparte, Desde adentro proiektuaren burua da. Gizarte eremuan, terapeutikoan eta eskolarrean ezintasuna daukatenekiko begirada integrala lortzea da bere helburu nagusia. Daukan pentsatzeko eta helarazteko moduarekin lortuko du. Guk zabaltzat jotzen genuen geure ikusmira baina hau ikusi ondoren, are zabalagoak! Eskerrik asko Constanza emandako lezioagatik!
Eta zuk? Zerbait ikasi duzu entzundakoarekin? Gutxienez sentsibilizatuago egotea espero dugu, konturatzea guztiok daukagula ezintasunen bat eta gixajoak edo bereziak ez direla, P E R T S O N A K baizik.
Ezintasunaren "ezin" hori ahal bihur dezakegu guztion begirada aldatzen bada.
Pasa den astearen amaieran, emakumeen aurkako indarkeria desagerrarazteko nazioarteko eguna lantzeko sarrera ekarri genizun. Bertan Goazenen indarkeri sexista salatzeko abestiaren making-off-a aurkeztu genizun. Ostiralean bertan bideoklipa argitaratu zuen Gipuzkoako Foru Aldundiak. Karaoke moduan dago letra ulertu eta aztertu ahal izateko modu errezean. Erne enztun!!
Zelako mezuak ematen dizkigutenak, ezta? Ados zaude esandakoarekin? Zerbaitek deitu dizu arreta? Zerbait ez duzu ulertu?
Jarraian beste kantu bat, "Nire gorputza da" Kantu koloreren eskutik Galdakaoko Gandasegi eskolako ikasleekin grabaturik. Honek, aldarrikatzen du gorputza norberarena dela, norberak kudeatu behar duela eta nork bere burua maitatu behar duela baldintza barik. Entzun ondo eta gozatu!
Doinu politarekin batera, mezu ederrak helarazten dizkigu. Azter ditzagun:
Berritsu-isilak, polit-itsusiak,
argal-lodi, ilun-argi, altu-baxuak,
elbarri eta itsu, gor edo mutuak.
Denak ezberdinak, eskubide berberak.
Gorputz eta izaera bakarrekoak gu,
nork bere burua maitatu,
nik badakit zer nahi dudan, zer egingo dudan,
aukera neurea izango da!
Nire gorputza da
aske eta librea,
nahi dudan moduan,
maite dudan munduan.
Elkartu, sentitu, nahi duzunarekin.
Zer lagunekin batu, aukera zeuk egin.
Zure desio eta zaletasunekin
aurrera egin maitatzen zaituztenekin.
Gorputz eta izaera bakarrekoak gu,
nork bere burua maitatu,
nik badakit zer nahi dudan, zer egingo dudan,
bidea nirea izango da!
Nire gorputza da
aske eta librea,
nahi dudan moduan,
maite dudan munduan.
Fijatuko zinenez, bizpahiru mutil kenduta, emakumezkoak baino ez dira agertzen. Gure ustez, mezu hauek guztiontzat dira, guztiok libreak garelako eta errespetua guztion kontua delako.
Aurreko sarreran zientziaren astea ospatu genuenez, eta gure hiriburuetan hainbat ekintza zientifiko antolatu egin direnez, zientzilarien amantala jarri dugu eta hona gatoz Azido Desoxirribonukleikoari buruz (DNA euskaraz) hitz egitera.
Friedrich Miescher mediku suitzarra DNAri buruz lehenengo aurrerapen nabarmenak egin zituen zientzilaria daukagu. 1869ko neguan DNA isolatzea lortu zuen Tubingako Unibertsitatean lan egiten zuenean, hau da, orain dela 148 urte.
Friedrich-en atzetik milaka zientzilarik ikertu dute DNA, baina hurrengo pausu erraldoia 2000. urtean eman zen. 131 urte pasa ondoren, giza genomaren sekuentziaren deskodifikazioan aurrerapen itzela egin zen. Aurkikuntza honi esker, gizakiaren "mapa" egiten hasi ziren zientifikoak, hainbat gaixotasun genetikoren zergatiak eta sendabideak topatzeko tresna baliogarri baino baliogarriagoa izanik.
Filmetan eta telebistako hainbat telesaiotan gaiztoa harrapatzeko oso pista garrantzitsua izaten da DNA. Antza, bere barruan, norberaren "matrikula" dago, hots, bere kode genetikoa. Bai lagun, bakoitzak bere DNA kodea dauka eta ezin da kopiatu. Bikiek ere ez daukate kode bera. Eta ez bakarrik gizakiok, bizirik dauden beste izaki guztiek ere beraien kodea daukate eta, kode horrek, lagun bakoitza bakarra izatea bermatzen du.
Aurreko guztia kontuan hartuta, denok ezberdinak garela argi geratuko zaizulakoan gaude, baina, dakizunez, nahiz eta bakoitzak bere kodea izan, zati bat partekatzen dugu. Horri esker, espezie bateko animalia edo landare guztiak antzekoak dira eta, gizakien kasuan, gauza bera gertatzen zaigu.
Baina, zer ikusirik dauka gai hau baloreekin? Momentuz zientziaz aritu izan gara baina laster ulertuko duzu zergatik egiten ari garen azalpen hau eta nora iritsi nahi dugun. Hurrengo bideoak aho bete hortz utziko zaituelakoan gaudenez ez dizugu ezer aurreratuko. Goza ezazu!
Eskerrik asko Momondo entrepresari hau bezalako kanpainia egiteagatik.
Ikaragarria benetan! Hainbat gauza agertzen dira bideo honetan bere protagonistek espero ez zutenak. Zein da gehien harritu zaituena? Joan gaitezen aztertzera:
Hasiera batean guztiek uste zuten nahasgabekoak zirela, %100 islandiarra, ingelesa, frantzesa, bangladeshdarra... Batzuek euren argazki albumak eramaten zituzten frogatzeko haien familien jatorria purua zela. Zure ustez, beraien aurpegiak ikusita, jasotako emaitzak espero zituzten? Nor da ezuste handiagoa jaso duena? Frantziakoa? Kubakoa? Islandiakoa?
Batzuen ustez, beraien herrialdea onena da, besteena baino inportanteagoa eta besteek baino gehiago merezi duena. Zure iritziz, hau horrela izan beharko zen? Lehenengo eta bigarren mailako jendea egon beharko zen? Gaur egun, tamalez, horrela dela ematen du... Afrikako eta Asiako hainbat herrialderi buruz eta beraien jendeaz inor ez da arduratzen...
Ingalaterrako gizonak, Jay-k alegia, alemaniarren zalea ez dela aitortzen du, zer nolako aurpegia geratzen zaion bere DNAren %5 alemaniarra dela jakin duenean! Ingeles peto-petoa zen gizon horrek zer dio bideoaren amaieran? Bai horixe! "Leku guztietako Jay nauzue!"; beste batek dio "Munduko gizona naiz". Hori gogoeta polita, ez duzu uste?
Bukatzeko, bi pertsonak, kulturalki etsaiak izan behar omen zirenak, lehengusu-lehengusinak ziren berria jaso zuten. Imagina ezazu zenbat aukera dauden edonon familia izateko! Frantziarrak zioen moduan, DNA froga hau egitea nahitaezkoa izan beharko zen. Horrela, extremismoak eta arraza puruen aldeko pentsamenduak desagertuko ziren, jendearen ikuspuntu zabalagoa eraikitzeko aukera emanez...
Pertsona hauei gertatu zaien moduan, zure DNAn hainbat lekuetako informazioa daramazu. Inoiz gelditu zara nongoa zaren pentsatzeko? Zure arbasoak nongoak ziren jakitea nahiko zenuke? Guk ez dakigu nongoak diren gureak, baina gauza batez ziur gaude: Mundua oso polita da eta berdin zaigu nongoak garen gu edo nongoa zaren zu, ongi etorria izango zarelako beti gure bizitzetara.
Duela gutxi enteratu gara gaur ere Ezinduen Nazioarteko Eguna dela. Esfortzu handia egiten dute egunero pertsona hauek, hori dela eta sarrera berezia dedikatzea erabaki dugu.
Egun honetan ezagutzera eman nahi dira ezinduek besteak bezalaxe bizitzeko dituzten eragozpenak, baita ezinduak gizartean, politikan, ekonomian eta kulturan txertatzeko burutzen diren ekintzak ere.
Jarraian duzun bideoak Gipuzkoako Gureak egina da, merkatu lehiakorretan zerbitzu integrala eskaintzen duen enpresa taldea. Oso ondo azaltzen du ezinduak besteok bezalakoak direla. Erne!!
Hurrengo bideoak berez hitz egiten du, horregatik ez diogu sarrerarik egingo. Zabaldu begiak, ziur gaude ez zaituela hotz eta motz utziko, eta bihotza ikutuko dizula:
Hitz gutxirekin, nahiko adierazgarria da bideoa. Gauza handirik ez dago komentatzeko baina bai gogoeta pertsonalerako...
Ikus dezagun desberdintasuna haur txikien begiekin!!
Bideo biak ikusi ostean hurrengo gogoetak datozkigu burura; horrelakoak ikusi arte ez gara ohartzen zelako zortea gurea, eskertzekoa benetan... Zenbat daukagun ikasteko eta baloratzeko!
Gaurko sarreran ez dugu aurkezpenik egingo. Bideo batekin hasiko gara zuzenean. Oso motza da eta ikusten duzun bitartean, pentsa ezazu zerekin egon daitekeen lotuta, kontuan izanik blog honetan argitaratzen ditugun sarrerak giza-baloreekin zerikusia dutela...
Erne egon!!
Bideoa ikusita, Eroskiri publizitatea egiteko ekarri dugula uste al duzu? Ba ez! Orduan, zer nahi dugu lortu bideo honekin?
Azter dezagun bideoa: "Eroskiren helburua: zero hondakin" oso ondo dago, horrekin guztiz bat gatoz. Baina besteak bezalakoak badira barazki eta fruta horiek, zergatik jaitsi behar zaie prezioa? Zergatik jendeak ez ditu erosten? Erantzuna tristea da, jendeak kanpoko itxurari garrantzi handia ematen diolako.
Baina hau ez da bakarrik gertatzen jakiekin. Gure gizartean, tamalez, kanpotik nolakoa zaren askoz garrantzitsuagoa da nor zaren baino. Aspalditik ikusi dugu nola emakumezkoak argalak izan behar diren edo gizonezkoak gihartsuak, nola emakumezkoek depilazioa jasan behar duten, ilea tintatu edo makillatu behar diren eder egoteko... Zorionez mundu guztiak ez du amore ematen eta kanpotik nolakoa den onartzen eta defendatzen du.
AEBetako Idaho estatuko Boise hirian bizi da Amy, hurrengo bideoaren protagonista. Bere gorputza nolakoa zen onartzeko arazoak izan zituen Amyk. Oso ibilbide luzea egin du eta azken geltokia hiri horretako merkatu batean gertatzen da. Ikus dezagun zer egiten duen eta nolako erantzuna jasotzen duen jendearengandik...
Zer deritzozu Amyren ekintzari? Zer nolako erantzuna izango zenuke zuk horrelako pertsona bat kalean topatuz gero? Bihotza marrazteaz aparte, besterik idatziko zenioke zuk? Zer?
Hemendik zorionik beroenak eta eskerrik asko handia luzatu nahi dizkiogu Amyri horren ausarta izateagatik eta jende askori lezioa emateagatik, han ikusteko aukera izan zutenei eta bideoaren bitartez iritsi zaigunoi ere bai.
Bideoak eta egoerak aztertu ondoren, zure ustez kanpoko itxura garrantzitsua da? Noraino? Espero dugu ikuspuntu desberdin batetik ikustea orain. Eta horrela ez bada, gutxienez gaiaz hausnar dezazun.