Kaixo berrio ere balorezale:
Amaitu dira oporrak, hasiera berria daukagu aurrean aukera berri ugarirekin! Aprobetxatuko al ditugu gure onena ateratzeko? Prest al zaude? Asko partekatu genuen iaz, eta ez gara material hutsez ari... Gai eta hausnarketa sakonak plazaratu genituen hemen, eta aurten ildo beretik joateko asmoa daukagu. Etorriko zara gurekin?
Pil-pilean dagoen abesti batekin eman nahi diogu hasiera gure blogari ikasturte honetan, Go!azen taldeak abesten duen "Gure nahia" hain zuzen ere. Askotan entzun dugu kanta hau azken egunotan (eskerrik asko Mirene!), eta letrak dioena bat dator hemen planteatzen ditugun baloreekin. Behar bada entzun duzu baina ez zara gelditu letra arretaz entzuten. Hemen luzatzen dizugu bideo-karaokea letra aztertu ahal izateko.
Eta zuk? Bete dituzu birikak uda honetan aire garbi berriarekin? Ziur dituzula gogo eta irrikak asetzeko lagunekin... Baina ez dugu ahaztu behar daukagun altxorra, euskararen erabilera zaindu behar dugula. Guk, hemendik, egingo dugu eta jarraituko dugu ekarpenak euskaraz egiten zu motibatzeko asmoarekin.
Ikasturtea hasi berria da baina ohartu gabe ekainera helduko gara eta orduan, zure hegoak astinduz libre egingo duzu hegan. Baina, lehenago, baloreez jantzi behar duzu, zure askatasuna behar den moduan bizitzeko, besteak errespetatzen, "maite zaitut" hainbat moduz esaten, harreman onak josten... Azken finean, ez al gara denok lur bereko sustrai eta lore?
Go!azen, aurten, ametsak egi bilakatzen!!
Gu prest gaude, eta zu?
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina