jazarpena etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
jazarpena etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2018/05/02

ESKOLA JAZARPENAREN AURKAKO NAZIOARTEKO EGUNA

Egun on irakurle hori:

Hona hemen ospatzea gustatzen ez zaigun horietako egun bat. Gaur, maiatzak 2an, mundu mailan "Eskola Jazarpenaren aurkako eguna" daukagu.

Askotan landu dugu gai hau baina behin eta berriro honen inguruko jarrera desegokiak entzuten dira, beraz uste dugu sarrera hau ez dela soberan egongo. Hezkuntza Saletik indarra egiten ari da azken bolada honetan gai korapilatsu honen inguruan irakaslegoa formatzeko, baina oraindik ere lan handia daukagu geure aurrean.

Hau ez da irakasleon arazoa soilik. Familiek paper garrantzitsua daukate, baina batez ere zeuek protagonistak izan behar duzue eta erantzukizun handia daukazue ere bai. Argi dago geuk, nagusiok, bideratu behar dugula baina zeuen kolaborazioa ezinbestekoa da. Eskola jazarpena eragiten duen pertsona agerian jarri behar da, bestela bere papera erreforzatzen da eta gero eta indartsuago sentitzen da. Hori sahiesteko, ikasleon laguntza behar dugu eta ematen duzuen informazioa premiazkoa da arazoan dauden guztiei lantzuntza eman ahal izateko. 

Argi utzi nahi dugu horrelako arazo batean sartuta dauden guztiak lagundu nahi ditugula eta emango duzuen informazio hori haien onerako izango dela. Hau da, bai erasotzaiarekin baita jazarpena jasotzen duenarekin ere lan egin behar da arazoa bideratzeko. Zeuek laguntzaileak izango zarete, inoiz ez salatariak!!

Aprobetxatu nahi dugu sarrera txiki hau aldarrikatzeko egun hau ofiziala ezartzea eta indar gehiago ematea gai honi instituzioetatik. Egia da BAT (Bullyingaren Aurkako Taldea) programa sortu dela, baina oraindik zentru askotara ez da heldu... Gure ustez, funtzezkoa da Hezkuntza komunitateak jazarpen egoerak ezagutzea, gaiaren inguan hausnartea bullyingaren aurkako jarrera aktiboa sustatzeko. 

Amaitzeko, gogoetarako bideoa luzatzen dizugu. Agertzen diren gauza asko ezagunak egingo zaizkizuen baina ez dago soberan berriro gogora ekartzea:





Jorratu dugun honekin guztiarekin, espero dugu zuetariko norbait jazarpenaren biktima izanez gero, ausartzea arazoa azalarazten lagundu ahal izateko; lekukoak izanez gero, erasotzailea ageri jartzea arazoan dauden guztiei lagundu ahal izateko eta erasotzailea izanez gero, birplanteatzea egiten ari zaren min handi hori...

Egun polita izan!

2018/01/25

GUSTUKO EZ DUGUN MOZORROA

Kaixo irakurle hori!

Mozorro garaia iritsiko zaigu laster eta gaur jorratuko dugun gaia, batzuk beti jantzita daramaten mozorroari buruz da.

Ea bideo honek pistaren bat ematen dizun:





Ziur dagoeneko argi daukazula gaurko gaia berdinen arteko jazarpena edo bullying-a dela. Bideo hau Eusko Jaurlaritzaren Bizikasi izeneko proiektuaren aurkezpena da, horren xedea, bideoan aipatu den moduan, eskola jazarpena egiten dutenei mozorroa kentzea da. Elkarbizitza positiborako eskola-jazarpenaren aurkako ekimena da, eta elkarbizitza positiboa hobetzea eta ikasleengan gaitasun prosozialen garapena sustatzera bideratuta dago. Gure eskoletan jazarpen-kasuak prebenitzeko eta goiz detektatzeko esku-hartzean oinarritzen da.

Jazarpen egoerak gertatzen den kasuetan jazarpena pairatu duen ikaslearekin esku-hartze egokia eskaini behar zaio. Baita jazarpenaren aurrean ikusle papera betetzen dutenei eta jarrera jazarlea duten ikasleei ere. Horiei tresnak eman behar zaizkie eurre egiteko, salatzeko beldurra kentzeko...

Guztiok dakigunez, eskola jazarpena haur eta gazteen artean gertatzen da. Agerikoa da jazarpena pairatzen duenak egoera larria bizi duela eta babesa eta laguntza bermatu behar zaiola, baina ezin dugu ahaztu jazarpena egiten duena, honek ere agerian uzten baitu orientazio beharra duela jarrera jazarlea utz dezan. 

Proiektu integral honek jazarpenaren parte guztiekin lan egiteaz aparte, garapen mailakatua izango du, hau da, era antolatuan eta doituan, eskola-jazarpenari aurre egingo dio, eta elkarbizitza positiboa sustatuko da. Horretarako ezinbestekoa da prebentzio neurriak hartzea, Hezkuntza Sisteman diharduten kide guztiak formatu, gaitu, hornitu, eta aberastu, beharrezko ikuskera, gaitasun, trebezia eta tresneriaz, eskoletan izan litezkeen jazarpen kasuei aurre egiteko.

Bizikidetza positiboa eta ustezko jazarpen-egoeren aurrean zero tolerantzia duen inguru segurua eraikiko dugu guztion artean. Eskola askotan dagoeneko hasi da proiektua osatzen eta Bizikidetzaren behatokia sortu da. Ziur zuetakoren batek entzunda daukala.

Guztion artean BAT (Bullying-aren Aurkako Taldea) osatuko dugu, horrela ikasle eta irakasleekin hasita, familiekin eta lagunekin, eta gizarte guztiarenganaino iritsiko da. Guk ere BAT!!

Jarraian beste bideo bat luzatzen dizugu. Hau luzeagoa da eta aholku batzuk ematen ditu jazarpenari aurre egiteko. Harriturik gelditu zarelakoan gaude!





Espero dugu bideoan agertu diren pistak eta trikimailuak baliagarriak izatea erasotzaileak kikiltzeko  eta daukaten mozorro hori kentzeko horrelako egoera batean ikusten baduzu zeure burua sartuta.

Ez da lehenengo aldia blog honetan gai hau jorratzen dugunik, hurrengo loturan landutako guztietan aurkituko duzu informazio gehiago nahi izanez gero.

Asteburu ona izan!