2018/09/20

BUELTA ESKOLARA!

Kaixo balorezale:

Zelan doakizu ikasturtearen hasiera? Apur bat despistaturik? Gogo gutxirekin? Gogorra izan al da itzulia? Beharbada, pittin bat nagiturik zaude oraindik ere. Orokorrean, normaltzat hartzen dira horrelako jarrerak eta gogo gutxirekin hastea eskolan, ez baikara konturatzen zelako aukera aparta daukagun eskolara modu normalizatu batean joan ahal izateagatik. 

Hurrengo bideoek lagunduko zaituzte ikusmira aldatzen, erne!:







Konturatzen zara orain zelako zortea daukazun? Hezkuntza, pertsona guztiek daukaten eskubidea da baina, tamalez, munduan hainbat lekutan ez dago bermatuta. Fijatu zara zein pozik dauden umeak? Zelako gogoekin joaten diren eskolara? Nola eskertzen duten motxila eta arropa berria estrenatzea? Bideoak ikusi ondoren, daukazun aukera aparta gehiago baloratzea espero dut.

UNRWA erakundeak bideo hauen bitartez salatu du egoera hori ume palestinarren duintasuna aldarrikatuz.

UNRWA Ekialde Hurbilean dauden Palestinako Errefuxiatuentzako Nazio Batuen Agentzia da. 60 urte luzeren ostean, UNRWAren zeregina da Jordanian, Libanon, Sirian eta Palestinar herrialde okupatuetan dauden 5 milioi palestinar errefuxiatuei arreta, babesa eta defentsa eskaintzea, euren egoerari irtenbide baketsua eta iraunkorra ematen zaion bitartean. 

Gaur egunean, UNRWAk Palestinako 5 milioi errefuxiaturi baino gehiagori –horietako 1,8 milioi 58 kanpamenduetako batean bizi da- ematen die laguntza eta babesa. Agentziaren lana, batez ere, arlo hauetan kokatzen da: Garapena, Babesa, Hezkuntza, Osasuna, Gizarte Zerbitzuak, mikro-finantzaketak, Laguntza Humanitarioa eta larrialdietan erantzuna ematea. 

Euskadi mailan, 2006an sortu zen bi helburu nagusi hartuta: Euskal gizarteari 5 milioitik gora palestinar errefuxiatuek bizi duten egoeraren berri ematea eta 60 urtean UNRWAk burutzen duen lan humanitarioa eta babesekoa zabalaraztea. UNRWA Euskadik funts publikoak nahiz pribatuak biltzen ditu UNRWAk errefuxiatuekin burutzen dituen lanetan laguntzeko, eta euskal gizartean nazioarteko elkartasuna eta lankidetza sustatzeko.

Erakunde honen langileak bolondresak dira, beraiei esker mundu hobea eraikitzea posiblea izango da. Ziur zuetako norbait, modu apalean bada ere, prest egongo dela besteei laguntzen. Hori da blog honen xedea, pertsona hobeak hezten laguntzea.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina