eskerrik asko etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
eskerrik asko etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2018/06/20

BESTE AMAIERA BAT

Kaixo lagun hori:

Pasa den ikasturtearen amaieran bezala, itxiera eman nahi diogu bukatzear dagoenari. Bizitzaren ziklo eta etapa guztiek merezi dute amaierako puntua fundamentuz idaztea. Gaur ez bada, bihar amaituko dira klaseak; eta merezita edo ez, deskantsatzeko, deskonektatzeko eta atseden hartzeko garaia iritsi da. Izaten dena izaten dela zeure egoera, amaiera iritsi zaizu eta horrekin batera, baloratzeko unea ere bai. Hori da, hain zuzen, sarrera honen xedea, aurten egindako lana "baloratzea".

Lehen aipatu dugun legez, hasiera daukan guztiak, amaiera ere badauka. Irailean arraun egiten itsasoratu zinen eta, gogorra eta luzea izan arren, amaitu egin da estropada. Hurrengo bideo honek oso ondo azaltzen digu arraun egin dugun bitartean, zeintzuk izan diren itsasoan aurkitu ditugun zailtasunak, erronkak eta laguntzak. Zuretzat espresuki eginda dago, gustatzea espero dugu:




Dagoeneko kaian zaude, nekatuta estropadan egindako esfortzuagatik; baina pozik aldi berean, zeure onena eman duzula dakizulako. Bideoan aipatu den bezala, zure lan horretan eragin handia izan dute zeure lagun taldeak, patroiak eta afizioak, hau da, irakasleak, familia eta gainerako lagunak. Inoiz ez zara bakarrik egon eta haiei esker ere bai, helmugara iritsi zara.

ZORIONAK TXAPELDUN!


Bide luze honetan, motxila bete duzula ziur gaude. Gauza berri asko ikasi dituzu ikasturtean zehar; eta, blog honetako argitalpenen bitartez, gutxienez, bestearen zapatetan jartzeko gaitasuna garatu izana espero dugu. Horrek, etorkizuneko elkarbizitzarako lagunduko zaitu, ziur izan. Egindako 67 sarreretan, balore asko landu ditugu eta hainbat gai jorratu ditugu: amodioa, autoestimua, elkarbizitza, aniztasuna, errespetua, kultura, ausardia, giza eskubideak, hezkidetza, berdintasuna... Ez da lan makala izan, oso hitz potoloak haiek guztiak eta gai horien inguruko hausnarketa sakonak egin ditugu elkarrekin. Plazer bat izan da guretzat hau guztia kudeatzea, are gehiago jakinda lerro hauetan idazten dugunari esker mundu hobea eraikitzen laguntzen ari garela, modu xumean izanda ere.

Ez dakigu zein nolako jarraipena izan dugun zugandik, baina gure aldetik ikasturte honetako balorazioa oso ona izan da. 2017ko irailetik hona, guztira, 116.000 bisitaldi inguru jaso ditu gure blogak, itzelezko datua izan da aurtengoa ere bai! Aipamen berezia egin nahi diogu maiatzean egindako LGTBfobiaren kontrako sarrerari, 6000 bisitaldi baino gehiago izan baititu. Hau marka hau!

ESKERRIK ASKO!


Eta gaur, ekainak 21, Europako musika eguna denez, ikasturtea hasi genuen moduan amaitu nahi dugu: musikarekin! Ekarpena, honetan ere bai Mireneren eskutik, kasualitatea ote? Eskerrik asko horrenbeste gauza polit erakusteagatik! Ikusi, abestu, dantzatu eta gozatu!





Atseden eta indarrak hartu hurrengo kapitulua idazteko! Ikusi arte!


2017/11/27

ZORIONAK ETA ESKERRIK ASKO!


Kaixo lagun:

Jai eguna izan behar arren, lanean gaude baina denbora ateratzeak post hau idazteko merezi du. Ez "autozoriontzeko", baizik eta eskerrak emateko geure bizitzan izan ditugun maisu eta andereƱo berezi horiei, lagundu, animatu, maite... gaituztenak, ikasi dugunengandik, miresten ditugunak, geure bihotzean leku berezia dutenak. Aintzinakoak zein gaurkoak, guk geuk ere geure lankideengandik  asko ikasten dugulako...

Ziur gaude askotan pentsatuko duzula zu izorratzeko gaudela hemen. Edo bakarrik matematika, hizkuntza, gizarte, natura... irakasteko. Ba... oker baino okerrago zaude!! Beste gauza garrantzitsu asko ere egiten ditugu egunero zurekin. Ea bideo hauek laguntzen zaituzten asmatzen zer...









Argiago ikusten duzu orain? Ziur baietz...

Zorionak eta eskerrik asko maisu-maistra guztiei!!

2017/06/24

ESKERRIK ASKO BALOREZALE!!


Kaixo!

Gaurko sarrera honetan eskertzeko balorea nabarmendu nahi dugu. Ikasturtea amaitzen ari da eta aurtengo balantzea egiteko ordua iritsi egin da. Hausnar dezazun, hurrengo galdera luzatzen dizugu:

Hasieran espero zenuen horrelakoa izango zela aurtengo ikasturtea? 

Guk argi daukagu erantzuna: EZ; horrela, letra larriz. Ez blog honi dagokionez, ezta aurtengo ikasleei ere. Atzera begiratzen dugu eta espero genuen baino askoz gehiago lortu dugula ikusten dugu. Eta horrek irribarre itzela margotzen digu aurpegian. Eta eskerrak emateko beharra sentitzen dugu:



Mundiala izan da lortutako arrakasta, eta asko zuri esker da: irakasle, ikasle, guraso... 65.000 bisitaldi baino gehiago jaso ditu gure blogak!! Horretaz aparte Azkue Fundazioak antolatu zuen euskal blogarien lehiaketan parte hartu genuen eta finalistak izan ginen. Sari erraldoia guretzat!!

Duela hilabete batzuk Segura irratian adierazi genuen bezala, lan tresna moduan sortu genuen bloga 2016ko urriaren erdialdean, geure eskoletako 3. zikloko balore saioetarako. Lan xumea eta txukuna izan nahi du blog honek, baina jende askori laguntzen diola ikusi dugu eta horrek pozten gaitu.

Dekretuak agintzen digu zer irakatsi behar dugun saio hauetan; baina, tamalez, ez dago kalitatezko materialik euskaraz eta erabaki genuen blog batean biltzea astero landu nahi genuena. Idatzi eta elkarbanatu dugun guztiak Dekretuko edukiekin lotura dauka. Jarraitu nahi dugu bidea eraikitzen eta guztion eskura jartzen, jarraituko dugu sare sozialetan partekatzen geure lana ondo badatorkizu zuk ere erabil dezazun zure balore saioetan.

Eskerrik asko Facebook-etik edo Twitter-etik jarraitzen gaituzuenei eta geure argitalpenak elkarbanatzen dituzuenei. Ziur gaude, egindako gogoeta eta hausnarketen bitartez pertsona hobeak eraikitzen laguntzen dugula eta harro gaude, nola ez!


2017/03/30

ESKERRIK ASKO!


Txiki-txikitatik eskerrak ematen irakatsiak izan gara hemen idazten dugunok. Hori dela eta, eskerrak eman nahi dizkizugu gure lana jarraitu, erabili eta partekatzeagatik, baliabideak bidaltzeagatik, sare sozialetan jarraitzeagatik... Hau da, BALORATZEAGATIK!

Gaur ospatu da Euskal blogarien 2. topaketa jardunaldia, eta Blogetan! euskal blogariak lehian 2. edizioaren sari banaketa egin da. Hiru finalisten artean, geure bloga ez da izarrik disdiratsuena izan, baina pozik eta harro gaude, geure saria da oso denbora gutxian 40.000 bisita baino gehiago izatea, eta esparru desberdinetatik jasotzen ditugun balorazio positiboak.

Berdin-berdin jarraituko dugu lanean eta blogean ekarpen baliogarriak egiten ikasle kritikoak hezteko eta horrela, apurka-apurka, mundua aldatzen. 

Amaitu baino lehen, eskerrik asko ere Azkue Fundazioari horrelako ekintzak antolatzeagatik.

Besterik gabe,