kultura etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
kultura etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2018/10/31

ARIMEN GAUERAKO MOZORROAK

Kaixo balorazale,

Ez naiz Halloween egunaren bat ere zale. Izan ere, duela urtebete sarrera egin nuen jakinarazteko euskal kulturan ohitura hau aintzinean ospatzen zela eta gaur egun leku batzuetan berreskuratzeko saiakera egiten ari dela.

Ezjakintasun handia dago egun honen inguruan, gehienek uste dute Estatu Batuetako tradizioa dela baina ez da horrela, jatorria Irlandan omen dago. Duela 1.900 urte inguru hasi zen ospatzen zelta herriaren eskutik...

Gaur egun, gure ingurua guztiz kutsatuta dago, ospatu egiten da baina ez dakigu zer den ere. Kultura apur bat ez datorkigu txarto, baina hobe etxetik hasi, hori dela eta iazko sarrera ez baduzu ikusi, hona hemen Arimen gaua ikusteko aukera.

Aurtengo ekarpena, hurrengo bideoa da, aitzakia da berdintasuna eta askatasuna aldarrikatzeko.




Gaur mozorratzen bazara, libre sentitu jantzia aukeratzeko orduan eta besteenak errespetatu. Eta etxez etxe bazoaz, gutxienez "ziria edo saria" euskal esamoldea erabili!

2018/05/13

PREFOSTA

Kaixo berriro ere:

Oraingo sarrera kultura eta euskaren alde izango da. Gaur, maiatzak 13, Herri Urrats dugu, Seaska elkarteak urtero antolatzen duen euskal irakaskuntzaren aldeko festa Senpereko aintziraren inguruan, Lapurdin. 1984an izan zen lehendabiziko edizioa.

Bildutako dirua Iparraldeko ikastolak laguntzeko bideratzen da. Aurten, Herri Urrats Xiberotar eta Baxenafartar ikasleak biltzen dituen Manex Erdozainzi Etxart Kolegioaren alde (MEEK) izanen da, ikasketa eta harreman hizkuntza euskara duen kolegio bakarra da Barnekaldean. Ipar Euskal Herriko barnekaldea husten ari den bitartean, 11 eta 14 urte bitarteko gazteak biltzen dituen Kolegioa garapen betean da. Xiberoako eta Baxenafarroaren etorkizuna dira aurten MEEKen diren 190 ikasleak.

"Prefosta" leloa ulertzeko haien web-orrialdera jo egin dugu eta azalpen hau topatu dugu: 

“Prefosta” xiberotar lemapean iraganen da. MEE Kolegioaren ikasleen herena Xiberokoa da, eta lema horrekin begi kliska bat egin nahi izan diegu egunero Xiberotik etortzen diren ikasleeri.

Azken inkesta sozio linguistikoak erakusten duen bezala, Ipar euskal herriko euskararen egoera onena Nafarroa Beherean eta Xiberoan da.

Proporzionalki, Nafarroa Beherea eta Xiberoa dira euskaldunen ehunekorik handiena duten lurraldeak (% 49,5). Halaber, bi lurralde hauetan dira euskaraz hitz egiteko erraztasun gehiago duten euskaldunak.

Gehitzen badugu, biztanleriaren erdiaren baino gehiagoren lehen hizkuntza euskara dela (%46,8k euskara soilik jaso du etxean eta % 9,7k euskara eta erdara), ulertuko dugu PREFOSTA! euskaraz ikasten eta bizitzen dela barnekaldean.

Baina ez dugu lokartu behar. Urte batetik bestera hiztun kopuruak beheiti doaz barnekaldean eta ikastolek euskara biziberritzeko duten rola arrunt estrategikoa da.

Ondorioz, alabainan kolegioa tipiegia geratu zaigu! Barnekaldeko jendeak euskararekin duen atxikimendua hemen frogatzen da: gero ta ikasle gehiago ditugu Xibero eta Baxe Nafarroko ikastoletan, eta MEEKen.

Prefosta lemarekin, mezu baikorra zabaldu nahi dugu, euskara eta ikastolen garapena ona dela, bainan erran behar dugu ere lortzen duguna beti borrokaren bidez egiten dela, adibidez MEEKen IEPa idekitzea lortu dugu borrokatuz, brebeta euskaraz lortuko dugu ere beti borrokatuz.

Jarraian, ikasle, irakasle, langile eta guraso denen partaidetzarekin grabatutako bideoklipa luzatzen dizugu:





Gutxi barru beste bi jai izango ditugu Euskara eta Hezkuntzaren alde: ibilaldia eta euskal eskola publikoko jaia. Adi egon, haien berri emango dugu eta!


2018/04/23

APIRILAK 23, LIBURUAREN EGUNA


Kaixo irakurle hori,

Hemendik edo handik ziur jakinaren gainean zaudela gaurko eguna zer ospatzen den. Liburu egunarekin batera, edonon entzun eta ikusten dira irakurzaletasuna bultzatzeko ekimenak. Eusko Jaurlaritzak, hain zuzen, horretarako plana bultzatzen ari da Irakurgune web orrialdearen bitartez.

Hemendik, sarrera xume honekin, geure adostasuna adierazi nahi dugu gaurko ospakizunarekin eta irakurtzearen garrantzia azpimarratu eta aldarrikatu nahi dugu. Eskolari egokitzen zaio erantzukizun hau, baina ez da irakasleon lana bakarrik, etxekoena ere bai. 

Liburuen orrialdeetan murgildu eta bertan kontatzen diren istorioaz gozatu, liburuen bitartez asko ikasten baita eta abentura ederrak baitaude!



Eta norbaitekin elkarbanatu ahal baduzu, are politagoa abentura!!


2018/02/08

KULTURA-ONDAREA

Kaixo jarraitzaile!

Astea bukatzeko, nola ez, ihauteriez arituko gara. Euskal Herriko antzinako tradizioari loturik, herri txikietan nahiz hirietan ihauteriak ospatzen dira. Herri eta egun desberdinetan egiten diren erromatar garaitik datozkigun jaiak dira.

Euskal Herriko hainbat lekutan, nahiz eta ofizialki ez izan, ondarearen partetzat hartzen dira. Hurrengo bideoak azaltzen digu zein garrantzitsua den kultura-ondarea:





Kulturari esker garena gara eta hurrengo egunetan Euskal Herriko hainbat lekutan ospatuko dena jaia izateaz aparte, kultura eta tradizioa da, mendez mende eta belaunaldiz belaunaldi geure egunetara iritsi dena. Zorte handikoak gara jai hauek ospatu ahal izateaz, leku askotan gatazkengatik ezin baita.

Bizirik mantendu behar ditugu geure herriko tradizioak, hori dela eta, Euskal Herriko ihauterien  historian sakonduko dugu:

Inauteriak Euskal Herrian neguko janari erreserbak Aste Santuaren aurreko baraua baino lehen jateko (bereziki haragia eta arrautzak) beharrari lotuta daude. Iñauteri, Inauteri, Aratuzte... izan da deitua Inauteria. Zanpantzar ere esan izan zaio. Inauteri izena "inausi" aditzari loturik bide dago, arbolak inausteko garaiarekin, alegia. Aratuste izenak, berriz, haragia jateari utzi behar zaion garaia du aipagai. Zaratarekin hartza bere kobazulotik aterarazi, udaberriaren seinale moduan, eta zomorroak uxatzearekin lotu izan da, baratze eta soroen emankortasunaren alde. Zein da ona? Guztiak, noski! Tokiaren arabera...

Inauteriek abendutik martxora arte egiten diren festa ugari hartzen dituzte. Hausterre egunean izaten dute amaiera, eta hurrengo egunean hasten da ofizialki baraua. Zubieta eta Iturenen urtarrileko azkeneko igandearen osteko lehen astelehen eta asteartean izaten dira (Astelehenean Zubietatik Iturenera eta asteartean alderantziz).





Jarraian Lantzeko ihauterietako pertsonaiak ikusiko dituzu:





Hurrengo irudian agertzen dira beste leku batzuetako pertsonaiarik ezagunenak:



Gehiago jakin nahi izanez gero, web honetan pertsonai ugariren informazioa daukazu.

Hurrengo egunetan egoten zarena egoten zarela, ondo pasa, baina ez ahaztu jai hauek kulturaren parte garrantzitsua direla.

2017/12/21

NEGUKO SOLSTIZIOA

Kaixo irakurle hori!

Oraingo sarrera zientzia, ohitura eta kulturekin lotuta dago. Jakinarazi nahi dizugu gaur, Ipar hemisferioan, abenduaren 21-22an izaten dela neguko solstizioa. Egun honetan, Lurraren errotazio-ardatzaren ipar poloa Eguzkiaren aurkako noranzkoan orientatzen da. Gertaera horrek baditu zenbait ondorio gure planetan:

- Urteko egunik laburrena eta gaurik luzeena dituen eguna da.

- Eguzki-izpiak zerumugarekiko inoiz hartzen duten altuerarik txikienera iristen dira ipar hemisferioan. Horregatik, eguzki-izpiek angelu txikia sortzen dute Lurrarekin eta inoiz baino izpi gutxiago iristen dira azalera-unitate bakoitzeko.

- Ipar poloan, Eguzkia ez da ateratzen egun osoan, 24 orduko gaua izaten da, eta egoera hori zenbait egunez luzatzen da.

Hego hemisferioan, ekainaren 21-22an gertatzen da neguko solstizioa, eta abenduan ipar hemisferioan izandako egoera bera gertatzen da hego hemisferioan.

Data honek, sinbolikoki, garrantzitsua handia dauka eta mundu mailan beti izan da ospatua duela milaka urte hainbat kulturatan. Arketipikoki, iluntasunaren garaia da, zaharra hiltzeko aukera eta berriari lekua uzteko. Gaur agian egun aproposa izan daiteke gogoetarako: pentsa zer nahi duzun utzi atzean eta jarri begirada benetan desiatzen duzun helburuarengan.



2017/11/06

XALBADOR GOGOAN...


Blog honetan lantzen ditugun baloreen artean, kultura ere badago, batez ere geurea txikia dena eta babesa behar duena... Gaur geure kulturaren bertsolari bat ekartzen dugu gogora, gaur 41 urte zendu zelako Fernando Aire Etxart Xalbador bere jaioterrian, Urepelen (Nafarroa Beherea), 56 urte zituelarik eta omenaldia jaso ondoren. Hemendik omenaldi txikia egin nahi diogu gaur.

Euskaltzale amorratua, bertsolaria eta artzaina zen, kontalari ona ere bai: hamaika pasadizo, ipuin eta txiste kontatu ohi zuen lagunartean. Urrutira ematen zuen baino hiztunagoa eta alaiagoa zen Xalbador. Hala ere, bertsoengatik gogoratuko eta miretsiko da Xalbador mendez mende. Izan ere, "Odolaren mintzoa" liburuan bilduma paregabea utzi zigun. Baina idatzizkoetan bakarrik ez zen maisua izan, baita bapatekoetan ere.

Euskal Herri osoan ezaguna, miretsia eta maitatua, lehen ere behin baino gehiagotan omendua, 1969an Donostian, 1976ko uztailean Donibane Lohizunen...

Hil ondoren ere bai omenaldi asko jaso izan ditu, hona hemen ezagunenetarikoa, Xabier Letek egindako kantua:




Gehiago jakin nahi baduzu pertsonaia honen inguruan, hurrengo loturan EITBk eskainitako dokumentala luzatzen dizugu, Eneko Dorronsororen "Xalbador izana eta izena". Geure ondarearen partea da, merezi du ikusteak!

Pasa den urriaren 22an, omenaldi bat egin zioten bere jaioterrian. Hil zenetik, urtero-urtero gorde zaio egun bat, Xalbador Eguna ospatuz. Euskaltzaleen bilgunea izaten da, baina, Lapurdi, Zuberoa eta Nafarroa Beherekoak gutxiengoa dira tamalez. Nahiz eta jarraitzaile gutxi eta publizidade txikia izan, espero dugu ohitura polit hau inoiz ez galtzea eta Xalbadorren arima bizirik irauntea.



2017/10/29

ARIMEN GAUA


Kaixo balorezale!

Gaurko sarrera xume honetan, kulturaz arituko gara. Ziur azken egunotan komunikabideetan eta komertzioetan ezin izan duzula Halloween saihestu. Leku guztietatik dago, baina ba al dakizu jai honen jatorria? Gaur egun Amerikaren kutsu komertziala baino ez dago gure artean, baina antzinean Euskal Herriko tradizioa zen eta leku askotan ospatzen zen. Hurrengo bideoak oso ondo azaltzen du. Erne egon, gauza berri asko ikasiko dituzu eta!



Inoiz entzun dugun moduan, beharbada hemendik joandako euskaldunen eraginez sortuko zen EEBBetan?

Hala bazan edo ez bazan, sar dadila kalabazan eta atara dadila herriko plazan...

2017/04/26

IN MEMORIAM


Kaixo!

Ezaguna egiten al zaizu margolan hau? Oso artelan ezaguna da eta geure historiarekin lotura estua dauka.




Gernika du izenburu eta Pablo Picassok gaur dela 80 urte Gernikan gertatutakoa bertan irudikatu zuen, hau da, 1937ko apirilaren 26an Espainiako Gerra Zibilean izandako Gernikako bonbardaketa irudikatzen du artistak. Hainbat lekutan egon da ikusgai eta gaur egun, Madrilgo Reina Sofía museoan dago. Beti aldarrikatu da Gernikan egun behar duela baina momentuz ez da lortu...

Espainiako Errepublikak beste artista batzuei eskatu bezala, Picassori ere Parisko nazioarteko erakusketarako enkargatu zion margolana. Picassoren 'Guernica' lanaren inguruko bideoa jarraian duzu:




Wikipediak hainbat datu ematen digu arte margolan honi buruz. Jarraian sinboloen interpretazioa luzatzen dizuegu:

Koadroan bederatzi sinbolo daude irudikatuta: sei gizaki eta hiru animalia (zezena, zaldia eta usoa). Ezkerretik eskuinerazko norabidean, honako hauek dira pertsonaiak
  • Zezena: Irudian ezkerrean agertzen da, gorputz iluna eta burua zuria. Zezenak, Picassoren sinbolismoan, “basakeria eta iluntasuna” adierazi nahi ditu.
  • Ama seme hilarekin: Zezenaren azpian kokatuta, babestuta balego bezala, aurpegia zerura begira. Bere mihia zorrotza da. Besoetan semea dauka hilik.
  • Usoa: Zaldia eta zezenaren artean kokatuta dago, ez da ondo ikusten. Hegala jaitsita dauka. Hala eta guztiz ere, bakearekin erlazionatzen da.
  • Soldadua: Egia esanda, buru, beso eta aztarnak ikusten dira. Esku bat zabalik dauka eta bestean ezpata eta lore bat dauzka, itxaropen izpi bat bezala interpreta litekeena.
  • Bonbila: Irudi honek intriga esnatzen du. Koadroaren erdian kokatzen da eta kritikoek bonba sinboloarekin erlazionatzen dute, beste teoria bat zientzia eta elektronika aurrerapenekin lotzea da.
  • Zaldia: Konposizioaren erdian. Bere gorputza eskumara begira dago, baina buruak ezkerraldera begiratzen du, zezenak bezala.
  • Emakumea belauniko: Beste bertsio bat; emakumea zaurituta dago eta zaldiarengana doa deskantsatzeko.
  • Emakumea kriseiluarekin: Gela argiztatu egiten du.
  • Sutan dagoen etxea. Picassok espresibitate gehiago lortzen du pertsonaien xehetasunak azpimarratuz lerro soilen bitartez.
  • Gizona erreguka. Gizon bat agertzen zaigu zerura begira abioiei erregutzen bonbardaketa bukatzeko.
  • Gezi zeiharra. Zaldiaren ipurmasailen azpian kokatuta. Hildakoaren arimaren sinboloa izan daiteke, gorantz doala.
Ez badituzu elementu guztiak ikusi, ez kezkatu, hurrengo bideo honek lagunduko dizu:




Hau lantzeko modu desberdinak egongo direlakoan gaude, baina erreza eta ikusgarria den bat otutzen zaigu eta proposamena luzatzen dizugu: irudi interaktiboa sortzea eta elementu horien azalpena bertan txertatzea. Animatuko zinateke egiten eta gurekin elkarbanatzen? Zure esku uzten dugu...

Berria egunkariak kontatzen digu Euskal Herriko historian egun seinalatua dela Gernika (Bizkaia) bonbardatu zutenekoa. Urteurren berezi hori oroitzeko ekitaldi ugari izango dira egunotan. Atzo, jada, Gernikarekin batera Japoniako Nagasaki hiria oroitu zuten, eta bi gertakizunetatik bizirik atera zirenen testigantzak entzun ahal izan ziren.

Berriak, aipatutako albisteaz aparte, webgune berezia ere osatu du informazio anitzarekin. Gehiago jakin nahi baduzu gertaera honetaz, webgunea bisitatu.

Amaitzeko oilo-ipurdia jarri digun bideoa ikustea proposatzen dizugu.





Zoritxarrez, munduko hainbat lekutan horrelako sirenak entzungo dira egunero, espero dugu salbu jarri ahal izatea jendea eta Gernikan gertatu zena duela 80 urte sekula ez dadila inon berriro gerta... Berriro ere edozein indarkeriaren motatako aurkako jarrera ozen azaldu nahi dugu hemendik.