arrazakeria eta xenofobia etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
arrazakeria eta xenofobia etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2017/05/25

TOLERANTZIA


Kaixo irakurle hori!

Pasa den astean tolerantzia eta aniztasunaren aldeko egunaren berri eman genizun. Aste honetan nahiz eta nazioarteko egunik ez ospatu, ildo horretatik jarraitu nahi dugu.

LGTB kolektiboaz aritu ginen eta Bizkaiko Foru Aldundiak argitaratutako kanpainaren leloari eutsi genion: gorrotoaren hizkuntza ez erabiltzearena. Zergatik ote proposamen hori? Argi dago askotan modu desegokian etiketatzen zaiela kolektibo horren pertsonei eta irainak erabiltzen direla haien kontra. Sentimenduak, berez sortzen dira eta oso zaila da kontrolatzea, guztien artean zailenetik zailena amodioa da, zalantza barik... Zergatik etiketatu pertsona bat sentitzen duenagatik? Hurrengo bideo honek harritzeaz aparte hunkitzea ere espero dugu. Ikusi eta gozatu!!





Bideo honetatik ateratzen dugun gogoeta zera da: toleranteak izan behar dugula, askatasunez begiratu, ez epaitu azalaren koloreagatik, ideiengatik edo maitasun harremanengatik. Ekintzak epaitu behar dira, hau da, pertsona ona izateagatik, fidagarria, besteak laguntzeagatik, maltxurra izateagatik ala ez... Justuak izan gaitezen eta pertsonen ekintzak epai ditzagun!

Aurreko bideoak ez du soilik genero arazoa aipatzen, baita erlijioa, arraza, ezintasuna ere. Tolerantea izatea oso garrantzitsua dela oso ondo dakizu dagoeneko, baina, Munduak asko eta asko landu behar duen gaia da. Ziur gaude bideoan agertzen diren maitasunezko loturak sakonago landuz gero elkarbizitza global baten helburuarekin, Manchesterren, Parisen, Dortmunen, Londresen, Madrilen, Iraken, Sirian, Turkian eta beste hainbat lekutan gertatutakoak ez zirela pasatuko.

Dakizunez, elkarbizitza, errespetua, tolerantzia... lantzeko leku aproposa baino aproposagoa eskola da. Tamalez, irakasleok ere, askotan, hain tolerantea ez den hizkuntza erabiltzen dugu. Hurrengo bideoak primeran azalduko digu. Adi!



Zer espero zenuen bideoaren hasieran? Bullying-ari buruz izatea? Hau, gure ustez, hainbat arazoren atzetik dagoen kutsadura da. Beti saiatzen gara besteak gu bezalakoak izaten, "normalak" izaten. Baina normaltasuna ez da existitzen, eskerrak! Inoiz entzun duzu "Zenbat buru, hainbat aburu" atsotitza? Ba primeran datorkigu hau azaltzeko: bakoitzak, normaltasuna bere errealitatetik eta bere ikuspuntutik ulertzen du. Horrela, ezer ez daukanarentzat, denetik edukitzea, gure moduan, ez da batere normala.

Bideo honek  aniztasunaz ohartarazteko laguntzen digu, azken finean, zenbat azal kolore daude zure gelan? Ez dugu aurrera egin nahi beraien ideiaren bat aipatu gabe. Bai horixe! Gure geletan dauden azaleko kolore guztiak margotu ahal izateko, margo bereziak atera dituzte eta salgai dituzte! Hemen uzten dizugu linka, agian datorren ikasturterako lekutxo bat gorde diezaiokezu zure klaseko zorroan...

Gaurko sarrerarekin bukatzeko, Paul-en bidaia aurkeztu nahi dizugu. Paul suediarra da eta egun batean, trenez zihoala hau gertatu zitzaion...





Zer deritzozu Paulek egindakoari? Ausartuko zinen zu barrutik daramazun hori plazaratzen hain era nabarmenean? Eta trenean dauden pertsonen jarreraz zer uste duzu? Nola erantzungo zenuke zuk zure alboan jesarrita dagoen gizona komunera badoa eta bueltan emakume bat dela ikustean? Gure ustez, ondo baino hobeto erantzuten dute bidaiariek, Paul bera eta bere erabakia errespetuz hartu eta onartu dute.

Espero dugu hau guztiarekin zure ikuspuntua gero eta zabalagoa izatea, gero eta toleranteagoa... Gogoratu guztiok PERTSONAK garela, kanpotik izaten garena izaten garela edo sentitzen duguna sentitzen dugula ;)

2017/03/21

ARRAZAKERIAREN ETA XENOFOBIAREN KONTRAKO NAZIOARTEKO EGUNA


Kaixo:

Arrazakeriaren eta xenofobiaren kontrako nazioarteko eguna dugu gaur. Tamalgarria da gaur egun, XXI. mendean, oraindik ere arazo hau existitzea. Hemendik, eskua altxatzen diogu arazo larri honi eta STOP esaten diogu edozein modutako arrazakeria eta xenofobiari.




Antzineko arazoa da, hala ere gaur egun pilpilean dagoen gaia da. Esan genezake gure gizartea nahiko xenofoboa dela, eta oraindik ere bereizketak egiten direla kanpoko itxuraren arabera.

Egia da urteak igaro ahala, gero eta gehiago kontzientziatzen garela azaleko koloreak ez duela pertsona determinatzen. Beharbada gure artean daudelako, kaletik goazela gero eta pertsona gehiago ikus ditzakegu azaleko kolore desberdinarekin. Gu ez gara inor euren bizitza epaitzeko; azken finean denok berdinak baikara, ezta?

Haiek kultura ezberdina izango dute, eta ohitura ezberdinak. Hori oso aberasgarria izan daiteke ohitura berriak ezagutzeko, bidaiatzeko, jende berriarekin harremanetan jartzeko... Beste kulturek gauza asko dauzkate guri irakasteko.

Ez al litzateke hobea izango kultura aniztasuna nagusi den mundu bat sortzea? Diskriminaziorik gabe, denok aukera eta eskubide berdinekin? Ez da lan makala izango, ez! Baina irakasleok giltza magiko bat daukagu eta hurrengo belaunaldiei erakutsi ahal diegu denok mundua osatzen dugula eta gizakiak garela, denok dugula guztion beharra aurrera jarraitzeko. Horrela, guztiok bat eginez, lortuko dugu mundu honetatik arrazakeria eta xenofobia ezabatzea.





Ezaguna egiten zaizu hurrengo argazkia?




Duela egun batzuk bi ume hauek buelta eman dute mundutik sare sozialen bitartez. Zergatik? Demostratu dutelako gorago aipatu dugun aldaketa hori posiblea dela. Jax-ek (ezk.) eskatu zion bere amari Reddy (esk.) bezala nahi zuela ilea moztu, horrela andereƱok ez zuen jakingo nor zen nor!! Ikusten zuen desberdintasun bakarra ilearen luzera zen. Zoragarria!!