osasuna etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
osasuna etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2017/02/14

OTSAILAK 15: HAURREN MINBIZIAREN AURKAKO EGUNA

Kaixo lagun hori!

Duela egun batzuk Minbiziaren Aurkako Nazioarteko egunaren berri eman genizun hemendik. Bertan azaldu genuen zelan gaixotasun madarikatu horrek hamaika aurpegi dituen eta haietariko bat, guztiz bidegabekoa, gaur dauka leku berezia egutegian...

2001ean, Luxenburgon, hitzarmen bat sinatu zuten minbizia duten haurren gurasoen 177 elkartek, 90 herrialde ezberdinetakoak, 5 kontinenteen zehar. Dena den, lehenengo eguna 2002an ospatu egin zen eta handik geroztik, minbiziaren ikerketaren munduan hainbat erakunde garrantzitsuen euskarria jaso du.

Zenbait gaixotasunen kontrako egunetan lazoak erabiltzen ditugu eta maiz ikusi ditugu kaletik, adibidez, arrosa bularreko minbiziaren kontra, edo gorria, HIESaren kontra. Baina, ba al zenekien haurren minbiziaren kontrako lazoa urre-kolorekoa zela? Ondoren zergatia azalduko dizugu:

Kolore honek konparatu nahi ditu ume gaixoen indarra eta erresistentzia urrea berarekin. Nahiz eta mundu osoan zehar erabilita izan, ez du lortu beste bien arrakasta. Ondo legoke gure klase guztietan urrezko lazo bat marraztea eta leihoetan jartzea, edo txikiagoak egin eta arropan jantzi.




Inork ez du merezi horrelako gaixotasunik jasatea, baina are gutxiago umeek. Horregatik omenaldia egin nahi diegu borrokan ari diren txiki txapeldun horiei guztiei. Irudi polit batekin hasiko gara:




Umorea, alaitasuna eta maitasuna ezinbesteko botikak dira gaixotasun honen aurrean borroka egin eta aurrera egin ahal izateko! Horregatik partekatu nahi dizugu Marimototsen azalpena, umeei zuzenduta, ipuintxo honetan:




Lehen aipatu dugun moduan, umeei zuzenduta dago, oso ondo azalduta zertan datzan gaixotasuna eta zelan sentitzen diren pairatzen dutenak.

Hurrengo bideoan agertzen diren protagonistak ez dira hain umeak, nerabeak eta gazteak baizik. Batzuk gaixo daude, beste batzuk ez... Besterik gabe, ikus dezagun.




Ziurrenik ukituta eta hunkituta gelditu zara... Normala da, geu ere bai lehenengo aldiz ikusi genuenean, ez uste... 

Irudikatuko zenuke norbaiten desioa haizeak aurpegian jotzea izan zitekeela? Edo ilusioa mantentzea eta eguneroko gauza txikiez gozatzea? Edo paseo bat eman ahal izatea loreez disfrutatzen? Edo... 

Bideoaren hasierako pertsona izango bazina, zelako erantzuna emango zenuke zuk bigarren partea kontuan hartu gabe? Eta... kontuan hartuta? Berdina ez izatea espero dugu...

Gaurko bideoaz hausnartzen badugu, geure ustez ez da zalantzarik geldituko eta geure helburua ozen baino ozenago ahoskatu nahi dugu: baloratu gauza txikiak, falta direnean handi bihurtzen dira eta! Ez itxaron gehiegi, aprobetxatu edozein gauza txiki gozatzeko, inoiz ez dakigu zer gerta daitekeen bihar. CARPE DIEM!!

Amaitzeko, alaitu nahi zaitugu bideoklip solidario batekin ASPANOGI, Donostia Ospileko ONKOLOGIAKO HAURRAK, “GU ETA GUTARRAK” eta HUNTZA taldearen eskutik. Oso abesti ezaguna eta kutsakorra da nahiz eta aldapa gora izan...




Super heroiak zarete, ez inoiz galdu zeuen irribarrea. Aupa txapeldunak!!


2017/02/04

OTSAILAK 4, MINBIZIAREN AURKAKO NAZIOARTEKO EGUNA

Kaixo berriz ere!

Lehengo sarrera tradizioari buruz izan da eta oraingoa ez da hain atsegina izango, minbiziaren aurkako nazioarteko eguna dela jakinarazi nahi baitizugu. Baloreak lantzen ditugu blog honen bitartez, horregatik gaixotasun hau pairatzen dutenei eta haien ondoan daudenei omenalditxoa egin nahi diegu: eutsi goiari txapeldunak!!

Minbiziak aurpegi asko ditu, zoritxarrez, baina gaur, otsailak 4, Osasunerako Munduko Erakundeak (OME) minbiziaren aurkako nazioarteko eguna ezarrita dauka. 

Geure helburua, gaixoekin eta haien ondokoekin solidarizatzeaz aparte, minbiziak gero eta eragin handiagoa duenez, kontzientziazioa eta sentsibilizazioa bultzatzea da. Gero eta kasu gehiago erregistratzen dira, horregatik prebentzioa eta detekzio goiztiarra funtsezkoak dira minbizi-kasuen gorakada saihesteko. Nazio Batuen Erakundeak (NBE) ohar baten bidez jakinarazi duenez, minbizi-kasuen % 60 Afrikan, Asian eta Amerikan (erdialdean zein hegoaldean) detektatzen dira. Hala, minbiziak eraginda nazioartean gertatzen diren heriotzen % 70 herrialde horietan izaten dira, besteak beste, detekzio goiztiarra nabari atzeratu egiten delako eta gaixotasunari aurre egiteko sendagaiek prezio altuegia dutelako.

Minbiziaren Aurkako Nazioarteko Eguna gogoeta egiteko aukera paregabea da, eta batik bat, minbiziari aurre egiteko norberak zer egin dezakeen pentsatzeko. “Elkarrekin lor dezakegu. Nik ere lor dezaket” lelopean, nazioarteko kanpainak “pentsatzeko, konpromisoa hatzeko eta hori gauzatzeko” deia luzatzen die herritarrei zein kolektiboei ere. “Guztioi eragiten digun gaitza izanik, pertsona orok neurriak har ditzake gaixotasunaren eragina murrizteko”, esan du NBEk.

Ez dugu topatu euskal erakundeek argitaratutako kanpainarik, horregatik luzatzen dizkizugu gazteleraz eta ingeleraz topatutako hauek: 






ONUk gogora ekarri duenez, minbizia zelulen alterazio genetikoaren ondorioz sortzen da. Batzuetan organo jakin batean gera daiteke, baina besteetan gorputzeko organoetara hedatzen da. Oinarrizko jarraibideak jarraituz (tabakorik ez kontsumitzea) minbizia kasu gehienak saihestu daitezke. Gainera, egungo tratamendu askok (kimioterapiak, erradioterapiak edota ebakuntzak) gaixotasun horri aurre egiten laguntzen dute, bereziki goiz detektatzen bada.

Minbizi motei dagokienez, biriketakoa, heste lodikoa, gibelekoa, biriketakoa eta bularrekoa dira hilkortasun-tasa handiena dutenak. OMEaren iritziz, minbizien % 30 saihets daiteke erretzeari utzita, ariketa fisikoa eginda, elikadura osasuntsua izanda, alkohola utzita eta sedentarismoari aurre eginez.

Beraz, zaindu ezazu zeure burua eta ohitura osasuntsuak izan!!

Bukatzeko, bitxikeri bat elkarbanatu nahi dugu zurekin: gaur hain zuzen ere, Yeray Álvarez, Athletic-eko jokalaria minbizia izan duena, zelaira bueltatu da bere bizitzako partidarik gogorrena irabazi ondoren, minbiziaren aurkakoa. Aupa Yeray eta borroka horretan dauden guztiak!!

2016/12/20

BISITALDI BEREZIAK OSPITALETAKO HAURREI

Kaixo!

Zapore gazi-gezako sarrera ekartzen dizugu gaur... Gabonetako garai honetan oso gogorra da ospital batean egon behar izatea, are gehiago haurrentzat. Gaur, hilak 20, bisita bereziak jaso dituzte borrokalari txiki hauek Gurutzeta eta Basurtoko ospitaletan.

Alde batetik Athletic Clubeko emakumezkoen eta gizonezkoen jokalariek, data hauetan ohikoa den legez, Basurtu eta Gurutzetako ospitaleak bisitatu dituzte.

Hurrengo argazkian klikatuz gero, argazki gehiago ikusi ahal izango duzu:




Beste alde batetik, Bizkaiko Foru Aldundiko suhiltzaileek ere bai Gurutzetako ospitalean dauden haurrak bisitatu dituzte gaur goizean. Garabia erabiliz sartu dira eraikinera. Begiratu bideoa!




Eskerrak bihotz oneko jendea dagoela munduan gaixo dauden haurrei garai honetan pitin bat eramangarriago egiteko haien egoera latza!!

2016/11/25

BIG MAC = BIG HEART

Kaixo laguna!

Aprobetxatu nahi dugu sarrera hau McDonalds-en kanpaina baten iragarkia aztertzeko, harrituta utzi gaitu eta zurekin elkarbanatu nahi dugu. Hona hemen:




Espero zenuen honelako ekintzarik McDonalds-en eskutik? Zer deritzozu? Ba al zenekien horrelako egoitzak zeudela hainbat ospitaletan?

Gure kasuan hauetariko egoitza baten beharra izan duen familia bat ezagutzen dugu eta, egia esan, jasotako informazioa ezin da hobeagoa izan, oso ondo tratatuta, babestuta eta eroso sentitu baitziren oso egoera larrian egonda.

Gaur ez badakizu non askaldu edo afaldu eta lagundu nahi baduzu, hurbildu zaitez zure familia edo lagunekin McDonald batera. Gaur Big Mac menua Big Heart bihurtu da eta bat eskatuz gero, ordaindutako %100 Ronald McDonald fundaziora joango da. Guk gureak jan ditugu dagoeneko! Baina ezin baduzu, ez da ezer gertatzen, gutxienez honen berri daukazu! Eskerrak mundu zoro honetan horrelako ekintza politak existitzen diren.




Asteburu ona izan!

2016/10/31

ZOZKETA SOLIDARIOA

Kaixo!

Gaur hemendik gertu, egun berezia ospatzen da. Gernikako Urriko Azken Astelehenaz ari gara. Aspaldiko ohitura ospetsua da, Euskal Herriaren mami eta sustraia ezagutzeko jai egun paregabea. Bertsolariak, idi probak, zesta eta esku pilota partidak eta gastronomia nagusiki aurki daitezke bertan.

Baina aurten ekitaldi berri bat egongo da Gernikan, zozketa bat, zozketa berezi eta solidarioa. Ziur guztiok ezagutzen duzuela Fito abeslari bilbotarra. Berari esker, gaur eguerdian La Cuadri del Hospi elkarteak zozketatuko du Fitok emandako Harley-Davidson V-Road motorra.



Zozketa "ongintzazko proiektu baten parte da, umeen minbiziaren gaineko ikerketa sustatzea helburu duena". Izan ere, haurrek helduek baino gutxiago pairatzen dutenez minbizia, aurrekontu murritzagoa dute ikerketarako, eta jasotzen duten diruarekin ez dute nahikoa.

Honetaz aparte, ekainean bere abesti baten bideoklip solidarioa grabatu zuen minbizia pairatzen duten umeekin. Jarraian luzatzen dizuegu: 





Baina hau ez da Fitoren lehenengo ekintza solidarioa. Duela 3 urte, artista bilbotarrak emanaldi solidarioa eskaini zuen Bilboko Arriaga Antzokian. Kontzerturako txartelen bitartez bildutako dirua Bizkaiko Elikagaien Bankuari eman zioten, 100.000 € inguru.

Eskertzekoa da horrelako artista izatea. Aupa Fito, ikaragarria zara!!

Eta, jakina, aupa minbiziaren aurkako borrokan ari diren neska-mutil guztiak!! AUPA ZUEK!!

2016/10/19

EGUN ARROSA

Kaixo irakurle hori:

Gaur, urriak 19, bularreko minbiziaren kontrako nazioarteko eguna dugu. Emakume askok pairatzen duten gaixotasuna dugu bularreko minbizia; baina gaur egun, zorionez, gehienek borroka hori irabazten dute.

Hona hemen omenaldi xumea pairatzen ari direnentzat zein borrokan ibili direnentzat ere:







Amaitu baino lehen, bitxikeri bat: gaixotasun hau ez da soilik emakumezkoena. Begira albiste hau: