2018/05/13

PREFOSTA

Kaixo berriro ere:

Oraingo sarrera kultura eta euskaren alde izango da. Gaur, maiatzak 13, Herri Urrats dugu, Seaska elkarteak urtero antolatzen duen euskal irakaskuntzaren aldeko festa Senpereko aintziraren inguruan, Lapurdin. 1984an izan zen lehendabiziko edizioa.

Bildutako dirua Iparraldeko ikastolak laguntzeko bideratzen da. Aurten, Herri Urrats Xiberotar eta Baxenafartar ikasleak biltzen dituen Manex Erdozainzi Etxart Kolegioaren alde (MEEK) izanen da, ikasketa eta harreman hizkuntza euskara duen kolegio bakarra da Barnekaldean. Ipar Euskal Herriko barnekaldea husten ari den bitartean, 11 eta 14 urte bitarteko gazteak biltzen dituen Kolegioa garapen betean da. Xiberoako eta Baxenafarroaren etorkizuna dira aurten MEEKen diren 190 ikasleak.

"Prefosta" leloa ulertzeko haien web-orrialdera jo egin dugu eta azalpen hau topatu dugu: 

“Prefosta” xiberotar lemapean iraganen da. MEE Kolegioaren ikasleen herena Xiberokoa da, eta lema horrekin begi kliska bat egin nahi izan diegu egunero Xiberotik etortzen diren ikasleeri.

Azken inkesta sozio linguistikoak erakusten duen bezala, Ipar euskal herriko euskararen egoera onena Nafarroa Beherean eta Xiberoan da.

Proporzionalki, Nafarroa Beherea eta Xiberoa dira euskaldunen ehunekorik handiena duten lurraldeak (% 49,5). Halaber, bi lurralde hauetan dira euskaraz hitz egiteko erraztasun gehiago duten euskaldunak.

Gehitzen badugu, biztanleriaren erdiaren baino gehiagoren lehen hizkuntza euskara dela (%46,8k euskara soilik jaso du etxean eta % 9,7k euskara eta erdara), ulertuko dugu PREFOSTA! euskaraz ikasten eta bizitzen dela barnekaldean.

Baina ez dugu lokartu behar. Urte batetik bestera hiztun kopuruak beheiti doaz barnekaldean eta ikastolek euskara biziberritzeko duten rola arrunt estrategikoa da.

Ondorioz, alabainan kolegioa tipiegia geratu zaigu! Barnekaldeko jendeak euskararekin duen atxikimendua hemen frogatzen da: gero ta ikasle gehiago ditugu Xibero eta Baxe Nafarroko ikastoletan, eta MEEKen.

Prefosta lemarekin, mezu baikorra zabaldu nahi dugu, euskara eta ikastolen garapena ona dela, bainan erran behar dugu ere lortzen duguna beti borrokaren bidez egiten dela, adibidez MEEKen IEPa idekitzea lortu dugu borrokatuz, brebeta euskaraz lortuko dugu ere beti borrokatuz.

Jarraian, ikasle, irakasle, langile eta guraso denen partaidetzarekin grabatutako bideoklipa luzatzen dizugu:





Gutxi barru beste bi jai izango ditugu Euskara eta Hezkuntzaren alde: ibilaldia eta euskal eskola publikoko jaia. Adi egon, haien berri emango dugu eta!


2018/05/12

MAIATZAK 13: HAUR OSPITALIZATUEN EGUNA

Kaixo irakurle hori:

Gezurra dirudien arren, ume asko ospitaletan bizi dira eta ezin dute egin guretzat arrunta dena, beste errealitate bat daukate... Gaur haien eguna da eta aipamen berezia eta omenaldia egin nahi dizkiegu hemendik, asko ikasi behar dugulako haiengandik: borrokalari hutsak dira eta meritu handia daukate!

Joan zen 2014-2015 ikasturtean, Euskadiko 2.134 ikaslek, osasun arrazoiengatik eta ohiko ikastetxera joan ezin zirela eta, Ospitaleko eta Etxeko Hezkuntza Arretarako eta Arreta Terapeutiko-Hezigarrirako Lurralde Zentroek eskaintzen duten zerbitzuaren bidez jaso zuten hezkuntza. Horietan gehienek, 1.873 ikaslek, ospitale-eskoletan jaso zuten hezkuntza-arreta, 207 ikaslek euren etxean bertan, eta gainerako 54k Arreta Terapeutiko-Hezigarrirako Lurralde Zentroetan. Orotara, hezkuntza arloko 127 profesional arduratu ziren ume hauetaz. 

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak “Ospitalerako ipuinak” 7 liburu argitaratu zituen duela urte batzuk ospitaleratuta dauden umeei zuzendua. Ipuin hauetako zenbait dagoeneko erabili dira Euskadiko ospitale-eskoletan (Txagorritxu, Santiago, Gurutzeta, Basurto eta Donostian). Lagungarri zaizkie ospitaleratuak dauden haurrei mediku-tresneria nahiz jasotzen ari diren tratamendua hobeto ezagutzeko, haien gaixotasuna ulertzeko eta gertatzen ari zaiena hitzez azaltzeko. 

Musikarekin amaitu nahi dugu, hiru abesti luzatu nahi dizugu, hau lehenengoa hainbat erakundek sortutako bideoklipa da, Conchita abeslariaren ahotsarekin (eskerrik asko, Jone!). Mezu ederra ematen duena, entzun erne!:





Bombai musika taldekideak, hainbat erakundek lagunduta, mila musu banatzeko eta umeen irribarreak ateratzeko prest daude kantu eder honetan ikusten den bezala (eskerrik asko, Leire!):





Amaitzeko, beste abesti bat luzatzen dizugu. Oraingoa euskaraz eta Ene Kantak taldearen eskutik. Neska ausarta bat eta bere familia ezagutu zituzten otsailean. Momentu zailak ziren haientzat eta haiek gainditzen laguntzeko, abesti bat egin zieten.  Abestian El Drogasek, Gorka Urbizuk, Oinatz Bengoetxeak, 'Go!azen'eko aktoreek, Oier Sanjurjok eta Zuriñe Hidalgok parte hartu dute. Ikusi!





Hemendik patxo erraldoia bidali nahi diegu gaixo dauden txiki ausart horiei!


2018/05/10

ERRUGBIA


Kaixo balorazale:

Gaurko gaia duela hilabete batzuk iritsi zitzaigun eta gordeta izan dugu. Gaur, hemen plazaratzeko oso egun aproposa dela uste dugu:

Ziurrenik entzun duzu asteburu honetan, Bilbon, errugbi final europearrak jokatuko direla. Ekimen historikoa da eta eragin handia izango du ekonomian zein hiriaren izenaren zabalkuntzan. Ekintzak eta animazioak egongo dira asteburuan zehar Bilbotik eta espero dugu giro sanoa eta aparta sortzea.

Ekimen honek gogora ekarri digu duela 23 urte, 1995. urtean Nelson Mandela presidenteak, berradiskidetze mailan pausoak eman nahian, Hegoafrikan antolatu zuen Munduko Errugbi Txapelketa. Bertan, Mandelak Hegoafrikako beltzak animatu zituen ordura arte gorrotatzen zuten herrialdeko errugbi selekzio nazionala babes zezaten (Springboks izenez ezagutzen da taldea). Kirol honek arrazakeria gainditzen lagundu zuen herrialde hau eta bere historiaren une hau aipagarria eta arrakastatsua bihurtu zen. Gaur gun kiroletan ikusten diren istiluekin, zein polita den hau gogoratzea...

Baina ez dugu ekarri arrakastaz edo arrazakeriaz aritzeko, berdintasuna aldarrikatzeko baizik. Hona hemen 2017ko urtearen amaieran Joma Sportek argitaratutako iragarkia:





Ez, ez da gizonezkoen kirola; izan ere, ez baitago gizonezko edo emakumezkoen kirolik. Kirolak badira eta edozeinek praktikatu ditzake balditzarik gabe. Honen ildora, #GukEreJolastenDugu bideoa jaso dugu eta zurekin partekatu nahi dugu. Aldarrikapen bat da, errugbi neska jokalarien eskutik; erakundeei eskatu nahi diete laguntza gehiago emakumezko taldeentzat. Bide batez salatu nahi dute iragarki ofizialean gizonak baino ez direla agertzen. Hona hemen gure laguntza zeuren bideoa eta aldarrikapena zabaltzeko:




en Videos


Zorionak Gernika, Getxo, Universitario Bilbao Neskak eta Eibar taldeei, ez duzue inoren baimena beharrik, geldiezinak zarete eta nahi duzuena lortuko duzue!! Aupa zuek!!


2018/05/03

EZ BETI DA EZ


Kaixo balorezale!

Pasa den asteari amaiera eman genion albistea berreskuratu nahi dugu, gaurko sarrera honetan sakontzeko asmoz. Pil-pilean egon da azken egunotan kontu hori eta oraindik horren oihartzuna nonahi entzuten da. Oro har, gizartea sutan dago epaileek ezarritako sententziarekin. Ziur albistegietan eta sare sozialetan honen kontrako mezuak ikusi edota entzun dituzula. Anitzak izan dira guk geuk jaso ditugunak ere bai.

Herenegun ere honekin funtsean lotuta dagoen gaia jorratu genuen, eskola jazarpena. Biak jazarpen mota desberdinak dira, baina jazarpenak azken finean eta indarkeri edo bortizkeriaren barruan sar genitzake, ez duzu uste?

Hurrengo bideo hau onespenetan datza. Te kikara batekin primeran azaltzen du, eta bideoaren hasieran zein amaieran sexu-harremanekin konparatzen du. Guk ekarri dizugu uste dugulako edozein harreman motatan aplikagarria delako. Ikusi eta entzun arretaz:





Aparta azalpena, ezta? Ziur gaude tearen adibidea arazo barik ulertu duzula eta momenturen baten barre egin diozula ere bai. Normala da, egoera batzuk nahiko komikoak eta erridikuluak baitira. Baina, eguneroko harremanetan horrelako egoerak ikusten ditugu, tamalez. Adibidez, haserretzea norbaitek momentu batean ezetza ematen digulakonahiz eta beste momentu batean kasu egin digun; edo pertsona batek aurretik esandakoaz iritziz aldatzen duelako... 

Eremu guztietan, egoera guztietan, adin guztietan, ez beti da ez eta errespetatu behar da baldintzarik gabe. Ezetza jasotzeak dakartzan frustrazioa eta amorrua gestionatzen eta onartzen ikasi behar dugu. Eta bakarrik ez bagara gai, laguntza eskatu beharko dugu.

Asteburu ona izan!


2018/05/02

ESKOLA JAZARPENAREN AURKAKO NAZIOARTEKO EGUNA

Egun on irakurle hori:

Hona hemen ospatzea gustatzen ez zaigun horietako egun bat. Gaur, maiatzak 2an, mundu mailan "Eskola Jazarpenaren aurkako eguna" daukagu.

Askotan landu dugu gai hau baina behin eta berriro honen inguruko jarrera desegokiak entzuten dira, beraz uste dugu sarrera hau ez dela soberan egongo. Hezkuntza Saletik indarra egiten ari da azken bolada honetan gai korapilatsu honen inguruan irakaslegoa formatzeko, baina oraindik ere lan handia daukagu geure aurrean.

Hau ez da irakasleon arazoa soilik. Familiek paper garrantzitsua daukate, baina batez ere zeuek protagonistak izan behar duzue eta erantzukizun handia daukazue ere bai. Argi dago geuk, nagusiok, bideratu behar dugula baina zeuen kolaborazioa ezinbestekoa da. Eskola jazarpena eragiten duen pertsona agerian jarri behar da, bestela bere papera erreforzatzen da eta gero eta indartsuago sentitzen da. Hori sahiesteko, ikasleon laguntza behar dugu eta ematen duzuen informazioa premiazkoa da arazoan dauden guztiei lantzuntza eman ahal izateko. 

Argi utzi nahi dugu horrelako arazo batean sartuta dauden guztiak lagundu nahi ditugula eta emango duzuen informazio hori haien onerako izango dela. Hau da, bai erasotzaiarekin baita jazarpena jasotzen duenarekin ere lan egin behar da arazoa bideratzeko. Zeuek laguntzaileak izango zarete, inoiz ez salatariak!!

Aprobetxatu nahi dugu sarrera txiki hau aldarrikatzeko egun hau ofiziala ezartzea eta indar gehiago ematea gai honi instituzioetatik. Egia da BAT (Bullyingaren Aurkako Taldea) programa sortu dela, baina oraindik zentru askotara ez da heldu... Gure ustez, funtzezkoa da Hezkuntza komunitateak jazarpen egoerak ezagutzea, gaiaren inguan hausnartea bullyingaren aurkako jarrera aktiboa sustatzeko. 

Amaitzeko, gogoetarako bideoa luzatzen dizugu. Agertzen diren gauza asko ezagunak egingo zaizkizuen baina ez dago soberan berriro gogora ekartzea:





Jorratu dugun honekin guztiarekin, espero dugu zuetariko norbait jazarpenaren biktima izanez gero, ausartzea arazoa azalarazten lagundu ahal izateko; lekukoak izanez gero, erasotzailea ageri jartzea arazoan dauden guztiei lagundu ahal izateko eta erasotzailea izanez gero, birplanteatzea egiten ari zaren min handi hori...

Egun polita izan!

2018/04/27

GUK SINISTEN DIZUGU

Kaixo balorezale.

Nahiz eta zu oso gaztea izan, Iruñean 2016 urteko uztailaren 6an gertatutakoa gogoratuko duzu edo entzunda izango duzu. Egun hartan, edo gau hartan hobeto esanda, San Ferminetako jaiak hasten zirenez, hara joan zen Clara, Madrilgo ikasle bat. Clarak ondo pasatu zuen gau hartan, dantzatu zuen, edan zuen, barre egin zuen... jai ederraz gozatu nahi zuen. Gauzak horrela, gaueko ordu txikietan, Sevillatik etorritako 5 lagun ezagutu zituen. Jatorrak zirela uste zuen eta, horregatik, beraiekin geratu zen 18 urteko neska.

Bat-batean eta ia konturatu barik, bere burua ikusi zuen atari baten barruan sartuta, inguratuta eta, alde egiteko aukerarik gabe, bost animalien eskuetan geratu zen. La Manadak, otsoek bezala, bere harrapakin aukeratuta zeukan eta ehizatzeko prest zegoen.

Mutilek nahi zutena egin zuten, baita bideoak grabatu ere, eta, bukatzean, han utzi zuten Clara. Lurrean botata eta inori deitzeko aukerarik ez izateko, mobila lapurtu zioten.

Mutilek alde egin zuten, parrandaz jarraitzeko. Euforikoak. Neska, aldiz, ahal izan zuenean, jantzi egin zen, ataritik atera zen eta banku batean geratu zen negar egiten. Handik pasatzen zen bikote batek polizia deitu zuen eta dena salatu zuen.

Poliziak 5 animaliak harrapatu zituen eta beraien epaiketaren sententzia, ia bi urte pasa ondoren, atzo plazaratu zen.

Epaileen ustez, ez zen bortxaketarik egon, neskak borrukatu egin ez zuelako eta zaurituta izan ez zelako. Beraien ustez, bakarrik sexu-abusua egon zen, eta horregatik 9 urteko zigorra ezarri diete Sevillatarrei eta ez dituzte guztiak beteko atxiloturik.

Sententzia sinistezina izan zen eta are gehiago, hiru epaileetatik batek uste zuen ez zela zigorrik egon behar, berak bideoetan ikusitakoa ez zelako hainbesterako. Hitz hauekin, Clara, bigarren aldiz bortxatuta izan zen atzo. Bera eta justiziarengan sinisten genuen guztiok.

Berehala gizartea piztu egin zen eta lotzen hasi zen hiriburu guztien udaletxeen eta epaitegien aurrean, protesta egiteko eta sententzia lotsagarri horri mespretxua adierazteko.

Gu ez gara abokatuak edo epaileak, baina argi daukagu gauza bat; atzo gertatutakoa ezin da berriro gertatu. Emakumeok ez dute zertan beldurrik bizi behar, gizonezkoen menpe eta haien nahiak betetzen.

EZ DA EZ. Emakume batek ez du zertan borrukatu behar bortxatuta ez izateko ezta bere bizitza arriskuan jarri ere. Epaiketa honetan, erruduna Clara zela ematen zuen eta ez La Manadako bost animaliak...

Guk, gaur, ez dakigu nola azaldu zuri, gure ikasle hori, gertatutakoa. Bakarrik dakigu baloreak inoiz baino beharrezkoagoak direla.

Clara, guk sinisten dizugu eta zurekin gaude. Gure besarkadarik beroena bidaltzen dizugu, ahizpa, arreba hori!



2018/04/23

APIRILAK 23, LIBURUAREN EGUNA


Kaixo irakurle hori,

Hemendik edo handik ziur jakinaren gainean zaudela gaurko eguna zer ospatzen den. Liburu egunarekin batera, edonon entzun eta ikusten dira irakurzaletasuna bultzatzeko ekimenak. Eusko Jaurlaritzak, hain zuzen, horretarako plana bultzatzen ari da Irakurgune web orrialdearen bitartez.

Hemendik, sarrera xume honekin, geure adostasuna adierazi nahi dugu gaurko ospakizunarekin eta irakurtzearen garrantzia azpimarratu eta aldarrikatu nahi dugu. Eskolari egokitzen zaio erantzukizun hau, baina ez da irakasleon lana bakarrik, etxekoena ere bai. 

Liburuen orrialdeetan murgildu eta bertan kontatzen diren istorioaz gozatu, liburuen bitartez asko ikasten baita eta abentura ederrak baitaude!



Eta norbaitekin elkarbanatu ahal baduzu, are politagoa abentura!!


2018/04/19

HARREMANAK II

Kaixo balorazale:

Oporrak baino lehen, pertsonen arteko harremanak eta haiengandik suertatzen diren gatazkei buruzko sarrera eskaino genizun. Sakondu nahi dugu gaian, gure ustez oso garrantzitsua baita besteekin ondo harremanatzea eta gure irakaslearen paperaren barruan, pertsonak izaten irakastea da.

Lehen aipatu dugun sarreran ikutzen genuen puntu bat zen guztiok ezberdinak garela eta "egia" geure ikuspuntutik baino ez dugula ikusten. Esfortzua egin behar dugu beste ikuspuntu batetik ikusi ahal izateko... Gogoratzen zara ez bagara mugitzen inoiz ez garela gai izango 9 bat 6 moduan ikusteko? Argi dago geure bizipenek baldintzatzen gaituztela baina elkarbizitza bermatzeko saiatu behar dugu bizitza besteen zapatetatik ikusten.

Hurrengo bideoan ikusiko dugu zelan konpontzen diren Gaua eta Eguna, oso desberdinak izan arren...:





Ikasi behar dugu besteekin (elkar)bizitzen, besteak errespetatzen, haien aurpegi guztiak onartzen eta  gauza onak goraipatzen. Bideoan ikusi dugun moduan, ez da batere erreza; bizitza errealean ere bai berdina gertatzen da. Horretarako norbere berezitasunak, indarguneak eta gabeziak ezagutu eta onartu behar izatea lehenengo urratsa izaten da. Besteengandik asko daukagu ikasteko; beharbada, egunen batean, kritikatu izan duguna gugan ere badago eta...

Aurrera joko dugu beste bideo batekin. Hau egoera erreala da, nerabeekin egindako esperimentu soziala hain zuzen ere. Ikusiko dugu zelako garrantzia duten ahozkatzen ditugun hitzek...





Ziur gaude gogoeta handia ez dugula bideratu behar, ondorioak zuk zeuk atera dituzula eta hemendik aurrera gehiago zainduko duzula zelan komunikatzen zaren eta nolako berbak eta mezuak luzatzen dizkiezun zeure ingurugoei. Edo horrela izatea espero dugu behintzat!

Asteburu ona izan!


2018/04/16

APIRILAK 16: HAUR ESKLABOTZAREN AURKAKO EGUNA

Kaixo balorazale:

Hiruhilabeteari hasiera emateko, Haur Esklabotzaren Aurkako Eguna dugu gaur. Bada, hain zuzen, guri ospatu behar izatea gustatzen ez zaigun horietakoa. Penagarria XXI. mendean egonda horrelako egoerak egotea, salatu eta umeen eskubideak aldarrikatu behar izatea.

Gaiari sarrera emateko hurrengo bideoarekin hasiko gara:





Beharbada oso urrun gelditzen zaigu arazo hau, geure inguruan ez dugulako horrelako kasurik ezagutzen, baina, tamalez horrela da eta gaur egun 150 miloi ume baino gehiago esklaboak dira mundu osoan.

Egun honetan Iqbal Masih haurrari egiten zaio omenaldia, Pakistango tapizen mafiak 1995. urtean 12 urte zituela erail zuen haurrari, hain zuzen ere. Lau urte zituen bere familiak 600 rupiaren truke (10 €) alfonbren lantegi baten jabearen eskuetan utzi zuenean. Umeak 12 ordutik gora egiten zuen lan alfonbrak egiten, baina jabeak maileguarengan jarri zituen interesen ondorioz, Iqbalen aitaren zorra geroz eta handiagoa egin zen. Garai horretan, haurra jipoitu eta basatiki jo zuten, eta ehungailu batera kateaturik ere eduki zuten. 1992an haur esklaboak salbatzen zituen erakunde batek askatu egin zuen. Iqbal eskolara joaten hasi zen, eta aldi berean, haur esklaboak askatzea lortzeko kanpaina jarri zuen abian. Haurra izan arren, jendaurrean hitz egiten zuen bortxazko lan esplotazioari buruzko bere lekukotasuna emanez. 1994an sari bat eman zioten bere lana aitortze aldera, eta horrek ezagun bihurtu zuen. Hurrengo urtean, apirilaren 16an, bizikletan zebilela, tiro batek jo eta erail zuten. Hori dela eta urteko egun honetan "ospakizuna".

Iqbalek hasi zuen lana ez da galdu bere heriotzarekin; izan ere, Craig Kielburgerek, bere anaia Marc Kielburgeren laguntzarekin, bere bizitza lan horri eskaintzea erabaki zuen eta, horrela, 1995ean Free the Children izeneko elkartea sortu zuen. Ordutik, haur esklabotza handituz joan da: bost urtetik gorako ia 400 milioi haurrek egiten dute lan esklabo gisa, eta beraz, baldintza penagarrietan. Haur esklabotza negozioa baita ehungintza, armada edo meatze-korporazio handientzat zein sexu esplotazioaren mafientzat. Euren esplotazioaren emaitza eguneroko kontsumorako gaiak baitira. Isiltasun geruza konplize bat hedatzen da milioika haurren gainean.

Sarrera honi amaiera emateko, jorratu dugun guztia borobiltzeko hurrengo bideoa luzatzen dizugu:


2018/04/02

APIRILAK 2, EGUN URDINA


Kaixo balorazale:

Oporretan egon arren, tarte bat atera dugu autismoaren egun honetan. Iaz jada egunaren berri eman genizun eta horrekin batera hainbat datu. Aurten Gipuzkoako Marea Urdina izeneko talde baten egitasmoa ekartzen dizugu.

Gizartearen %5-ak ezgaitasunen bat du eta konkretuki %1-ak AUTISMOA du. Gizarteak pertsona hauen berri izan eta berauen gizarteratzean parte hartu dezan Marea Urdina antolatu da. Haien helburua gizartea autismoa duen pertsonen inguruan sensibilizatzea da, ez du inolako diru bilketa helbururik. Gipuzkoako kosta igeritan egingo dute bi etapetan eta erreleboka uztailaren 7an eta 8an, igerilari ezberdinak parte hartuz. Marea, ibilbidea igeritan izango da eta jendetza biltzeko asmoa dute. Urdina, autismoaren kolorea URDINA delako.

Jarraian grabatutako abestia luzatzen dizugu:





Amaitzeko, bideo labur bat partekatu nahi dizugu. Bertan oso ondo azaltzen da zelan sentitzen den ume autista bat eta bere erreakzioak estimuloz jositako mundu batean:





Errealidade hau apur bat hobeto ezagutzea eta ulertzea espero dugu.

Pazko astelehen ona izan!