Kaixo irakurle hori:
Gezurra dirudien arren, ume asko ospitaletan bizi dira eta ezin dute egin guretzat arrunta dena, beste errealitate bat daukate... Gaur haien eguna da eta aipamen berezia eta omenaldia egin nahi dizkiegu hemendik, asko ikasi behar dugulako haiengandik: borrokalari hutsak dira eta meritu handia daukate!
Joan zen 2014-2015 ikasturtean, Euskadiko 2.134 ikaslek, osasun arrazoiengatik eta ohiko ikastetxera joan ezin zirela eta, Ospitaleko eta Etxeko Hezkuntza Arretarako eta Arreta Terapeutiko-Hezigarrirako Lurralde Zentroek eskaintzen duten zerbitzuaren bidez jaso zuten hezkuntza. Horietan gehienek, 1.873 ikaslek, ospitale-eskoletan jaso zuten hezkuntza-arreta, 207 ikaslek euren etxean bertan, eta gainerako 54k Arreta Terapeutiko-Hezigarrirako Lurralde Zentroetan. Orotara, hezkuntza arloko 127 profesional arduratu ziren ume hauetaz.
Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak “Ospitalerako ipuinak” 7 liburu argitaratu zituen duela urte batzuk ospitaleratuta dauden umeei zuzendua. Ipuin hauetako zenbait dagoeneko erabili dira Euskadiko ospitale-eskoletan (Txagorritxu, Santiago, Gurutzeta, Basurto eta Donostian). Lagungarri zaizkie ospitaleratuak dauden haurrei mediku-tresneria nahiz jasotzen ari diren tratamendua hobeto ezagutzeko, haien gaixotasuna ulertzeko eta gertatzen ari zaiena hitzez azaltzeko.
Musikarekin amaitu nahi dugu, hiru abesti luzatu nahi dizugu, hau lehenengoa hainbat erakundek sortutako bideoklipa da, Conchita abeslariaren ahotsarekin (eskerrik asko, Jone!). Mezu ederra ematen duena, entzun erne!:
Bombai musika taldekideak, hainbat erakundek lagunduta, mila musu banatzeko eta umeen irribarreak ateratzeko prest daude kantu eder honetan ikusten den bezala (eskerrik asko, Leire!):
Amaitzeko, beste abesti bat luzatzen dizugu. Oraingoa euskaraz eta Ene Kantak taldearen eskutik. Neska ausarta bat eta bere familia ezagutu zituzten otsailean. Momentu zailak ziren haientzat eta haiek gainditzen laguntzeko, abesti bat egin zieten. Abestian El Drogasek, Gorka Urbizuk, Oinatz Bengoetxeak, 'Go!azen'eko aktoreek, Oier Sanjurjok eta ZuriƱe Hidalgok parte hartu dute. Ikusi!
Hemendik patxo erraldoia bidali nahi diegu gaixo dauden txiki ausart horiei!
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina