2018/04/27

GUK SINISTEN DIZUGU

Kaixo balorezale.

Nahiz eta zu oso gaztea izan, Iruñean 2016 urteko uztailaren 6an gertatutakoa gogoratuko duzu edo entzunda izango duzu. Egun hartan, edo gau hartan hobeto esanda, San Ferminetako jaiak hasten zirenez, hara joan zen Clara, Madrilgo ikasle bat. Clarak ondo pasatu zuen gau hartan, dantzatu zuen, edan zuen, barre egin zuen... jai ederraz gozatu nahi zuen. Gauzak horrela, gaueko ordu txikietan, Sevillatik etorritako 5 lagun ezagutu zituen. Jatorrak zirela uste zuen eta, horregatik, beraiekin geratu zen 18 urteko neska.

Bat-batean eta ia konturatu barik, bere burua ikusi zuen atari baten barruan sartuta, inguratuta eta, alde egiteko aukerarik gabe, bost animalien eskuetan geratu zen. La Manadak, otsoek bezala, bere harrapakin aukeratuta zeukan eta ehizatzeko prest zegoen.

Mutilek nahi zutena egin zuten, baita bideoak grabatu ere, eta, bukatzean, han utzi zuten Clara. Lurrean botata eta inori deitzeko aukerarik ez izateko, mobila lapurtu zioten.

Mutilek alde egin zuten, parrandaz jarraitzeko. Euforikoak. Neska, aldiz, ahal izan zuenean, jantzi egin zen, ataritik atera zen eta banku batean geratu zen negar egiten. Handik pasatzen zen bikote batek polizia deitu zuen eta dena salatu zuen.

Poliziak 5 animaliak harrapatu zituen eta beraien epaiketaren sententzia, ia bi urte pasa ondoren, atzo plazaratu zen.

Epaileen ustez, ez zen bortxaketarik egon, neskak borrukatu egin ez zuelako eta zaurituta izan ez zelako. Beraien ustez, bakarrik sexu-abusua egon zen, eta horregatik 9 urteko zigorra ezarri diete Sevillatarrei eta ez dituzte guztiak beteko atxiloturik.

Sententzia sinistezina izan zen eta are gehiago, hiru epaileetatik batek uste zuen ez zela zigorrik egon behar, berak bideoetan ikusitakoa ez zelako hainbesterako. Hitz hauekin, Clara, bigarren aldiz bortxatuta izan zen atzo. Bera eta justiziarengan sinisten genuen guztiok.

Berehala gizartea piztu egin zen eta lotzen hasi zen hiriburu guztien udaletxeen eta epaitegien aurrean, protesta egiteko eta sententzia lotsagarri horri mespretxua adierazteko.

Gu ez gara abokatuak edo epaileak, baina argi daukagu gauza bat; atzo gertatutakoa ezin da berriro gertatu. Emakumeok ez dute zertan beldurrik bizi behar, gizonezkoen menpe eta haien nahiak betetzen.

EZ DA EZ. Emakume batek ez du zertan borrukatu behar bortxatuta ez izateko ezta bere bizitza arriskuan jarri ere. Epaiketa honetan, erruduna Clara zela ematen zuen eta ez La Manadako bost animaliak...

Guk, gaur, ez dakigu nola azaldu zuri, gure ikasle hori, gertatutakoa. Bakarrik dakigu baloreak inoiz baino beharrezkoagoak direla.

Clara, guk sinisten dizugu eta zurekin gaude. Gure besarkadarik beroena bidaltzen dizugu, ahizpa, arreba hori!



iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina