esklabotasun etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
esklabotasun etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2018/04/16

APIRILAK 16: HAUR ESKLABOTZAREN AURKAKO EGUNA

Kaixo balorazale:

Hiruhilabeteari hasiera emateko, Haur Esklabotzaren Aurkako Eguna dugu gaur. Bada, hain zuzen, guri ospatu behar izatea gustatzen ez zaigun horietakoa. Penagarria XXI. mendean egonda horrelako egoerak egotea, salatu eta umeen eskubideak aldarrikatu behar izatea.

Gaiari sarrera emateko hurrengo bideoarekin hasiko gara:





Beharbada oso urrun gelditzen zaigu arazo hau, geure inguruan ez dugulako horrelako kasurik ezagutzen, baina, tamalez horrela da eta gaur egun 150 miloi ume baino gehiago esklaboak dira mundu osoan.

Egun honetan Iqbal Masih haurrari egiten zaio omenaldia, Pakistango tapizen mafiak 1995. urtean 12 urte zituela erail zuen haurrari, hain zuzen ere. Lau urte zituen bere familiak 600 rupiaren truke (10 €) alfonbren lantegi baten jabearen eskuetan utzi zuenean. Umeak 12 ordutik gora egiten zuen lan alfonbrak egiten, baina jabeak maileguarengan jarri zituen interesen ondorioz, Iqbalen aitaren zorra geroz eta handiagoa egin zen. Garai horretan, haurra jipoitu eta basatiki jo zuten, eta ehungailu batera kateaturik ere eduki zuten. 1992an haur esklaboak salbatzen zituen erakunde batek askatu egin zuen. Iqbal eskolara joaten hasi zen, eta aldi berean, haur esklaboak askatzea lortzeko kanpaina jarri zuen abian. Haurra izan arren, jendaurrean hitz egiten zuen bortxazko lan esplotazioari buruzko bere lekukotasuna emanez. 1994an sari bat eman zioten bere lana aitortze aldera, eta horrek ezagun bihurtu zuen. Hurrengo urtean, apirilaren 16an, bizikletan zebilela, tiro batek jo eta erail zuten. Hori dela eta urteko egun honetan "ospakizuna".

Iqbalek hasi zuen lana ez da galdu bere heriotzarekin; izan ere, Craig Kielburgerek, bere anaia Marc Kielburgeren laguntzarekin, bere bizitza lan horri eskaintzea erabaki zuen eta, horrela, 1995ean Free the Children izeneko elkartea sortu zuen. Ordutik, haur esklabotza handituz joan da: bost urtetik gorako ia 400 milioi haurrek egiten dute lan esklabo gisa, eta beraz, baldintza penagarrietan. Haur esklabotza negozioa baita ehungintza, armada edo meatze-korporazio handientzat zein sexu esplotazioaren mafientzat. Euren esplotazioaren emaitza eguneroko kontsumorako gaiak baitira. Isiltasun geruza konplize bat hedatzen da milioika haurren gainean.

Sarrera honi amaiera emateko, jorratu dugun guztia borobiltzeko hurrengo bideoa luzatzen dizugu:


2017/09/21

SEXU ESPLOTAZIOAREN ETA EMAKUME NAHIZ UMEEN SALEROSKETAREN KONTRAKO NAZIOARTEKO EGUNA

Kaixo balorezale hori:

Ikasturtearen hasierarekin bat, hainbat egun berezi ospatzen direla konturatu egingo zara, ezta? Aste honetan, bihar alegia, oso egun tristea ospatzen da. Ospatu behar ez zenetariko bat. Nahiz eta gezurra dirudien, munduan zehar pertsonen salerosketa eta esplotazio sexuala badira oso hedatuta dauden bi gaitz.

Baina, ba al dakizu pertsonen salerosketa zertan datzan? Inoiz entzun duzu fenomeno honi buruz? Zertarako egingo ote da pertsonen salerosketa? Argentinako hiriburuan, Buenos Airesen hain zuzen, hurrengo bideoa egin zuten gaitz hau azaltzeko:





Inoiz gelditu zara une batez gure artean esklabotasuna dagoela pentsatzeko? Bazenekien esplotazio sexualaz aparte, lan mundurako eta organo salmenterako ere pertsonak saltzen zirela? Edo jolasteko erabiltzen duzun baloi hori, Asian, zure adineko haur batek eginikoa izan zitekeela? Ikusi dezakezunez, guztiok gara biktima potentzialak geure burua babesten ez badugu...

Egia esan, oso zaila da arazo honekin bukatzea. Irakur dezagun 2015ean Arartekok honen inguruan idatzitakoa: 

"Egun honek gogorarazten du haurren prostituzioaren kontra munduan izan zen lehen legea. Argentinan egin zen, 1913an, eta "Palacios Legea" izenaz ezagutzen da.
Harrezkero bide luzea egin da esklabotasun hori erauzteko borrokan, eta oraindik lan handia dago egiteko erabat desager dadin. Arartekoak bide horretan jarraitzera animatzen du, horixe zor baitiegu haiei eta geure buruari."

Zer deritzozu Arartekoak argitaratutakoari? Gu guztiz ados gaude azken esaldiarekin, zor itzela daukagu ondo bizi garenok hain bizitza gogorra dutenekin eta zer edo zer egin behar dugu arazo hauek buka daitezen. Baina, historian zehar ez al da ezer egin esklabotasunaren kontra? Egia esan, 1926aren irailak 25ean Esklabotasunaren Aurkako Hitzarmena indarrean sartu zen, hainbat herrialdek sinatuta. Hala ere, gaur egun, milioika pertsona esklabuak dira, bereziki emakumezkoak eta neskak, sexu esplotaziorako behartuta.

Europan berrehun urte inguru daramatzagu esklabotasunaren kontrako legeak sortzen baina, Espainian behin betiko abolizioa 1880ko otsailak 17rarte ez zen heldu. Baina... ziur zaude abolizioa benetan heldu egin zela? Ikus dezagun  Gazteizen 2014ean egindako bideo bat eta egin ditzagun gure gogoetak...




Zer deritozu gazte hauek egindako performance-ari? Kaletik zebilen jendea sentsibilizatzeko balioko ote zuen? Eta zuri, zer edo zer pentsarazi egin zaitu?

Bukatzeko, gai honi buruzko agrega proiektu bat luzatzen dizugu ikasitako guztia praktikan jartzeko. Ez da jolasa, hausnarketa egiteko aukera baizik.

Gogoratu, balorezale, gauza guztien gainetik, desio guztien gainetik, etekin ekonomiko guztien gainetik, giza eskubideak daude. Ez ezazu onartu zu ere babesten zaituzten eskubideek zapalduta izatea. Eraiki dezagun denon artean justuago den mundu berri bat, oraindik ez da beranduegi eta!