2018/02/20

OTSAILAK 21, AMA-HIZKUNTZAREN NAZIOARTEKO EGUNA


Kaixo balorazale euskaldun hori!

UNESCOren ekimenez sortutako Ama-hizkuntzaren Nazioarteko Eguna da gaur, hilak 21a; hizkuntza aniztasuna eta hizkuntza gutxituak aldarrikatzeko eguna. Honen berri ematen dizugu geurea haietariko bat delako.

Deustuko unibertsitateko irakasle batzuk “Euskal hiztun berriak: esperientziak, jarrerak eta identitateak” ikerketa bat egin ondoren, kontu interesgarriak ondorioztatu dituzte (EAEko datuak dira). Hona hemen ikerketako datuak aintzat hartuta eta Ama-hizkuntzaren Nazioarteko Eguna tarteko Unesco katedrak egindako infografia:



Europako hizkuntza gutxituen eskubideen aldeko Minority Safety-Pack herri ekimena martxan dago, Europako eremu urriko hizkuntzen hiztunen eskubide linguistikoak Europa mailako legeria lotesle baten bidez babestu nahi dituena. Hau bultzatzeko prozesua oso erraza da: www.minority-safepack.eu web orriaren bidez jasotzen dira sinadurak, milioi batera iristeko helburuarekin. 

Kanpainaren bitartez, Europar Batasunaren barruko gutxiengo nazionaletako 50 milioitik gora herritarren eskubideak babestuko dituen legeria loteslea eskatu nahi zaie Europar Batasuneko erakundeei, «Europar Batasun osoan gure hizkuntza eskubideak ziurtatu eta bermatuko dituen europar legeria loteslea».

Europako Nazionalitateen Batasun Federalak aurkeztu zuen ekimena duela zenbait aste Europako Parlamentuko Gutxiengoen Taldeartekoan, eta milioi bat sinadura behar ditu aurrera egiteko. Orain arte ia 600.000 sinadura batu dira, eta gutxienez Europar Batasuneko zazpi estatu ari dira parte hartzen ekimenean.

Baina, zer da ama hizkuntza edo, hobeto esanda, lehen hizkuntza? Umetan, 3 urte bete arte, ikasten den lehenengo hizkuntza da. Geure errealitatean lau aukera daude: umetan euskara bakarrik ikasten duten pertsonak, gaztelania bakarrik ikasten dutenak, euskara eta gaztelania ia aldi berean ikasten dutenak eta, azkenik, euskara eta gaztelania ez den beste hizkuntzaren bat izaten dutenak ama edo lehen hizkuntza moduan. Ez bazaizu oso argi gelditu, bideo honek oso ondo azaltzen ditu kontzeptua eta bitxikeria batzuk, erne egon!:




Ziur zu, gutxienez, elebiduna zarela, zeure lehen hizkuntza izaten dena izaten dela... Hurrengo bideoaren protagonisten lehen hizkuntza ez da geurea, baina harritu gaitu zein ondo egiten duten euskaraz eta zelako eredu diren!





Daukazun lehen hizkuntza daukazula, gaur euskararen alde egingo dugu irakurle askoren ama hizkuntza gutxitua izateagatik eta geure kulturaren altxorra izateagatik. Horregatik aprobetxatu nahi dugu salatzeko pasa den asteburuan entzundako albistea: arbitro andaluziar batek Idiazabal-Elgoibar partidan euskaraz hitz egitea debekatu zien jokalariei eta hurrengo mehatxua bota zien zelaira atera aurretik: 'Norbaitek euskaraz hitz egiten badu, kalera joango da'.

Lotsagarria da! Euskal Herrian gaude eta geure hizkuntza erabiltzeko eskubidea dugu!

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina