2018/02/15

AMODIOA


Kaixo balorazale:

Ziur azken egunotan, komunikabideren batetik edo bestetik, San Balentinen inguruko zerbait iritsi zaizula: albistea, iragarkiak, mezuak, bideoak... 

Izatez, egun hau, aintzineko tradiziotik dator eta ia bi mila urte ditu. irakur dezagun istorioa:

270. urtean, Erroman, Klaudio II.a enperadoreak, gerrara zihoazen soldadu gazteen ezkontzea debekatu zuen. Balendin, Erromako gotzainak, aginduari muzin eginez, bikoteak sekretuan ezkontzen zituen. Klaudio enperadoreak horren berri eduki bezain pronto, Balendini otsailaren 14ean lepoa mozteko agindua eman zuen. Historiak dioen moduan, hil aurretik, atxilotuta zegoen bitartean, gartzelako zaintzailearen alaba itsuarekin maitemindu omen zen. Gazteak Asterius zuen izena. Balendinek, jaungoikoari eskatu zion Asteriusi ikusmena itzultzea, hil aurretik, azken agurra ematean neskak bera ikus zezan. Ohartxo bat idatzi zuen eta Asteriusi eman zion, bertan “Zurea, Balendin” jartzen zuen eta, mirari bati esker, neska gazteak irakurri egin omen zuen. Gertaera hura berehala zabaldu zen eta horregatik egun horretan maiteminduen eguna ospatzen da.

Oso istorio polita da baina gaur egun, negozio hutsa bihurtu da eta alferrik kontsumitzeko baino ez du balio. Norbait maite duzula adierazteko modua gauza materialekin ez da aukerarik onena. Amodioa adierazteko modu asko daude eta politenak eguneroko ekintzak dira... Ez da beharrezkoa egutegian markatuta izatea. Benetan maiteminduta egonez gero, egunero adierazten da konturatu gabe eta inolako esfortzurik gabe. Saltzen diguten hau guztia iruzur hutsa da, gutxi batzuon ustez behintzat... 

Ziur gaude irakurle asko ez dagoela ados plazaratutako idearekin baina kontuan izan behar dugu oso kutsatuta gaudela eta txiki-txikitatik erakutsi digutela maitasuna betirako kontua dela, bi pertsonen artekoa, heterosexuala bada hobeto, kontrolatu ezin den sentipen bat dela, zuretzako egina dagoen beste pertsona bat hor kanpoan dagoela, nonbaiten, ezagutu behar duzula... Ideia hauekin mugatzen ditugu sentimenduak. Zabaldu behar ditugu begiak eta maitasun erromantikoaren ideia hori albo batera utzi behar dugu maitasuna kontzeptu polit eta zabala gaitz bihurtzen ari baita erromantizismoaren erruz.

Maitasuna neurtzeko orduan, ez ginateke kantitatean fijatu beharko baizik eta kalitatean. Ondo maitatzea zaintzea da, ez itotzea; onartzea, ez aldaraztea, ez idealizatzea; bestearekin kritikoa izatea da, ez epaitzea; hobetu dezan motibatzea, ez eskasa dela sentiaraztea... Asko dirudi, baina hau dena berez ateratzen da benetazko amodioa dagoenean.

Zabaldu begiak eta amodioareninguruko bideo hau arretaz ikusi, ez zaitu hotz utziko, ez horixe! Amodioaren oso planteamendu eta ikuspuntu ona ematen du. Erne!





Horixe ba, zabaldu begiak eta zeure edertasuna aurkitu. Norbaiti amodioa eskaini ahal izateko, lehenik zeure buruari eskaini behar diozu eta! 

Zaren modukoa onartu eta maitatu! Hor hasten da bizitza osoan iraunduko duen amodiozko istorioa...

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina