2018/05/03

EZ BETI DA EZ


Kaixo balorezale!

Pasa den asteari amaiera eman genion albistea berreskuratu nahi dugu, gaurko sarrera honetan sakontzeko asmoz. Pil-pilean egon da azken egunotan kontu hori eta oraindik horren oihartzuna nonahi entzuten da. Oro har, gizartea sutan dago epaileek ezarritako sententziarekin. Ziur albistegietan eta sare sozialetan honen kontrako mezuak ikusi edota entzun dituzula. Anitzak izan dira guk geuk jaso ditugunak ere bai.

Herenegun ere honekin funtsean lotuta dagoen gaia jorratu genuen, eskola jazarpena. Biak jazarpen mota desberdinak dira, baina jazarpenak azken finean eta indarkeri edo bortizkeriaren barruan sar genitzake, ez duzu uste?

Hurrengo bideo hau onespenetan datza. Te kikara batekin primeran azaltzen du, eta bideoaren hasieran zein amaieran sexu-harremanekin konparatzen du. Guk ekarri dizugu uste dugulako edozein harreman motatan aplikagarria delako. Ikusi eta entzun arretaz:





Aparta azalpena, ezta? Ziur gaude tearen adibidea arazo barik ulertu duzula eta momenturen baten barre egin diozula ere bai. Normala da, egoera batzuk nahiko komikoak eta erridikuluak baitira. Baina, eguneroko harremanetan horrelako egoerak ikusten ditugu, tamalez. Adibidez, haserretzea norbaitek momentu batean ezetza ematen digulakonahiz eta beste momentu batean kasu egin digun; edo pertsona batek aurretik esandakoaz iritziz aldatzen duelako... 

Eremu guztietan, egoera guztietan, adin guztietan, ez beti da ez eta errespetatu behar da baldintzarik gabe. Ezetza jasotzeak dakartzan frustrazioa eta amorrua gestionatzen eta onartzen ikasi behar dugu. Eta bakarrik ez bagara gai, laguntza eskatu beharko dugu.

Asteburu ona izan!


2018/05/02

ESKOLA JAZARPENAREN AURKAKO NAZIOARTEKO EGUNA

Egun on irakurle hori:

Hona hemen ospatzea gustatzen ez zaigun horietako egun bat. Gaur, maiatzak 2an, mundu mailan "Eskola Jazarpenaren aurkako eguna" daukagu.

Askotan landu dugu gai hau baina behin eta berriro honen inguruko jarrera desegokiak entzuten dira, beraz uste dugu sarrera hau ez dela soberan egongo. Hezkuntza Saletik indarra egiten ari da azken bolada honetan gai korapilatsu honen inguruan irakaslegoa formatzeko, baina oraindik ere lan handia daukagu geure aurrean.

Hau ez da irakasleon arazoa soilik. Familiek paper garrantzitsua daukate, baina batez ere zeuek protagonistak izan behar duzue eta erantzukizun handia daukazue ere bai. Argi dago geuk, nagusiok, bideratu behar dugula baina zeuen kolaborazioa ezinbestekoa da. Eskola jazarpena eragiten duen pertsona agerian jarri behar da, bestela bere papera erreforzatzen da eta gero eta indartsuago sentitzen da. Hori sahiesteko, ikasleon laguntza behar dugu eta ematen duzuen informazioa premiazkoa da arazoan dauden guztiei lantzuntza eman ahal izateko. 

Argi utzi nahi dugu horrelako arazo batean sartuta dauden guztiak lagundu nahi ditugula eta emango duzuen informazio hori haien onerako izango dela. Hau da, bai erasotzaiarekin baita jazarpena jasotzen duenarekin ere lan egin behar da arazoa bideratzeko. Zeuek laguntzaileak izango zarete, inoiz ez salatariak!!

Aprobetxatu nahi dugu sarrera txiki hau aldarrikatzeko egun hau ofiziala ezartzea eta indar gehiago ematea gai honi instituzioetatik. Egia da BAT (Bullyingaren Aurkako Taldea) programa sortu dela, baina oraindik zentru askotara ez da heldu... Gure ustez, funtzezkoa da Hezkuntza komunitateak jazarpen egoerak ezagutzea, gaiaren inguan hausnartea bullyingaren aurkako jarrera aktiboa sustatzeko. 

Amaitzeko, gogoetarako bideoa luzatzen dizugu. Agertzen diren gauza asko ezagunak egingo zaizkizuen baina ez dago soberan berriro gogora ekartzea:





Jorratu dugun honekin guztiarekin, espero dugu zuetariko norbait jazarpenaren biktima izanez gero, ausartzea arazoa azalarazten lagundu ahal izateko; lekukoak izanez gero, erasotzailea ageri jartzea arazoan dauden guztiei lagundu ahal izateko eta erasotzailea izanez gero, birplanteatzea egiten ari zaren min handi hori...

Egun polita izan!

2018/04/27

GUK SINISTEN DIZUGU

Kaixo balorezale.

Nahiz eta zu oso gaztea izan, Iruñean 2016 urteko uztailaren 6an gertatutakoa gogoratuko duzu edo entzunda izango duzu. Egun hartan, edo gau hartan hobeto esanda, San Ferminetako jaiak hasten zirenez, hara joan zen Clara, Madrilgo ikasle bat. Clarak ondo pasatu zuen gau hartan, dantzatu zuen, edan zuen, barre egin zuen... jai ederraz gozatu nahi zuen. Gauzak horrela, gaueko ordu txikietan, Sevillatik etorritako 5 lagun ezagutu zituen. Jatorrak zirela uste zuen eta, horregatik, beraiekin geratu zen 18 urteko neska.

Bat-batean eta ia konturatu barik, bere burua ikusi zuen atari baten barruan sartuta, inguratuta eta, alde egiteko aukerarik gabe, bost animalien eskuetan geratu zen. La Manadak, otsoek bezala, bere harrapakin aukeratuta zeukan eta ehizatzeko prest zegoen.

Mutilek nahi zutena egin zuten, baita bideoak grabatu ere, eta, bukatzean, han utzi zuten Clara. Lurrean botata eta inori deitzeko aukerarik ez izateko, mobila lapurtu zioten.

Mutilek alde egin zuten, parrandaz jarraitzeko. Euforikoak. Neska, aldiz, ahal izan zuenean, jantzi egin zen, ataritik atera zen eta banku batean geratu zen negar egiten. Handik pasatzen zen bikote batek polizia deitu zuen eta dena salatu zuen.

Poliziak 5 animaliak harrapatu zituen eta beraien epaiketaren sententzia, ia bi urte pasa ondoren, atzo plazaratu zen.

Epaileen ustez, ez zen bortxaketarik egon, neskak borrukatu egin ez zuelako eta zaurituta izan ez zelako. Beraien ustez, bakarrik sexu-abusua egon zen, eta horregatik 9 urteko zigorra ezarri diete Sevillatarrei eta ez dituzte guztiak beteko atxiloturik.

Sententzia sinistezina izan zen eta are gehiago, hiru epaileetatik batek uste zuen ez zela zigorrik egon behar, berak bideoetan ikusitakoa ez zelako hainbesterako. Hitz hauekin, Clara, bigarren aldiz bortxatuta izan zen atzo. Bera eta justiziarengan sinisten genuen guztiok.

Berehala gizartea piztu egin zen eta lotzen hasi zen hiriburu guztien udaletxeen eta epaitegien aurrean, protesta egiteko eta sententzia lotsagarri horri mespretxua adierazteko.

Gu ez gara abokatuak edo epaileak, baina argi daukagu gauza bat; atzo gertatutakoa ezin da berriro gertatu. Emakumeok ez dute zertan beldurrik bizi behar, gizonezkoen menpe eta haien nahiak betetzen.

EZ DA EZ. Emakume batek ez du zertan borrukatu behar bortxatuta ez izateko ezta bere bizitza arriskuan jarri ere. Epaiketa honetan, erruduna Clara zela ematen zuen eta ez La Manadako bost animaliak...

Guk, gaur, ez dakigu nola azaldu zuri, gure ikasle hori, gertatutakoa. Bakarrik dakigu baloreak inoiz baino beharrezkoagoak direla.

Clara, guk sinisten dizugu eta zurekin gaude. Gure besarkadarik beroena bidaltzen dizugu, ahizpa, arreba hori!



2018/04/23

APIRILAK 23, LIBURUAREN EGUNA


Kaixo irakurle hori,

Hemendik edo handik ziur jakinaren gainean zaudela gaurko eguna zer ospatzen den. Liburu egunarekin batera, edonon entzun eta ikusten dira irakurzaletasuna bultzatzeko ekimenak. Eusko Jaurlaritzak, hain zuzen, horretarako plana bultzatzen ari da Irakurgune web orrialdearen bitartez.

Hemendik, sarrera xume honekin, geure adostasuna adierazi nahi dugu gaurko ospakizunarekin eta irakurtzearen garrantzia azpimarratu eta aldarrikatu nahi dugu. Eskolari egokitzen zaio erantzukizun hau, baina ez da irakasleon lana bakarrik, etxekoena ere bai. 

Liburuen orrialdeetan murgildu eta bertan kontatzen diren istorioaz gozatu, liburuen bitartez asko ikasten baita eta abentura ederrak baitaude!



Eta norbaitekin elkarbanatu ahal baduzu, are politagoa abentura!!


2018/04/19

HARREMANAK II

Kaixo balorazale:

Oporrak baino lehen, pertsonen arteko harremanak eta haiengandik suertatzen diren gatazkei buruzko sarrera eskaino genizun. Sakondu nahi dugu gaian, gure ustez oso garrantzitsua baita besteekin ondo harremanatzea eta gure irakaslearen paperaren barruan, pertsonak izaten irakastea da.

Lehen aipatu dugun sarreran ikutzen genuen puntu bat zen guztiok ezberdinak garela eta "egia" geure ikuspuntutik baino ez dugula ikusten. Esfortzua egin behar dugu beste ikuspuntu batetik ikusi ahal izateko... Gogoratzen zara ez bagara mugitzen inoiz ez garela gai izango 9 bat 6 moduan ikusteko? Argi dago geure bizipenek baldintzatzen gaituztela baina elkarbizitza bermatzeko saiatu behar dugu bizitza besteen zapatetatik ikusten.

Hurrengo bideoan ikusiko dugu zelan konpontzen diren Gaua eta Eguna, oso desberdinak izan arren...:





Ikasi behar dugu besteekin (elkar)bizitzen, besteak errespetatzen, haien aurpegi guztiak onartzen eta  gauza onak goraipatzen. Bideoan ikusi dugun moduan, ez da batere erreza; bizitza errealean ere bai berdina gertatzen da. Horretarako norbere berezitasunak, indarguneak eta gabeziak ezagutu eta onartu behar izatea lehenengo urratsa izaten da. Besteengandik asko daukagu ikasteko; beharbada, egunen batean, kritikatu izan duguna gugan ere badago eta...

Aurrera joko dugu beste bideo batekin. Hau egoera erreala da, nerabeekin egindako esperimentu soziala hain zuzen ere. Ikusiko dugu zelako garrantzia duten ahozkatzen ditugun hitzek...





Ziur gaude gogoeta handia ez dugula bideratu behar, ondorioak zuk zeuk atera dituzula eta hemendik aurrera gehiago zainduko duzula zelan komunikatzen zaren eta nolako berbak eta mezuak luzatzen dizkiezun zeure ingurugoei. Edo horrela izatea espero dugu behintzat!

Asteburu ona izan!


2018/04/16

APIRILAK 16: HAUR ESKLABOTZAREN AURKAKO EGUNA

Kaixo balorazale:

Hiruhilabeteari hasiera emateko, Haur Esklabotzaren Aurkako Eguna dugu gaur. Bada, hain zuzen, guri ospatu behar izatea gustatzen ez zaigun horietakoa. Penagarria XXI. mendean egonda horrelako egoerak egotea, salatu eta umeen eskubideak aldarrikatu behar izatea.

Gaiari sarrera emateko hurrengo bideoarekin hasiko gara:





Beharbada oso urrun gelditzen zaigu arazo hau, geure inguruan ez dugulako horrelako kasurik ezagutzen, baina, tamalez horrela da eta gaur egun 150 miloi ume baino gehiago esklaboak dira mundu osoan.

Egun honetan Iqbal Masih haurrari egiten zaio omenaldia, Pakistango tapizen mafiak 1995. urtean 12 urte zituela erail zuen haurrari, hain zuzen ere. Lau urte zituen bere familiak 600 rupiaren truke (10 €) alfonbren lantegi baten jabearen eskuetan utzi zuenean. Umeak 12 ordutik gora egiten zuen lan alfonbrak egiten, baina jabeak maileguarengan jarri zituen interesen ondorioz, Iqbalen aitaren zorra geroz eta handiagoa egin zen. Garai horretan, haurra jipoitu eta basatiki jo zuten, eta ehungailu batera kateaturik ere eduki zuten. 1992an haur esklaboak salbatzen zituen erakunde batek askatu egin zuen. Iqbal eskolara joaten hasi zen, eta aldi berean, haur esklaboak askatzea lortzeko kanpaina jarri zuen abian. Haurra izan arren, jendaurrean hitz egiten zuen bortxazko lan esplotazioari buruzko bere lekukotasuna emanez. 1994an sari bat eman zioten bere lana aitortze aldera, eta horrek ezagun bihurtu zuen. Hurrengo urtean, apirilaren 16an, bizikletan zebilela, tiro batek jo eta erail zuten. Hori dela eta urteko egun honetan "ospakizuna".

Iqbalek hasi zuen lana ez da galdu bere heriotzarekin; izan ere, Craig Kielburgerek, bere anaia Marc Kielburgeren laguntzarekin, bere bizitza lan horri eskaintzea erabaki zuen eta, horrela, 1995ean Free the Children izeneko elkartea sortu zuen. Ordutik, haur esklabotza handituz joan da: bost urtetik gorako ia 400 milioi haurrek egiten dute lan esklabo gisa, eta beraz, baldintza penagarrietan. Haur esklabotza negozioa baita ehungintza, armada edo meatze-korporazio handientzat zein sexu esplotazioaren mafientzat. Euren esplotazioaren emaitza eguneroko kontsumorako gaiak baitira. Isiltasun geruza konplize bat hedatzen da milioika haurren gainean.

Sarrera honi amaiera emateko, jorratu dugun guztia borobiltzeko hurrengo bideoa luzatzen dizugu:


2018/04/02

APIRILAK 2, EGUN URDINA


Kaixo balorazale:

Oporretan egon arren, tarte bat atera dugu autismoaren egun honetan. Iaz jada egunaren berri eman genizun eta horrekin batera hainbat datu. Aurten Gipuzkoako Marea Urdina izeneko talde baten egitasmoa ekartzen dizugu.

Gizartearen %5-ak ezgaitasunen bat du eta konkretuki %1-ak AUTISMOA du. Gizarteak pertsona hauen berri izan eta berauen gizarteratzean parte hartu dezan Marea Urdina antolatu da. Haien helburua gizartea autismoa duen pertsonen inguruan sensibilizatzea da, ez du inolako diru bilketa helbururik. Gipuzkoako kosta igeritan egingo dute bi etapetan eta erreleboka uztailaren 7an eta 8an, igerilari ezberdinak parte hartuz. Marea, ibilbidea igeritan izango da eta jendetza biltzeko asmoa dute. Urdina, autismoaren kolorea URDINA delako.

Jarraian grabatutako abestia luzatzen dizugu:





Amaitzeko, bideo labur bat partekatu nahi dizugu. Bertan oso ondo azaltzen da zelan sentitzen den ume autista bat eta bere erreakzioak estimuloz jositako mundu batean:





Errealidade hau apur bat hobeto ezagutzea eta ulertzea espero dugu.

Pazko astelehen ona izan!

2018/03/20

AUTENTIKOAK


Kaixo balorazale!

Pasa den urtean eman genizun egun honen berri. Eta adibide anitz jarri genizkizun argi gera zedin Down Sindromedunak PERTSONAK direla.

Ba al dakizu zer den Down Sindromea? Definizioz, Down sindromea alterazio genetiko bat da, normalean 21. kromosoma bikotean ematen dena. Bikote horretan bi kromosoma izan beharrean, hiru kromosoma izaten dizutezte sindrome hau pairatzen duten pertsonek. 

Hurrengo irudian oso argi ikusten da alterazio hori:




Zerikusia izango du martxoak (3) 21ean izatea egun honek (21. kromosoma bikotean 3 izatea 2 izan beharrean)? Edo kasualitatea ote da...? Jarrai gaitezen ea hemendik erantzuna aurkitzen duzun, bestela iker ezazu!

Jarraitu baino lehen, argi utzi nahi dugu ez dela gaixotasuna. Ezaugarri zehatzak dituzte, besteak beste: 
  • Garapen motrizean arazoak
  • Koordinazioan eta mugimenduetan zailtasunak
  • Atentzioa mantentzerako orduan zailtasunak
  • Entzumen urritasuna zenbait kasutan
  • Hizkuntzaren garapenean atzerapena
  • Memorizaziorako zailtasunak
  • Prozesu kognitiboak gauzatzeko zailtasunak
  • Irudiak, soinuak baino hobeto prozesatzeko gaitsuna

Beharbada beste batzuei baino gehiago kostatu ahal zaie gauzak egitea, baina autentikoak dira, aurtengo sentsibilizazio kanpainak adierazten duen moduan. Haiek inork baino hobeto azaltzen dute nolakoak diren eta nola sentitzen diren hurrengo bideoan:





Oso egokia bideoari eta kanpainari eman dioten izenburua: autentikoak. Horrelakoak baitira. Baten bat ezagutzen baduzu ziur gaude ados egongo zarela; eta ez baduzu oraindik zorte hori izan, daukazunean honetaz guztiaz gogoratuko zarelakoan gaude.

Beste bide batetik baina honekin loturik, #DiferenteComoTu izeneko kanpainia heldu zaigu (eskerrik asko Leire!), eta luzatzen dizugu zeure zentruan martxan jar dezazun edo zeure etxean familiakoei proposa diezaiezun.




Ikusten duzunez ez da bat ere zaila, animatu zaitez martxoak 21ean galtzerdi desberdinak janzten eta bete ditzagun sare sozialak argazkiz PERTSONA hauen inklusioagatik!!

Amaitzeko, jarraian txertatzen dizugu EITBko #UrHanditan programak azaroan Down Sindromeari buruz eskainitako saioa. Denbora behar da, baina merezi du ikusteak hobeto ezagutzeko PERTSONA hauek:



Zenbat ikas dezakegun haiengandik... Autentikoak dira, eskerrik asko existitzeagatik!

2018/03/15

ASMAKIZUNA, JOLASA ETA IPUINA


Kaixo balorezale hori:

Gaurko sarrera asmakizun batekin hasiko dugu, jolas batekin jarraitu eta ipuin "klasiko" batekin amaituko dugu. Dibertigarria dirudien arren, nahiko serioa da gaia. Baina ez gara gehiago luzatuko eta asmakizunari ekingo diogu. Adi egon eta pentsatu, ea erantzun zuzena bururatzen zaizun!:





Nahiz eta asmakizuna asmatu ez, ziur konturatu zarela zertan datzan gaurko gaia. Horixe! Genero eta berdinasunarekin jarraituko dugu, martxoak 8ko sarreran adierazi bezala, kezkatzen gaituen gaia baita eta kontzientziatu behar dugu gizartean dagoen arazoez.

Asmakizunera itzuliko gara. Aldez aurretik ez zekien norbaitek asmatu badu, geure zorionik beroenak eman nahi dizkiogu, oso jende gutxik lortzen baitu. Baina tamalez, normalean, gizarte matxista honetan jendeak ez du erantzuna zuzena aurkitzen zirujauaren figura, gizonarena irudikatzen dugulako. Matxismoaren putzua da eta oso kutsatuta dago gizartea. Espero dugu baten batek asmatu izana, pentsamendua aldetzen doan seinale!

Hasieran adierazi bezala, amakizun ostean, jolasa dator. Hona hemen! 





Ziur zuri ere bai bidegabekeria hutsa iruditu zaizula sarien banaketa. Hemen ikustea erreza da, baina bizitza errealean ez da horrela suertatzen eta Norvegiako entrepresa batek (Finans Forbundet) bideo adierazgarri hau sortu zuen martxoaren 8an emakume askoren egoera injustua salatzeko eta berdintasuna aldarrikatzeko. Hemendik txalokatu nahi dugu zein argi adierazi duen, umeek ere ulertzeko moduan! Zergatik agintariek ez daukate hain argi eta onartzen dute gizon eta emakumeen artean existitzen den soldata-urradura? Penagarria... Egin dezakegun gauza bakarra da bidegabekeria presente izatea eta eskubide berdinen alde borrokatzea.

Amaitzeko, esan bezala, ipuin bat ekartzen dizugu. Little Revolutions proiektuaren eskutik datorkigu bideo zoragarri hau. Oinarria Txanogorritxoren ipuina da baina ikus dezagun zelako mezu matxista dituen atzetik...





Inoiz konturatu zara ipuin klasiko "inozo" honek zeukan arriskua? Harrigarria da zelan txiki-txikitatik guztiok entzun ditugun ipuinetan indarkeria dagoen eta normaltzat hartzen dugun. Hausnarketarako uzten dizugu...

Espero dugu gaur partekatutako material guztiarekin ipuina aldatzea joatea...

Asteburu ona izan!

2018/03/07

MARTXOAK 8, EMAKUMEEN NAZIOARTEKO EGUNA


Kaixo balorazale:

Gaurko egunean ez dugu ekarpen handirik egingo, iaz egun honen historia luzatu genizun eta ezer gutxi gehitu ahal dugu. Gainera ziur gaude bideo eta material pilo iritsi zaizula azken egunotan emakumearen paperaren inguruan. Pena da erakunde ofizialetatik egun bakar batean laburbiltzea gai potolo hau. Ez gaude ados jarrera horrekin, arazo hau egunerokotasunean daukagu eta EGUNERO borrokatu behar da berdintasunaren alde. Guk, hemendik, egiten dugu, askotan aztertu dugu emakumearen papera eta aldarrikatu dugu berdinatasuna, eta ez bakarrik egun zehatzetan... Aprobetxatu nahi dugu salatzeko hau ez dela konpontzen ekintzez betetako egun batekin, ez!

Jarraian emakume askok pairatzen duten egoera oso ondo isladatzen duen bideoa lutzatzen dizugu:





Gogorra da bideoa, ezta? Tamalez, ez da exagerazioa eta gaur egun oraindik ere horrela izaten da kasu askotan... Desberdintasun hori dela eta, Emakundek berdinatasuna etxean eraiki eta irakatsi egiten dela azaltzen digu hurrengo bideoan:





Horrelako ereduak izanda, erreza da etorkizun hobea eraikitzea. Gaur egungo umeek, heziketa ona jasotzen eta behar bezalako ereduak izaten, etorkizunean berdintasunaren lorpen handiak egingo dituzuelakoan gaude. Zeuen esku dago etorkizuna!

Amaitzeko, oso bideo bitxia luzatzen dizugu, emakumeek asmatutako 33 gauza harrigarriak:





Hausnarketarako galdera batekin agurtzen zaitugu: zergatik honelako ereduak izanda, ez dira ezagutzen? Guztion esku dago berdintasuna.