2018/05/28

JOLASAREN NAZIOARTEKO EGUNA

Kaixo balorazale!

Astea ezin hobeto hasi nahi dugu, horregatik ospatzea gustatzen zaigun eguna ekartzen dizugu: Jolasaren Nazioarteko Eguna. Gaurko sarrera xume honekin, gaurko egunean, maiatzaren 28an, jolasari eman nahi diogu daukan garrantzia. Iaz azaldu genuen egunaren jatorria eta hainbat bideo luzatu genituen, galdu bazenuen, hara jotzeko parada daukazu.

Jolastea ez da soilik umeen kontua, gertatzen dena da gizarte zoro honek, hazten garenean, ez diola jolasteari lekua uzten... Pena bat da, jolasteko ez dagoelako adinik!

Gogora ekarri nahi dugu ume guztien eskubidea dela baina, tamalez, leku guztietan ez da bermatzen. Ostiraleko sarreraren ildora, guztiok ez gara zorte handikoak eta ume batzuk ez daukate jolasteko aukerarik txiki-txikitatik beharrean hasten direlako... Hau tristura!

Jarraian txertatzen dugun bideoan antzikako jolasak agertzen dira. Batzuk ezagunak egingo zaizkizu eta beste batzuk, ordea, guztiz ezezagunak izango dira. Egia esan, ez daukate zerikusirik gaur egingo umeek dituzten jostailuekin... Adi ikusi eta etxean galdetu aiton-amonei ezagutzen ez dituzun jolasez.




Ziur gauza berriak ikusi dituzula! Berdina gertatuko zaie geure nagusiei “Play”-ez aritzen zarenean edo Kahoot-a aipatzen badiezu...

Ez dugu sarrera hau amaitu nahi modan dagoen termino bat aipatu gabe: gamifikazioa. Beharbada ez dues hitz arraro hau entzun baina zer den dakizula ziur gaude! Gamifikazioa ez da kontu berria eta betidanik egin izan da, funtsean jokoak sortzea da normalean jokoetatik kanpo dauden eremuetan, ohiko jardueretan, etxean edo eskoletan ditugun harremanetan. Gamifikazioari esker ohikoak edo aspergarriak diren hainbat eginkizun dibertigarri bihurtzeko aukera dago. Gure eguneroko bizitzan, ikasketetan edo lan munduan aplikatu daiteke. Gamifikazioaren xedea entretenitzea, arreta erakartzea, ikastea eta gehiago saltzea da. Baietz orain identifikatzen duzun zer den? Horixe! Adibidez, lehen aipatutako Kahoot-ak, Classdojo, Plickers, Educaplay, Thatquiz... eta ikasteko erabiltzen dituzun "jolas" horiek guztiak!


Bilatu tarte bat gaurko eguna jolasten ospatzeko!

Inoiz ez utzi jolasteari! Gora jolasa!

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina