2018/04/27

GUK SINISTEN DIZUGU

Kaixo balorezale.

Nahiz eta zu oso gaztea izan, Iruñean 2016 urteko uztailaren 6an gertatutakoa gogoratuko duzu edo entzunda izango duzu. Egun hartan, edo gau hartan hobeto esanda, San Ferminetako jaiak hasten zirenez, hara joan zen Clara, Madrilgo ikasle bat. Clarak ondo pasatu zuen gau hartan, dantzatu zuen, edan zuen, barre egin zuen... jai ederraz gozatu nahi zuen. Gauzak horrela, gaueko ordu txikietan, Sevillatik etorritako 5 lagun ezagutu zituen. Jatorrak zirela uste zuen eta, horregatik, beraiekin geratu zen 18 urteko neska.

Bat-batean eta ia konturatu barik, bere burua ikusi zuen atari baten barruan sartuta, inguratuta eta, alde egiteko aukerarik gabe, bost animalien eskuetan geratu zen. La Manadak, otsoek bezala, bere harrapakin aukeratuta zeukan eta ehizatzeko prest zegoen.

Mutilek nahi zutena egin zuten, baita bideoak grabatu ere, eta, bukatzean, han utzi zuten Clara. Lurrean botata eta inori deitzeko aukerarik ez izateko, mobila lapurtu zioten.

Mutilek alde egin zuten, parrandaz jarraitzeko. Euforikoak. Neska, aldiz, ahal izan zuenean, jantzi egin zen, ataritik atera zen eta banku batean geratu zen negar egiten. Handik pasatzen zen bikote batek polizia deitu zuen eta dena salatu zuen.

Poliziak 5 animaliak harrapatu zituen eta beraien epaiketaren sententzia, ia bi urte pasa ondoren, atzo plazaratu zen.

Epaileen ustez, ez zen bortxaketarik egon, neskak borrukatu egin ez zuelako eta zaurituta izan ez zelako. Beraien ustez, bakarrik sexu-abusua egon zen, eta horregatik 9 urteko zigorra ezarri diete Sevillatarrei eta ez dituzte guztiak beteko atxiloturik.

Sententzia sinistezina izan zen eta are gehiago, hiru epaileetatik batek uste zuen ez zela zigorrik egon behar, berak bideoetan ikusitakoa ez zelako hainbesterako. Hitz hauekin, Clara, bigarren aldiz bortxatuta izan zen atzo. Bera eta justiziarengan sinisten genuen guztiok.

Berehala gizartea piztu egin zen eta lotzen hasi zen hiriburu guztien udaletxeen eta epaitegien aurrean, protesta egiteko eta sententzia lotsagarri horri mespretxua adierazteko.

Gu ez gara abokatuak edo epaileak, baina argi daukagu gauza bat; atzo gertatutakoa ezin da berriro gertatu. Emakumeok ez dute zertan beldurrik bizi behar, gizonezkoen menpe eta haien nahiak betetzen.

EZ DA EZ. Emakume batek ez du zertan borrukatu behar bortxatuta ez izateko ezta bere bizitza arriskuan jarri ere. Epaiketa honetan, erruduna Clara zela ematen zuen eta ez La Manadako bost animaliak...

Guk, gaur, ez dakigu nola azaldu zuri, gure ikasle hori, gertatutakoa. Bakarrik dakigu baloreak inoiz baino beharrezkoagoak direla.

Clara, guk sinisten dizugu eta zurekin gaude. Gure besarkadarik beroena bidaltzen dizugu, ahizpa, arreba hori!



2018/04/23

APIRILAK 23, LIBURUAREN EGUNA


Kaixo irakurle hori,

Hemendik edo handik ziur jakinaren gainean zaudela gaurko eguna zer ospatzen den. Liburu egunarekin batera, edonon entzun eta ikusten dira irakurzaletasuna bultzatzeko ekimenak. Eusko Jaurlaritzak, hain zuzen, horretarako plana bultzatzen ari da Irakurgune web orrialdearen bitartez.

Hemendik, sarrera xume honekin, geure adostasuna adierazi nahi dugu gaurko ospakizunarekin eta irakurtzearen garrantzia azpimarratu eta aldarrikatu nahi dugu. Eskolari egokitzen zaio erantzukizun hau, baina ez da irakasleon lana bakarrik, etxekoena ere bai. 

Liburuen orrialdeetan murgildu eta bertan kontatzen diren istorioaz gozatu, liburuen bitartez asko ikasten baita eta abentura ederrak baitaude!



Eta norbaitekin elkarbanatu ahal baduzu, are politagoa abentura!!


2018/04/19

HARREMANAK II

Kaixo balorazale:

Oporrak baino lehen, pertsonen arteko harremanak eta haiengandik suertatzen diren gatazkei buruzko sarrera eskaino genizun. Sakondu nahi dugu gaian, gure ustez oso garrantzitsua baita besteekin ondo harremanatzea eta gure irakaslearen paperaren barruan, pertsonak izaten irakastea da.

Lehen aipatu dugun sarreran ikutzen genuen puntu bat zen guztiok ezberdinak garela eta "egia" geure ikuspuntutik baino ez dugula ikusten. Esfortzua egin behar dugu beste ikuspuntu batetik ikusi ahal izateko... Gogoratzen zara ez bagara mugitzen inoiz ez garela gai izango 9 bat 6 moduan ikusteko? Argi dago geure bizipenek baldintzatzen gaituztela baina elkarbizitza bermatzeko saiatu behar dugu bizitza besteen zapatetatik ikusten.

Hurrengo bideoan ikusiko dugu zelan konpontzen diren Gaua eta Eguna, oso desberdinak izan arren...:





Ikasi behar dugu besteekin (elkar)bizitzen, besteak errespetatzen, haien aurpegi guztiak onartzen eta  gauza onak goraipatzen. Bideoan ikusi dugun moduan, ez da batere erreza; bizitza errealean ere bai berdina gertatzen da. Horretarako norbere berezitasunak, indarguneak eta gabeziak ezagutu eta onartu behar izatea lehenengo urratsa izaten da. Besteengandik asko daukagu ikasteko; beharbada, egunen batean, kritikatu izan duguna gugan ere badago eta...

Aurrera joko dugu beste bideo batekin. Hau egoera erreala da, nerabeekin egindako esperimentu soziala hain zuzen ere. Ikusiko dugu zelako garrantzia duten ahozkatzen ditugun hitzek...





Ziur gaude gogoeta handia ez dugula bideratu behar, ondorioak zuk zeuk atera dituzula eta hemendik aurrera gehiago zainduko duzula zelan komunikatzen zaren eta nolako berbak eta mezuak luzatzen dizkiezun zeure ingurugoei. Edo horrela izatea espero dugu behintzat!

Asteburu ona izan!


2018/04/16

APIRILAK 16: HAUR ESKLABOTZAREN AURKAKO EGUNA

Kaixo balorazale:

Hiruhilabeteari hasiera emateko, Haur Esklabotzaren Aurkako Eguna dugu gaur. Bada, hain zuzen, guri ospatu behar izatea gustatzen ez zaigun horietakoa. Penagarria XXI. mendean egonda horrelako egoerak egotea, salatu eta umeen eskubideak aldarrikatu behar izatea.

Gaiari sarrera emateko hurrengo bideoarekin hasiko gara:





Beharbada oso urrun gelditzen zaigu arazo hau, geure inguruan ez dugulako horrelako kasurik ezagutzen, baina, tamalez horrela da eta gaur egun 150 miloi ume baino gehiago esklaboak dira mundu osoan.

Egun honetan Iqbal Masih haurrari egiten zaio omenaldia, Pakistango tapizen mafiak 1995. urtean 12 urte zituela erail zuen haurrari, hain zuzen ere. Lau urte zituen bere familiak 600 rupiaren truke (10 €) alfonbren lantegi baten jabearen eskuetan utzi zuenean. Umeak 12 ordutik gora egiten zuen lan alfonbrak egiten, baina jabeak maileguarengan jarri zituen interesen ondorioz, Iqbalen aitaren zorra geroz eta handiagoa egin zen. Garai horretan, haurra jipoitu eta basatiki jo zuten, eta ehungailu batera kateaturik ere eduki zuten. 1992an haur esklaboak salbatzen zituen erakunde batek askatu egin zuen. Iqbal eskolara joaten hasi zen, eta aldi berean, haur esklaboak askatzea lortzeko kanpaina jarri zuen abian. Haurra izan arren, jendaurrean hitz egiten zuen bortxazko lan esplotazioari buruzko bere lekukotasuna emanez. 1994an sari bat eman zioten bere lana aitortze aldera, eta horrek ezagun bihurtu zuen. Hurrengo urtean, apirilaren 16an, bizikletan zebilela, tiro batek jo eta erail zuten. Hori dela eta urteko egun honetan "ospakizuna".

Iqbalek hasi zuen lana ez da galdu bere heriotzarekin; izan ere, Craig Kielburgerek, bere anaia Marc Kielburgeren laguntzarekin, bere bizitza lan horri eskaintzea erabaki zuen eta, horrela, 1995ean Free the Children izeneko elkartea sortu zuen. Ordutik, haur esklabotza handituz joan da: bost urtetik gorako ia 400 milioi haurrek egiten dute lan esklabo gisa, eta beraz, baldintza penagarrietan. Haur esklabotza negozioa baita ehungintza, armada edo meatze-korporazio handientzat zein sexu esplotazioaren mafientzat. Euren esplotazioaren emaitza eguneroko kontsumorako gaiak baitira. Isiltasun geruza konplize bat hedatzen da milioika haurren gainean.

Sarrera honi amaiera emateko, jorratu dugun guztia borobiltzeko hurrengo bideoa luzatzen dizugu:


2018/04/02

APIRILAK 2, EGUN URDINA


Kaixo balorazale:

Oporretan egon arren, tarte bat atera dugu autismoaren egun honetan. Iaz jada egunaren berri eman genizun eta horrekin batera hainbat datu. Aurten Gipuzkoako Marea Urdina izeneko talde baten egitasmoa ekartzen dizugu.

Gizartearen %5-ak ezgaitasunen bat du eta konkretuki %1-ak AUTISMOA du. Gizarteak pertsona hauen berri izan eta berauen gizarteratzean parte hartu dezan Marea Urdina antolatu da. Haien helburua gizartea autismoa duen pertsonen inguruan sensibilizatzea da, ez du inolako diru bilketa helbururik. Gipuzkoako kosta igeritan egingo dute bi etapetan eta erreleboka uztailaren 7an eta 8an, igerilari ezberdinak parte hartuz. Marea, ibilbidea igeritan izango da eta jendetza biltzeko asmoa dute. Urdina, autismoaren kolorea URDINA delako.

Jarraian grabatutako abestia luzatzen dizugu:





Amaitzeko, bideo labur bat partekatu nahi dizugu. Bertan oso ondo azaltzen da zelan sentitzen den ume autista bat eta bere erreakzioak estimuloz jositako mundu batean:





Errealidade hau apur bat hobeto ezagutzea eta ulertzea espero dugu.

Pazko astelehen ona izan!