2017/09/29

LANBIDEEN ARTEKO ZAILENETARIKO BAT


Kaixo lagun!

Berriro ere hemen gaude hausnarketa egiteko prest. Aste honetako gaia eta egoera, tamalez, modan dago aspalditik, gaur egun dirau, eta familia askok jasan behar du. Robertok, Sergioren aitak, ez du bakarrik langabeziari buruz berba egiten, esaten dituen hitzak oso baliotsuak dira, azaltzen baitigu zelan egin behar diegun aurre arazoei, zelako jarrera baikorra izan behar dugun bizitzan eta zein inportantea den... Arretaz ikusi bideoa, ez zaitu hotz utziko, ez... 





Aurretik esandako moduan, jarreraz mintzatzen da Roberto. Baina, jartzen duen adibidea lana bilatzeko soilik balio al du? Uste duzu zure egunerokotasunean aplikatu ahal duzula? Zein egoeratan? Apur bat aurrerago, aipatzen du berak babestuta sentitzen duela bere burua daukan taldeagatik, bere familia hain zuzen. Beste talde bat izatea posiblea dela uste duzu? Baietz uste baduzu, zein da?

Arreta ipini diozu Sergioren jarrerari? Ikusi duzu zelan bideoaren hasieran, bere aita sartu denean gelan, nola lotsatu den? Zergatik ote? Horrelako egoeran egonda eta antzeko ekintza bat zeure gelan antolatuz gero, berdin jokatuko zenuke? Baina, aitaren hitzaldia aurrera joan ahala, hasierako lotsa hori badoa desagertzen eta bere ezkutalekutik ateratzen da harro amaitzeko. Zergatik hasieran zegoen  hain lotsatuta? Uste duzu zerikusia izan dezakeela klasekideek pentsatuko zutenarekin? Baina, ez al da primerakoa izan haien jarrera?

Bukatzeko gaurko sarrera, aurreko galderekin egindako hausnarketa guztiak kontuan izanda, ideia esanguratsu batzuk bilduko ditugu:

  • Esfortzua ezinbestekoa da edozein arazori aurre egin ahal izateko.
  • Egoera zailetan, taldeka errezagoa eta eramangarriagoa da guztia.
  • Familia euskarririk handiena dugu.
  • Ez diogu horrenbeste garrantzia eman behar besteek pentsatzen dutenari. Harro sentitu behar badugu zeozergatik, ez dugu atzera begiratu behar, berdin da besteek zer pentsatzen duten.
Lanbide oso zaila du Robertok, zalantzarik gabe. Baina aurrera egiten du familiagatik, babestuta, maitatua eta lagunduta sentitzen duelako bere burua beraiekin. Ez ahaztu zu ere laguntza izan zaitezkeela senideentzat egoera zailetan.


2017/09/26

HIZKUNTZEN EUROPAKO EGUNA


Kaixo jarraitzaile hori:

Gaur, irailak 26, Hizkuntzen Europako Eguna dugu, Estrasburgoko Europako Kontseiluaren ekimenez, 2001etik aurrera urtero ospatzen dena. Sarrera xumea egingo dugu egunaren berri emateko. Egun honetako bideo batekin hasiko gara:





Kaixo! Hitz egidazu! Suposatzen dugu zuk ere euskara faltan bota duzula bideotxo honetan... Baina zaila da 60 hizkuntza gutxituak bideo batean txertatzea, ez duzu uste? Une egokia da Umberto Ecoren esaldi ezaguna gogora ekartzeko: “Europako hizkuntza itzulpena da”. Esaldi honen bidez Ecok gogorarazten digu, beste ezer baino lehen Europa aniztasuna dela. Nortasun aniztasuna. Hizkuntza eta kultura aniztasuna eta, nola ez, aberastasuna. Norbanakoarentzat nahiz gizartearentzat aberastasuna, herriaren ondarea...

Euskara ez entzuteaz aparte, zein izan da gehien harritu zaituena? Guri, zeinuen hizkuntza, zalantzarik gabe! Beste hizkuntza bat delako eta askotan ahazten zaigulako. Europar kontseiluak, bere web orrialdean, horren inguruko bitxikeriak eskaintzen ditu. Ziur gauza berri asko ikasten duzula!!

Amaitu baino lehen, gorago aipatutako Europar kontseiluaren web orrialdea luzatzen dizugu, bertan   egunaren inguruko hainbat material eta informazio eskaintzen ditu. Besteak beste, hizkuntza gaitasuna neurtzeko autoebaluazioa proposatzen du: Programak lagunduko dizu ebaluatzen dakizkizun hizkuntzetan nolako gaitasuna duzun, Hizkuntzen Europako Erreferentzia Esparru Bateratuan zehazten den eskalako sei mailak oinarri hartuta. Ausartuko zinateke zeureak neurtzen? Nahi baduzu, egin dezakezu autoebaluazioa zeure kabuz hurrengo loturan sakatuz. Lasai egin dezakezu, ez da notarako izango eta! Ez izan beldurrik eta anima zaitez!


2017/09/21

SEXU ESPLOTAZIOAREN ETA EMAKUME NAHIZ UMEEN SALEROSKETAREN KONTRAKO NAZIOARTEKO EGUNA

Kaixo balorezale hori:

Ikasturtearen hasierarekin bat, hainbat egun berezi ospatzen direla konturatu egingo zara, ezta? Aste honetan, bihar alegia, oso egun tristea ospatzen da. Ospatu behar ez zenetariko bat. Nahiz eta gezurra dirudien, munduan zehar pertsonen salerosketa eta esplotazio sexuala badira oso hedatuta dauden bi gaitz.

Baina, ba al dakizu pertsonen salerosketa zertan datzan? Inoiz entzun duzu fenomeno honi buruz? Zertarako egingo ote da pertsonen salerosketa? Argentinako hiriburuan, Buenos Airesen hain zuzen, hurrengo bideoa egin zuten gaitz hau azaltzeko:





Inoiz gelditu zara une batez gure artean esklabotasuna dagoela pentsatzeko? Bazenekien esplotazio sexualaz aparte, lan mundurako eta organo salmenterako ere pertsonak saltzen zirela? Edo jolasteko erabiltzen duzun baloi hori, Asian, zure adineko haur batek eginikoa izan zitekeela? Ikusi dezakezunez, guztiok gara biktima potentzialak geure burua babesten ez badugu...

Egia esan, oso zaila da arazo honekin bukatzea. Irakur dezagun 2015ean Arartekok honen inguruan idatzitakoa: 

"Egun honek gogorarazten du haurren prostituzioaren kontra munduan izan zen lehen legea. Argentinan egin zen, 1913an, eta "Palacios Legea" izenaz ezagutzen da.
Harrezkero bide luzea egin da esklabotasun hori erauzteko borrokan, eta oraindik lan handia dago egiteko erabat desager dadin. Arartekoak bide horretan jarraitzera animatzen du, horixe zor baitiegu haiei eta geure buruari."

Zer deritzozu Arartekoak argitaratutakoari? Gu guztiz ados gaude azken esaldiarekin, zor itzela daukagu ondo bizi garenok hain bizitza gogorra dutenekin eta zer edo zer egin behar dugu arazo hauek buka daitezen. Baina, historian zehar ez al da ezer egin esklabotasunaren kontra? Egia esan, 1926aren irailak 25ean Esklabotasunaren Aurkako Hitzarmena indarrean sartu zen, hainbat herrialdek sinatuta. Hala ere, gaur egun, milioika pertsona esklabuak dira, bereziki emakumezkoak eta neskak, sexu esplotaziorako behartuta.

Europan berrehun urte inguru daramatzagu esklabotasunaren kontrako legeak sortzen baina, Espainian behin betiko abolizioa 1880ko otsailak 17rarte ez zen heldu. Baina... ziur zaude abolizioa benetan heldu egin zela? Ikus dezagun  Gazteizen 2014ean egindako bideo bat eta egin ditzagun gure gogoetak...




Zer deritozu gazte hauek egindako performance-ari? Kaletik zebilen jendea sentsibilizatzeko balioko ote zuen? Eta zuri, zer edo zer pentsarazi egin zaitu?

Bukatzeko, gai honi buruzko agrega proiektu bat luzatzen dizugu ikasitako guztia praktikan jartzeko. Ez da jolasa, hausnarketa egiteko aukera baizik.

Gogoratu, balorezale, gauza guztien gainetik, desio guztien gainetik, etekin ekonomiko guztien gainetik, giza eskubideak daude. Ez ezazu onartu zu ere babesten zaituzten eskubideek zapalduta izatea. Eraiki dezagun denon artean justuago den mundu berri bat, oraindik ez da beranduegi eta!

2017/09/14

DEMOKRAZIAREN NAZIOARTEKO EGUNA


Kaixo balorazale:

Iaz, askotan idatzi genuen giza eskubideei buruz, baina gaurko gaia ez genuen inoiz aipatu eta uste dugu garaia dela horretan murgiltzea behingoz. Pil-pilean dagoen gaia da baina ez dugu soilik horregatik ekartzen, baita hezkuntza dekretuak balore sozial eta zibikoen atalean lantzeko agintzen duelako ere.

Gaurko gaia demokrazia da, irailak 15ean Demokraziaren Nazioarteko Eguna baita. Egun honek beste aukera bat ematen du munduan demokrazia zertan den aztertzeko. Ba al dakizu zein da demokraziaren definizioa? Wikipediak dio, etimologiaz, "herriaren aginpidea" adierazten duela (antzinako grezierazko hitzetatik, demos, "herria"; kratos, "gobernua"). Hain zuzen, Antzinako Greziako polisetan sortu zen demokrazia, non herritar guztiek polis edo hiriaren gobernuari buruz erabakitzen zuten. Hala, demokraziak herritar guztiek askatasunez estatuaren edo beste erakunde politiko baten gobernuari buruz erabakiak hartzen dituzten erregimen politikoak ere badira. 

Beharbada azken egunotan komunikabideetan ikusi edota entzun duzu Katalunian gertatzen ari dena. Han, haien etorkizuna erabaki nahi dute baina Estatu Espainolak oztopo handiak ipintzen dizkie herritarrei kontsulta egiteko bidean. Demokraziaren esanahia aztertzen badugu, ez da ezer ilegala egiten ari; baina Gobernuak ez dio Kataluniari erreferenduma egiten utzi nahi herritarren iritzia jakiteko. Justua dela uste duzu?

Gure ustez oso inportantea da herriak hautatu nahi duen erabakia, hau da, galdeketaren emaitza bera. Baina are inportanteagoa da erreferenduma egin ahal izatea. Demokraziaren tresna bat da eta erabiltzeko eskubidea daukagu. Kontu garrantzitsu asko erabaki beharko zituen gizarteak, jakiteko zein den herritarren nahia eta hori lortzeko bidea eraiki ahal izateko. Saltzen diguten demokrazia, erreala al da guztiz?

Euskal Herrian, erabakitzeko eskubidearen alde lan egiten duen dinamika anitza eta parte-hartzailea dugu Gure Esku Dago. Bihar bertan, deialdia egin du Bilbon Kataluniako herriari babesa eta elkartasuna adierazteko, Euskal Herriko herritar askoren asmoa berdina baita, geure etorkizuna erabakitzea, libre izatea...

Jarraian, Gure Esku Dagok grabatutako bideoklipa luzatzen dizugu. Entzun arretaz ea adierazi nahi duen mezua harrapatzen duzun...





Mezu anitz ematen ditu abesti honek, eta oso politak! Ziur bat baino gehiago harrapatu duzula, baina une honetan balio handikoa dena da ez dugula beste inor mendean hartu nahi, etorkizuna hautatu, besterik ez...

Ez dugu askorik eskatzen, geure eskubideak bermatuta izatea besterik ez!

2017/09/08

ALFABETATZEAREN NAZIOARTEKO EGUNA

Kaixo irakurle hori:

Gaur, irailak 8an, leku gehienetan klaseak hasi diren egunean, UNESCOk ezarritako Alfabetatzearen Nazioarteko eguna da. Hau kasualitatea... 

UNICEF-ek dioden bezala, alfabetatzea eta hezkuntza mundu hobeagoa eraikitzeko oinarriak dira. Irakurtzeko eta idazteko gai diren pertsonek aukera handiagoa dute aukeratzeko eta bizitza osoagoa izateko. Pertsona askeagoak dira, langile produktiboagoak eta miseriaren mende geratzeko aukera gutxiago dute, eta, halaber, egoera berrietara errazago egokitzen dira. Munduko herrialde guztietan alfabetatzearen oinarrizko maila finkatzearen arabera lortzen dira garapen ekonomikoa, aurrerakuntza soziala eta gizakien askatasuna.

Alfabetizazioak eginkizun garrantzitsua du pertsona ororen bizitzan. Irakurtzeko gaitasuna egungo gizartean funtzionatu ahal izateko oinarrizko gaitasun bilakatu da. Zalantza barik, ikaskuntzaren kultura zabaltzen duen mundu-mailako kanpainan funtsezkoa da irakurketa. Baina aurtego leloa erronka berri bati zuzenduta dago, azken urteotan eskola askotan martxan jarri den proiektu garrantzitsu bati: alfabetatzea aro digitalean. Beste pausu bat ematea da, urrunago joatea eta egungo gizartean mundu digital berri horren beharrei erantzun egokia emateko bidea.





Argi dago erronka itzela dela. Askorentzat mundu ezezaguna da eta beldur dira. Beste batzuk aukera berria ikusten dugu mundu digitalean. Zorte handikoak gara, digitalizazioaren munduan sartzeko aukera baitakagu, beste askok ez daukatena... Aldaketak ekarriko ditu, noski, eta geure erosotasunean eragina izango du, baina hoberako izango da. 

Ez izan beldurrik, murgil gaitezen dimentsio berri honetan eta gozatu aukera berriez!!


2017/09/01

GURE NAHIA


Kaixo berrio ere balorezale:

Amaitu dira oporrak, hasiera berria daukagu aurrean aukera berri ugarirekin! Aprobetxatuko al ditugu gure onena ateratzeko? Prest al zaude? Asko partekatu genuen iaz, eta ez gara material hutsez ari... Gai eta hausnarketa sakonak plazaratu genituen hemen, eta aurten ildo beretik joateko asmoa daukagu. Etorriko zara gurekin? 

Pil-pilean dagoen abesti batekin eman nahi diogu hasiera gure blogari ikasturte honetan, Go!azen taldeak abesten duen "Gure nahia" hain zuzen ere. Askotan entzun dugu kanta hau azken egunotan (eskerrik asko Mirene!), eta letrak dioena bat dator hemen planteatzen ditugun baloreekin. Behar bada entzun duzu baina ez zara gelditu letra arretaz entzuten. Hemen luzatzen dizugu bideo-karaokea letra aztertu ahal izateko.



Eta zuk? Bete dituzu birikak uda honetan aire garbi berriarekin? Ziur dituzula gogo eta irrikak asetzeko lagunekin... Baina ez dugu ahaztu behar daukagun altxorra, euskararen erabilera zaindu behar dugula. Guk, hemendik, egingo dugu eta jarraituko dugu ekarpenak euskaraz egiten zu motibatzeko asmoarekin. 

Ikasturtea hasi berria da baina ohartu gabe ekainera helduko gara eta orduan, zure hegoak astinduz libre egingo duzu hegan. Baina, lehenago, baloreez jantzi behar duzu, zure askatasuna behar den moduan bizitzeko, besteak errespetatzen, "maite zaitut" hainbat moduz esaten, harreman onak josten... Azken finean, ez al gara denok lur bereko sustrai eta lore?

Go!azen, aurten, ametsak egi bilakatzen!!

Gu prest gaude, eta zu?