2017/02/28

GAIXOTASUN ARRAROAK DITUZTEN PERTSONEN NAZIOARTEKO EGUNA


Kaixo lagun,

Gaur, otsailaren azken eguna, gaixotasun arraroak dituzten pertsonen eguna denez, pertsona horiei eta bere ondoan daudenei omenaldi txikitxo bat egin nahi diegu, gure enpatia haiei helarazteko.






Jarraian emango dizkizugun datuak Ararteko, FEDER, Gure Señeak eta Gure Nahia erakundeen webgunetik ateratakoak dira, eta hasi baino lehen eskertu nahi dugu egiten duten lan ikaragarria. Dena den, hauek ez dira bakarrak eta Euskal Herrian beste hainbat daudenen lana ere txalokatu nahi dugu.

Hasi aurretik, irakurri dezagun Giza Eskubideen Aldirraken Unibertsalaren 25. artikuluak diona:

"Pertsona orok du bizimodu egokia izateko eskubidea, bai berari eta bai bere familiari osasuna eta ongizatea bermatuko diena, eta batez ere janaria, jantziak, bizitokia, medikusorospena eta gizarte-zerbitzuak; eta baita lanik eza, gaixotasuna, elbarritasuna, alarguntasuna, zahartzaroa edo bizibidea nahi gabe galtzeko beste kasuren bat gertatzen denerako asegurua izateko eskubidea ere."

Zer da, berez, gaixotasun arraro bat? Europar Batasuenan 10.000 pertsonatik 5 pertsona baino gehiagori eragiten ez diona da. Dirudienez, 5000-8000 arteko gaixotasun arraro daude eta EBko biztanleen %6 eta %8k pairatzen du.

Gaixotasun arraroak, orokorrean, larriak eta kronikoak dira, eta ezgaitasunak dakartzatenez, pairatzen dituzten pertsonek arreta edo zaintza bereziak behar dituzte.

Hauek dira bidean aukitzen dituzten zenbait arazo:

- Arrazoizko epean diagnosia edukitzeko zailtasun larriak.
- Prozedura terapeutikorik ez egotea edo horiek eskuratzeko zailtasunak.
- Botika eraginkorrak edukitzeko arazoak.
- Gizarte, osasun eta hezkuntza arloko baliabideak pertsona horiek dituzten premia espezifikoetara egokituta ez egotea.
- Laguntza ekonomikoak eta sozialak ez egotea.
- Gizarteratzerik eza eta balizko bereizkeria.

Euskal Herriaren ezaugarrietako bat herritarren solidaritatea da, gaixotasun arraroei buruzko informazioa bilatzen, hainbat egitasmo topatu dugu. Adibidez Dima herrian aurrera eaman zutena duela urte bat bainio gehiago. Hurrengo bideoek oso ondo azaltzen dute haien aldarrikapena eta deialdi solidarioa:






Hunkigarria benetan, eredu aparta Dima herriarena! Pena da horrelako ekintzak arrakasta handia ez lortzea eta "kasualitatez" aurkitzea...

Hasieran aipatu dugun "Gure señeak" Derioko elkarteak gaixotasun arraroak dituzten umeen bizitzaren kalitatea bermatzea bilatzen du nagusiki. BIZIPOZAren lagunak, BBKren eskutik, honako bideoa oparitu digu Irrien Lagunak aldizkarian ateratako Gure Señeak elkarteari buruzko ipunarekin:





Gorago esan dugunez, oso herri inplikatua gara. Geure pailazorik ospetsuenak beti daude horrelako saltsetan sartuta eta duela urte batzuk haien ikuskizun batean adierazi zuten elkartasuna isladatzen da hurrengo bideoan:




Baina hemen ez dira amaitzen gaixotasun arraroak dituzten pertsonen alde lan egiten duten euskal elkarte edo erakundeak. Adibidez, "Korrontearen Alde" daukagu erronka itzela daukana eskuartean: "Bizkaiko kostaldea zeharkatuz-Gaixotasun arraroak bultzatzen" izenekoa. Helburu bikoitza dauka erronka honek: alde batetik, Bizkaiko populazioa afektatzen duten gaixotasun arraroak (GA) ezagutaraztea, berauek pairatzen dituztenen beharretaz informatuz; eta bestaldetik, hauen inbestigazio medikoarekin laguntzeko funtsak eskuratzea, funtsak zeinak bere onuradun bakarrari dohaintzan emango zaizkion, FEDER Euskadi (Federación Española de Enfermedades Raras delegación Euskadi). Horrerarako, kirol erronka EZ leihakorra definitu dute, zeina Bizkaiko kostaldean zehar igeri egiten, erreleboz eta bikoteka, garatuko den, Kobaronetik (Kantabriako muga) Ondarroara arte.




Beraz, konprobatu ahal duzunez, aukera anitz dauzkagu oso gertu parte hartu ahal izateko modu batean edo bestean.

Solidarioak izan gaitezen eta laguntzen lagundu dezagun!!

2017/02/23

FABOREZ FABORE, ALDA DEZAGUN MUNDUA


Kaixo!

Bakearen eguneko sarreraren amaieran galdera bat luzatu genuen... Berreskuratuko dugu gaurko sarrerari hasiera emateko: zer egin dezakezu zuk mundua aldatzeko? Asko pentsatu barik, ziur pentsatzen duzula zure esku ez dagoela.

Bi bideo dakartzagu horrela ez dela frogatzeko, biek azaltzen digute posiblea dela mundua aldatzea ekintza txikiekin. Ikus eta azter ditzagun!








Inoiz gelditu zara une batez pentsatzen ekintza desegokiak ikustea eta salatzea ez zaigula bat ere kostatzen? Onak direnak, berriz, ikusteko zailtasunak ditugu. Eta ikusiz gero, zabaltzen ditugu txarrekin egiten dugun moduan? Ez duzu uste ikusten ditugun baino gauza on gehiago egon behar direla munduan? Erronka bat proposatu nahi dizugu: hurrengo egunetan fija zaitez zeure inguruan ekintza onak behatzen dituzun eta elkarbanatu norbaitekin.

Azkenengo bideoak pistaren bat ematen dizu zuk ekintzaren bat burutu ahal izateko? Adi baino ez dugu egon behar lagundu ahal izateko, gauza txikiekin abiatu gaitezke, horiek uste baino eragin handiagoa izan dezakete eta! Saiatuko zara toleranteago, solidarioago, justuago eta zintzoagoa izaten eta zeure ingurukoak kutsatzen?

Jakin badakigu horrela munduko arazoak ez direla konponduko, baina ez al ginen lasaiago bizi izango ondo sentitzen bagara?

Gogoratu Eduardo Galeanok esandakoa: "Jende txiki askok, leku txikietan, gauza txikiak eginez, mundua alda dezake"

Zeure esku uzten dugu...


2017/02/22

AMA HIZKUNTZAREN NAZIOARTEKO EGUNA

Kaixo:

Ama, edo hobeto esanda lehen hizkuntzaren nazioarteko eguna, UNESCOren 2000. urteko erabakiaz geroztik, otsailaren 21ean ospatzen da. Lehen ikasten den hizkuntzari ama hizkuntza deitu zaio ama izan delako lehen hizkuntzaren transmisioaz gehien eta zuzenen arduratu izan dena. Urtero bezala, norberaren hizkuntzaren eta eleaniztasunaren aldeko mezua zabaldu du UNESCOk, eta aurten hezkuntza eleaniztasunaren garrantzia azpimarratu nahi izan du.

Dibertitzeko aitzakia eman du nazioarteko egun honek, eta Rising Voices erakundeak ama hizkuntzen 'meme' lehiaketa (Mother Language Meme Challenge) jarri du abian. 34 hizkuntzatan, tartean euskaraz, egin daiteke muntaia edo broma.

Egitekoa ez da bereziki zaila. Erabiltzaile ugarik bat egin dute erronkarekin, eta dagoeneko hasi dira sareak astintzen. Hona ale batzuk:








Geure ondarea zaindu behar dugu, umore eta irribarre batez ahal bada, askoz ere hobeto!

Amaitzeko gaurko sarrera hau, bi bideo txertatuko ditugu. Lehenengo honetan Amets Arzallus dugu protagonista. 18. korrikan egindako ekitaldi batean ama hizkuntzen inguruan mintzatzen zen Baionan. Entzun dezagun bere diskurtsoa!






Bigarren hau Tolosako Lingolang proiektua da. Euskaldunon hainbat ama hizkuntza agertzen dira. Argi izan behar duguna da euskarak batzen gaituela, berdin da nondik gatozen edo nongoak garen...




Guk euskaraz, eta zuk??


2017/02/14

OTSAILAK 15: HAURREN MINBIZIAREN AURKAKO EGUNA

Kaixo lagun hori!

Duela egun batzuk Minbiziaren Aurkako Nazioarteko egunaren berri eman genizun hemendik. Bertan azaldu genuen zelan gaixotasun madarikatu horrek hamaika aurpegi dituen eta haietariko bat, guztiz bidegabekoa, gaur dauka leku berezia egutegian...

2001ean, Luxenburgon, hitzarmen bat sinatu zuten minbizia duten haurren gurasoen 177 elkartek, 90 herrialde ezberdinetakoak, 5 kontinenteen zehar. Dena den, lehenengo eguna 2002an ospatu egin zen eta handik geroztik, minbiziaren ikerketaren munduan hainbat erakunde garrantzitsuen euskarria jaso du.

Zenbait gaixotasunen kontrako egunetan lazoak erabiltzen ditugu eta maiz ikusi ditugu kaletik, adibidez, arrosa bularreko minbiziaren kontra, edo gorria, HIESaren kontra. Baina, ba al zenekien haurren minbiziaren kontrako lazoa urre-kolorekoa zela? Ondoren zergatia azalduko dizugu:

Kolore honek konparatu nahi ditu ume gaixoen indarra eta erresistentzia urrea berarekin. Nahiz eta mundu osoan zehar erabilita izan, ez du lortu beste bien arrakasta. Ondo legoke gure klase guztietan urrezko lazo bat marraztea eta leihoetan jartzea, edo txikiagoak egin eta arropan jantzi.




Inork ez du merezi horrelako gaixotasunik jasatea, baina are gutxiago umeek. Horregatik omenaldia egin nahi diegu borrokan ari diren txiki txapeldun horiei guztiei. Irudi polit batekin hasiko gara:




Umorea, alaitasuna eta maitasuna ezinbesteko botikak dira gaixotasun honen aurrean borroka egin eta aurrera egin ahal izateko! Horregatik partekatu nahi dizugu Marimototsen azalpena, umeei zuzenduta, ipuintxo honetan:




Lehen aipatu dugun moduan, umeei zuzenduta dago, oso ondo azalduta zertan datzan gaixotasuna eta zelan sentitzen diren pairatzen dutenak.

Hurrengo bideoan agertzen diren protagonistak ez dira hain umeak, nerabeak eta gazteak baizik. Batzuk gaixo daude, beste batzuk ez... Besterik gabe, ikus dezagun.




Ziurrenik ukituta eta hunkituta gelditu zara... Normala da, geu ere bai lehenengo aldiz ikusi genuenean, ez uste... 

Irudikatuko zenuke norbaiten desioa haizeak aurpegian jotzea izan zitekeela? Edo ilusioa mantentzea eta eguneroko gauza txikiez gozatzea? Edo paseo bat eman ahal izatea loreez disfrutatzen? Edo... 

Bideoaren hasierako pertsona izango bazina, zelako erantzuna emango zenuke zuk bigarren partea kontuan hartu gabe? Eta... kontuan hartuta? Berdina ez izatea espero dugu...

Gaurko bideoaz hausnartzen badugu, geure ustez ez da zalantzarik geldituko eta geure helburua ozen baino ozenago ahoskatu nahi dugu: baloratu gauza txikiak, falta direnean handi bihurtzen dira eta! Ez itxaron gehiegi, aprobetxatu edozein gauza txiki gozatzeko, inoiz ez dakigu zer gerta daitekeen bihar. CARPE DIEM!!

Amaitzeko, alaitu nahi zaitugu bideoklip solidario batekin ASPANOGI, Donostia Ospileko ONKOLOGIAKO HAURRAK, “GU ETA GUTARRAK” eta HUNTZA taldearen eskutik. Oso abesti ezaguna eta kutsakorra da nahiz eta aldapa gora izan...




Super heroiak zarete, ez inoiz galdu zeuen irribarrea. Aupa txapeldunak!!


2017/02/12

OTSAILAK 11: EMAKUMEA ETA NESKATOA ZIENTZIAN NAZIOARTEKO EGUNA

Kaixo:

Emakumeek eta neskek zientzian sarbide eta parte-hartze erabatekoa eta berdintasunezkoa izatea lortzeko, Nazio Batuen Batzar Nagusiak otsailaren 11 Emakumea eta Neskatoa Zientzian Nazioarteko Eguna izendatzea erabaki zuen 2016an.

Funtzezkoa da genero berdintasuna arlo guztietan baina, tamalez, neskek eta emakumeek oso zaila daukate zientzia munduan. Horregatik hemendik gaurko eguna aldarrikatzen dugu eta animatu nahi ditugu zientzialari emeak aurrera jarrai daitezen.




Aurreiritziei buruzko bideo ezin hobea argitaratu du EHUko kultura Zientifikoko Katedrak Emakumea eta Neskatoa Zientzian Nazioarteko egunerako:





Zalantza barik, etorkizunera begiratu behar dugu, estereotipoak eta aurreiritziak alboratuz eta norbere buruarengan sinetsiz!

Amaitzeko, Eduardo Sáenz de Cabezón-en bideoa luzatzen dizugu, bertan emakume matematiko ospetsu batzuen kasua kontatzen du:





Ikusten duzunez, emakume historikoak egon dira matematika arloan baina ez zuten batere erreza izan. Jarraitu behar dugu borrokatzen berdintasun hori lortzeko!!


2017/02/08

SID: SAFER INTERNET DAY


Kaixo jarraitzaile hori!

Internet seguruaren eguna dugu gaur, otsailak 7. Aurtengo kanpainak eskatzen du guztion kolaborazioa internet seguruagoa izan dadin guztiontzat, baina batez ere ume eta gazteentzat. Ekintza asko burutuko dira mundu mailan egun honetan segurtasuna bultzatzeko.

Baina, egun bateko kontua al da soilik? Gure ustez, ez; horregatik sakonago landu nahi dugu gaia.

Duela gutxi, Gabonetan, Euskaltelek hitzarmen bat eskaini zigun iragarki batean. Bertan, 12 betebehar biltzen dira mugikorrari erabilera egokia emanez. Azter dezagun iragarkian azaltzen digutena!





Erabilera egokia izateko aholku jakintsuak entzun ditugunak! Ados al zaude guztiekin? Baten bat baztertuko zenuke? Besterik bururazen al zaizu? Erabiltzaile berriek soilik hartu behar dituzte kontuan? Telefono mugikorra izanez gero, hausnartu zeuk egindako erabileraz iragarkian ikusitako aholkuak kontuan izanik, zelakoa da? Ohituraren bat aldatu beharko zenuke?

Telefono mugikorraren erabileraren eredu bat ikusiko dugu hurrengo bideoan. Informazio-trukea garatuko da. Arreta jarri hori modu eraikitzaile batean egiten duten edota arduragabekeriaz ere erabiltzen dituzten:





Bideoko protagonistek beren egunerokoan teknologia berriak erabiltzen dituzte, sare sozialez egiten duten erabilerarekin bat egiten duzu? Ekintza arriskutsurik hauteman duzu? Sare sozialak modu desegokian erabiliz gero arazorik izan dezakegu? Sare sozialen erabilera desegokiaren ondorioz sortu den arazo bat larria izan daiteke, zure ustez?

Esukaltelek emandako aholkuak jarraitzen dituzte? Argazkiak bidaltzea oso ondo dago, edota egiteko dituzten zereginei buruzko informazioa bildu lankidetzan jarduteko. Baina, arduragabekeriaz ere jokatzen dute: egokiak ez diren argazkiak bidali dituzte, hirugarrenei buruzko informazioa bidali dute haien baimenik gabe, iraindu, mehatxu egin edo hirugarrenei jazarri...

Teknologia berriak eta sare sozialak arduragabekeriaz erabiltzeak askotariko arazoak sor ditzake. Dakizunez, mundu birtualean, izugarri azkar zabaltzen dira gure ekintzak; ekintza horiek jende askorekin partekatzen dira, eta, horrez gain, sarean garatzen den ekintza bakoitzak ezabatu ezin den aztarna bat uzten duela kontuan izan behar duzu.

Orain telefono mobilaren erabileratik, interneteko erabilerara emango dugu pausoa. Ziur gaude irakurleetariko gehiengo batek smartphone-a izango duela. Ba al dakizu orokorrean oso etekina txikia ateratzen zaiola patrikan gordetzen dugun ordenagailu txiki horri? Askok sare sozialak baino ez dituzte erabiltzen. Pena handia da, asko eta asko ikas daitekelako gailu txiki horiekin. Ordenagailu bat antzera dabil eta ez dakigu behar bezala daukan zuku guztia ateratzen. Baina hori norbere eskuetan dago, jakinminak bultzatu behar zaitu ezagutzen esku artean daukazuna.

Jarraian txertatutako bideoa Zumaiako Maria eta Jose ikastetxeko 5. mailako ikasleek egina da, "Klik" izenburua dauka. Aholku batzuk ematen dituzte oso era originalean, erne egon ea zerbait berri ikasten duzun!





Ziuraski aipatutako erabilera asko ezagutzen zenituela eta ordenagailu edo tabletarekin egiten duzun moduan, berdin egin dezakezu telefono mugikorrarekin. Argi izan behar duzu bata zein bestea erabiltzean, beti ager daitezkela saihestu behar dituzun arriskuak eta zalantzarik baduzu, jo ezazu nagusi batengana laguntza bila.

Orain apur bat urrunago joko dugu galdera batez: inoiz publikatu duzu zeure argazkiren bat interneten? Ikus dezagun hurrengo bideoa, Azkorri ikastetxeko DBHko 3. mailako ikasleek egina da. Amaitu ondoren, azalpen handirik eman gabe, ulertuko duzu zergatik galdetu dizugun hori:





Ulertzen duzu zergatik egin dizugun galdera hori lehen? interneten argitaratzen den informazioa zeure onerako edo txarrerako jokatu ahal du.

Zuk zeuk soilik jakin dezakezu zelako erabilera egiten duzun telefono mugikorrarekin, ordenagailuarekin edota tabletarekin. Sarrera honen asmoa zure ikuspuntua zabaltzea da zure segurtasuna bermatzeko. Ez izan inozo eta, Interneten ere, zaindu zure burua!


2017/02/05

IEUP!


Kaixo!

Gaur otsailak 4a, Agate Deunaren bezperan, makilak hartuta, lurra esnatuko dugu Euskal Herriko auzo eta herri askotan. Aintzinako ohitura da. Agate deuna gazteen babeslea dela esaten da, horregatik kaleetatik abesten doazenak, gazteak izaten ohi dira. 

Baina, zein da Agate Deunaren ospakizunaren jatorria?

Agate 251. urteko otsailaren 5ean bularrak moztu zizkioten emakume siziliarra zen, eta haren historia gogoratuko dugu berriro gure herriko kaleetan. Sizilian jaio zen Agate 230ean. Neska ederra omen zen, eta Siziliako Quinciano gobernadoreak berarekin ezkondu nahi zuen. Baina Agedak kristautasunean fede itsua zuen, eta ez zuen onartu gobernadorearen proposamena. Quincianori ez zitzaion gustatu haren erantzuna eta kartzelan sartu zuen, eta bertan torturatu egin zuen; bularrak moztu zizkioten, eta hil egin zen 21 urteko neska gaztea. Agate Deuna mendebaldeko lehengotariko birjina-martiria da. 

Euskal Herrian Santa Ageda ospatzen dugu, Martiri askorekin gertatu izan ohi den bezala, Agate Deuna ere Euskal Herriko zaindari egin baitzuten. Herritarrak eta taldeak santa-eskean kalera ateratzen dira neska gazte siziliarraren ohoretan koplak eta bertsoak kantatzera; kopla edo bertso horien bidez Agateren bizitza kontatzen da, eta kantua abestuko den etxeko senideei zuzendutako bertsoak ere izaten dira.

Gaur egun, jaiak kutsu erlijiosoa eduki arren, bere jatorria guztiz paganoa da eta makilak astintzen ziren ama lurra esnatzeko nahian neguko solstizioaren ondoren, laster udaberria etorriko zelako.




Normalean iluntzean ateratzen da, ikusi ahal izateko faroltxo bat ateratzen da kandel bat piztuta barruan.




Guk, gaur egun, euskaraz abesten ditugu Agate Deunaren koplak, bertsio desberdinak entzun daitezke lekutik lekura. Euskal Herriko hainbat lekutan, aintzinean, gazteleraz ere abesten ziren. Jarraian, hemendik gertuko bertsio bitxia luzatzen dizugu, Sestaokoa hain zuzen ere, 93 urteko emakume batek abestuta.




IEUP!!!

2017/02/04

OTSAILAK 4, MINBIZIAREN AURKAKO NAZIOARTEKO EGUNA

Kaixo berriz ere!

Lehengo sarrera tradizioari buruz izan da eta oraingoa ez da hain atsegina izango, minbiziaren aurkako nazioarteko eguna dela jakinarazi nahi baitizugu. Baloreak lantzen ditugu blog honen bitartez, horregatik gaixotasun hau pairatzen dutenei eta haien ondoan daudenei omenalditxoa egin nahi diegu: eutsi goiari txapeldunak!!

Minbiziak aurpegi asko ditu, zoritxarrez, baina gaur, otsailak 4, Osasunerako Munduko Erakundeak (OME) minbiziaren aurkako nazioarteko eguna ezarrita dauka. 

Geure helburua, gaixoekin eta haien ondokoekin solidarizatzeaz aparte, minbiziak gero eta eragin handiagoa duenez, kontzientziazioa eta sentsibilizazioa bultzatzea da. Gero eta kasu gehiago erregistratzen dira, horregatik prebentzioa eta detekzio goiztiarra funtsezkoak dira minbizi-kasuen gorakada saihesteko. Nazio Batuen Erakundeak (NBE) ohar baten bidez jakinarazi duenez, minbizi-kasuen % 60 Afrikan, Asian eta Amerikan (erdialdean zein hegoaldean) detektatzen dira. Hala, minbiziak eraginda nazioartean gertatzen diren heriotzen % 70 herrialde horietan izaten dira, besteak beste, detekzio goiztiarra nabari atzeratu egiten delako eta gaixotasunari aurre egiteko sendagaiek prezio altuegia dutelako.

Minbiziaren Aurkako Nazioarteko Eguna gogoeta egiteko aukera paregabea da, eta batik bat, minbiziari aurre egiteko norberak zer egin dezakeen pentsatzeko. “Elkarrekin lor dezakegu. Nik ere lor dezaket” lelopean, nazioarteko kanpainak “pentsatzeko, konpromisoa hatzeko eta hori gauzatzeko” deia luzatzen die herritarrei zein kolektiboei ere. “Guztioi eragiten digun gaitza izanik, pertsona orok neurriak har ditzake gaixotasunaren eragina murrizteko”, esan du NBEk.

Ez dugu topatu euskal erakundeek argitaratutako kanpainarik, horregatik luzatzen dizkizugu gazteleraz eta ingeleraz topatutako hauek: 






ONUk gogora ekarri duenez, minbizia zelulen alterazio genetikoaren ondorioz sortzen da. Batzuetan organo jakin batean gera daiteke, baina besteetan gorputzeko organoetara hedatzen da. Oinarrizko jarraibideak jarraituz (tabakorik ez kontsumitzea) minbizia kasu gehienak saihestu daitezke. Gainera, egungo tratamendu askok (kimioterapiak, erradioterapiak edota ebakuntzak) gaixotasun horri aurre egiten laguntzen dute, bereziki goiz detektatzen bada.

Minbizi motei dagokienez, biriketakoa, heste lodikoa, gibelekoa, biriketakoa eta bularrekoa dira hilkortasun-tasa handiena dutenak. OMEaren iritziz, minbizien % 30 saihets daiteke erretzeari utzita, ariketa fisikoa eginda, elikadura osasuntsua izanda, alkohola utzita eta sedentarismoari aurre eginez.

Beraz, zaindu ezazu zeure burua eta ohitura osasuntsuak izan!!

Bukatzeko, bitxikeri bat elkarbanatu nahi dugu zurekin: gaur hain zuzen ere, Yeray Álvarez, Athletic-eko jokalaria minbizia izan duena, zelaira bueltatu da bere bizitzako partidarik gogorrena irabazi ondoren, minbiziaren aurkakoa. Aupa Yeray eta borroka horretan dauden guztiak!!

2017/02/02

AUSARTA AL ZARA?


Hemen gaude berriro ere!

Ez dakigu bat zatozen gurekin, baina gure ustez ume txikien ipuinek irakaspen handiak izan ditzakete hain umeak ez garenontzat ere bai. Hurrengoan, umeen hizkeran azaltzen da mundu guztiaren ahotan dagoen egungo gaia. Adi arazoari eta proposatutako konponbideari.





Ziur gaude identifikatu duzula arazo barik zein den gaia: berdinen arteko tratu txarrak, edo, beste era batera esanda, bullying-a. Hasieran aipatu dugun bezala, modan dagoen berba da eta, tamalez, honekin lotutako albisteak entzuten dira. 

Azter dezagun ikusitako ipuina: izatez, "Sentipuina" da, sentimenduekin lotutako ipuina, hain zuzen ere. Identifika ditzakezu zein sentimendu agertzen dira? Onak ala txarrak dira? Txarrak diren sentimenduak saihesteko modurik bururatzen al zaizu?

Istorioari begira, galdera sorta datorkigu burura: inoiz ikusi duzu zure eskolan Samuelek bezala jokatzen duen ikaskiderik? Zer deritzozu bere portaerari? Bakarrik al dago Samuel ipuinaren hasieran? Zergatik egongo dira bere alde klasekideak Alan jipoitzen duenean? Alanen jokaera, maisuari gezurra esatea alegia, bere buruari laguntzen ote dio? Zer erabaki hartu du Alanek Nalarekin hitz egin ondoren? Zer egingo zenuke zuk bere zapatetan egongo bazina?

Zer deritzozu ausarten kluba osatzeari? Horrela bada, zure ustez, zeintzuk dira klubean egoteko baldintzak?  Proposamen bat luzatu nahi dizugu: ausartzen zara bullying-ari planto egiteari sormena erabiliz? Antolatu talde batekin eta prestatu abesti bat, marrazki bat, edo dena delakoa, ikastolan holako portaerak ez direla ongi etorriak adierazteko.

Aurrera joan baino lehen, une batez geldituko gara gogora ekartzeko ilegorriaren kasua, gogoratzen duzu? Suedian grabatutako iragarkia da. Jarraian ikusiko ditugunak, horrelako egoerak salatzeko asmoarekin daude eginda ere bai eta, beharbada, irudikatzen diren egoerak, hurbilak izango dira zuretzat. Grabazio motzak baina oso esanguratsuak dira. Ikusi bitartean, ondoriak atera:






Ikusten duzunez, bullying-a pairatzeko jipoiak ez dira beharrezkoak. Badira mina egiteko modu gehiago: hitz itsusiak esatea edota pertsonak gutxiestea eta baztertzea oso mingarria izan daiteke. Beraz, hitz egin baino lehen pentsatu zertarako esaten dituzun ahozkatzen dituzun hitzak eta nolako portaera, trataera eta jokaera dauzkazun besteekiko. Horrelako egoera somatzen baduzu beste batengan, jo ezazu nagusi batengana eta salatu. Kendu burutik "txibato" izatea dela, ezta pentsatu ere! Tratu txarreko egoera salatzea ez da koldarra izatea, guztiz kontrakoa baizik.

Beste bideo bat partekatu nahi dugu zurekin, azken egunotan hainbat sare sozialetik jaso duguna, El Langui-k eginikoa. Egia esan, Mediaset-en iragarkia da, baina abestia Los 40-n ere ikusi eta entzun dugu. Fenomeno birala bihurtzear omen dago. Segur aski ezagutzen duzu dagoeneko, baina guk ekarri dizugu mezu potente baino potenteagoa baitauka eta gaurko gaiari primeran doakiolako. Entzun arretaz!!!






Zer deritzozu letrari? Inoiz lagundu duzu horrelako egoera batean zegoen kide bat? Zergatik? Zer egin zenuen laguntzeko? Aurrerantzean horrelako zerbait somatzen baduzu, ausartuko zara ausarta izaten?

Bukatzeko, salatzearen kontua oraindik argi ez baduzu, beharbada hurrengo bideoak lagunduko dizu argiago ikusten. #stopbullying, BBKren kanpaina berria eskola-jazarpenaren aurka da, eta egia borobila esaten du:





“Zure isiltasuna, bere indarra” leloarekin, kanpainaren ardatza taldekideen konplizitate aktibo edo pasiboaren garrantzia da, jazarritako pertsonarentzako laguntzari dagokionez. Kanpainarako sortu den rap musika izen bako poema ospetsu batean oinarritzen da, “Etorri ziren” delakoan, eta hartzailea jazarritako pertsonaren lekuan jartzea lortu nahi du. Lortu du zurekin?