Agate Deuna etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
Agate Deuna etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2018/02/04

AGATE DEUNA

Kaixo balorazale:

Dakizunez, tradizioz beteriko herria gara. Atzo San Blas ospatu genuen; gaur, aldiz, Agate Deuna bezperea da eta iluntzean, kriseuaren argipean, abesbatzak eta kantari-taldeak ibiliko dira kalez kale eta baserriz baserri, herri eta hirietan, "ohitura zaharra berritzeko asmoz".

Iazko sarreran egunaren jatorriaren berri eman genizun, baina ez da bertsio bakarra. Batzuek diote, marinelek ekarri zutela Agate Deuna siziliarra goraipatzeko ohitura Euskal Herrira. Beste batzuek aldiz, jai hau zaharragoa dela diote. Neguko solstizioaren ondorengo jaietako bat izan liteke, lurra iratzartzeko erritmopean. Abere gisa irudikatzen baita euskal usadioan Agate Deuna. 

Jarraian, Santurtziko euskaltegiko web orrialdean topatu dugun egunaren jatorri paganoaren oinarriari buruzko informazioa:

"Emeterio Sorazu Euskal Herriko ohitura zaharrak aztertu dituen aditu ezagunak dioenez, egun horretan egiten diren afariek eta Santa Agedaren inguruko festa osoak zerikusi handia dute inauteriekin.

Inauteriak inausketa-garaian ziren, zuhaitz-adarrak kimatzen ziren garaian. Badirudi, jai horien sustraian gizon-emakumeen arteko harreman amodiozkoak zirela nagusi. Eta hala, mutilak koplak kantatzetik janariz ondo hornituta etortzen ziren bitartean, herriko emakumeek piper-opilak, intxaurrak eta gozokiak eraman eta afaltzeko lekua prestatzen zuten. 

Elkarrekin afaldu ondoren, gaueko hamabietan, urte hartako bikote berriek lagunen aurrean beren amodioaren berri eman ondoren, alde egiten zuten, bikote bakoitzak bere aldetik, amodio berri hori ospatzera. Afaltokian geratzen zirenek, amodiorik ez zutelako, han segitzen zuten iji eta aja gau osoan."

Beti daukagu zerbait berri ikasteko, sare sozialetan aurkitu dugun bertsio bitxi hau bezala:





Besterik gabe... I3UP!

2017/02/05

IEUP!


Kaixo!

Gaur otsailak 4a, Agate Deunaren bezperan, makilak hartuta, lurra esnatuko dugu Euskal Herriko auzo eta herri askotan. Aintzinako ohitura da. Agate deuna gazteen babeslea dela esaten da, horregatik kaleetatik abesten doazenak, gazteak izaten ohi dira. 

Baina, zein da Agate Deunaren ospakizunaren jatorria?

Agate 251. urteko otsailaren 5ean bularrak moztu zizkioten emakume siziliarra zen, eta haren historia gogoratuko dugu berriro gure herriko kaleetan. Sizilian jaio zen Agate 230ean. Neska ederra omen zen, eta Siziliako Quinciano gobernadoreak berarekin ezkondu nahi zuen. Baina Agedak kristautasunean fede itsua zuen, eta ez zuen onartu gobernadorearen proposamena. Quincianori ez zitzaion gustatu haren erantzuna eta kartzelan sartu zuen, eta bertan torturatu egin zuen; bularrak moztu zizkioten, eta hil egin zen 21 urteko neska gaztea. Agate Deuna mendebaldeko lehengotariko birjina-martiria da. 

Euskal Herrian Santa Ageda ospatzen dugu, Martiri askorekin gertatu izan ohi den bezala, Agate Deuna ere Euskal Herriko zaindari egin baitzuten. Herritarrak eta taldeak santa-eskean kalera ateratzen dira neska gazte siziliarraren ohoretan koplak eta bertsoak kantatzera; kopla edo bertso horien bidez Agateren bizitza kontatzen da, eta kantua abestuko den etxeko senideei zuzendutako bertsoak ere izaten dira.

Gaur egun, jaiak kutsu erlijiosoa eduki arren, bere jatorria guztiz paganoa da eta makilak astintzen ziren ama lurra esnatzeko nahian neguko solstizioaren ondoren, laster udaberria etorriko zelako.




Normalean iluntzean ateratzen da, ikusi ahal izateko faroltxo bat ateratzen da kandel bat piztuta barruan.




Guk, gaur egun, euskaraz abesten ditugu Agate Deunaren koplak, bertsio desberdinak entzun daitezke lekutik lekura. Euskal Herriko hainbat lekutan, aintzinean, gazteleraz ere abesten ziren. Jarraian, hemendik gertuko bertsio bitxia luzatzen dizugu, Sestaokoa hain zuzen ere, 93 urteko emakume batek abestuta.




IEUP!!!