SID etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
SID etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2018/02/06

OTSAILAK 6, INTERNET SEGURUAREN NAZIOARTEKO EGUNA


Kaixo jarraitzaile zibernetiko hori!

Internet seguruaren eguna dugu gaur eta, iaz bezala, geure ekarpena plazaratu nahi dizugu.

Internetera konektatzen diren gailuak eta gailuon erabilera izugarri ugaldu da azken urteotan. Gauzak horrela, gazteek sare sozialak eta Internet erabiltzeko moduak sortzen duen kezka ere asko hazten ari da. Erabilera egokia egiten jakin behar da eta konpetentzia digitalaren atal hori ez da beti behar bezala lantzen. Uste dugu eskolak erantzukizun handia daukala gai honekiko, horregatik geure eskoletan saio espezifikoak antolatzen ditugu hau lantzeko geure ikasleekin. Eta zeu (ikasle zein irakasle), jantzita ahal zaude interneteko segurtasunaren kontuetan? Horrela ez bada, gaur aitzakia perfektua daukazu hasteko!! 

Safer Internet Day (SID) INSAFE/INHOPE sareak bultzatzen du Europako Batzordeak lagunduta. Aurtengo leloa hauxe da: "Sortu, konektatu eta partekatu errespetua: Internet hobea izateko, izan zu abiapuntu!" Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak bat egin du eta Safer Internet Day Lehiaketaren III. edizioa deitu du, Europar Batasunaren Safer Internet Programaren esparruan. Xedea gazteen artean Interneten erabilera segurua eta arduratsua sustatzea da eta, horretarako, ikus-entzunezkoak sortzea modu seguruan. Jardunaldia Europako Batzordeak sustatzen du eta, jardunaldi horren bidez, adingabeen babesa sustatu nahi da, sareko mehatxuen aurrean. 

Jarraian lehiaketaren kartela luzatzen dizugu zehaztasun guztiekin:




Animatuko zara? Ziur asko dakizula Konpetentzia Digilaren segurtasunaren eremuari buruz eta lehiaketan plazaratzeko modu orijinala otuko zaizula. Bestela, ikerketa bat egin dezakezu gai honetaz gehiago jakiteko eta ganorazko lan bat jorratzeko! Baten bat animatzen bada, bidali zeuen bideoak beste post batean parteka ditzagun, mesedez: baloreak@gmail.com

Jarraian, INCIBE-k egun eta ekintza honetan parte hartzen animatzen duen bideoa txertatzen dizugu: 




Eta amaitzeko, bitxikeria moduan, hacker bat aritzen ikusiko dugu:





Harrigarria, e? Ziur aurrerantzean e-posta susmagarriak detektatuko dituzula, estekarik ez duzula klikatuko eta pasahitzik ez duzula emango, ezta?

2017/02/08

SID: SAFER INTERNET DAY


Kaixo jarraitzaile hori!

Internet seguruaren eguna dugu gaur, otsailak 7. Aurtengo kanpainak eskatzen du guztion kolaborazioa internet seguruagoa izan dadin guztiontzat, baina batez ere ume eta gazteentzat. Ekintza asko burutuko dira mundu mailan egun honetan segurtasuna bultzatzeko.

Baina, egun bateko kontua al da soilik? Gure ustez, ez; horregatik sakonago landu nahi dugu gaia.

Duela gutxi, Gabonetan, Euskaltelek hitzarmen bat eskaini zigun iragarki batean. Bertan, 12 betebehar biltzen dira mugikorrari erabilera egokia emanez. Azter dezagun iragarkian azaltzen digutena!





Erabilera egokia izateko aholku jakintsuak entzun ditugunak! Ados al zaude guztiekin? Baten bat baztertuko zenuke? Besterik bururazen al zaizu? Erabiltzaile berriek soilik hartu behar dituzte kontuan? Telefono mugikorra izanez gero, hausnartu zeuk egindako erabileraz iragarkian ikusitako aholkuak kontuan izanik, zelakoa da? Ohituraren bat aldatu beharko zenuke?

Telefono mugikorraren erabileraren eredu bat ikusiko dugu hurrengo bideoan. Informazio-trukea garatuko da. Arreta jarri hori modu eraikitzaile batean egiten duten edota arduragabekeriaz ere erabiltzen dituzten:





Bideoko protagonistek beren egunerokoan teknologia berriak erabiltzen dituzte, sare sozialez egiten duten erabilerarekin bat egiten duzu? Ekintza arriskutsurik hauteman duzu? Sare sozialak modu desegokian erabiliz gero arazorik izan dezakegu? Sare sozialen erabilera desegokiaren ondorioz sortu den arazo bat larria izan daiteke, zure ustez?

Esukaltelek emandako aholkuak jarraitzen dituzte? Argazkiak bidaltzea oso ondo dago, edota egiteko dituzten zereginei buruzko informazioa bildu lankidetzan jarduteko. Baina, arduragabekeriaz ere jokatzen dute: egokiak ez diren argazkiak bidali dituzte, hirugarrenei buruzko informazioa bidali dute haien baimenik gabe, iraindu, mehatxu egin edo hirugarrenei jazarri...

Teknologia berriak eta sare sozialak arduragabekeriaz erabiltzeak askotariko arazoak sor ditzake. Dakizunez, mundu birtualean, izugarri azkar zabaltzen dira gure ekintzak; ekintza horiek jende askorekin partekatzen dira, eta, horrez gain, sarean garatzen den ekintza bakoitzak ezabatu ezin den aztarna bat uzten duela kontuan izan behar duzu.

Orain telefono mobilaren erabileratik, interneteko erabilerara emango dugu pausoa. Ziur gaude irakurleetariko gehiengo batek smartphone-a izango duela. Ba al dakizu orokorrean oso etekina txikia ateratzen zaiola patrikan gordetzen dugun ordenagailu txiki horri? Askok sare sozialak baino ez dituzte erabiltzen. Pena handia da, asko eta asko ikas daitekelako gailu txiki horiekin. Ordenagailu bat antzera dabil eta ez dakigu behar bezala daukan zuku guztia ateratzen. Baina hori norbere eskuetan dago, jakinminak bultzatu behar zaitu ezagutzen esku artean daukazuna.

Jarraian txertatutako bideoa Zumaiako Maria eta Jose ikastetxeko 5. mailako ikasleek egina da, "Klik" izenburua dauka. Aholku batzuk ematen dituzte oso era originalean, erne egon ea zerbait berri ikasten duzun!





Ziuraski aipatutako erabilera asko ezagutzen zenituela eta ordenagailu edo tabletarekin egiten duzun moduan, berdin egin dezakezu telefono mugikorrarekin. Argi izan behar duzu bata zein bestea erabiltzean, beti ager daitezkela saihestu behar dituzun arriskuak eta zalantzarik baduzu, jo ezazu nagusi batengana laguntza bila.

Orain apur bat urrunago joko dugu galdera batez: inoiz publikatu duzu zeure argazkiren bat interneten? Ikus dezagun hurrengo bideoa, Azkorri ikastetxeko DBHko 3. mailako ikasleek egina da. Amaitu ondoren, azalpen handirik eman gabe, ulertuko duzu zergatik galdetu dizugun hori:





Ulertzen duzu zergatik egin dizugun galdera hori lehen? interneten argitaratzen den informazioa zeure onerako edo txarrerako jokatu ahal du.

Zuk zeuk soilik jakin dezakezu zelako erabilera egiten duzun telefono mugikorrarekin, ordenagailuarekin edota tabletarekin. Sarrera honen asmoa zure ikuspuntua zabaltzea da zure segurtasuna bermatzeko. Ez izan inozo eta, Interneten ere, zaindu zure burua!