2016/12/01

TXIMELETA ETA MEZULARIAK

Kaixo lagun!

Gaur ipuintxo bat ekartzen dizugu. Norbaitek esan dezake nagusiegia zarela ipuin bat irakurtzeko, baina ipuinek ez dute adinaz ulertzen eta, askotan, umeentzako ipuinek zertxobait irakasten digute nagusioi ere bai.

Besterik gabe, ikus dezagun bideoa:




Ez dakigu bideo ikusi bitartean zer etorri zaizun burura, horregatik gogoetarako hainbat galdera luzatzen dizkizugu:

Zer iruditu zaizu ipuina? Ezaguna egin al zaizu?
Ikusitako beste bideo batekin loturarik izan ahal du? Zeinekin?
Zer nolako gomendioa ematen dio amak Maddiri? Zer iruditzen zaizkizu emandako gomendioak?
Zure ustez, Maddik bere burua maite al du? Nola dakizu? Zelan adierazten da?
Zer iruditzen zaizu beste neska-mutilen jarrera? Zergatik esaten dizkiote gauza horiek Maddiri?

Orain, gogoeta egin ondoren, ariketa bat proposatzen dizugu:

Hasi baino lehen bi orri beharko dituzu. Lehenengoarekin gutunazal bat egin behar duzu. Bukatzen duzunean, apaindu nahi duzun moduan eta jarriozu zure izena. Gutunazal hori zure "postontzia" izango da.

Bukatu baduzu, hartu bigarren orria. Moztu erditik. Zati batean idatzi zure hiru ezaugarririk onenak eta beste zatian zuk aukeratutako beste ikaskide batenak. Gorde zureak goibel zaudenerako eta sartu zure ikaskide horren postontzian bereak. Arau bakarra dago: ezaugarri positiboak izan behar dira, animatzeko momentu zailetan.

Zure irakasleari poltsa batean ikasle guztien zenbakiak sartzea proposatzen diogu. Ikasleek, txandaka, har dezakete paper bat eta tokatu zaien zenbakiari idatziko diote. Horrela inor ez da geratuko mezurik gabe. Papertxoan ez duzu zertan zure izena idatzi behar, agian horrela errazagoa izango da eta normalean esatera ausartzen ez zaren gauzak idatziko dituzu erraztasun handiz. A! Eta noski, nahi baduzu ikaskide bat baino gehiagori idatzi... aurrera! Ez ahaztu guztiok ezaugarri positiboak ditugu eta saiatu ezaugarri fisikoak alde batera uzten.

Hau guztia egin baduzu, zorionak! Mezulari ezin hobea zara orain. Jarraitu berri onak ematen mundu guztiari. Ziur hobeto sentituko zarela. Oso polita da ingurukoei gauza atseginak adieraztea eta horrek ondo sentiarazten gaitu.

Espero dugu ekintza hau zure gustokoa izana eta gogoratu:

Maitatu zure burua, zuk ez baduzu egiten, nork maitatuko du ba?



iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina