2016/12/03

EUSKARAREN EGUNA II

Kaixo!

Atzoko sarrera osatzeko asmoz euskaldunon altxorraren inguruko informazioa plazaratu nahi dugu hemen Euskararen Nazioarteko Egunean.

Collage batekin hasiko gara:


Egilea: Leirebh

Leku txikian, oso mezu potente daukagu. Orain, zure esku dago zer egin...

Arabako Alea web orrialdean gaurko egunari buruzko informazioa luzatu digute (eskerrik asko Meri!) eta zurekin elkarbanatu nahi dugu:

Ba al zenekien Euskararen Eguna guztiz lotuta dagoela Frantzisko Xabierko Deunarekin? 1552ko abenduaren 3an hil zen Frantzisko, eta kondairak dioenez, hil aurreko azken hitzak bere ama hizkuntzan izan ziren, hots, euskaraz.

Ba al zenekien 1949. urtean Eusko Ikaskuntzak Euskararen Nazioarteko Eguna ezarri zutela? 1995ean Eusko Jaurlaritzak eta Euskaltzaindiak bat eginik, Euskararen Nazioarteko Eguna instituzionalizatu egin zuten. Euskararen Nazioarteko Egunaren lehenengo edizioaren dokumentu batekin topo egin dugu Sarean.

Ba al zenekien Euskararen Egunak hainbat izen izan dituela? Lehendabiziko edizioan 'Eskuararen Eguna' erabili zen eta ondorengo urteetan 'Euzkararen eguna' edo 'Euzkara Eguna' bezala ikusi izan dugu. Egun Euskararen Eguna edo Euskararen Nazioarteko Eguna erabiltzen dira.

Ba al zenekien Euskal Herrian ez ezik, munduko beste hainbat txokotan ere ospatzen dela Euskararen Nazioarteko Eguna? Jakin badakigu Mexikon, Bartzelonan, Washingtonen, Buenos Airesen eta Parisen ere euskara goraipatzen dela abenduaren 3an.


Gure hizkuntzaren historiari buruzko informazioa bilatuz gero, dexente aurkituko dugu baina hori guztia biltzen duen Azkue Fundazioaren bideoa txertatzen dugu jarraian hainbat bitxikeri ikas ditzazun. Adi egon!!





Arretaz entzun baduzu, ziur euskarari buruzko gauza berri asko ikasi dituzula, ezta? Hala ere, gehiago jakin eta ikasi nahi baduzue, Bilboko San Inazio auzoan dagoen Euskararen Etxera hurbil zaitezke.

Egun ona izan!!

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina