Kaixo irakurle hori!
Pasa den astean ipuin baten bitartez ikasi genuen autoestimuaren edo, beste modu batean esanda, gure burua maitatzearen garrantzia beste batzuen jarrera desegokiei aurre egiteko.
Gaur beste jarduera bat proposatu nahi dizugu. Ikus dezagun bideoa:
Suediako iragarki hau ikusi ostean ideia asko etortzen zaizkigu burura baina zureak jakin nahi ditugu. Horretarako galdera batzuk uzten dizkizugu:
- Zer datorkizu burura zuri?
- Uste duzu txano laranjaduna ausarta dela?
- Egingo ote zuen gauza bera bakarrik balego?
- Nor da ausartaren papera jokatzen duena?
- Inoiz sentitu zara "ilegorri"?
- Zelan konpondu zenuen?
- Ilea tintatzen duenaren laguntza bezala jaso zenuen?
- Zer deritzozu bere ekimenari?
- Jokatuko zinateke berdin horrelako arazo baten aurrean?
- Batzuk ez dute ezer egin, ez alde ez kontra. Zer deritzozu haien jarrerari?...
Ikusten duzunez hausnarketa dexente etortzen zaigu burura... Beharbada galdera guztien erantzuna ez daukazu, baina gogoeta bat luzatu nahi dizugu:
Oso erraza da besteak mintzea. Oso poteretsu senti gaitezke. Besteak baino hobeak garela pentsa dezakegu. Baina, geure bizitzan aurrera joan ahala, konturatuko gara guztiz kontrakoa dela. Poteretsuagoa, hobea, zoriontsuagoa eta maitatuagoa sentitzen da besteak zaintzen dituena.
Izan gaitezen ilegorriagoak!
Hurrengo bideoaren protagonistak esku-jolas baten pertsonaiak dira, ziurrenik oso ezagunak zuretzat: Harri, Orri eta Ar. Ez dugu galderarik egingo aldez aurretik.
Erne egon bideoari:
Erne egon bideoari:
Argi dago kanpoko itxuraz ezin zarela fidatu. Batzuetan laguntzat dituzunak ez dute erantzuten behar bezala eta, aitzitik, maiz, espero ez duzun pertsonengan altxorrik politenak topa ditzakezu eta laguntasunik politenak sor daitezke.
Baina, zer nolako lotura daukate bi bideoek? Guk ikusitako hiru ideia nagusi plazaratuko dizkizugu:
Batetik adierazten digute askotan guk bakarrik ezin diegula egoera zailei aurre egin, baina besteen laguntzarekin dena izaten dela posiblea, are gehiago besteek gugan sinesten dutela sentitzen badugu.
Bestetik ikusten dugu "desberdina" dena beti izaten dela ahulena, Maddiri gertatzen zitzaion moduan... Eta horretaz baliatzen dira erasotzaileak. Ausart sentitzen dira, baina koldarrak direla adierazten dute ahulagoak erasotzen. Ez dira ausartzen haiek baino ezagunagoak mehatxatzen edo txarto tratatzen,ez...
Eta azkenengo ideia: nahiz eta hasiera batean pertsonaia ahulak bakarrik daudela iruditu, amaieran ez da horrela eta ikustarazten digute beti beti dagoela norbait laguntzeko prest.
Ziur gaude zuri beste ideiaren bat ere bai bururatuko zaizula. Animatu zaitez elkarbanatzen besteokin!
Ziur gaude zuri beste ideiaren bat ere bai bururatuko zaizula. Animatu zaitez elkarbanatzen besteokin!
Amaitzeko argi utzi nahi dugu hurrengo ideia: ingurukoen laguntza eta konfidantzarekin dena izan daiteke posiblea! Hortaz, laguntza eman eta mezu baikorrak adierazi ondokoak babestuak eta maitatuak senti daitezen, eta horrela egoera latzak eramangarriago bihurtuko dira.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina