2018/03/20

AUTENTIKOAK


Kaixo balorazale!

Pasa den urtean eman genizun egun honen berri. Eta adibide anitz jarri genizkizun argi gera zedin Down Sindromedunak PERTSONAK direla.

Ba al dakizu zer den Down Sindromea? Definizioz, Down sindromea alterazio genetiko bat da, normalean 21. kromosoma bikotean ematen dena. Bikote horretan bi kromosoma izan beharrean, hiru kromosoma izaten dizutezte sindrome hau pairatzen duten pertsonek. 

Hurrengo irudian oso argi ikusten da alterazio hori:




Zerikusia izango du martxoak (3) 21ean izatea egun honek (21. kromosoma bikotean 3 izatea 2 izan beharrean)? Edo kasualitatea ote da...? Jarrai gaitezen ea hemendik erantzuna aurkitzen duzun, bestela iker ezazu!

Jarraitu baino lehen, argi utzi nahi dugu ez dela gaixotasuna. Ezaugarri zehatzak dituzte, besteak beste: 
  • Garapen motrizean arazoak
  • Koordinazioan eta mugimenduetan zailtasunak
  • Atentzioa mantentzerako orduan zailtasunak
  • Entzumen urritasuna zenbait kasutan
  • Hizkuntzaren garapenean atzerapena
  • Memorizaziorako zailtasunak
  • Prozesu kognitiboak gauzatzeko zailtasunak
  • Irudiak, soinuak baino hobeto prozesatzeko gaitsuna

Beharbada beste batzuei baino gehiago kostatu ahal zaie gauzak egitea, baina autentikoak dira, aurtengo sentsibilizazio kanpainak adierazten duen moduan. Haiek inork baino hobeto azaltzen dute nolakoak diren eta nola sentitzen diren hurrengo bideoan:





Oso egokia bideoari eta kanpainari eman dioten izenburua: autentikoak. Horrelakoak baitira. Baten bat ezagutzen baduzu ziur gaude ados egongo zarela; eta ez baduzu oraindik zorte hori izan, daukazunean honetaz guztiaz gogoratuko zarelakoan gaude.

Beste bide batetik baina honekin loturik, #DiferenteComoTu izeneko kanpainia heldu zaigu (eskerrik asko Leire!), eta luzatzen dizugu zeure zentruan martxan jar dezazun edo zeure etxean familiakoei proposa diezaiezun.




Ikusten duzunez ez da bat ere zaila, animatu zaitez martxoak 21ean galtzerdi desberdinak janzten eta bete ditzagun sare sozialak argazkiz PERTSONA hauen inklusioagatik!!

Amaitzeko, jarraian txertatzen dizugu EITBko #UrHanditan programak azaroan Down Sindromeari buruz eskainitako saioa. Denbora behar da, baina merezi du ikusteak hobeto ezagutzeko PERTSONA hauek:



Zenbat ikas dezakegun haiengandik... Autentikoak dira, eskerrik asko existitzeagatik!

2018/03/15

ASMAKIZUNA, JOLASA ETA IPUINA


Kaixo balorezale hori:

Gaurko sarrera asmakizun batekin hasiko dugu, jolas batekin jarraitu eta ipuin "klasiko" batekin amaituko dugu. Dibertigarria dirudien arren, nahiko serioa da gaia. Baina ez gara gehiago luzatuko eta asmakizunari ekingo diogu. Adi egon eta pentsatu, ea erantzun zuzena bururatzen zaizun!:





Nahiz eta asmakizuna asmatu ez, ziur konturatu zarela zertan datzan gaurko gaia. Horixe! Genero eta berdinasunarekin jarraituko dugu, martxoak 8ko sarreran adierazi bezala, kezkatzen gaituen gaia baita eta kontzientziatu behar dugu gizartean dagoen arazoez.

Asmakizunera itzuliko gara. Aldez aurretik ez zekien norbaitek asmatu badu, geure zorionik beroenak eman nahi dizkiogu, oso jende gutxik lortzen baitu. Baina tamalez, normalean, gizarte matxista honetan jendeak ez du erantzuna zuzena aurkitzen zirujauaren figura, gizonarena irudikatzen dugulako. Matxismoaren putzua da eta oso kutsatuta dago gizartea. Espero dugu baten batek asmatu izana, pentsamendua aldetzen doan seinale!

Hasieran adierazi bezala, amakizun ostean, jolasa dator. Hona hemen! 





Ziur zuri ere bai bidegabekeria hutsa iruditu zaizula sarien banaketa. Hemen ikustea erreza da, baina bizitza errealean ez da horrela suertatzen eta Norvegiako entrepresa batek (Finans Forbundet) bideo adierazgarri hau sortu zuen martxoaren 8an emakume askoren egoera injustua salatzeko eta berdintasuna aldarrikatzeko. Hemendik txalokatu nahi dugu zein argi adierazi duen, umeek ere ulertzeko moduan! Zergatik agintariek ez daukate hain argi eta onartzen dute gizon eta emakumeen artean existitzen den soldata-urradura? Penagarria... Egin dezakegun gauza bakarra da bidegabekeria presente izatea eta eskubide berdinen alde borrokatzea.

Amaitzeko, esan bezala, ipuin bat ekartzen dizugu. Little Revolutions proiektuaren eskutik datorkigu bideo zoragarri hau. Oinarria Txanogorritxoren ipuina da baina ikus dezagun zelako mezu matxista dituen atzetik...





Inoiz konturatu zara ipuin klasiko "inozo" honek zeukan arriskua? Harrigarria da zelan txiki-txikitatik guztiok entzun ditugun ipuinetan indarkeria dagoen eta normaltzat hartzen dugun. Hausnarketarako uzten dizugu...

Espero dugu gaur partekatutako material guztiarekin ipuina aldatzea joatea...

Asteburu ona izan!

2018/03/07

MARTXOAK 8, EMAKUMEEN NAZIOARTEKO EGUNA


Kaixo balorazale:

Gaurko egunean ez dugu ekarpen handirik egingo, iaz egun honen historia luzatu genizun eta ezer gutxi gehitu ahal dugu. Gainera ziur gaude bideo eta material pilo iritsi zaizula azken egunotan emakumearen paperaren inguruan. Pena da erakunde ofizialetatik egun bakar batean laburbiltzea gai potolo hau. Ez gaude ados jarrera horrekin, arazo hau egunerokotasunean daukagu eta EGUNERO borrokatu behar da berdintasunaren alde. Guk, hemendik, egiten dugu, askotan aztertu dugu emakumearen papera eta aldarrikatu dugu berdinatasuna, eta ez bakarrik egun zehatzetan... Aprobetxatu nahi dugu salatzeko hau ez dela konpontzen ekintzez betetako egun batekin, ez!

Jarraian emakume askok pairatzen duten egoera oso ondo isladatzen duen bideoa lutzatzen dizugu:





Gogorra da bideoa, ezta? Tamalez, ez da exagerazioa eta gaur egun oraindik ere horrela izaten da kasu askotan... Desberdintasun hori dela eta, Emakundek berdinatasuna etxean eraiki eta irakatsi egiten dela azaltzen digu hurrengo bideoan:





Horrelako ereduak izanda, erreza da etorkizun hobea eraikitzea. Gaur egungo umeek, heziketa ona jasotzen eta behar bezalako ereduak izaten, etorkizunean berdintasunaren lorpen handiak egingo dituzuelakoan gaude. Zeuen esku dago etorkizuna!

Amaitzeko, oso bideo bitxia luzatzen dizugu, emakumeek asmatutako 33 gauza harrigarriak:





Hausnarketarako galdera batekin agurtzen zaitugu: zergatik honelako ereduak izanda, ez dira ezagutzen? Guztion esku dago berdintasuna.

2018/02/26

HARREMANAK


Kaixo irakurle hori:

Askotan gatazken inguruan aritu gara, baina uste dugu gauza batzuk argitzea ez dagoela soberan, azken egunotan gure inguruko egoera batzuk aztertu ondoren...

Ikus dezagun arazoen inguruko bideo hau. Erne egon, gero bakoitzaren papera aztertuko baitugu:




Pertsonen arteko harremanetan arazoak sortzea normala da, guztiok ez baitugu berdin jokatzen eta guztiok ez baititugu egoerak berdin ulertzen. Bakoitzak bere ikuspuntua dauka eta batentzat arazoa ez dena, bestearentzat beharbada bai. Egoerak interpretagarriak dira eta, arazo bat suertatzen denean ulertu behar dugun lehenengo gauza da bakoitzak bere ikusmira daukala. Bestearen zapatetan jartzen saiatu behar dugu bere ikusmiratik arazoa zelan ikusten den ulertzeko eta horrela, gatazka konpontzeko. Agian monologos.com web orrialdetik hartutako irudi honek laguntzen zaitu azaldutakoa ulertzen:

Argiago ikusten duzu orain? Horrela izatea espero dugu... Bien zapatetan jarrita, ulergarria da baina inor ez bada mugitzen, ez dago ulertzeko eta eztabaida konpontzeko modurik...

Bestea ulertzeko lehenengo pausua eman ondoren, gure ustez ulertu behar dugun beste kontu garrantzitsu bat da hainbat gatazka mota dagoela desberdintzea. Maiz bullying hitza errezegi erabiltzen da eta eskola-jazarpena ez da nahastu behar elkarrekintza zakarreko edo bizikidetza asaldatzen duten beste egoera batzuekin: borrokak, txantxak, noizbehinkako eztabaidak, eskola-bandalismoa, banden arteko liskarrak, etab.

Eskola-jazarpenaren ezaugarriak honako hauek dira: 
  • Botere-desoreka / babesgabetasuna: Pertsonen arteko harremanetan, indar-desoreka eragiten duen botere fisiko, psikologiko eta sozial desberdina sortzen da. Biktimak ez ditu aurkitzen bere burua defendatzeko estrategiak.
  • Intentzionalitatea: Kaltea egin-nahi kontzientean adierazten da.
  • Pertsonalizazioa. Ikasle bakar bat izan ohi da jazarpenaren biktima, eta, era horretan, babesgabetasun egoeran jartzen da 
  • Errepikapena: Denboran zehar errepikatzen den ekintza izan behar da.

Orain argiago gatazka eta eskola-jazarpenaren arteko desberdintasuna argiago izatea espero dugu. Jarraian txertatzen dugun bideoan gatazken inguruko hainbat adibide plazaratzen dira eta konpontzeko moduak:





Gatazkak konpontzeko pausuak eta kontuan izan beharrekoak errepasatuko ditugu:

  1. Gatazka identifikatzea: oso garrantzitsua da jakitea benetan zer gertatu den, gehienetan bakoitzak beste ikuspuntutik ikusten du arazoa.
  2. Besteak entzutea: beharbada arazoa gertatzen den momentuan bertan ezin da egin, baina oso inportantea da pausu hau ere bai. 
  3. Lasaitasunez hitz egitea: errespetuz jokatu behar dugu eta, nahiz eta besteak esaten duenarekin ados ez egon, bere partea lasaitasunez entzuten ikasi behar dugu.
  4. Akordioetara heltzea: gatazka zein den ulertu ondoren, akordioen momentua da. Guztiok konpromezu bat hartu behar dugu eta bakoitzak bere partea bete behar du.
  5. Errua aitortzea: dena argitzen denean ikasi behar dugu txarto egin dugun partea onartzen eta akatsengandik zerbait berria ikasten saiatu behar dugu berriro berdina ez gertatzeko.
  6. Inplikatutako guztiak elkarrekin konponbidea topatzea: aurreko guztia burutzeko, betiere izan behar dugu kontuan gatazkan sartutako guztiak egon behar direla elkarrekin konponbidea topatzeko.
  7. Solidaritatea: pertsona bat gaizki dagoela ikusten baduzu, hurbildu modu onean eta galdetu laguntza behar duen.
  8. Jolas kolaboratiboa: askotan futbolean aritzen zaretenean suertatzen dira arazoak eta maiz talde berdinekoen artean... Imajinatzen duzu lehen mailako partida batean horrelako jokabideak ikustea? Talde bereko jokalarien artean haserrealdiak egotea?
  9. Sentimenduen adierazpena: besteak ulertzeko zelan sentitzen zaren edozein gatazka aurrean, adierazi egin behar da, bestela besteak ezin du ulertu...
Amaitzeko, argi izan behar duzun beste gauza bat da inguruan gauden nagusiok laguntzeko prest gaudela. Pertsona izaten ikasi behar duzu eta bide horretan laguntzeko gaude ere bai.

2018/02/23

OSTEGUN BELTZA

Kaixo balorezale,

Askotan idatzi dugu kirolari buruz eta, horren inguruan hausnartuz, hainbat balore plazaratu egin dira (solidaritatea, laguntasuna, umiltasuna, zintzotasuna...). Aste honetan, aldiz, beste ikuspegi batetik begiratu behar dugu kirolarekin lotuta dagoen egoera bat.

Bart, Athletic-ek Moskuko Spartak-en kontra jokatu zuen UEFAko Europa Leaguen. Astean zehar hainbat abisu egon dira zale errusiar extremisteei buruz eta beraien gaiztakeriak nolakoak diren ikusteko aukera anitz izan ditugu komunikabide guztietan, baita sare sozialetan ere. Oso zaila izan da ezer ez ikustea.

Herenegun, Bilboko bi ikastetxek, San Mamesetik gertu daudenez, eskolaz kanpoko ekintzak, eta baita klaseak ere, bertan behera uztea gomendatzen zuten, errusiar zaleekin arazoak egotekotan umeak arriskuan egon ez zitezen.

Hiriburuko kaleetan ehunka polizia ikusi ditugu, ia-ia borrokarako prest, zale euskaldunak zein errusiarrak gaiztoengandik babestu ahal izateko. Bai lagun, errusiarrak ere, astelehenetik gure artean hainbat Spartakzale egon baitira Bilboz gozatzen inori kalterik egin gabe eta, noski, beraien segurtasuna ere jokoan zegoen. Zergatik? Hemengo zalegoaren parte bat ere extremista delako eta borrokatu nahi omen zuen.

Gauzak horrela, partidua hurbildu ahala, iskanbilak sortu egin ziren Gasteizen zein Bilbon. Azkenean, partidua hasi baino lehen, irudi penagarri eta triste baino tristeagoak ikusi ziren. Su artifizialak, kolpeak, irainak... liskar galanta egon da San Mames alboan eta, partiduaren atsedenaldian, berri tristeena jaso genuen, Ertzain baten heriotza, hain zuzen. Antza, ez zen kolpe baten ondorioz izan, baina berdin dio. Zer dela eta pertsona bat hil behar da kirol ikuskizun batengatik?

Irudi hauek, guretzat, iraganeko irudiak ziren, baina ez da horrela. Kirol profesionala eta bertan sortzen den norgehiagoka aitzakia baino ez da liskartientzat eta hauek astero plazaratzen dute beraien krudeltasuna munduko bazter guztietan. Gauza bakarra dago argi: kirol ikuskizunetara borrokatzera doazenek ez dute kirola edo taldea maite, bakarrik indarkeria, eta gure zelaietatik eta kaleetatik at egon beharko ziren. Berdin dio errusiar, ingeles, espainol edo euskalduna izatea. Beraientzako lekurik ez da egon behar.

Pasa den urtean aurkeztu genizun moduan, indarkeriari txartel beltza atera behar zaio:


Resultado de imagen de indarkeria kirola


Orain, alde batera utziko dugu "kirola" eta gure nagusiengana hurbilduko gara.

Atzo goizean, estatuko hiriburu nagusietan, erretiratuak kalera atera ziren pentsio duinak eskatzera. Azken 5 urteotan, guztira, beraien bizizaria %1,25a baino ez da igo, hau da %0,25 urte bakoitzean.  IPCak (gauzen prezioa), aldiz, %2,1a igo da 2013tik hona, hori elektrizitatearen eta gasaren prezioa kontuan hartu gabe.
Zer esan nahi du honek? Demagun 2013an erretiratu batek 600€ko pentsioa zeukala. Bere pentsioa, gaur egun, 607,5€koa izango zen eta, noski, 7,5€k ez du ematen gauza guztien prezioen igoerak ordaintzeko.

Gure nagusiek gero eta pobreagoak direla salatu nahi dute eta bizitzaren prezioaren igoera bera beraien pentsioak izateko eskatzen dute.

Hemendik, gure solidaritatea eskaini nahi diegu nagusi guztiei. Ba al da posible, bizitza osoa lan egin eta gero, zergak ordaindu ondoren, hain pentsio baxuak izatea? Nola bizi daitezke gure aiton-amonak? Nork bermatzen ditu beraien eskubideak? Madrilgo gobernutik, gainera, irain bat jaso egin dute orain dela gutxi. Presidentearen hitzetan, bizitzan zehar aurreztu behar da jubilaziorako. Eta hori dio pentsionisten itsulapikoak, guztion artean bete dugun hori, bankuak eta entrepresa pribatuak salbatzeko husten duen bitartean. Hura bai komiko ona. 

Blog txiki honetatik omenaldia egin nahi diegu nagusiei. Zuek bai izan zaretela eredu aparta giza eta langileen eskubideak lortzeko borrokan. Zuen alde gaude. Gora nagusien borroka!


Imagen relacionada

Resultado de imagen de pensionistas bilbao

2018/02/20

OTSAILAK 21, AMA-HIZKUNTZAREN NAZIOARTEKO EGUNA


Kaixo balorazale euskaldun hori!

UNESCOren ekimenez sortutako Ama-hizkuntzaren Nazioarteko Eguna da gaur, hilak 21a; hizkuntza aniztasuna eta hizkuntza gutxituak aldarrikatzeko eguna. Honen berri ematen dizugu geurea haietariko bat delako.

Deustuko unibertsitateko irakasle batzuk “Euskal hiztun berriak: esperientziak, jarrerak eta identitateak” ikerketa bat egin ondoren, kontu interesgarriak ondorioztatu dituzte (EAEko datuak dira). Hona hemen ikerketako datuak aintzat hartuta eta Ama-hizkuntzaren Nazioarteko Eguna tarteko Unesco katedrak egindako infografia:



Europako hizkuntza gutxituen eskubideen aldeko Minority Safety-Pack herri ekimena martxan dago, Europako eremu urriko hizkuntzen hiztunen eskubide linguistikoak Europa mailako legeria lotesle baten bidez babestu nahi dituena. Hau bultzatzeko prozesua oso erraza da: www.minority-safepack.eu web orriaren bidez jasotzen dira sinadurak, milioi batera iristeko helburuarekin. 

Kanpainaren bitartez, Europar Batasunaren barruko gutxiengo nazionaletako 50 milioitik gora herritarren eskubideak babestuko dituen legeria loteslea eskatu nahi zaie Europar Batasuneko erakundeei, «Europar Batasun osoan gure hizkuntza eskubideak ziurtatu eta bermatuko dituen europar legeria loteslea».

Europako Nazionalitateen Batasun Federalak aurkeztu zuen ekimena duela zenbait aste Europako Parlamentuko Gutxiengoen Taldeartekoan, eta milioi bat sinadura behar ditu aurrera egiteko. Orain arte ia 600.000 sinadura batu dira, eta gutxienez Europar Batasuneko zazpi estatu ari dira parte hartzen ekimenean.

Baina, zer da ama hizkuntza edo, hobeto esanda, lehen hizkuntza? Umetan, 3 urte bete arte, ikasten den lehenengo hizkuntza da. Geure errealitatean lau aukera daude: umetan euskara bakarrik ikasten duten pertsonak, gaztelania bakarrik ikasten dutenak, euskara eta gaztelania ia aldi berean ikasten dutenak eta, azkenik, euskara eta gaztelania ez den beste hizkuntzaren bat izaten dutenak ama edo lehen hizkuntza moduan. Ez bazaizu oso argi gelditu, bideo honek oso ondo azaltzen ditu kontzeptua eta bitxikeria batzuk, erne egon!:




Ziur zu, gutxienez, elebiduna zarela, zeure lehen hizkuntza izaten dena izaten dela... Hurrengo bideoaren protagonisten lehen hizkuntza ez da geurea, baina harritu gaitu zein ondo egiten duten euskaraz eta zelako eredu diren!





Daukazun lehen hizkuntza daukazula, gaur euskararen alde egingo dugu irakurle askoren ama hizkuntza gutxitua izateagatik eta geure kulturaren altxorra izateagatik. Horregatik aprobetxatu nahi dugu salatzeko pasa den asteburuan entzundako albistea: arbitro andaluziar batek Idiazabal-Elgoibar partidan euskaraz hitz egitea debekatu zien jokalariei eta hurrengo mehatxua bota zien zelaira atera aurretik: 'Norbaitek euskaraz hitz egiten badu, kalera joango da'.

Lotsagarria da! Euskal Herrian gaude eta geure hizkuntza erabiltzeko eskubidea dugu!

2018/02/18

EKAI

Kaixo balorezale,

Gurean hainbat hausnarketa egin dituzu berdintasunaren eta sexualitatearen inguruan. Gurekin LGTB-en eskubideak aldarrikatu dituzu eta hainbat mito apurtu dituzu. Zoritxarrez, gaur berri txar baten inguruan hausnartu nahi dugu zurekin.

Pasa den ostegunean, hilak 15, Ekaik, 16 urteko ondarrutar batek, bere buruaz beste egin zuen. Ekai, mutil transexuala zen eta tratamendu hormonalaren zain zegoen. Hemen luzatzen dizugu albistea.

Guk ez dugu inor epaitu nahi. Bakarrik familiari eta lagunei doluminak eman eta galdera bat lau haizetara bota: Noiz arte?

Azken egun hauetan hainbat dei egon dira Ekairen omenez lotzeko herriko plazetan, gero arte esateko.

Guk ere "Gero arte, lagun, maite zaitugu" esan nahi diogu. 





2018/02/15

AMODIOA


Kaixo balorazale:

Ziur azken egunotan, komunikabideren batetik edo bestetik, San Balentinen inguruko zerbait iritsi zaizula: albistea, iragarkiak, mezuak, bideoak... 

Izatez, egun hau, aintzineko tradiziotik dator eta ia bi mila urte ditu. irakur dezagun istorioa:

270. urtean, Erroman, Klaudio II.a enperadoreak, gerrara zihoazen soldadu gazteen ezkontzea debekatu zuen. Balendin, Erromako gotzainak, aginduari muzin eginez, bikoteak sekretuan ezkontzen zituen. Klaudio enperadoreak horren berri eduki bezain pronto, Balendini otsailaren 14ean lepoa mozteko agindua eman zuen. Historiak dioen moduan, hil aurretik, atxilotuta zegoen bitartean, gartzelako zaintzailearen alaba itsuarekin maitemindu omen zen. Gazteak Asterius zuen izena. Balendinek, jaungoikoari eskatu zion Asteriusi ikusmena itzultzea, hil aurretik, azken agurra ematean neskak bera ikus zezan. Ohartxo bat idatzi zuen eta Asteriusi eman zion, bertan “Zurea, Balendin” jartzen zuen eta, mirari bati esker, neska gazteak irakurri egin omen zuen. Gertaera hura berehala zabaldu zen eta horregatik egun horretan maiteminduen eguna ospatzen da.

Oso istorio polita da baina gaur egun, negozio hutsa bihurtu da eta alferrik kontsumitzeko baino ez du balio. Norbait maite duzula adierazteko modua gauza materialekin ez da aukerarik onena. Amodioa adierazteko modu asko daude eta politenak eguneroko ekintzak dira... Ez da beharrezkoa egutegian markatuta izatea. Benetan maiteminduta egonez gero, egunero adierazten da konturatu gabe eta inolako esfortzurik gabe. Saltzen diguten hau guztia iruzur hutsa da, gutxi batzuon ustez behintzat... 

Ziur gaude irakurle asko ez dagoela ados plazaratutako idearekin baina kontuan izan behar dugu oso kutsatuta gaudela eta txiki-txikitatik erakutsi digutela maitasuna betirako kontua dela, bi pertsonen artekoa, heterosexuala bada hobeto, kontrolatu ezin den sentipen bat dela, zuretzako egina dagoen beste pertsona bat hor kanpoan dagoela, nonbaiten, ezagutu behar duzula... Ideia hauekin mugatzen ditugu sentimenduak. Zabaldu behar ditugu begiak eta maitasun erromantikoaren ideia hori albo batera utzi behar dugu maitasuna kontzeptu polit eta zabala gaitz bihurtzen ari baita erromantizismoaren erruz.

Maitasuna neurtzeko orduan, ez ginateke kantitatean fijatu beharko baizik eta kalitatean. Ondo maitatzea zaintzea da, ez itotzea; onartzea, ez aldaraztea, ez idealizatzea; bestearekin kritikoa izatea da, ez epaitzea; hobetu dezan motibatzea, ez eskasa dela sentiaraztea... Asko dirudi, baina hau dena berez ateratzen da benetazko amodioa dagoenean.

Zabaldu begiak eta amodioareninguruko bideo hau arretaz ikusi, ez zaitu hotz utziko, ez horixe! Amodioaren oso planteamendu eta ikuspuntu ona ematen du. Erne!





Horixe ba, zabaldu begiak eta zeure edertasuna aurkitu. Norbaiti amodioa eskaini ahal izateko, lehenik zeure buruari eskaini behar diozu eta! 

Zaren modukoa onartu eta maitatu! Hor hasten da bizitza osoan iraunduko duen amodiozko istorioa...

2018/02/14

OTSAILAK 15: HAURREN MINBIZIAREN AURKAKO EGUNA


Kaixo balorazale:

Gaur, iaz bezala, egun triste baten berri ematera gatoz: haurren minbiziaren kontrako eguna dugu gaur. Heroi eta heroina txiki hauen egunerokotasuna beste umeena baino askoz desberdina da. Ume askok ezin dute bizitza arrunta izan, ez dira etxean bizi, ezin dira eskolara joan, ez daukate parkean jolasteko aukerarik... Oso errealitate gordina daukate eta etengabe borrokatu behar dute gaixotasun madarikatu horren aurka! Zaila benetan haien eguneroko lana, horregatik hemendik, sarrera xume honekin, indarra eta itxaropena luzatu nahi dizkiegu.

Jarraian, duela 5 urte EITBk grabatutako iragarkia Gabonetako maratoia aurkezteko. Harrigarria ume hauen jarrera!





Ume zoriontsu gehiago eta minbizi gutxiago izango duen mundu baten aldeko kanpaina solidario polita egin dute duela hilabete batzuk Donostialdean. R2-D2 saga galaktikoaren droidea, minbiziaren  borrokaren kolorez jantzirik Donostiara abiatu zen. R2-KT robota pelikulako pertsonia maitatuenetakoa izan da beti, eta pelikulako produktoreak Albin Johnson bere alabatxoak garun-tumorea zuela jakitean, bere gaixoaldi orduak arintzeko, 2004an, R2-KT robotaren kopia egin zion. 2005.ean, robota alboan zuela, Katie txikia hil zen eta ondoren, sortu zuen 501. Legioa eta fundatzailea egin zen, Albin Johnsonen. Honela, 501. Legioa, “Star Wars”eko nazioarteko elkarteak ekintza solidarioak bultzatzen ditu. Minbizia duten haurren sinbolo bihurtu da. Orduz geroztik, 501. Legioak eta R2-KT robotak, Star Wars komunitatearekin batera, minbiziaren kontrako borrokarako dirulaguntzak lortzeko kolaboratzen du.





Argi daukagu inork ez duela merezi horrelako gaixotasunik pairatzea, baina are gutxiago umeek. Horregatik omenaldi txiki hau egin nahi diegu borrokan ari diren txiki txapeldun horiei guztiei.

Indarra zuekin!

Amaitu nahi dugu abesten, oilo ipurdia jarri digun bideoarekin. Besterik gabe, ikus dezagun:


2018/02/10

OTSAILAK 11, ZIENTZIAKO EMAKUMEAREN ETA NESKAREN NAZIOARTEKO EGUNA


Kaixo irakurle hori:

Asteburua da, bai; kanpoan hotz handia da, bai; eta ihauterietan gaude, bai. Aitzakia perfektuak  dira deskonektatzeko, baina ezin dugu. Jaia eta atsedena alde batera utziko ditugu une batez, gaurko eguna oso garrantzitsua baita blog honetan hainbat aldiz aldarrikatu dugun hezkidetza gaia jorratzeko. Horregatik eskatzen dizugu geure mezua zabaltzeko ahalik eta jende gehienari egun honetako informazioa helarazteko. Eskerrik asko!

Izan diren, izaten diren eta izango diren emakume zientzialarien Nazioarteko Eguna da gaur, hain zuzen. Iaz ere bai egun honen berri eman genizun, hemen daukazu informazioa.

Mundu global eta askotarikoan bizi gara, berdintasuna arlo askotan lortu gabe dagoen batean. Arduratu eta kezkatzen gaitu generoaren eta teknologiaren arteko etena. Hori dela eta, neska gazteak zientzian eta teknologian aritzeko garrantzia aldarrikatu nahi dugu zientziako emakume eta nesken nazioarteko egunean.

Lehen aipatu dugun moduan, aitzakiak aurkitu ahal dira gaur etxean gelditzeko; baina gai hau gero eta jende gehiagori kezkatzen zaioela ematen du, Oracle entitateak Bilbon antolatu dituen neskentzako ikastaroak topera daude. Geu han izango gara, nola ez! Hona hemen antolatutako ekintzetan parte hartzeko animatzeko bideoa:





Hemendik, eskerrak eman nahi dizkiogu Oracle 4 Girls delako ekimenari horrelako ekintzak antolatzeagatik eta geure neskei STEM-ei hurbiltzeko aukera emateagatik!

Amaitu baino lehen, albiste bat luzatu nahi dizugu ulertzeko zergatik den hain zaila emakumeon papera zientzia munduan. Erne entzun emandako datuak!





Datu lotsagarri eta kezkagarriak benetan! Ez duzu uste? Zailtasunak zailtasun ere, badira emakume zientzialariak, puntakoak. Horiek hartu beharko genituzke eredutzat etorkizuneko emakumeak motibatzeko.

Hurrengo loturetan informazioa eta eredu apartak aurkituko dituzu emakumearen papera zientzian gaiari buruz gehiago jakin nahi izanez gero:

Aintzindariak
Emakumeak zientziaren historian zehar
Las chicas son de ciencias (Eskerrik asko, Jone!)
Mujeres de la ciencia (Eskerrik asko, Jone!)
Iniciativa 11 de febrero

Normalean, inguru sozialak ez ditu berdin bultzatzen neskatoak eta mutikoak ikasketa zientifiko eta teknikoak aukeratzeko orduan. Erantzukizun eta eragin handia dauka hezkuntzak gai honetan, hezkidetza kontua ezin da bi egunetan bakarrik utzi, azaroak 25 eta martxoak 8 ospatzearekin batera. Eguneroko lana da eta guztioi dagokigu berdintasun hori bultzatzea arlo profesionalean zein pertsonalean. Ahaztu behar ditugu esteriotipoak eta etiketak, PERTSONAK gara eta guztiok aukera berdinak izateko eskubidea daukagu, generoa alde batera utzita behingoz!