2017/11/09

ZIENTZIA ETA BAKEAREN NAZIOARTEKO ASTEA


Kaixo balorezale!

Berriro gatoz egun berezi baten berri ematera, beno, kasu honetan aste oso bat daukagu ikertzeko, bai horixe!

Izenburuak dioen moduan, Zientzia eta Bakearen nazioarteko astea ospatzen da. Aurten 31 urte betetzen dituen ekintza da eta horrelako izenarekin gure blogean agertu behar zen, nola ez! Baina ez gara azalean geratuko, aztertuko dugu zergatik eduki behar duen tokia bertan.

1986an, Nazioarteko Bakearen Urtea zelarik, jardueraz eta ospakizunez beteriko aste berezi bat antolatu zen Gobernuz Kanpoko ekintza moduan. Hain arrakastatsua izan zenez ONUk 1988aren abenduan horrela izendatu zuen, eta urtero azaroaren 11ren astean ospatu beharko zela ezarri zuen ere bai.

Aste honen helburua bikoitza da. Alde batetik garapen zientifiko eta teknologikoaren eta bakea eta segurtasunaren mantenuaren harremana estutzea da; eta bestetik, mundu osoko zientifikoen arteko elkarlanari bultzakada ematea.

Eta zergatik aste honetan? Azaroak 10ean Bakerako eta Garapenerako Zientziaren Nazioarteko Eguna delako.

Gizakiak, ingurumena ulertzeko eta hortik ateratako ezagutzak bere onerako erabiltzeko asmatu zen tresna zientzia da. Aurrerapen, erronka ekonomiko, sozial eta medioanbientalei erantzuna ematen laguntzen gaituzte, etorkizunera begira sostengu iraunkorra lor dezagun eta, horren ondorioz, Bakearen garapena.

Zientzia ezagutzaren giltza izanda, gizakiak beraien aukera profesionalak, pertsonalak eta politikoak hartzen laguntzen ditu, eta baita herritarrak ikerketaren mundura erakartzen ere. Horregatik, urtero, egun berezi honetan, helburu nagusitzat biztanleria aurrerapen zientifikoen jakinaren gainean egotea hartzen da. Horrela gizarte sostenugarriagoak sortu egiten dira eta, horrek, gure planetaren hauskortasunaren kontzientzia hartzen laguntzen digu. UNESCO da zientzia gizartearengana hurbiltzeko sortutako agentzia.

Aurtengo leloa "Munduko elkar ulertzerako zientzia" da eta bere helburua bakea eta sostengu jasangarria mantentzea da, denon arteko komunikazio eta ezagutzaren partekatzea hobetuz.

Mundua hobeto ulertzeko, EHUk aste honetan Zientzia Astea ospatzen du, Zientziaren, Teknologiaren eta Berrikuntzaren XVII. edizioarekin. Bai Bilbon, bai Donostian, baita Gasteizen ere, hainbat ekintza daude antolatuta igandera arte. Begiratu hurrengo bideoa eta, zeure eskolarekin ez bazara joan, animatu hurbiltzen esperientzia izugarriak ikustera! Merezi du eta! Hurrengo bideoak esperientzia zientifiko batzuk biltzen ditu:





Askotan, blog honetan, berdintasuna aldirrakatu dugu eta gaur berriro egingo dugu. Alor askotan desberdintasunak egoten dira emakume eta gizonekoen artean, baita zientzian ere. Hurrengo bideoaren protagonistek oso ondo azaltzen dute. Erne egon!





Eredu apartak zientzialari hauenak!

Jarraian, beste bat. Iaz, Zientziaren eta Bakearen nazioarteko astea zela aitzakia hartuta, Onetsine Arrizabalaga elkarrizketatu zuten Karkara orainkarirako. Alemanian bizi den zientzialari oriotarra da eta garunaren garapen goiztiarrean dabil lanean. Bideoan aipatu den moduan, Onetsine laborategian aritzen diren horietakoa da. Hona hemen elkarrizketa.

Ziur gaude horrelako ereduekin zientzia arloan errezagoa izango dela bakea lortzea! Espero dugu zuetakoren bat, neska zein mutila, mundua hobetzeko zientzialari bihur zaitezten etorkizunean!


2017/11/06

XALBADOR GOGOAN...


Blog honetan lantzen ditugun baloreen artean, kultura ere badago, batez ere geurea txikia dena eta babesa behar duena... Gaur geure kulturaren bertsolari bat ekartzen dugu gogora, gaur 41 urte zendu zelako Fernando Aire Etxart Xalbador bere jaioterrian, Urepelen (Nafarroa Beherea), 56 urte zituelarik eta omenaldia jaso ondoren. Hemendik omenaldi txikia egin nahi diogu gaur.

Euskaltzale amorratua, bertsolaria eta artzaina zen, kontalari ona ere bai: hamaika pasadizo, ipuin eta txiste kontatu ohi zuen lagunartean. Urrutira ematen zuen baino hiztunagoa eta alaiagoa zen Xalbador. Hala ere, bertsoengatik gogoratuko eta miretsiko da Xalbador mendez mende. Izan ere, "Odolaren mintzoa" liburuan bilduma paregabea utzi zigun. Baina idatzizkoetan bakarrik ez zen maisua izan, baita bapatekoetan ere.

Euskal Herri osoan ezaguna, miretsia eta maitatua, lehen ere behin baino gehiagotan omendua, 1969an Donostian, 1976ko uztailean Donibane Lohizunen...

Hil ondoren ere bai omenaldi asko jaso izan ditu, hona hemen ezagunenetarikoa, Xabier Letek egindako kantua:




Gehiago jakin nahi baduzu pertsonaia honen inguruan, hurrengo loturan EITBk eskainitako dokumentala luzatzen dizugu, Eneko Dorronsororen "Xalbador izana eta izena". Geure ondarearen partea da, merezi du ikusteak!

Pasa den urriaren 22an, omenaldi bat egin zioten bere jaioterrian. Hil zenetik, urtero-urtero gorde zaio egun bat, Xalbador Eguna ospatuz. Euskaltzaleen bilgunea izaten da, baina, Lapurdi, Zuberoa eta Nafarroa Beherekoak gutxiengoa dira tamalez. Nahiz eta jarraitzaile gutxi eta publizidade txikia izan, espero dugu ohitura polit hau inoiz ez galtzea eta Xalbadorren arima bizirik irauntea.



2017/11/03

LOVE STORY


Kaixo balorazale hori:

Gaurko sarrerari Haizeak bidalitako bideo batekin hasiera emango diogu. Ez zaitugunez baldintzatu nahi, zuzenean bideoa ikusiko duzu:





Harrituta, ezta? Hain polita zirudien guztia hasiera batean, ezen inork ezin zuen imajinatu horrelako amaiera garratza! Espero dugu inori gertatu ez izana horrelakorik eta, hau eredua ikusita, aurrerantzean inori antzekorik ez gertatzea.

Nahiko esanguratsua da bideoa bera baina sakon aztertuko dugu oso gai kezkagarria bata eta jakinaren gainean jarri nahi zaitugu. Bideoaren amaieran ematen da datu sinestezina, zelan da posible fidatzea eta inoiz ikusi ez duzun ezezagun batekin gelditzea? Ziur gaude ume horiek, interneten ezagututako pertsona aurrez aurre ikusteko pausa eman dutenak, jakinaren gainean egongo zirela.  Saiatuko gara protagonisten zapatetan hartzen eta hurrengo galdoerak erantzuten: zerk bultzatu ahal izan ditu horrelako erabakia hartzera? Zer onura ekarriko die? Arriskurik ikusten ahal duzu hartutako erabakiez? Zer egin dute txarto?

Kontrolaezinak dira umeen papera modu desegokian jokatzen duten heldu horiek, horregatik jakinaren gainean jarri nahi zaitugu eta alarma piztuta izan dezazun nahi dugu horrelako egoerarik gerta ez dakizun.

Amaitzeko identifika ditzagun zein pausu ez diren egokiak: bideoaren hasieran laguntasun eskaera jasi¡otzen du mutikoak. Onartuko zenuke ezezagun baten eskaera bat? Baietz erantzunez gero, inporta zaizu kontatzea zertarako? Aurrerago argazkia ekatzen dio mutikoak neskatxari, honek tontoarena egiten du hasiera batean baina azkenean elkarri bidaltzen diote, egokia al da ekintza hori? Hemen, orain arte egindako gogoetekin, ezetz borobila erantzun izana espero dugu. Amaieran  elkar ezagutzeko gelditzeko pausua ematen dute biek... Inoiz onartuko zenuke horrelako proposamenik?

Beharbada bideoa ikusi aurretik ez zitzaizun hain larria iruditzen horrelakorik egitea. Horrela bazen,  bideoa aztertu ondoren eta egindako hausnerketen ostean, orain iritziz aldatu izana espero dugu eta kontuan izango duzula etorkizunean horrelako eskaerarik edo proposamenik jasoz gero.

2017/10/29

ARIMEN GAUA


Kaixo balorezale!

Gaurko sarrera xume honetan, kulturaz arituko gara. Ziur azken egunotan komunikabideetan eta komertzioetan ezin izan duzula Halloween saihestu. Leku guztietatik dago, baina ba al dakizu jai honen jatorria? Gaur egun Amerikaren kutsu komertziala baino ez dago gure artean, baina antzinean Euskal Herriko tradizioa zen eta leku askotan ospatzen zen. Hurrengo bideoak oso ondo azaltzen du. Erne egon, gauza berri asko ikasiko dituzu eta!



Inoiz entzun dugun moduan, beharbada hemendik joandako euskaldunen eraginez sortuko zen EEBBetan?

Hala bazan edo ez bazan, sar dadila kalabazan eta atara dadila herriko plazan...

2017/10/27

AMA, PANPINA NAHI DUT!


Kaixo lagun!

Gaurko gaia oraindik ez dugu zuzenean ikutu ikasturte honetan. Berdintasunaren inguruan arituak izan gara dagoeneko, baina gaur sakonago ikusiko dugu.

Desberdinduko zenuke mutilen eta nesken arteko jokuetan? Esango zenuke ordenagailuak eta bideojokoak mutilen kontua dela?

Hurrengo bideoa ikusi... (Eskerrik asko, Lourdes!)




Zergatik harrigarria da emakumezkoak horrelakoetan aritzea? Ez al gara berdinak izaten? Zergatik gizartea dago hain kutsatuta zentzu honetan?

Gu, honen ildora, pasa den ikasturtean, 3. zikloko ikasleen bi eskolen artean munduko emakume garrantzitsuen mapa hasi ginen osatzen. Ez daude emakume zientifikoak soilik, baita beste arlo batzuetakoak ere. Klikatu ikonoetan eta aztertu ondo!





Baina ez dugu hain urrunera jotzeko beharrik, gure inguruan eredu asko daude eta. Adibidez, hasierako bideoaren ildora, Bizkaian bertan, Bilboko Deustuko Unibertsitatean hain zuzen ere, DDT-k (Deusto Drone Team) Barcelona Drone Challenge irabazi zuen. Deustuko Unibertsitateko Ingeniaritza Fakultateko ikasle talde batek, droiak diseinatzeko eta ekoizteko taldea sortu zuen. Informatikako ingeniaritzako, industria diseinuko eta telekomunikazioko ikasketetako ikasleek osatzen duten talde horrek Barcelona Drone Challenge lehiaketan parte hartu zuen, kostu baxuko droiak garatzeko sormen eta ideiak sustatzen dituen txapelketan, gerora, egoera txarrean bizi diren inguruetako pertsonei laguntza humanitarioa ematen erabiltzeko.

Hona hemen talde mistoaren argazkia:
















Zelan ez irabazi horrelako proiektuarekin? ITZELA DA, ZORIONAK DDT!!

Opari originala egin nahi baduzu, jo ezazu Legora, laster NASAren emakumeen kutxa salgai jarriko dutelako. STEM arloetan (zientzia, teknologia, ingenieritza eta matematika) adituak izan ziren kutxaren lau emakume hauek aurkituko dituzu: Nancy Grace Roman astronomo eta hezitzailea; Margaret Hamilton zientifiko informatikaria; Sally Ride astronauta, mediku eta ekintzailea; eta Mae Jemison astronauta, mediku eta ingeniaria. Aukera paregabea da emakumeek zientzian lorpen handiak egin dituztela jakinarazteko. Bazen garaia horrelako entrepresa batek indarra jartzea emakume zientifikoengan! Begiratu bideoa!!





Arrakasta izatea espero dugu. Zorte on LEGO!

Amaitzeko, El País egunkarian azken hilabeteotan argitaratutako datu aipagarri batzuk helarazi nahi dizkizugu: alde batetik ikerketa batzuek esaten dute IKTen etorkizuna emakumezkoen eskuetan dagoela. Txikitatik nahi gabe baldintzatzen gaituzte, zergatik neskei ez zaie bideokontsolarik oparitzen? Zergatik horrelakoak mutilen kontuan izaten dira gehienetan? Ba etorkizuneko lanpostuen erdia informatika edo elektronikarekin erlazionatuta egongo da eta gaur egungo zenbakiak kontuan izanda, dauden ikasleekin ez dira beteko. Beraz, emakumeak animatu beharko dira eta haien esku egongo da! Beste alde batetik, teknologia informatikoak gizonezkoen kontua dela dio mitoak, baina errealitatean emakumezkoen emaitzak ikasketa hauetan askoz hobeak izaten dira!!

Argi dago txipa aldatu behr dela gizartean berdintasuna lortzeko esparru honetan! Eutsi neskak eta gogoratu: EZINA, EKINEZ, EGINA!!

Asteburu ona izan!

2017/10/20

LAU IZKIN ZIZTRINENGATIK


Kaixo balorezale hori!

Iaztik jarraitzen bagaituzu, aniztasunaren aberastasunari buruz behin baino gehiagotan hausnartu dugula jakingo duzu. Maiz saiatu gara zure ikaskideekiko harremanak sendotzen eta ezberdintasunaren aberastasunez ohartarazten.

Badakigu munduan ez zaudela bakarrik primeran dakizula, eta, seguruaski, momenturik onenetan beti partekatuko duzu zure poza lagunekin baina, gauzak txarto doazenean, ixten zara edo beraiek kontuanizaten dituzu? 

ELKARREKIN EGOERA TXARREI AURRE EGITEN sarreran ikusi genuen zein inportantea den besteen laguntza arazoei aurre egin ahal izateko. Hona hemen beste eredu bat ipuin baten bidez.





Zein pozik zegoen Laukitxoa ipuinaren hasieran, besteekin jolasten... zein ondo pasatzen zuen... mundu guztia bere laguna zen eta. Baina txirrina jotzean arazoa topatzen dute. Zertan datza problema hori? Patioa guztiontzako prestatuta zegoen baina, Etxe Handia guztientzako zen? Zer eskatzen zuen Etxeak bere barnera pasatu ahal izateko? 

Gure laguna ezin zenez pasatu, berak bakarrik hasi behar zuen konponbidea topatzen. Ahalegin ezberdinak egiten ditu baina ezin... Horrezkero borobiltxoak ere buru belarri jartzen dira konponbidea lortzeko eta hainbat aukera ematen diote Laukitxoari, baina ezin... Zure ustez, zein da Laukitxoren ideiek eta borobiltxoen ideiek amankomunean duten faktorea? Nork aldatu behar du beraien ustez? Bidezkoa da ezberdina denari ardura eta erantzukizun osoa bere gainean jartzea? Bidezkoa da "saia zaitez gehiago, esfortzatu gehiago" eskatzea bere partez ahal duen guztia jartzen duenari? Eskatzen diotena, posiblea al da? Laukitxoak alda dezake borobila izateko?

Azkenean borobiltxoak benetako arazoaz ohartzen dira... Zein da? Nola konpondu daiteke? Horixe! Atea aldatu behar da.

Egin dezagun orain esfortzua eta pentsa dezagun ea gure gizartean horrelako kasuak isladatzen diren. Bururatzen zaizu baten bat? Non gerta daiteke? Ikastolan? Kalean? Kirol taldean? ...

Askotan ezberdina denari aldatzea eskatzen diogu baina aldatu behar dena ez da bera, gizarteak, hau da, besteok egin behar dugu zer edo zer bera gure Etxe Handian sartu ahal izateko. Askotan arauak zorrotzegiak izaten dira eta oztopatzen dute besteen sarbidea.

Gogoratzen zara Lorenzoz eta bere lapikoaz? Norbait epaitu baino lehen gogoratu denok daramagula gure motxila, gure lapikoa alegia, eta inork ez duela motxila hori erabakitzen. Mendira goazenean, bidea oso luzea izan daiteke baina, lagunek, motxila eramaten laguntzen dute, helburua denok batera tontorrera heltzea eta han otarteko goxoa jatea baita. Eta ez lagun bat atzetik uztea.

2017/10/19

BESTE EGUN ARROSA BAT


Kaixo irakurle hori:

Gaurko eguna, familia askotan dago seinalaturik; urriak 19, bularreko minbiziaren kontrako nazioarteko eguna dugu. Emakumeen artean heriotza gehien eragiten duen minbizia da bularrekoa, baina zorionez, gehienek borroka hori irabazten dute. Osakidetzaren Bularreko Minbizia Goiz Detektatzeko Programak laguntzen du horretan.

Hona hemen omenaldi xumea, Leireren eskutik, pairatzen ari direnentzat zein borrokan ibili direnentzat ere, bakarrik ez daudela jakin dezaten!:





Iazko sarreran Gasteizen bularreko minbiziaren borrokaren inguruan grabatutako bideo bat elkarbanatu genuen. Aurten, duela egun batzuk Bilbon antolatutako lasterketa ekartzen dugu. Irudian klikatuz gero, Bilbao hiria irratira eramango zaitu eta bertan erreportaje bat entzuteko aukera izango duzu:



Irudian argi ikusten den moduan, herritarrek erantzun zabala eman zioten ekimenari. 10.000 bat lagun bost kilometroko ibilbidea osatzeko elkartu ziren urriaren 8an goizeko 11:00etan bularreko minbiziaren aurkako borroka babestu asmoz. Gaixo, senide, lagun, elkartekide, pertsona anonimo eta erakundeetako ordezkariak, besteak beste. Denek soinean arrosa koloreko kamiseta zeramaten, dortsal zenbaki banarekin. Lehenengo aldia da kamisetak agortzen. Seinale ona, gero eta jende gehiago gaixotasun honen alde!

Iazko bitxikeria ekartzen dugu berriro, gaixotasun hau ez da soilik emakumezkoena eta jakinaren gainean egon behar dugu:





Musikarekin amaitu nahi dugu, itxaropen eta indarra ematen duen kantu polit batekin, pairatzen dutenei bakarrik ez daudela jakinarazteko. Entzun dezagun!:


2017/10/11

NESKATOEN NAZIOARTEKO EGUNA II


Kaixo irakurle hori!

Gaur geure urteurrena da, beraz, hasieratik jarraitzen bagaituzu ZORIONAK ETA ESKERRIK ASKO!! 

Iaz bezala, hona gatoz neskatoen nazioarteko egunarekin, sarrera horrekin eman genion hasiera blog honi hain zuzen. Nahiko genuke egun hau landu behar izatea, berdintasunaren seinale izango zen. Baina ez da horrela eta berdintasuna gai garrantzitsua denez, ikertzen ibili gara baina, zoritxarrez, ez dugu kanpaina ofizialik aurkitu, are gutxiago euskaraz... Tamalgarria da modu ofizialean inork ez inbertitzea etorkizuneko emakumeengan. 

Berdintasuna lortzeko, gaur eguneko gizartearekin hasi behar da lanean, horretan datza irakasleon lana: gaur egungo ikasleak heztea etorkizuna eraldatzeko eta mundu justuago lortzeko. Baina geu bakarrik ezin izango dugu eta instituzioek horrelako kanpainak ez badituzte bermatzen, ez da modurik egongo...

Ziur asko hurrengo bideoaren irudi batzuk ezagunak egingo zaizkizu, duela urte batzuk telebistako iragarki batenak dira eta. Bideo honetan iragarki horren xedea azaltzen digute eta mezu potenteak ematen dizkigute. Erne egon!!





Norberaren konfidantza eta segurtasuna bultzatzea nahi du kanpaina honek, zergatik ez zaio modu ofizialean trataera ematen hori ematen gai honi? Zergatik neskak konplexu, aurrepaiketa eta beldurrik gacbe azaltzen dira eta nagusitzen direnean galtzen dute? Gure ustez argi dago, gizarte mailan ez delako behar bezala tratatzen...

Hurrengo bideo honek munduko nesken inguruko datu ikaragarri eta, batez ere, kezkagarriak ematen dizkigu:





Hau dena jakinda, zergatik ez da neskei laguntzeko kanpaina gehiago bultzatzen? Geu, txoko txiki honetatik, geure gaurko ekarpen txiki honekin zerbait lortzea espero dugu.

Amaitu nahi dugu indarkeriaren kontrako eta bakearen aldeko eskola-egunean erabili genuen esaldi batekin, Eduardo Galeanok idatzia, Argiak euskaratuta eta hurrengo pankartan jarrita:




Adierazgarria benetan gaurko gaiaren inguruan daukagun sentsazioarekin. Ea hemendik jendea kutsatzen dugun, geure publikazioa sakabanatzen den eta zerbait lortzen dugun!


2017/10/05

EZ FIDATU IKUSTEN DUZUNAZ...


Kaixo irakurle hori:

Iaz jarraitzen bazenuen blog hau, gaurko gaia ez zaizu ezezaguna egingo. Pasa den ikasturtean behin baino gehiagotan landu genuen aurreiritzien kontua. Zergatik etiketatu jendea ezagutu baino lehen? Edo zergatik aurrepaitu norbait informazio guztia ez badaukagu?





Pausuz pausu joango gara aztertzen bideoa. Ziur gaude hasiera batean barrea eragin dizula, atsoa kolpeka hasten denean paketetxoa eskuratu ahal izateko. Baina, jokabide zuzena izan al da hori? Uste duzu hori dela eta ekarri dugula hona bideo hau? Zelan jokatu horrelako egoera batean garrantzitsua den arren, hori ez da arrazoi nagusia. Kanpoko itxurarekin lotuta dago. Istorioaren amaiera ikusita, horrela izango zela uste zenuen istoria aurrera zihoan ahala? Nor uste zenuen izango zela erruduna, atso koitadua edo mutil "makarra"? Zergatik erabili ditugu kakotxak makarra hitzarekin? Suposatzen dugu zu ere mutilaren kanpoko itxura horrek engainatu zaituela eta bera zango zela erruduna pentsatu duzula. Zergatik? Zerk bultzatzen gaitu horrela pentsatzen? Aurreiritziak! Hor dago koxka! Ez gara ikusten dugunaz fidatu behar, ikasi behar dugu beste modu batean begiratzen, bakoitzak bere betaurrekoak ditu baina, askotan, oso zikin daude eta komeni da garbitzea. Ez duzu uste?

Jarraian, beste bideo bat. Ea zer nolako lotura aurkitu ahal diozun aurrekoarekin! Erne egon!





Guri gertatu zaigun moduan, beharbada ez zenion zentzua aurkitzen baina amaieran ondorioren bat atera duzula badakigu! Gauza asko lantzen dira eta! Hasieran ahalegina adierazten da, behin eta berriro harra saiatzen denean potetik ateratzen. Ez du amore ematen, nahiz eta porrotak eta kolpe handiak jaso; berak jarraitzen du ahalegintzen.

Mantis agertu denean, zelan interpretatu dituzu harraren aurpegiak? Ulertu al duzu eman nahi zion mezua? Eta zer deritzozu Mantisen jokaerari? Zuzena izan al da? Guri ezaguna egin zaigu egoera hau, zuen artean askotan gertatzen den arazoa da, bata besteaz trufatzea eta horrek arazoak ekartzea. Ez al digute irakatsi txiki-txikitatik besteak tratatu behar ditugula gu tratatuak izatea gustatzen zaigun moduan? Eta berdin dela zelan jokatu duten gurekin? Hori da, azken finean, harrak, tximeleta bihurturik, egiten duena. Ondo baino hobeto tratatzen du Mantis, nahiz eta berak berdin ez duen jokatu.

Amaitzeko gogotea txiki bat luzatu nahi dizugu: denok daukagu besteen erruak ikusteko itzelezko gaitasuna, baita besteen zorigaitzez barre egiteko ere, tamalez. Gogoratu hatzamar batez norbait seinalatzen duzunean, beste hirurek zu seinalatzen zaituztela. Beraz, ezer edo inor epaitu baino lehen, zeure buruaz kezkatu!


Ondo izan!


2017/10/01

2017KO URRIAK 1, DATA HISTORIKOA


Sarreraren izenburua irakurrita ziur asmatzen duzula zertan datzan gaurkoa. Sarrera hau ez geneukan programaturik baina gaurkoa ikusita, beharrezkoa ikusten dugu hitz batzuk plazaratzea hemen. Normalean geure sarreretan irudiak edota bideoak txertatzen ditugu baina gaur, ziur gaude, nahiko ikusi duzula komunikabideetan, gehiegi agian... Beraz, hitzak baino ez dira izango.

Blog hau eskoletan, ikastetxeetan eta institutetan dauden ikasleentzat zuzenduta dago bereziki. Geure helburua da pertsona hobeak, kritikoak eta libreak heztea; horregatik modu desinteresatuan eskaintzen dugu hausnarketarako materiala. Hemendik beti salatu ditugu injustiziak, edozein motatakoak, baina batez ere giza eskubideen kontra eta bortizkeriaren alde jokatzen diren jarrerak edo ikusitako egoerak; ideologiak alde batera utzita beti ere. Ozen adierazi dugu gure desadostasuna. Blog hau kudeatzen dugunok pertsonak gara eta mundu hobea eraiki nahi dugu, eredu ona eskaini behar diegu geure ume, gazte eta nerabeei; eta gaur ikusi dutena ez da eredu ona izan, inola ere ez!

Gaur, Katalunia herriak, bide demokratikoan erabaki nahi zuen bere etorkizuna. Egin du, bai, baina indarkeria nagusitu da. Munduari emandako irudia lotsagarria izan da. Guztiz ulertezina da gertatutakoa.

Baina zorionez, pasadizu "on" aipagarriak gertatu dira ere bai: Neus Catalàk, 102 urteko emakumea, kontzentrazio eremu nazietatik bizirik aterea zena, bozkatu ahal izan du; gure lagun batek bere 91 urteko aitona-amonak lagundu ditu bozkatzera; herri txikietan gurasoek lo egin behar izan zuten eskoletan ezin ixteko eta gaur jendea bozkatzera joan ahal izateko.

Zelan azaldu ume bati pertsona batzuk erabaki nahi dutela beraien etorkizuna eta ez dietela uzten? Zelan azaldu poliziek jendea jotzen dutela arrazoi gabe? Umeen begietan ulertezina da eta ez dago modurik azaltzeko!