Deustuko Unibertsitatea etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
Deustuko Unibertsitatea etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2017/12/01

EUSKARAREN EGUNA ESKOLETAN

Kaixo Balorezale!

Iaz bezala, gure hizkuntzari omenaldi txiki bat egin nahi diogu bere egunean. Bai, badakigu igandera arte ez dela, baina hainbat zentrutan gaur ospatuko denez, hemendik eta handik topatutako hainbat gauza luzatuko dizkizugu. Guztiek daukate amankomunean Euskararekiko maitasuna adierazteko nahia.

Hasi egingo gara Gasteizko Koldo Mitxelena BHI-ko 1. batxillergoko ikasleek egindako abestia eta bideokliparekin:




Lan bikaina neska-mutilok! Zorionak! Egia esan, zuek diozuen moduan, Euskera zabaltzeko eta indartzeko egin behar dugun esfortzua ez da hain handia... Eta zuk, lagun, zer deritzozu?

Gasteizko lagunek egindako abestiarekin zerikusia badauka aurten, Deustualdean antolatutako Hamaika Egunez Euskaraz ekimenak. Izan ere, hamaika lagunek hartu dute parte auzo euskaldunagoaren alde, 600 baino gehiago alegia... Txalo zaparrada zuentzat! Ea ekimena ez den bitxikeri batean geratzen eta urtean zehar, leloak dioen moduan, 11 egun egiten duzun Euskaraz!

Eta zertan datza jarduera? Hemen luzatzen dizugu beraien blogean jarritako informazioaren laburpentxo bat. Dena den, animatzen zaitugu bloga bera bisitatzera, merezi baitu!


Baietz 11 EGUN EUSKARAZ bizi!


Gure erronka da 11 egunez euskaraz bizitzea eta hori egiteko bi modu daude: Ahobizi eta Belarriprest.



Euskaraz egiten duenari euskaraz egiten lagunduko dio. Proiektu honen giltzarri izango da, euskaldunak euskaraz berbetan jartzen dituelako.

Belarriprest izan nahi baduzu euskaraz ulertu behar duzu ezinbestean



Zer dakar Belarriprest izateak?

– Euskararekiko zure jarrera positiboa erakusten duzu, euskaraz dakiena zuri euskaraz egiten gonbidatzen duzulako
– Euskaraz egin nahi duenari lagundu egiten diozu euskaraz egiten: ‘Egidazu euskaraz lasai, ulertzen zaitut-eta!’
– Euskararen erabilera igotzen laguntzen duzu eta aukera duzu, nahi izanez gero, mihiari ere eragiteko!



Euskaldun aktiboa izango da. Ahobizi izan nahi baduzu, euskaraz bizi beharko duzu 11 egunez.


Zer dakar Ahobizi izateak?


– Euskara dakiten edo ulertzen dutenekin beti eta erabat berba egingo duzu euskaraz, erdaraz erantzuten badizute ere.
– Ezezagunekin lehen berba egingo duzu euskaraz eta ulertzen badizute euskaraz jarraituko duzu.


Ikusiko duzunez, denok daukagu parte-hartzerik!


Hamaika Egunez Euzkaraz ekimenaren bloga bisitatzen baduzu, mikrogomendioak topa ditzakezu. Guk hemen luzatuko dizkizugu gustatu zaizkigun batzuk:



Guri oso aholku onak iruditu zaizkigu hauek eta blogean agertzen diren besteak ere bai baina, bakarra aukeratu behar izatekotan, zein aukeratuko zenuke zuk?

Hemendik erronka luzatu nahi dizugu: baietz asmatu beste mikrogomendioren bat, irudi polit batean jarri eta guri bidali (baloreak@gmail.com) beste sarrera batean edo hementxe bertan atxikitzeko! Anima zaitez eta hartu parte! Plazaratu zure irudimena geure hizkuntza preziatuaren erabileraren alde!

Deustuko Unibertsitateko Jose Mari Landak sortutako kantarekin amaituko dugu. Egia esan ez da kantaren bideoa, karaokearena baizik. Oso erraza da jarraitzeko eta abesteko. Goza ezazu eta abestu!!!




Geure ondare aparta da, altxor handia hain zuzen ere. Herri txikia gara mundu mailan eta bizirik mantentzeko geure hizkuntza, guk geuk erabili behar dugu ahal den gehien.





2017/10/27

AMA, PANPINA NAHI DUT!


Kaixo lagun!

Gaurko gaia oraindik ez dugu zuzenean ikutu ikasturte honetan. Berdintasunaren inguruan arituak izan gara dagoeneko, baina gaur sakonago ikusiko dugu.

Desberdinduko zenuke mutilen eta nesken arteko jokuetan? Esango zenuke ordenagailuak eta bideojokoak mutilen kontua dela?

Hurrengo bideoa ikusi... (Eskerrik asko, Lourdes!)




Zergatik harrigarria da emakumezkoak horrelakoetan aritzea? Ez al gara berdinak izaten? Zergatik gizartea dago hain kutsatuta zentzu honetan?

Gu, honen ildora, pasa den ikasturtean, 3. zikloko ikasleen bi eskolen artean munduko emakume garrantzitsuen mapa hasi ginen osatzen. Ez daude emakume zientifikoak soilik, baita beste arlo batzuetakoak ere. Klikatu ikonoetan eta aztertu ondo!





Baina ez dugu hain urrunera jotzeko beharrik, gure inguruan eredu asko daude eta. Adibidez, hasierako bideoaren ildora, Bizkaian bertan, Bilboko Deustuko Unibertsitatean hain zuzen ere, DDT-k (Deusto Drone Team) Barcelona Drone Challenge irabazi zuen. Deustuko Unibertsitateko Ingeniaritza Fakultateko ikasle talde batek, droiak diseinatzeko eta ekoizteko taldea sortu zuen. Informatikako ingeniaritzako, industria diseinuko eta telekomunikazioko ikasketetako ikasleek osatzen duten talde horrek Barcelona Drone Challenge lehiaketan parte hartu zuen, kostu baxuko droiak garatzeko sormen eta ideiak sustatzen dituen txapelketan, gerora, egoera txarrean bizi diren inguruetako pertsonei laguntza humanitarioa ematen erabiltzeko.

Hona hemen talde mistoaren argazkia:
















Zelan ez irabazi horrelako proiektuarekin? ITZELA DA, ZORIONAK DDT!!

Opari originala egin nahi baduzu, jo ezazu Legora, laster NASAren emakumeen kutxa salgai jarriko dutelako. STEM arloetan (zientzia, teknologia, ingenieritza eta matematika) adituak izan ziren kutxaren lau emakume hauek aurkituko dituzu: Nancy Grace Roman astronomo eta hezitzailea; Margaret Hamilton zientifiko informatikaria; Sally Ride astronauta, mediku eta ekintzailea; eta Mae Jemison astronauta, mediku eta ingeniaria. Aukera paregabea da emakumeek zientzian lorpen handiak egin dituztela jakinarazteko. Bazen garaia horrelako entrepresa batek indarra jartzea emakume zientifikoengan! Begiratu bideoa!!





Arrakasta izatea espero dugu. Zorte on LEGO!

Amaitzeko, El PaĆ­s egunkarian azken hilabeteotan argitaratutako datu aipagarri batzuk helarazi nahi dizkizugu: alde batetik ikerketa batzuek esaten dute IKTen etorkizuna emakumezkoen eskuetan dagoela. Txikitatik nahi gabe baldintzatzen gaituzte, zergatik neskei ez zaie bideokontsolarik oparitzen? Zergatik horrelakoak mutilen kontuan izaten dira gehienetan? Ba etorkizuneko lanpostuen erdia informatika edo elektronikarekin erlazionatuta egongo da eta gaur egungo zenbakiak kontuan izanda, dauden ikasleekin ez dira beteko. Beraz, emakumeak animatu beharko dira eta haien esku egongo da! Beste alde batetik, teknologia informatikoak gizonezkoen kontua dela dio mitoak, baina errealitatean emakumezkoen emaitzak ikasketa hauetan askoz hobeak izaten dira!!

Argi dago txipa aldatu behr dela gizartean berdintasuna lortzeko esparru honetan! Eutsi neskak eta gogoratu: EZINA, EKINEZ, EGINA!!

Asteburu ona izan!