Sarreraren izenburua irakurrita ziur asmatzen duzula zertan datzan gaurkoa. Sarrera hau ez geneukan programaturik baina gaurkoa ikusita, beharrezkoa ikusten dugu hitz batzuk plazaratzea hemen. Normalean geure sarreretan irudiak edota bideoak txertatzen ditugu baina gaur, ziur gaude, nahiko ikusi duzula komunikabideetan, gehiegi agian... Beraz, hitzak baino ez dira izango.
Blog hau eskoletan, ikastetxeetan eta institutetan dauden ikasleentzat zuzenduta dago bereziki. Geure helburua da pertsona hobeak, kritikoak eta libreak heztea; horregatik modu desinteresatuan eskaintzen dugu hausnarketarako materiala. Hemendik beti salatu ditugu injustiziak, edozein motatakoak, baina batez ere giza eskubideen kontra eta bortizkeriaren alde jokatzen diren jarrerak edo ikusitako egoerak; ideologiak alde batera utzita beti ere. Ozen adierazi dugu gure desadostasuna. Blog hau kudeatzen dugunok pertsonak gara eta mundu hobea eraiki nahi dugu, eredu ona eskaini behar diegu geure ume, gazte eta nerabeei; eta gaur ikusi dutena ez da eredu ona izan, inola ere ez!
Gaur, Katalunia herriak, bide demokratikoan erabaki nahi zuen bere etorkizuna. Egin du, bai, baina indarkeria nagusitu da. Munduari emandako irudia lotsagarria izan da. Guztiz ulertezina da gertatutakoa.
Baina zorionez, pasadizu "on" aipagarriak gertatu dira ere bai: Neus Catalàk, 102 urteko emakumea, kontzentrazio eremu nazietatik bizirik aterea zena, bozkatu ahal izan du; gure lagun batek bere 91 urteko aitona-amonak lagundu ditu bozkatzera; herri txikietan gurasoek lo egin behar izan zuten eskoletan ezin ixteko eta gaur jendea bozkatzera joan ahal izateko.
Zelan azaldu ume bati pertsona batzuk erabaki nahi dutela beraien etorkizuna eta ez dietela uzten? Zelan azaldu poliziek jendea jotzen dutela arrazoi gabe? Umeen begietan ulertezina da eta ez dago modurik azaltzeko!
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina