2017/01/11

EZINA EKINEZ EGINA


Kaixo irakurle hori!

Oporraldi ezin hobea eduki izana espero dugu. Gaurko sarreraren asmoa da hasi berri dugun hiru hilabeteari bultzada bat ematea. Segur aski berriro ikastolara bueltatzeko gogoak zenituen, lagunekin egoteko, gauza berriak ikasteko ;) eta abar.

Behin irakasle batek azaldu zigun bigarren hiru hilabetea garrantzitsuena dela. Lehenengo notak onak edo txarrak izatea ez da inportanteena. Oraindik ez dago ezer erabakita. Zure aurrean bi bide dauzkazu. Lehenengo bidea luzea izango da, askotan malda itzelak igo beharko dituzu, beste batzuetan, hotza egiten duen bidea izango da baina, amaieran, arrakasta lortuko duzun ziurtasuna daukazu, eta horrek ez du esan nahi ondo pasatuko ez duzunik! Beste bidea, ordea, askoz erosoagoa izango da, bero egingo du, lurra laua izango da... baina arrakastaren geltokitik urrun eramango zaitu. Zuri dagokizu aukeratzea. Zuk erabaki behar duzu zer den garrantzitsuagoa zuretzat eta zer lortu nahi duzun.




Gure hitzak lagin batekin irudikatzeko hurrengo bideoa luzatzen dizugu:




Neska horrek bi aukera zituen: bat erraza, negarri eustea eta aitari besoak luzatu igotzeko eskatzen;  eta bestea, aukeratu duena, zailagoa baina helburu zehatza zeukan eta hori lortzeko gogo erraldoia. 

Argi dago berak bakarrik ezin ziola erronkari aurre egin, pertsona bat izan du bere ondoan baina esfortzua berea da, ondoan dagoenak egiten duena keinu bat baino ez da. Benetan balio duena da neskaren ahalegin handi hori. Noren laguntza jasotzen du neskatilak? Nork lagundu ahal zaitu zu? Nagusiek bakarrik? Gehiago dakitenek bakarrik? Eta, zergatik ez? Zu zeu ere izan zaitezke beste baten laguntza, ez duzu uste? Laguntza mota anitz daude eta askotan ez dugu behar erantzuna esatea, solik ondoan egotearekin nahikoa da bestea babestuta eta lagunduta senti dadin, eta hori izan daiteke behar duen guztia, bakarrik ez sentitzea.

Helburu zehatza eta gogo nahikoa izanik, bide erdia baino gehiago eginda duzu. Bestea erronkari ekitea baino ez da. Beti aurkituko duzu norbait bidean laguntzeko prest zure ondoan behar baduzu.

Orain arte esandako guztia oso ondo adierazten duen beste bideo bat ekartzen dizugu. Ikusi aurretik bideo beraren istorioa azalduko dizugu. Alemaniako pertsona batek egindako iragarkia da eta hango entrepresa famatu bati eskaini zion bere publizitatea egiteko. Entrepresak ez zuen kontratatu baina, bideoa, “birala” bihurtu egin da. Beharbada lehengo helburua ez du lortu, baina eman nahi izan zuen mezua espero baino askoz gehiago zabaltzen ari da sare sozialei esker. Goazen ikustera:





Zer egin nahi du gizonak? Zer egin du lortu ahal izateko? Berak bakarrik lortu dezake? Zeren beharra dauka? Nork lagundu du eta nola? Zure ustez, zer ikasi ahal dugu eredu horretatik? 

“Ezina ekinez egina”, hori da gaurko sarreraren izenburua. Zer demontre esan nahi du hitz-korapilo horrek? Nahiz eta helburu zaila izan, nahi badugu, beti aurkituko dugu lortzeko modua. Hasiera batean ezinezkoa ematen duena, behin eta berriro saiatzen bagara, geure helburua lortuko dugu. Horretaz aparte argi izan behar dugu maite gaituztenak ondoan izango ditugula laguntzeko prest. Lagundu hitzak bi esanahi potolo ditu eta, kasu honetan, bietarako erabiltzen dugu: gure ondoan egoteko eta laguntza emateko. 

Beraz, aitzakia gutxi daukazu orain bide luzea eta neketsua aukeratzeko, saria merezita izango duzu eta zeure buruarekin harro sentituko zarela ziur gaude. Eutsi Goiari!!

2017/01/04

ERREGE MAGU MAITEOK...

Kaixo lagun hori!

Gabonak ez dira oraindik bukatu baina guk, nahiz eta oporretan egon, lanean jarraitzen dugu zuri ekartzeko zerbait interesgarria gogoetarako. Gaurko sarrera kontsumoarekin loturik dago, opariak egiteko garaian gaude eta telebista iragarkiz josita dago, batez ere haurren jostailuak iragartzen dituzte etengabe kate guztietan. 

Inoiz gelditu zara une batez pentsatzeko zelan dauden eginda eta bideratuta iragarki horiek? Hurrengo bideo honek primeran azaltzen dugu ume baten ahoan.





Zergatik bete behar dugu iragarkiek agintzen dutena? Garrantzitsuena ondo pasatzea da, bakoitzak nahi duen moduan eta nahi duen jostailuarekin. Askea izan eta jolas zaitez nahi duzunarekin!!

Ildo beretik joan da Audi konpainiaren aurtengo Gabonetako iragarkia. Zeharo harrituta utzi gintuen ikusi genuenean genero berdintasuna isladatzeko moduagatik, horregatik partekatu nahi dugu hemen. Besterik gabe, ikus dezazun!


 

Hemendik gure zorionik beroenak Audirentzat berdintasuna aldarrikatzeagatik horrelako iragarki batean.

Amaitzeko, duela hilabetetik gutxi gorabehera, telebistan ematen ari diren iragarkia luzatzen dizugu. Ziurrenik ikusita daukazu, Euskalten eskutik dator, baina gelditu zara ikertzeko esaten duen guztia? oso mezu potente dauka, nagusi zein gazteontzat... Euskaltelen iritziz, kontua ez da zer adinetan hasten diren erabiltzen gazteak mugikorra, baizik eta zer balioren arabera. Horregatik telefonoaren jabe gazte berriek erabilera egokia ikas dezaten  hitzarmena eskaintzen du. 





Hiru bideo hauekin ikuspuntu zabalagoa izan dezazun espero dugu.

Ondo bukatu oporrak!

2016/12/31

URTE BERRI ON!

Kaixo!

Kirmen Uriberen bertsoa luzatzen dizugu urteko azkenengo egunean, itxaropen eta baikortasunez beterik. 





Hurrengo irudiaren mezua elkarbanatu nahi dugu zurekin ere bai. Oso argia eta zuzena da eta pentsarazten gaitu hausnartzeko zer egin nahi dugun urte berrian. Ez al da polita besteei kolorea eman ahal izatea? Ederra benetan!






2016/12/23

GABONETAKO NEGOZIOA VS GABONETAKO OSAGAIAK


Kaixo jarraitzaile fidel hori!

Duela egun batzuk, gabon kanta desberdin bat topatzeko nahian, hau aurkitu genuen... Abisatu behar dugu ume txikientzat ez dela oso aproposa, Gabonetako magia urratzen duelako eta errealitate gordina plazaratzen duelako. Hori da, hain zuzen ere, hona ekartzeko arrazoia, hausnartarazteko zer bihurtu diren gabonak. Ba al dakigu zer diren Gabonak? Zein da jatorria...? Eta zer ospatzen da? Kontsumismoaren festak dira, negozio hutsa eta inkoherentziaz jositako garaia benetako arima galduz...

Hurrengo abestian Mikel Markezek gogoetara inbitatzen gaitu. Zure hausnarketarako ere bai baliogarria izatea espero dugu.






Horren kontra, bideo polita topatu dugu. Arretaz irakurri, Gabonetako (eta urte osoko) osagaiak aurkitzeko, denbora bilatu (egun hauetan beharbada...) luzatutako mezu sakonez hausnartzeko.

Besterik gabe, gure desiorik onenak:

Gabon Zoriontsuak izan eta 2017 urte ezin hobea izan dadila!!

GABONETAKO OSAGAIAK

Kaixo guztioi:

Ezin genituen klaseak amaitu Gabonei buruzko bideo bat eskuratu gabe. Arretaz irakurri, Gabonetako (eta urte osoko) osagaiak aurkitzeko, denbora bilatu (egun hauetan beharbada...) luzatutako mezu sakonez hausnartzeko.

Besterik gabe, gure desiorik onenak:

Gabon Zoriontsuak izan eta 2017 urte ezin hobea izan dadila!!


2016/12/21

MARI DOMINGIRI OMENALDIA


Kaixo balorezale hori!

Blog honetako sarrera guztiek baloreren bat lantzen dute. Gaurko honetan gizon eta emakumeen arteko berdintasuna aldarrikatu nahi dugu. Ez da egiten dugun lehenengo sarrera gai honetaz, baina zerbait berezia dakar gaurkoak...

Gizon ospetsu baten atzean beti emakume paregabea dagoela esaten da. Guztiok dakigu Mari Domingi Olentzero ospetsuaren laguntzailea dela, baina emakume askori gertatzen zaion moduan, tamalez, ez zaio eskertzen egindako lan guztia.

Inazio Bereziartua Musika Eskolako ikasleek eta Elgoibarko Izarrako aisialdi taldekoek kantu bat sortu dute bere omenez, eta bideoklipa ere egin dute, Zulueta baserrian Mari Domingirekin berarekin grabatutako irudiekin. Mari Domingiren figura indartu nahi zuten; Mari Domingi Olentzeroren pareko irudi erreferente bihurtu. Izan ere, Olentzero eta Mari Domingiren arteko botere-harremanak azkurea ere eragiten zien sarri, eta harreman hori orekatu premia sentitzen zuten.

Lan bikaina gero!! Entzun arretaz eta gozatu!!




Jarraian, Olentzeroren sexua kolokan uzten duen hainbat datu luzatzen dizkizugu. Antza denez, Euskal Herriko tradizioan ere Olentzeroa emakume edo emakumea Olentzero izan da. Leitzan adibidez, aberastasun handia zegoen irudikapenari dagokionez eta baita suaren erabilerari dagokionez. Gaia sakonki aztertu zuten: JM Barandiaran 1920. urtean Leitzan izan zen eta jaso zuen Leitzan leiho edo balkoian paratzen zela Orantzaroa galtzaz edo gonaz jantzitako panpin baten bidez, hori guzia Orantzaroa irudikatzeko. Horrela jaso zuten eta herrian elkarrizketatutako jende zahar askok eman du horren berri.

Gaur egun Olentzero gizonezko eta ikazkin bezala soilik irudikatzen bada ere, garai bateko Olentzero emakumezko zein gizonezko itxurakoa izan zitekeen eta eginkizun ezberdinetan irudikatzen zuten: txistularia, arrantzalea, artzaina, ehiztaria, jostuna, sorgina edo ezpata-dantzaria. Horixe da adibidez Zumaiako Gomezago-ren kasua. Arrantzale tankeran agertu izan den pertsonaia hori Olentzeroren beste aldaera bat baino ez dela argitu baitzuen Xabier Etxabek.

Izan ere, ez baitago Olentzero irudikatzeko eredu bakarra. Leitzan, Lesakan, Oiartzunen, Donostian edo Zarautzen, izena aldatzen duen bezala (Orantzaro, Olentzero, Orantzago, Gomezago, Onentzaro...) ezaugarri berezi eta berezkoak ere izaten ditu Olentzerok.

Garai bateko argazki eta irudietan ere tankera oso desberdinekin ageri zaigu Olentzero. Adibidez, Donostian 1931an ateratako Olentzeroa ile luze horiarekin ageri zen.

Hona hemen Olentzero "desberdin" horien irudi batzuk:




Ba al dakigu nor den benetan Olentzero? 

2016/12/20

BISITALDI BEREZIAK OSPITALETAKO HAURREI

Kaixo!

Zapore gazi-gezako sarrera ekartzen dizugu gaur... Gabonetako garai honetan oso gogorra da ospital batean egon behar izatea, are gehiago haurrentzat. Gaur, hilak 20, bisita bereziak jaso dituzte borrokalari txiki hauek Gurutzeta eta Basurtoko ospitaletan.

Alde batetik Athletic Clubeko emakumezkoen eta gizonezkoen jokalariek, data hauetan ohikoa den legez, Basurtu eta Gurutzetako ospitaleak bisitatu dituzte.

Hurrengo argazkian klikatuz gero, argazki gehiago ikusi ahal izango duzu:




Beste alde batetik, Bizkaiko Foru Aldundiko suhiltzaileek ere bai Gurutzetako ospitalean dauden haurrak bisitatu dituzte gaur goizean. Garabia erabiliz sartu dira eraikinera. Begiratu bideoa!




Eskerrak bihotz oneko jendea dagoela munduan gaixo dauden haurrei garai honetan pitin bat eramangarriago egiteko haien egoera latza!!

2016/12/15

ELKARREKIN EGOERA TXARREI AURRE EGITEN


Kaixo irakurle hori!

Pasa den astean ipuin baten bitartez ikasi genuen autoestimuaren edo, beste modu batean esanda, gure burua maitatzearen garrantzia beste batzuen jarrera desegokiei aurre egiteko.

Gaur beste jarduera bat proposatu nahi dizugu. Ikus dezagun bideoa:




Suediako iragarki hau ikusi ostean ideia asko etortzen zaizkigu burura baina zureak jakin nahi ditugu. Horretarako galdera batzuk uzten dizkizugu: 
  • Zer datorkizu burura zuri? 
  • Uste duzu txano laranjaduna ausarta dela? 
  • Egingo ote zuen gauza bera bakarrik balego?
  • Nor da ausartaren papera jokatzen duena?
  • Inoiz sentitu zara "ilegorri"? 
  • Zelan konpondu zenuen? 
  • Ilea tintatzen duenaren laguntza bezala jaso zenuen? 
  • Zer deritzozu bere ekimenari? 
  • Jokatuko zinateke berdin horrelako arazo baten aurrean?
  • Batzuk ez dute ezer egin, ez alde ez kontra. Zer deritzozu haien jarrerari?...

Ikusten duzunez hausnarketa dexente etortzen zaigu burura... Beharbada galdera guztien erantzuna ez daukazu, baina gogoeta bat luzatu nahi dizugu: 

Oso erraza da besteak mintzea. Oso poteretsu senti gaitezke. Besteak baino hobeak garela pentsa dezakegu. Baina, geure bizitzan aurrera joan ahala, konturatuko gara guztiz kontrakoa dela. Poteretsuagoa, hobea, zoriontsuagoa eta maitatuagoa sentitzen da besteak zaintzen dituena.

Izan gaitezen ilegorriagoak!




Hurrengo bideoaren protagonistak esku-jolas baten pertsonaiak dira, ziurrenik oso ezagunak zuretzat: Harri, Orri eta Ar. Ez dugu galderarik egingo aldez aurretik.

Erne egon bideoari:





Argi dago kanpoko itxuraz ezin zarela fidatu. Batzuetan laguntzat dituzunak ez dute erantzuten behar bezala eta, aitzitik, maiz, espero ez duzun pertsonengan altxorrik politenak topa ditzakezu eta laguntasunik politenak sor daitezke.

Baina, zer nolako lotura daukate bi bideoek? Guk ikusitako hiru ideia nagusi plazaratuko dizkizugu: 
Batetik adierazten digute askotan guk bakarrik ezin diegula egoera zailei aurre egin, baina besteen laguntzarekin dena izaten dela posiblea, are gehiago besteek gugan sinesten dutela sentitzen badugu. 

Bestetik ikusten dugu "desberdina" dena beti izaten dela ahulena, Maddiri gertatzen zitzaion moduan... Eta horretaz baliatzen dira erasotzaileak. Ausart sentitzen dira, baina koldarrak direla adierazten dute ahulagoak erasotzen. Ez dira ausartzen haiek baino ezagunagoak mehatxatzen edo txarto tratatzen,ez... 

Eta azkenengo ideia: nahiz eta hasiera batean pertsonaia ahulak bakarrik daudela iruditu, amaieran ez da horrela eta ikustarazten digute beti beti dagoela norbait laguntzeko prest.

Ziur gaude zuri beste ideiaren bat ere bai bururatuko zaizula. Animatu zaitez elkarbanatzen besteokin!

Amaitzeko argi utzi nahi dugu hurrengo ideia: ingurukoen laguntza eta konfidantzarekin dena izan daiteke posiblea! Hortaz, laguntza eman eta mezu baikorrak adierazi ondokoak babestuak eta maitatuak senti daitezen, eta horrela egoera latzak eramangarriago bihurtuko dira.


2016/12/10

GIZA ESKUBIDEEN NAZIOARTEKO EGUNA

Kaixo irakurle hori:

Pasa den azaroaren 20an Haurren Eskubideen Nazioarteko Eguna ospatu zen eta horren berri eman genizun hemen ere bai. Gaur, abenduak 10, Giza Eskubideen Nazioarteko Eguna ospatzen da eta sarrera hau prestatzeko materiala bilatuz, hurrengo abestia topatu dugu. Igo bolumena eta entzun arretaz!!




Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsala Nazio Batuen Erakundearen Batzar Nagusiak 1948ko abenduaren 10ean, Parisen, onartu zuen, Nazio Batuen Erakundearen 217 A (III) ebazpentzat. Dokumentuaren egileetako bat René Cassin baionarra izan zen. Wikipedian topatu ahal duzu testu osoa eta 30 eskubideak.

Jarraian, eskubide horiek laburbiltzen duen bideoa partekatu nahi dugu zurekin, hona hemen:





Beti bezala, bideoa ikusi ondoren hainbat galdera datozkigu burura: ezagutzen zenituen giza eskubideak? Zein da garrantzitsuena? Bakarra aukeratzeko gai izango zinateke? 

Haurren eskubideen egunean betebeharrei buruz ere luzaro mintzatu ginen, eta hemen ere bai ideia antzekoa aipatzen da: besteen eskubideak errespetatu behar ditugula. Horrela jokatuko bagenu guztiok, askoz hobeto joango lirateke kontuak munduan...

Gaurko egunerako bereziki zuzendutako irudi polit pare batekin amaiera ematen diogu gaurko post honi.




Amaitzeko, gaur irakurritako gogoeta bat luzatzen dizugu: "Ez dut eskatzen giza eskubideak errespetatzea, beteko balira konformatuko nintzen."

Asteburu ona izan!

2016/12/03

EZINDUEN NAZIOARTEKO EGUNA

Kaixo berriro ere:

Duela gutxi enteratu gara gaur ere Ezinduen Nazioarteko Eguna dela. Esfortzu handia egiten dute egunero pertsona hauek, hori dela eta sarrera berezia dedikatzea erabaki dugu.

Egun honetan ezagutzera eman nahi dira ezinduek besteak bezalaxe bizitzeko dituzten eragozpenak, baita ezinduak gizartean, politikan, ekonomian eta kulturan txertatzeko burutzen diren ekintzak ere.

Jarraian duzun bideoak Gipuzkoako Gureak egina da, merkatu lehiakorretan zerbitzu integrala eskaintzen duen enpresa taldea. Oso ondo azaltzen du ezinduak besteok bezalakoak direla. Erne!!





Hurrengo bideoak berez hitz egiten du, horregatik ez diogu sarrerarik egingo. Zabaldu begiak, ziur gaude ez zaituela hotz eta motz utziko, eta bihotza ikutuko dizula:





Hitz gutxirekin, nahiko adierazgarria da bideoa. Gauza handirik ez dago komentatzeko baina bai gogoeta pertsonalerako... 


Ikus dezagun desberdintasuna haur txikien begiekin!!


Bideo biak ikusi ostean hurrengo gogoetak datozkigu burura; horrelakoak ikusi arte ez gara ohartzen zelako zortea gurea, eskertzekoa benetan... Zenbat daukagun ikasteko eta baloratzeko!