2017/01/11

EZINA EKINEZ EGINA


Kaixo irakurle hori!

Oporraldi ezin hobea eduki izana espero dugu. Gaurko sarreraren asmoa da hasi berri dugun hiru hilabeteari bultzada bat ematea. Segur aski berriro ikastolara bueltatzeko gogoak zenituen, lagunekin egoteko, gauza berriak ikasteko ;) eta abar.

Behin irakasle batek azaldu zigun bigarren hiru hilabetea garrantzitsuena dela. Lehenengo notak onak edo txarrak izatea ez da inportanteena. Oraindik ez dago ezer erabakita. Zure aurrean bi bide dauzkazu. Lehenengo bidea luzea izango da, askotan malda itzelak igo beharko dituzu, beste batzuetan, hotza egiten duen bidea izango da baina, amaieran, arrakasta lortuko duzun ziurtasuna daukazu, eta horrek ez du esan nahi ondo pasatuko ez duzunik! Beste bidea, ordea, askoz erosoagoa izango da, bero egingo du, lurra laua izango da... baina arrakastaren geltokitik urrun eramango zaitu. Zuri dagokizu aukeratzea. Zuk erabaki behar duzu zer den garrantzitsuagoa zuretzat eta zer lortu nahi duzun.




Gure hitzak lagin batekin irudikatzeko hurrengo bideoa luzatzen dizugu:




Neska horrek bi aukera zituen: bat erraza, negarri eustea eta aitari besoak luzatu igotzeko eskatzen;  eta bestea, aukeratu duena, zailagoa baina helburu zehatza zeukan eta hori lortzeko gogo erraldoia. 

Argi dago berak bakarrik ezin ziola erronkari aurre egin, pertsona bat izan du bere ondoan baina esfortzua berea da, ondoan dagoenak egiten duena keinu bat baino ez da. Benetan balio duena da neskaren ahalegin handi hori. Noren laguntza jasotzen du neskatilak? Nork lagundu ahal zaitu zu? Nagusiek bakarrik? Gehiago dakitenek bakarrik? Eta, zergatik ez? Zu zeu ere izan zaitezke beste baten laguntza, ez duzu uste? Laguntza mota anitz daude eta askotan ez dugu behar erantzuna esatea, solik ondoan egotearekin nahikoa da bestea babestuta eta lagunduta senti dadin, eta hori izan daiteke behar duen guztia, bakarrik ez sentitzea.

Helburu zehatza eta gogo nahikoa izanik, bide erdia baino gehiago eginda duzu. Bestea erronkari ekitea baino ez da. Beti aurkituko duzu norbait bidean laguntzeko prest zure ondoan behar baduzu.

Orain arte esandako guztia oso ondo adierazten duen beste bideo bat ekartzen dizugu. Ikusi aurretik bideo beraren istorioa azalduko dizugu. Alemaniako pertsona batek egindako iragarkia da eta hango entrepresa famatu bati eskaini zion bere publizitatea egiteko. Entrepresak ez zuen kontratatu baina, bideoa, “birala” bihurtu egin da. Beharbada lehengo helburua ez du lortu, baina eman nahi izan zuen mezua espero baino askoz gehiago zabaltzen ari da sare sozialei esker. Goazen ikustera:





Zer egin nahi du gizonak? Zer egin du lortu ahal izateko? Berak bakarrik lortu dezake? Zeren beharra dauka? Nork lagundu du eta nola? Zure ustez, zer ikasi ahal dugu eredu horretatik? 

“Ezina ekinez egina”, hori da gaurko sarreraren izenburua. Zer demontre esan nahi du hitz-korapilo horrek? Nahiz eta helburu zaila izan, nahi badugu, beti aurkituko dugu lortzeko modua. Hasiera batean ezinezkoa ematen duena, behin eta berriro saiatzen bagara, geure helburua lortuko dugu. Horretaz aparte argi izan behar dugu maite gaituztenak ondoan izango ditugula laguntzeko prest. Lagundu hitzak bi esanahi potolo ditu eta, kasu honetan, bietarako erabiltzen dugu: gure ondoan egoteko eta laguntza emateko. 

Beraz, aitzakia gutxi daukazu orain bide luzea eta neketsua aukeratzeko, saria merezita izango duzu eta zeure buruarekin harro sentituko zarela ziur gaude. Eutsi Goiari!!

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina