2019/05/17

ASKE IZAN!

Denbora luze da hemendik pasatu gabe, baina gaurko eguna garrantzitsua da LGTBI FOBIAREN KONTRAKO NAZIOAREKO EGUNA ospatzen baita. Eusko Jaurlaritzatik egun inportantea izendatu dute aniztasun afektibo sexuala gaia eskoletan jorratzeko, gaiari buruzko gogoeta eginez eta prebentzio neurriak hartzeko beharrizana plazaratuz.

Egun honen jatorria gehiagotan plazaratu da blog honetan, baina geure burua kokatzeko laburpentxo bat egitea ez dago soberan:

1990ko maiatzaren 17an Munduko Osasun Erakundeak (MOE) homosexualitatea buruko gaixotasunen zerrendatik kanpo utzi zuen. Beraz, aurten 29 urte pasako dira erakunde honek erabaki hori hartu zuenetik. Azken finean, homosexualak gaixoak zirela esateari utzi zionetik. Izan ere, garai luze batean, gaixoak izateaz gain, gaizkileak ere baziren. Harrezkero, urtero, maiatzaren 17a LGTBIQfobiaren Aurkako Nazioarteko Eguna aldarrikatzen da. Aldarrikatu hitza idatzi dut, eta ez ospatu, aldarrikatzen eta borrokatzen jarraitu beharra dagoelako, nahiz eta dagoeneko 29 urte pasa diren.

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak Bai, baudazkagu erreferenteak materiala sortu du Berritzegune Nagusiarekin batera. Baina ez dira bakarrak honen inguruko informazioa luzatzen dutenak; izan ere, STEILAS sindikatuak ibilbide luzeagoa dauka gai honetan. Hona hemen materiala.

Ondo dago materiala eskura izatea, baina askoz garrantzitsuagoa da guztion inplikazioa. Zentro eta etxe guztietan derrigorrez lan egiteko gaia da. Sexo edo genero identitatea aukeratzeko pertsona guztiok dugun askatasunari eraso egiten dion edozein iritzi, jarrera edo jokabide lesfobiko, homofobiko, transfobiko edo bifobikoren aurka jo behar dugu guztion artean.

Hemendik ere ekarpen txiki bat egin nahi dut bideo honekin. LGTBIfobiaz aparte, gaur ospatzen den beste egun batekin dauka lotura, Nazioareteko Internet egunarekin hain zuzen ere:





Zelako amaiera espero zenuen zuk? Gehiengoa amaiera ona susmatzea espero dut, horrek esan nahiko luke bide onetik goazela.

Ikusi duzunez Interneten erabilera egokia eskaini digu bideoak, sare sozialak modu onuragarrian erabil daitezkeela jakinaraziz. Horretan ere indarra egin behar da zentruetatik ikasle zein irakasleen konpetentzia digitala lantzen. Badira ekimen isolatu batzuk eredugarriak direnak, baina sistematizatzeko gaia da eta bide luzea dugu aurretik. Zerbait gehiago jakin nahi izanez gero honen inguruan (ikasle zein irakasle berdin da), hemen asmoz.org-k egindako materiala luzatzen dizugu. Informazioaz aparte, ariketak egiteko aukera ere badago. Saiatu eta ebaluatu zeure burua!

Asteburu ona izan eta hurrengora arte!


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina